Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

        Lehen ibil-eguna izan zen atsekabeena, eta bera bezain gaixo ez zegoenarentzat ere izango zatekeen, zeren umorea bihurriturik baitzeraman Santa Feko kaleetan alde egitera zihoan goizean hauteman zuen etsaigo mozorrotuarengatik. Doi ari zuen egunargitzen lanbro artean, eta bere iraganbidean behi errebelatu batzuk baizik ez zituen aurkitu, baina arerioen gaizkoadura airean sumatzen zen. Gobernuaren aurreikuspena gorabehera, kale jendegabeenetatik eramateko agindu bazuen ere, jeneralak ikusi ahal izan zuen komentuetako hormetan pintaturiko irainetakoren bat.

        José Palacios haren alboan zihoan zaldi gainean, beti bezala jantzirik, batailaren astrapaladan bertan ere, lebita sakramentuzkoa, zetazko gorbatan topaziozko orratza, ahuma-larruzko goanteak eta gerruntze brodatua bere erloju bikien bi leontina gurutzatuekin. Zainariaren hornidurak Potosiko zilarrezkoak zituen, eta ezproiak urrezkoak, eta horregatik presidentearekin nahastu zuten Andeetako bi herrixkatan baino gehiagotan. Hala ere, bere jaunaren guraririk txikienei kontu egiten zien prestutasunak ezin pentsatuzko bihurtzen zuen edozein nahasmendu. Hainbesteraino ezagutzen eta estimatzen zuen, non bere haragian pairatzen baitzuen iheslari-adio hura, bere heldueraren albiste soila aberri-festa bihurtu ohi zuen hirian. Hiru urte lehenago ozta-ozta, hegoaldeko gerra idorretatik ezein amerikar bizik edo hilek inoiz merezi izan zuen baino aintza-kantitate handiagoaz abaildurik itzuli zenean, sonatu bihurtu zen abegi berezkoa egin zioten. Jendea zaldiaren mozalari oratzen eta kalean geldiarazten zueneko garaiak ziren zerbitzu publikoez edo zerga fiskalez kexatzeko, edota mesedeak eskatzeko, edo handitasunaren distira hurbiletik sentitzeko soilik. Berak gobernu-arazo larrienei adinako arreta egiten zien kale-erreklamu haiei, bakoitzaren etxe-arazoen, edo negozio-egoeraren edo osasun-arriskuen ezaguera harrigarri batekin, eta berarekin hitz egiten zuen guztiei une batez boterearen atseginak partekatu izanaren inpresioa geratzen zitzaien.

        Inork ez zukeen sinetsiko orduko hura bera zenik, ezta hiri ixil hura ere bera zenik, mauseari-arretekin betirako abandonatzen zuena. Inon ez zen kanpotarrago sentitu kaletxo zurrun haietan baino teilatu nabar eta lore usai gozodun lorategi intimozko etxe berdinekin, non su geldoan baserri-komunitate bat ontzen ari baitzen, zeinaren manera milikituak eta dialekto ladinoa areago baitziren ezkutatzeko esateko baino. Eta hala ere, orduan irudimenaren burla iritzi bazion ere, laino eta ufada izoztuzko hiri bera zen ezagutu baino lehen berak hautatua bere aintza eraikitzeko, beste ezein baino gehiago maite izan zuena, eta bere biziaren erdigune eta arrazoitzat eta mundu-erdiaren hiriburutzat idealizatu zuena.

        Azken kontuen orduan berak zirudien bere deskredituaz inork baino harrituago. Gobernuak guardia ikusezinak ezarriak zituen arriskurik gutxieneko lekuetan ere, eta horrek eragotzi zuen iruditan aurreko arratsaldean exekutatu zuten azao suminduak bidera irtetea, baina ibilbide guztian urruneko oihu berbera entzun zen: «Longaniiiizo!». Berataz errukitu zen arima bakarra kaleko emakume bat izan zen eta pasatzean esan zion:

        «Hoa Jainkoarekin, mamua.»

        Inork ez zuen entzundako itxurarik egin. Jenerala gogoeta goibelean murgildu zen, eta zaldiz jarraitu zuen, munduaz at, sabana bikainera irten ziren arte. Lau Kantoiko tokian, bide harriztatua hasten zen hartan, Manuela Sáenzek ahukuaren pasuari itxaron zion, bakarrik eta zaldiz, eta azken adio bat egin zion eskuaz jeneralari urrunetik. Berak era berean erantzun zion, eta aurrera segi zuen. Ez zuten gehiago elkar ikusi.

        Lanbroa handik gutxira atertu zuen, zerua urdin distirant bihurtu zen, eta bi sumendi elurtuk zirkinik egin gabe iraun zuten horizontean ibil-egunaren gainerakoan. Baina oraingoan ez zuen naturari zion grina agertu, ezta trosta eutsian gurutzatzen zituzten herriei begi eman ere, ezta pasatzean ezagutzeke egiten zizkieten adioei ere. Guztiarekin ere, laguntzaileek ezohizkoen iritzi ziotena sabanako haztoki ugarietako zalditeria bikainekiko samurtasunezko begirada bakar bat ere ez izatea izan zen, zeren hainbat bider esana zuenez munduan gehien maite zuen ikuskaria baitzuen.

        Facatativáko herrian, non lo egin baitzuten lehen gauean, jeneralak adio esan zien borondatezko laguntzaileei eta bere ahukuarekin segi zuen bidaia. Bost ziren, José Palaciosez gainera: José María Carreño jenerala, gerrako zauri batengatik eskuin besoa trenkatua zuena; haren edekan irlandarra, Belford Hinton Wilson koronela, sir Robert Wilsonen semea, Europako ia gerra guztietako jeneral beteranoa; Fernando, haren iloba, edekana eta eskribaua teniente graduarekin, lehen errepublika garaian naufragio batean hildako haren anaia nagusiaren semea; bere ahaide eta edekana, Andrés Ibarra kapitaina, eskuin besoa elbarritua zuena bi urte lehenago irailaren 25eko asaltoan pairatu zuen sable-ebakidura batengatik, eta José de la Cruz Paredes koronela, independentziako kanpaina ugaritan frogatua. Ohorezko guardia venezuelar multzoko hoberenen artean hautaturiko ehun husare eta granadarik eratzen zuten.

        José Palaciosek arta berezia zuen Peru garaian gerra-bilkin gisa hartuak izan ziren bi txakurrekin. Ederrak eta kementsuak ziren eta Santa Feko gobernu-etxearen gaueko zaindari izanak ziren harik eta beraien bi lagun labanaz hilak izan ziren arte atentatuaren gauean. Limatik Quitora, Quitotik Santa Fera, Santa Fetik Caracasera, eta berriz ere atzera Quito eta Guayaquilerako bidaia amaigabeetan, bi txakurrek zama zaindu izan zuten mando sailarekin batera ibiliz. Santa Fetik Cartagenarako azken bidaian gauza bera egin zuten, nahiz eta orduan zama ez izan hainbestekoa, eta tropak jagonik zegoen.

        Jenerala umore txarrean egunargiratu zen Facatativán, baina hobetuz joan zen muino uhintsuetako zidor batetik ordekan behera jaisten, eta klima bigunduz eta argia lausotuz zihoazen heinean. Behin baino gehiagotan gonbidatu zuten atsedena hartzera, haren gorputzaren egoeraz kezkaturik, baina berak nahiago izan zuen bazkaldu gabe jarraitzea lur beroraino. Zaldi-pausoa pentsatzeko aproposa zela esaten zuen, eta gau eta egun bidaiatzen zuen behin baino gehiagotan zainaria aldatuz leher ez eragiteko. Zaldiketari zaharren zango trankatxak zituen eta ezproiak aldean dituztela lo egiten dutenen ibilera, eta uzkiaren inguruan maskor lakar bat sortu zitzaion bizarginpenka baten gisakoa Burnipurdi izengoiti ohoragarria merezi izan ziona. Independentzi gerrak hasi zirenetik hamazortzi mila legoa zaldiz egina zen: munduari bi aldiz inguru egitea baino gehiago. Inork ez zuen inoiz gezurtatu zaldiz zebilela lo egiten zuelako legenda.

        Eguerdia pasaturik, troketatik gora zetorren lamara beroa sentitzen hasi zenean, pausaldi bat eman zioten beren buruari atsedena hartzeko misio bateko klaustroan. Ama Nagusiak berak artatu zituen, eta nobizia indiar talde batek banatu zizkien mazapan labetik atera berriak eta arto garautsuzko masatoa, legamitzeko zorian zegoena. Soldadu izerditsu eta inolako ordenurik gabe jantzien abantzua ikustea, Ama Nagusiak pentsatu bide zuen Wilson koronela zela graduazio handieneko ofiziala, behar bada itxura onekoa eta horaila zelako eta uniforme hobeekin hornitua zuelako, eta hartaz soilik arduratu zen iruzkin makurrak sortarazi zituen adeitasun oso emakumezko batez.

        José Palaciosek ez zuen gaizkiulertua desprobetxatu bere jaunak klaustroko zeiben itzalpean atsedena har zezan, artilezko manta batean bildurik sukarra izerditzeko. Hala iraun zuen ez jan eta ez lo egin gabe, lantxurda artean errepertorio kriolloko amodio-kantak entzunez, zeinak nobiziek kantatu baitzituzten adineko moja batek harpaz lagundurik. Azkenean, haietako batek klaustroa korritu zuen kapelu batekin misiorako limosna eskatuz. Harpako mojak esan zion pasatzean: «Ez eskatu gaixoari». Baina nobiziak ez zion jaramonik egin. Jeneralak, begiratu ere egin gabe, irribarre mingotsarekin esan zion: «Limosnatarako nagon ni, neska». Wilsonek bere patrikatik eman zuen bat, bere buruzagiaren burla bihotzetikoa merezi izan zuen eskuzabaltasunarekin: «Ikusten duzu zer kostatzen den aintza, koronela». Wilsonek berak erakutsi zuen gerora harridura ez misioan eta ez bidearen gainerakoan errepublika berrietako gizonik ezagunena berrezagutu ez zutelako. Honentzat ere, zalantzarik gabe, irakatsi bitxia izan zen.

        «Jadanik ez naiz neu», esan zuen.

        Bigarren gaua bidaztien ostatu bihurturiko tabako lantegi ohi batean eman zuten, Guaduasko herritik hurbil, non itxaroten geratu baitzitzaizkien berak pairatu nahi izan ez zuen desirainketa-egintza baterako. Etxea amaigabea eta aizarotsua zen, eta parajeak berak laborri arraroa sortzen zuen, landaredia ankerra eta ur beltz eta malkarrezko ibaiarengatik, zeina lur beroetako platanodietaraino jaisten baitzen trokan behera porrokaketako harrabotsarekin. Jeneralak ezagutzen zuen, eta handik igaro zen lehen aldian esana zuen: «Norbaiti segada amarruzko bat jarri beharko banio, leku hau hautatuko nuke». Beste batzuetan bertatik saihestu egin izan zen, Berruecos gogorarazten ziolako soilik, Quitorako bidean zegoen pasabide astru txarrekoa, zeinari bidazti ausartenek ere iskintxo egin nahiago izaten baitzioten. Behin batean bi legoa lehenago kanpamendua ezarria zuen guztien irizpidearen kontra, ez baitzuen bere burua hainbesterainoko tristura jasateko gai ikusten. Baina oraingoan, nekea eta sukarra gorabehera, Guaduasko bere adiskide gorabeheratsuak itxaroten zegozkioneko doluminezko oturuntza baino jasangarriago iritzi zion nolanahi ere. Hain egoera eskasean iritsi zela ikustean, ostatuaren jabeak inda hurbileko indiar bati dei egitea iradoki zuen, zeinak sendatzen baitzuen gaixoak izerdituriko alkandora bat usnatze soilez, edozein distantziatara eta inoiz ikusi gabe eduki arren ere. Berak iseka egin zuen haren sineskortasunaz, eta debekatu egin zuen beretarretako edozeinek edozein eratako traturik izatea indiar taumaturgoarekin. Medikuetan sinesten ez bazuen, zeinez inoren minaren trafikariak zirela esaten baitzuen, gutxiago espero zitekeen bere zortea indako izpiritista bati fidatzerik. Azkenean, mediku-zientziarenganako bere destainaren baieztapen bat gehiago bezala, mesprezatu egin zuen prestatu zioten lotoki ona bere egoerarako hoberena zena, mendartera begira zegoen solairu hedatsu estali gabean esekiarazi zuen hamaka, non emango baitzuen gaua ihintzaren arriskupean.

        Goizeko infusioa besterik hartu gabe zegoen egun osoan, baina mahaira eseri bazen bere ofizialekiko kortesiaz izan zen. Kanpaina-bizitzaren zailtasunetara inor baino hobeki konformatzen zen arren, eta jatea eta edatearen ia aszeta bat izan, atsegin zituen eta ezagunak sotoaren eta su-aldearen arteak europar finduek bezala, eta bere lehen bidaiatik ikasi zuen frantsesengandik jaten ari zen bitartean jatekoaz hitz egiteko ohitura. Gau hartan kopa erdi bat ardo beltz edan zuen eta jakin-minez dastatu zuen oreinki-gisatua, jabeak esaten zuena eta ofizialek berretsi zutena egiaztatzeko: okela fosforeszente hark jasmin-zaporea zuela. Afarikoan ez zituen bi esaldi baino gehiago esan, ezta bidaiakoan esan zituen gutxiak baino keinen gehiagoz esan ere, baina guztiek estimatu zuten egin zuen ahalegina manera onezko koilarakadatxo batez bere ezbehar publikoen eta osasun txarraren ozpina eztitzeko. Ez zuen harez gero politikazko hitz bakar bat ere berriz esan ezta larunbateko gorabehera bakarrik gogora ekarri ere, nahiz eta gaitzerizkoaren korromioa iraina hartu eta handik urte askotara ere gainditzea lortzen ez zuen gizona izan.

        Jatea amaitu baino lehen altxatzeko baimena eskatu zuen, jantzi zituen kamisoia eta lo-txanoa sukarrez dardarka, eta hamakan amildu zen. Gaua hozkirria zen, eta laranjazko ilargi eskerga hasita zegoen muinoen artean altxatzen, baina berak ez zeukan hura ikusteko umorerik. Eskoltako soldaduek, solairutik urrats gutxitara, modako herri-kantak taldean kantatzeari ekin zioten. Bere agindu zahar batengatik bere logelatik hurbil kanpatzen zuten beti, Julio Zesarren legioek bezala, haien pentsamenduen eta barne-egoeren berri jakiteko gaueko hizketetatik. Bere loezindu-ibilaldiek sarritan eraman izan zuten kanpaina-lotokietara, eta behin baino gehiagotan ikusia zuen egunsentia soldaduekin batera kuartel-kantak kantatuz festaren berotan inprobisaturiko laudoriozko edo isekazko ahapaldiekin. Baina gau hartan ezin izan zuen kantarik jasan eta isilerazteko agindu zuen. Ibaiaren harkaitz arteko hondamendi betierekoa, sukarrak handitua, eldarnioari gehitu zitzaion.

        «La pinga!», oihu egin zuen. Minutu bat?z geldiarazi ahal izango bagenu behintzat.

        Baina ez jadanik ezin zuen ibaien joaira geldiarazi. José Palaciosek baretu egin nahi izan zuen botikinean zeramatzaten hainbat aringarritako batekin, baina berak arbuiatu egin zuen. Hura izan zen bere esaldi errepikaria esaten entzun zion lehen aldia: «Oraintxe puntuan uko egin diot botereari gaizki errezetaturiko okeraginkari batengatik, eta ez nago prest biziari ere uko egiteko». Urte batzuk lehenago gauza bera esana zuen, beste mediku batek herensukarrak sendatu zizkionean artsenikozko edabe batekin, disenteriaz hiltzeko zorian jarri zuelarik. Harez gero, onartu zituen sendagai bakarrak pilula libragarriak izan ziren astean behin baino gehiagotan apukorik gabe hartzen zitenak bere idorreria setatiaren kontra, eta pitusgarri-aiuta bat atzerapen larriagoetarako.

        Gauerditik apur batera, inoren eldarnioz unaturik, José Palacios zoruko adreilu gorrietan etzan zen eta loak hartu zuen. Esnatu zenean, jenerala ez zegoen hamakan, eta lurrean utziriko lo-atorra izerditan zopa eginik zeukan. Ez zen arraroa. Ohetik alde egiteko ohitura zuen, eta egunsentira arte harat-honat ibiltzekoa loezina entretenitzeko etxean beste inor ez zegoenean. Baina gau hartan bazegoen arrazoi gehiagorik haren zorteaz beldur izateko, zeren egun txar bat bizi izan baitzuen, eta eguraldi hozkirri eta hezea ez zen hoberena izarpean paseatzeko. José Palacios manta batekin bila ibili zitzaion ilargiaren berdeaz argituriko etxean, eta korridoreko poio batera arrimaturik aurkitu zuen, ehortz-tumuluaren gainean estatua etzana bezala. Jenerala begirada garden batekin bihurtu zen, non ez baitzen sukar-arrastorik ere geratzen.

        «Berriz ere San Juan de Payarako gaua bezalakoa da», esan zuen. «Reina María Luisa gabe, zoritxarrez».

        José Palaciosek sobera ezagutzen zuen gogorarazpen hura. 1820aren urtarrileko gau batez ari zen, Apureko lautada garaietan galduriko herri venezuelar batez, nora baitzen iritsia tropako bi mila gizonekin. Ordurako askatuak zituen espainiar domeinupetik hamazortzi probintzia. Nueva Granadako erregeordegoko lurralde ohiak, Venezuelako kapitaingo nagusia eta Quitoko presidentetzarekin Kolonbiako errepublika sortua zuen, eta garai hartan haren lehen presidentea eta armaden jeneral gorena zen. Bere azken jorana gerra hegoaldera hedatzea zen, munduko naziorik handiena sortzearen amets fantasiazkoa egia bihurtzeko: herrialde libre bakarra Mexikotik Cabo de Hornoseraino.

        Hala ere, gau hartako bere egoera militarra ez zen amets egiteko aproposena. Martxa betean abereak supituki jota uzten zituen izurriak Lautadan hamalau legoatako erreka kirastua utzia zuen zaldi hilekin. Ofizial desadoretu asko harrapaketarekin kontsolatzen ziren eta desobedientzian hartzen zuten atsegina, eta errudunak fusilatzeko egin zuen mehatxuaz ere burla egiten zuten batzuek. Bi mila soldadu zarpailtsu eta oinuts, armarik gabe, jatekorik gabe, eremuei aurre egiteko mantarik gabe, gerraz nekaturik eta gaixorik asko, zein bere alde desertatzen hasiak ziren. Soluzio arrazoizkorik ezean, lagun desertorea harrapatu eta entregatzen zuten patruilak hamarna pesoz saritzeko eta halakoa arrazoiak galdetu gabe fusilatzeko agindua emana zuen.

        Bizitzak ordurako aski zio emanak zizkion ez zegoela azken porrotik jakiteko. Bi urte lehenago ozta-ozta, bere tropekin handik oso hurbil galdurik, Orinocoren oihanetan, zaldiak jateko agindua eman behar izan zuen, soldaduek elkar jango ote zuten beldurrez. Garai hartan, Legio Britainiarreko ofizial baten testigantzaren arabera, legoako gerrillari baten piura xelebrea zeukan. Dragoi errusiar kaskoa zerabilen, mandazain-abarketak, alamar gorri eta urrebotoiekiko kasaka urdina, eta kortsarioen banderola beltza lautadari-lantza batean eraikia, garezurra eta hankezur gurutzatuak «Askatasuna ala hil» odol-letrazko goiburuaren gainean.

        San Juan de Payarako gaua bere janzkerarako ez zen hain arlotea, baina egoera ez zen hobea. Eta une hartako bere tropen egoera ez ezik, armada askatzailearen drama osoa ere islatzen zuen, zeina askotan jaikitzen baitzen berriro handiturik porrotik okerrenetatik eta, hala ere, bere hainbat garaitiaren zamapean hondatzeko zorian baitzegoen. Aitzitik, don Pablo Morillo espainiar jeneralak, abertzaleak menperatzeko eta ordenu koloniala lehengoratzeko era guztietako baliabideekin, artean Venezuelaren mendebaldeko sail zabalak zeuzkan menpean eta mendietan gotorturik zegoen.

        Munduaren egoera horren aurrean, jenerala loezinaren artzaintzan zebilen hazienda-etxetzarraren lau basamortuetan barna biluzik ibiliz ilargiaren erlantzak antzaldaturik. Aurreko egunean hildako zaldi gehienak etxetik urrun erraustu zituzten, baina ustelduraren usaina jasanezina zen artean. Tropek ez zioten berriro kantatzeari ekin azken asteko heriozko ibil-saioen ondoren eta bera ere ez zen gauza sentitzen zentinelak gosez lokartzea eragozteko. Bat-batean, lautada urdin hedatsuetara irekitako solairu baten amaieran, Reina María Luisa ikusi zuen sardinel batean eserita. Mulata eder bat adinaren florian, idolo-profilarekin, lore brodatuzko painoloi batean oinetaraino bildurik eta arra beteko zigarroa erretzen. Ikaratu egin zen hura ikustean, eta beragana hedatu zuen erakusle eta erpuruzko gurutzea.

        «Jainkoaren edo deabruaren partez», esan zuen, «zer nahi duk!»

        «Heu», esan zuen hark.

        Irribarre egin zuen, eta emakumeak bere hortzen leinurua gogoratu behar izan zuen ilargitan. Bere indar guztiarekin besarkatu zuen eragotzirik edukiz mugitzeko musu samurrez bekokia, begiak, masailak, lepoa mokokatzen zion bitartean, harik eta otzantzea lortu zuen arte. Orduan kendu zion painoloia eta eten zitzaion arnasa. Neska ere biluzik zegoen, ze gela berean lo egiten zuen amonak arropa kentzen baitzion erretzera jaiki ez zedin, goizaldera painoloian bildurik ihes egiten zuela jakin gabe. Jeneralak airean eraman zuen hamakara, bere musu baltsamozkoekin meniarik eman gabe, eta neskak ez zion bere burua entregatu ez desiraz eta ez maitasunez, beldurrez baizik. Birjina zen. Bihotzaren jabegoa berreskuratu zuenean soilik esan zuen:

        «Esklaboa naiz, jauna».

        «Orain ez» esan zuen jeneralak. «Maitasunak libre egin zaitu».

        Goizean hazienda-jabeari erosi zion bere arka pobretuetako ehun pesotan, eta baldintzarik gabe liberatu zuen. Alde egin aurretik jendaurreko dilema bat planteatzeko tentazioari ezin izan zion ihes egin. Etxearen atze patioan zegoen, zerbitzuko zamarietan, hilkintzatik bizirik geratu ziren bakarretan, edozein eratara eseritako ofizial-talde batekin. Beste tropa-gorputz bat bildurik zegoen despeditzeko, aurreko gauean iritsia zen José Antonio Páez dibisio-jeneralaren manupean.

        Jenerala harenga labur batekin despeditu zen, zeinean egoeraren dramatismoa leundu zuen, eta abiatzeko zegoela Reina María Luisa ikusi zuen emakume libre eta ongi zerbitzaturikoaren bere arestiko egoeran. Bainua hartu berri, eder eta distirant zegoen Lautadako zerupean, dena zuri almidoituriko azpi-gona puntiladuna eta esklaboen brusa motzarekin. Modu onean galdetu zion:

        «Hemen geratzen haiz ala bahator gurekin?»

        Neskak irribarre liluragarri batekin erantzun zion:

        «Hemen geratzen naiz, jauna».

        Erantzuna aho batezko barre-algara batekin hartu zuten. Orduan etxe-jabeak, lehen ordutik independentziaren kausara konbertituriko espainiar eta ezagun zaharra zenak, gainera, larruzko poltsatxoa astindu zion ehun pesorekin barrez leher gaizto eginik. Jeneralak airean harrapatu zuen.

        «Gorde itzazu kausarako, Gorentasuna», esan zion jabeak. «Nolanahi ere, neskatila libre geratzen da».

        José Antonio Páez jeneralak, zeinaren fauno-aurpegiera bat baitzetorren koloretako adabakizko bere alkandorarekin, barre-algara hedakorra jaregin zuen.

        «Ikusten duzu, jenerala», esan zuen. Libertadoretzan sartzeagatik gertatzen zaigu hori.

        Berak onetsi egin zuen esana, eta guztiengandik despeditu zen eskuaren zirkulu zabal batez. Azkenik Reina María Luisari galtzaile onaren adioa egin zion, eta ez zuen gehiago beraren berririk izan. José Palaciosek gogoratzen zuenez, ez zen igarotzen ilargi beteko urterik gau hura berriro bizi izan zuela, Reina María Luisaren agerpen mirarizkorik gabe, zoritxarrez. Eta beti izan zen porrot-gaua.

        Bostetan, José Palaciosek lehen tisana eraman zionean, begiak zabalik atsedeten aurkitu zuen. Baina hainbesteko oldarrez ahalegindu zen jaikitzen, non muturrez aurrera erortzeko arriskuan egon baitzen, eta eztul-eraso gogorrak jo zuen. Hamakan eserita iraun zuen, buruari bi eskuez eutsiz eztulka ari zen bitartean, krisialdia pasatu zen arte. Orduan infusio ke-jariotsua hartzeari ekin zion, eta umorea lehen zurrutadatik hobetu zitzaion.

        «Gau guztia Casandrorekin ametsetan eman dut», esan zuen.

        Izen honekin deitzen zion ezkutuan Francisco de Paula Santander jeneral granadatarrari, garai bateko bere adiskide handi eta garai guztietako bere kontraesalerik handienari, berau gerraren hasieratik bere estatu nagusiaren buruzagi, eta Kolonbiaz karguturiko presidentea baitzen Quito eta Peruko askapen-kanpaina gogorretan zehar eta Boliviaren fundazioan. Bokazioz baino areago premia historikoengatik, militar eraginkor eta bulartsua zen, ankerkeriarako zaletasun arraroa zuena, baina bere bertute zibilek eta akademi formazio bikainak sostengatu zioten aintza. Independentziako bigarren gizona izan zen zalantzarik gabe eta lehena errepublikaren ordenamendu juridikoan, zeinari ezarri baitzion betiko bere izpiritu formalista eta kontserbadorearen zigilua.

        Jeneralak karguari uko egitea pentsatu zuen hainbat alditako batean, esana zion Santanderri presidentetzatik lasai zihoala, zeren «zuri uzten baitizut, beste ni bat zaren horri, eta agian ni baino hobea». Ezein gizonengan, arrazoiz edo gertakarien indarrez, ez zuen hainbesteko konfiantzarik ezarria. Berak nabarmendu zuen Legeen Gizona tituluarekin. Hala ere, dena merezi izan zuen hura azken bi urte haietan Paris zegoen erbesteraturik jenerala hiltzeko konjura batean izan omen zuen konplizitate inoiz frogatu gabearengatik.

        Hala izan zen. 1828ko irailaren 25ean, gauerdi-erdian, hamabi zibil eta hogeita zazpi militarrek bortxatu zuten Santa Feko gobernu-etxearen ataundia, lepo egin presidentearen bi ehiza-txakur, zauritu zenbait zentinela, egin zioten besoan sable-zauri larri bat Andrés Ibarra kapitainari», hil zuten tiro batez William Fergusson koronel eskoziarra, Legio Britainiarreko kidea eta presidentearen edekana, zeinez honek Zesar bat bezain bulartsua zela esan baitzuen, eta presidentearen logelaraino igo ziren «gora askatasuna» eta «hil bedi tiranoa» oihuka.

        Fakziosoek zuribidetuko zuten atentatua jeneralak, Ocañako Konbentzioan santandertarren garaitia kontrapisatzeko, hiru hilabete lehenago bereganatuak zituen diktadore-izpiritu garbiko ahalmen apartekoengatik. Errepublikaren presidenteordetza, Santanderrek zazpi urtez burutu izan zuena, ezabatua izan zen. Santanderrek bere estilo pertsonaleko esaldi tipiko batekin adierazi zion bere adiskide bati: «1821eko Konstituzioaren hondakinen azpian murgildurik geratzearen atsegina izan dut». Hogeita hamasei urte zituen orduan. Ministro ahalorodun izendatua izan zen Washingtonen, baina behin baino gehiagotan atzeratu zuen bidaia, behar bada konspirazioaren garaitia espero zuelako.

        Jenerala eta Manuela Sáenz adiskidetze-gauetako bati ekitera zihoazen. Asteburua Soachako herrian eman zuten, handik bi legoa eta erdira, eta astelehenean kotxe banatan iritsiak ziren ohizkoa baino amodio-eztabaida biziago baten ondoren, zeren jeneralak entzungor egiten baitzien hiltzeko konfabulazio bat zegoen abisuei, zeinaz mundu guztiak hitz egiten baitzuen eta zeinean berak soilik ez baitzuen sinesten. Manuelak bere etxean erresistitu zien berak San Carlos palaziotik bidaltzen zizkion mandatu hisituei, aurreko espaloian, gau horretan bederatziak arte, eta hiru mandatu premiatiago egin ondoren, jantzi zituen zapaten gainean pantufla iragaztezin batzuk, estali zuen burua painelu batez, eta gurutzatu zuen euriak blaituriko kalea. Bainuontziko ur usaintsuetan ahoz gora aurkitu zuen, José Palaciosen laguntzarik gabe, eta ez zegoela hilik uste izan bazuen, grazi egoera hartan sarritan gogoeta egiten ikusia zeukalako izan zen. Jeneralak pausoetatik ezagutu zuen ea begiak zabaldu gabe hitz egin zion.

        «Matxinada bat izango dun», esan zuen.

        Manuelak ez zuen disimulatu herra ironiaz.

        «Bejondeizula», esan zuen. Hamarreraino izan litezke, ze zuk oso harrera ona egiten baitiezu abisuei.»

        «Presagioetan soilik sinesten dinat», esan zuen berak.

        Jolas hura baimentzen bazion bere buruari bere estatu nagusiaren buruzagiak, zeinak ordurako esana baitzien kontrazeinua zinkideei palazioko guardiaren artetik itzalgaizka igarotzeko, hitza eman baitzion konspirazioak porrot egina zuela. Beraz dibertiturik irten zen bainuontzitik.

        «Ez izan ardurarik», esan zuen, «dirudienez marikoitzar horiei hoztu zaien txitxila».

        Ohean amodio-olgetak hasten ari ziren, jenerala biluzik eta Manuela erdi-jantzirik, lehen oihuak eta kuartel leialen baten kontrako kanoien trumoia entzun zituztenean. Manuelak presaka bizian janzten lagundu zion, ezarri zizkion zapaten gainetik erabili zituen pantufla iragaztezinak, ze jeneralak ziratzera bidaliak baitzuen bere bota pare bakarra, eta balkoitik ihes egiten lagundu zion sablea eta pistolarekin, baina inolako babesik gabe euri betierekoaren kontra. Kalean izan zen bezain laster, katua jasorik zuen pistolaren kanoia zuzendu zion hurbiltzen ari zitzaion itzal bati: «Nor bizi da!» Bere gozogilea zuen, jauna hil ziotela eta samindurik etxera zetorrena. Bere zortea azkeneraino partekatzeko erabakiarekin, berarekin egon zen ezkutaturik Carmen zubiko sastraken artean, San Agustín errekan, tropa leialek bihurrialdia ito zuten arte.

        Beste larrialdi historiko batzuetan erakutsi izan zituen maltzurtasun eta bulartsutasunaz, Manuela Sáenzek logelako atea bortxatu zuten erasotzaileei harrera egin zien. Presidenteaz galdegin zioten, eta kontseilu-aretoan zegoela erantzun zien berak. Galdetu zioten ea zergatik zegoen irekita balkoiko atea negu-gau batean, eta berak esan zien kalean entzuten ziren zaratak zer ziren ikusteko zabaldu zuela. Galdetu zioten ea zergatik zegoen epel ohea, eta berak erantzun zien arropak erantzi gabe etzan zela presidentearen zain. Erantzunen murriztasunaz denbora irabazten ari zen bitartean, gurdizain-zigarro arruntenetako bat erretzen ziharduen ke handiekin, artean gelan zirauen koloni uraren aztarna freskoa estaltzeko.

        Rafael Urdaneta jenerala buru zuen tribunal batek finkatua zuen Santander jenerala zela konspirazioaren jeinu ezkutukoa, eta heriotzara zigortu zuen. Etsaiek esango zuten epaitz hau ongi merezia zuela, ez hainbeste Santanderrek atentatuan zuen erruarengatik, baizik eta presidenteari zorionduz besarkada bat emateko plaza nagusian agertzen lehena izatearen zinismoa izan zuelako. Jenerala zaldi gainean zegoen lanbropean, alkandorarik gabe eta kasaka urratu eta blaituarekin, tropa eta jende xehearen txaloen artean, zeina trumilka baitzetorren herbarrenetatik asasinatzaileentzat heriotza deiadarka. «Konplize guztiak zigortuak izango dira gutxi-asko», esan zion jeneralak gutun batean Sucre mariskalari. «Santander da nagusiena, baina dohatsuena da, zeren nire bihotz-zabaltasunak defendatzen baitu». Izan ere, bere atribuzio absolutuak erabiliz, herio-zigorra Parisa erbesteratzearenaz trukatu zion. Aitzitik, José Prudencio Padilla almirantea behar adina froga gabe fusilatua izan zen, Santa Fen baitzegoen preso Indietako Cartagenan huts egindako errebolta batengatik.

        José Palaciosek ez zekien noiz ziren benetakoak eta noiz irudimenekoak bere jaunak Santander jeneralaz izaten zituen ametsak. Behin batean, Guayaquilen, kontatu zuen tripa biribilaren gainean liburu irekiarekin amets egina zuela, baina irakurri beharrean orriak kendu eta banan-banan jaten zizkiola, haiek ahuntz-zarataz mamurtzen atsegina hartzen zuela. Beste batean, Cúcutan, amets egina zuen erabat labezomorroz estalirik ikusia zuela. Beste batean oihuka esnatu zen Monserrateko landetxean, Santa Fen, zeren amets egina baitzuen Santander jeneralak, berekin bakarrean bazkaltzen ari zela, begien bolak aterak zituela jateko traba egiten ziotelako, eta mahai gainean ezarriak zituela. Beraz Guaduas ondoko goizalde hartan, beste behin jeneralak Santanderrekin amets egin zuela esatean, José Palaciosek ez zion galdetu ametsaren argudioaz ere, baizik eta errealitateaz kontsolatzen ahalegindu zen.

        «Haren eta gure artean itsaso osoa dago erdian», esan zuen.

        Baina jeneralak berehalakoan gelditu zuen begirada bizi batez.

        «Orain ez», esan zuen. «Ziur nagok Joaquín Mosquera txatxu horrek itzultzen utziko diola».

        Ideia horrek onetik aterata zeukan herrialderako bere azken itzuleratik, boterea behin-betiko uztea ohore-auzi bezala planteatu zitzaionean. «Nahiago diat erbestea edo heriotza, nire aintza San Bartoloméko kolegioaren eskuetan uztearen desohorea baino», esana zion José Palaciosi. Hala ere, kontrapozoiak bere baitan zeraman edena, ze azken erabakira iristen ari zen heinean, hazten ari baitzitzaion bera joan bezain laster Santander jenerala, lege-gixonen gordeleku hartako graduaturik behinena, erbestetik deituko zuten ziurtasuna.

        «Hori bai badela malmutza», esan zuen.

        Sukarra erabat atertu zitzaion, eta hainbesteko adorea sentitzen zuen, non José Palaciosi luma eta papera eskatu zizkion, jantzi betaurrekoak eta bere eskuz eta letraz sei lerrotako gutuna idatzi zuen Manuela Sáenzentzat. Honi bitxi iritzi behar zion egintza oldarrezkoetara hain ohiturik zegoen José Palacios bezalako batek ere», eta presagio edo inspirazio-kolpe jasanezin bezala uler zitekeen soilik. Zeren bere bizitzaren gainerakoan gutun bat gehiago ez idazteko aurreko ostiralean hartu zuen erabakia kontraesan ez ezik, atzeratutako korrespondentzia despatxatzeko, edo proklama bat diktatzeko edo loezinaren gogoetetan bururatzen zitzaizkion ideia solteak ordenuan jartzeko edozein ordutan bere amanuentseak iratzartzeko zuen ohituraren aurka baitzihoan. Hainbat bitxiago iritzi behar zion oraindik gutuna ez bazen begi-bistako premiazkoa, eta despedidako bere kontseiluari esaldi kriptiko samar bat eransteko bestetarako ez bazen: «Kontuz zer egiten dunan, zeren bestela, biok galtzen gaitun heure burua galtzean». Bere modu zalapartazkoan idatzi zuen, pentsatzen ez balu bezala, eta azkenean hamakan kulunkatzen jarraitu zuen, sorturik, gutuna eskuan zuela.

        «Botere handia maitasunaren indar erresistiezinean datza», hasperen egin zuen supituki. «Nork esan zuen hori?

        «Inork ez», esan zuen José Palaciosek.

        Ez zekien ez irakurtzen ez idazten, eta beti aiher izan zitzaion ikasteari astoena baino jakituria handiagorik ez zegoelako argudio sinplearekin. Baina aldiz gauza zen halabeharrez entzundako edozein esaldi gogoratzeko, eta hura ez zuen gogoratzen.

        «Orduan neuk esan nian», esan zuen jeneralak, «baina esan dezagun Sucre mariskalarena dela».

        Inor ez Fernando baino aproposagorik krisialdi horietarako. Jeneralak izan zituen eskribau ugarietako zerbitzari eta egonarritsuena izan zen, nahiz eta ez izan distirantena, eta estoizismoz jasan zituena ordutegien hautazkotasuna edota loezinen erresumindura. Edozein ordutan esnatzen zuen interesgabeko libururen bat irakurrarazteko, edo biharamunean zaramatan agertzen ziren presazko inprobisazioen notak hartzeko. Jeneralak ez zuen seme-alabarik izan maitasunezko bere gau ezin konta ahaletan (nahiz eta antzu ez zelako frogak bazituela esaten zuen) eta anaia hil zitzaionean Fernandoren kargu egin zen. Bidalia zuen gutun behinekin Georgetowneko Akademia Militarrera, non Lafayette jeneralak osabak sortarazten zizkion miresmen eta begirunezko sentimenduak adierazi baitzizkion. Egon zen gero Jefferson kolegioan, Charlottevillen, eta Virginiako Unibertsitatean. Ez zen izan jeneralak agian amets egiten zuen ondorengoa, ze Fernando gogaitu egiten baitzuten maisukeria akademikoek, eta xoramenez aldatzen zituen airepeko bizimodua eta lorezaintzako arte egonkoien truk. Jeneralak Santa Fera dei egin zion ikasketak amaitu bezain laster, eta berehala aurkitu zituen haren amanuentse-gaitasunak, ez bere kaligrafia polita eta ingeles mintzatu eta idatziaren domeinuarengatik soilik, baizik eta bakarra zelako irakurlearen interesa darda gainean edukitzen zuten foiletin-baliabideak asmatzeko, eta ozenki irakurtzen zuenean airean inprobisatzen zituen gertakari ausartak pasarte lokartarazleak gatzozpintzeko. Jeneralaren zerbitzuan egon zen edozeinek bezala, Fernandok bere ezbehar-ordua izan zuen gero osabak hitzaldi batean aipatu zuen Demostenesen esaldi bat Zizeroni egotzi zionean. Hau askoz zorrotzagoa izan zen berarekin besteekin baino, zena zelako, baina penitentzia amaitu baino lehenagotik barkatu zion.

        Joaquín Posada Gutiérrez, probintziako gobernaria, bi egun lehenago ahukuaren aurretik joana zen bere helduera iragartzeko gaua eman behar zueneko tokietan, eta agintariak jakinaren gainean jartzeko jeneralaren osasun-egoera larriaz. Baina Guaduasera iristen ikusi zutenek astelehen arratsaldean ziurtzat jo zituzten gobernariaren albiste txarrei buruzko zurrumurru setatia, eta bidaia bera, trikimailu politikoa besterik ez zirela.

        Jenerala menperaezina izan zen beste behin. Sartu zen kale nagusitik, paparra agerian eta ijito-trapu bat izerdia jasotzeko buruan estekaturik zuela, kapelaz agurka musika entzuten uzten ez zuten oihu eta suziri eta elizako kanpaien artean, eta trosta alaiko mando baten gainean, zeinak azkenerako kendu egin baitzion desfileari solemnetasun-nahikunde oro. Leihoak itxirik eduki zituen etxe bakarra monen kolegioa izan zen, eta arratsalde hartan zurrumurrua zabalduko zen neskatilei harreran parte hartzea debekatu egin zitzaiela, baina berak aholkatu zien kontatu ziotenei komentu-esamesarik ez sinesteko.

        Aurreko gauean, José Palaciosek garbitzera bidalia zuen jeneralak sukarra izerditan sukarra kanporatu zueneko alkandora. Ordenantza batek goizaldean ibaian garbitzera jaitsi ziren soldadu batzuei eskuratu zien, baina alde egiteko orduan inork ez zuen haren berri eman. Guaduasko bidaian zehar, eta festak zirauen bitartean ere bai, José Palaciosek lortua zuen argitzea ostatu-jabeak eramana zuela alkandora garbitu gabea indiar taumaturgoak bere ahalmenen agerpen bat egin zezan. Beraz jenerala etxera itzuli zenean, José Palaciosek ostatariaren abusuaren berri eman zion, aldean zerabilena beste alkandorarik ez zeukala ohar eginez. Berak halako menpekotasun filosofiko batez hartu zuen.

        «Sineskeriak maitasuna baino porrokatuagoak dituk», esan zuen.

        «Bitxiena da atzo gauaz geroztik ez dugula berriro sukarrik izan», esan zuen José Palaciosek. «Zer deritzozu trukumuna benetan magikoa izango balitz?»

        Jeneralak ez zuen berehalako ihardespenik aurkitu, eta gogoeta sakon baten pentzudan jarri zen, bere pentsamenduen erritmora hamakan kulunkatuz. «Egia duk ez dudala gehiago burukominik sentitu», esan zuen. «Ez zaukaat ahoa mingots ezta dorre batetik behera erori behar dudanik ere ez diat sentitzen». Baina azkenean belaunetan eskutada bat eman eta oldar erabakigarri batez zutitu zen.

        «Ez iezadak nahaste gehiagorik buruan sar», esan zuen.

        Bi morroik eraman zuten logelara eltzekada bat ur irakin orri usaintsuekin, eta José Palaciosek gaueko bainua prestatu zuen laster oheratuko zen ustetan eguneko nekadurarengatik. Baina bainu hoztu egin gutun bat diktatzen ari zen bitartean zen Gabriel Camacho, bere iloba Valentina Palaciosen senar eta Aroako meatzen salmentarako Caracasen zuen apoderatua, zeina aurrekoengandik heredatutako kobre-mea bat baitzen. Berak ere ez zuen ematen oso ideia garbirik zuenik bere norakoaz, ze lerro batean Curazaora zihoala baitzioen Camachoren diligentziak azken onera iristen ziren bitartean, eta beste batean Londresera idazteko eskatzen zion honi sir Robert Wilsonen izenera, Jamaikako Maxwell Hyslop jaunaren helbiderako kopia batekin bat hartuko zuela ziur egoteko nahiz eta bestea galdu.

        Askorentzat, eta gehiago beraren idazkari eta amanuentseentzat, Aroako meatzeak kalenturen erreberiak baizik ez ziren. Hain mozkin urriak merezi izan zizkioten beti, non urte luzetan aldian aldiko ustiatzaileen eskuetan egon baitziren. Bere egunen azkenean oroitu zen haietaz, dirua urritzen hasi zitzaionean, baina ezin izan zizkion konpainia ingeles bati saldu haien tituluetan argitasun gabeziarengatik. Legendazko nahaste-borraste judizial baten hasiera izan zen hura, bera hil eta handik bi urte arte luzatuko zena. Gerren, errierta politiko, gorroto pertsonalen artean, inork ez zuen huts egiten jeneralak nire auzia esaten zuenean. Ze harentzat ez baitzegoen Aroako meatzei buruzkoaz besterik. Guaduasen don Gabriel Camachorentzat diktatu zuen gutunak eztabaida ebatzi arte Europara joango ez ziren inpresio badaezpadakoa utzi zion Fernando bere ilobari, eta Fernandok geroago aipatu zuen beste ofizial batzuekin kartetan jokatzen ari zela.

        «Orduan ez gaituk inoiz joango», esan zuen Wilson koronelak. «Aita kobre hori benetako bizitzan existitzen den galdetzeraino iritsi duk».

        «Inork ez ikusi izanak ez du esan nahi meatzeak existitzen ez direnik», ihardetsi zuen Andrés Ibarra kapitainak.

        «Existitzen dira», esan zuen Carreo jeneralak. «Venezuelako departamenduan».

        Wilsonek nahigabeturik erantzun zuen:

        «Dagoeneko Venezuela bera ere existitzen den galdetzen diot neure buruari».

        Ezin zuen bere nahieza disimulatu. Wilsonek sinetsia zeukan jeneralak ez zuela maite, eta aitari zion estimuarengatik soilik zeukala bere ahukuan, zeinari inoiz ez baitzion behar adina eskertzen amerikar emantzipazioaz ingeles parlamentuan egin zuen defentsa. Frantses edekan-ohi baten infidentziaz zekien jeneralak esan zuela: «Wilsoni denboralditxo bat ematea falta zaio zailtasunen eskolan, eta baita zorigaitza eta miseriarenean ere». Wilson koronelak ezin izan zuen egiaztatu ziurra zen esan zuela, baina nolanahi ere uste zuen aski zuela bere batailetako bakar batekin hiru eskoletan laureatua sentitzeko. Hogeita sei urte zituen, eta zortzi ziren aitak jeneralaren zerbitzura bidalia zuela, Westminster eta Sandhursten ikasketak amaitu ondoren. Jeneralaren edekan izana zen Juníngo batailan, eta berak eraman zuen Boliviako Konstituzioaren zirriborroa mando gainean hirurehun eta hirurogei legoatako erlaitzean zehar Chuquisacatik. Despeditzean, jeneralak esana zion beranduen hogei ta bat egun barru izan behar zuela La Pazen. Wilson koadratu egin zen: Hogei barru izango naiz, Gorentasuna». Hemeretzi egunetara iritsi zen.

        Jeneralarekin Europara itzultzea erabakia zuen, baina egunean-egunean ziurtasun handiagoa zuen beronek beti izango zuela bidaia atzeratzeko zio berriren bat. Aroako meatzez berriz ere hitz egin izana, aitzakiatzat inola ere erabili ez zuena azken bi urte baino gehiagotan, zantzu adore-gabetzailea zen Wilsonentzat.

        José Palaciosek birbero arazi egin zuen bainua gutunaren diktaketaren ostean, baina jeneralak ez zuen hartu, baizik eta noraezean ibiltzen segi zuen, neskatoaren poema erabat errezitatuz etxe osoa durundatzen zuen ahotsez. José Palaciosek soilik ezagutzen zituen berak idatziriko poemekin jarraitu zuen. Itzulietan behin baino gehiagotan igaro zen solairutik, non baitzeuden ofizialak ropillan, galiziar kaskarelaren izen kriolloa zenean jokatzen, berak ere behiala jokatzen zuenean. Une batez bakoitzaren sorbalda gainetik jokoari begiratzera gelditzen zen, ateratzen zituen partidaren egoeraz bere ondorioak eta paseoa segitzen zuen.

        «Ez dakit nola gal dezaketen denbora hain joko aspergarriarekin», zioen.

        Hala ere, hainbeste itzulitako batean ezin izan zion Ibarra kapitainari mahaian ordezkoak egiten uzteko eskatzearen tentazioari eutsi. Ez zuen jokalari honen egonarria, eta erasokorra zen eta galtzaile txarra, baina maltzurra eta bizkorra ere bazen eta bazekien menpekoekin mailan jartzen». Ordukoan, Carreño koronela aliatu zuela, sei partida jokatu eta guztiak galdu zituen. Mahaira bota zituen kartak.

        «Hau joko kakazu bat da», esan zuen. «Ea nor ausartzen den hirukoan».

        Jokatu zuten. Berak hiru partida irabazi zituen jarraian, arteztu zitzaion umorea, eta Wilson koronelari irri egiten saiatu zen hirukoan jokatzeko zuen moduarengatik. Wilsonek onera hartu zuen, baina haren suharra aprobetxatu zuen aldea ateratzeko, eta ez zuen gehiago galdu. Jenerala atezuan jarri zen, ezpainak gogor eta zurbil jarri zitzaizkion, eta begiak bekain nahasien azpiko behi hondoratuek behialako leinuru basatia berreskuratu zuten. Ez zuen gehiago hitz egin, eta eztul gaizkor batek traba egiten zion bere baitan biltzeko. Hamabiak pasatzean geldiarazi egin zuen jokoa.

        «Gau osoan kontra-haizea izan dut», esan zuen.

        Eraman zuten mahaia leku babesago batera, baina hark galtzen jarraitu zuen. Handik oso hurbil, festa sakabanaturen batean, entzuten ziren pifanoak isilarazteko eskatu zuen, baina pifanoek kilkerren eskandaluaren gainetik jarraitu zuten. Lekua aldatu zuen, burko bat ezarrarazi zuen aulkian gorago eta erosoago geratzeko, edan zuen eztula samurtu zion lore-infusio bat, jokatu zituen zenbait partida solairuaren alde batetik bestera ibiliz, baina galtzen jarraitu zuen. Wilsonek finko eduki zituen berarengan begi xahu ankertuak, baina hura ez zen dinatu bereez aurre egitera.

        «Karta hauek markaturik daude», esan zuen.

        «Zureak dira, jenerala», esan zuen Wilsonek.

        Bere kartetako batzuk zituen, noski; nolanahi ere aztertu egin zituen, kartaz karta, eta azkenean aldarazi egin zituen. Wilsonek ez zion arnasbiderik eman. Itzali ziren kilkerrak, isilaldi luze bat sortu zen brisa hezeak astindua, ibar irazekietako lehen usainak solairuraino eraman zituena, eta hiru bider kantatu zuen oilarrak. «Oilar zoroa duk», esan zuen Ibarrak. «Ez dituk ordu biak baino gehiago». Kartetatik bista saihestu gabe, jeneralak doinu lakarrez agindu zuen:

        «Hemendik ez da inor mugituko, arraioa!»

        Inork ez zuen arnasarik hartu. Carreño jeneralak, interesa baino artegatasun gehiagoz jokoa jarraitzen ari zenak, bere bizitzako gaurik luzeena gogoratu zuen, bi urte lehenago, Ocañako Konbentzioaren emaitzei itxaroten Bucaramangan zeudela. Gaueko bederatzietan hasiak ziren kartetan jokatzen, eta biharamun goizeko hamaiketan amaitu zuten, joko-lagunek elkar hartu zutenean berari hiru partida jarraian irabazten uzteko. Guaduasko gau hartan beste indar-froga baten beldur izaki, Carreño jeneralak keinu bat egin zion Wilson koronelari galtzen hasteko. Gero, honek bost minututako menia bat eskatzean, terrazan barna segi zuen eta geranio-lorapotoen gainera bere herra amoniakalak husten aurkitu zuen.

        «Wilson koronela», agindu zion Carreño jeneralak. «Irmo!»

        Wilsonek burua itzuli gabe erantzun zion:

        «Zaude amaitu arte».

        Amaitu zuen patxada guztiarekin, eta txarretera botoituz itzuli zen

        «Has zaitez galtzen», esan zion Carreño jeneralak. «Ezbeharrean dagoen adiskidearenganako estimuzko egintza bezala bederen».

        «Uko egiten diot inori horrelako laidoa egiteari», esan zuen Wilsonek ironi punta batez.

        «Agindua da!», esan zuen Carreñok.

        Wilsonek, irmo-posizioan, bere garaieratik mesprezu inperialez begiratu zion. Gero mahaira itzuli eta galtzen hasi zen. Jenerala konturatu egin zen.

        «Ez da beharrezko hain gaizki egin dezazun, ene Wilson estimatua», esan zion. «Azken finean bidezkoa da lotara joan gaitezen».

        Esku-estutze gogor batekin despeditu zituen guztiak, beti egin ohi zuenez mahaitik altxatzean jokoak ez ziela atxikimenduei kalterik egin adierazteko, eta logelara itzuli zen. José Palacios behearen gainean lokarturik zegoen, baina sartzen ikustean agondu egin zen. Erantzi zituen arropak presa bizian, eta biluzik hamakan kulunkatzen hasi zen, pentsamena aztoraturik zuela, eta arnasketa gero eta zaratatsuago eta latzago bihurtzen zitzaion pentsatzenago zuen neurrian. Bainuontzian murgildu zenean, barne-muinetaraino dardarka zegoen, baina ordukoa ez zen ez sukarrezkoa eta ez hotzezkoa, amorruzkoa baizik.

        «Wilson malmutza da», esan zuen.

        Bere gaurik txarrenetakoa pasatu zuen. Bere aginduei kontra eginez, José Palaciosek jakinaren gainean jarri zituen ofizialak medikuari dei egin beharrean gertatzen baldin bazen, eta maindiretan bildurik eduki zuen sukarra izerditzeko. Banaka batzuk blaiturik utzi zituen, espejismo-krisi batean amilarazten zuten istant bateko meniekin. Behin baino gehiagotan egin zuen oihu: «Isil daitezela pifano horiek, arraioa!» Baina inork ezin izan zion lagundu oraingoan, zeren pifanoak isilik baitzeuden gauerdiaz geroztik. Geroago bere jausialdiaren erruduna aurkitu zuen.

        «Oso ongi sentitzen nintzen», esan zuen, «harik eta alkandoraren indio aluarekin buruberotu nauten arte».

        Hondarainoko azken ibil-saioa hotzikaratako erlaitz batean zehar izan zen, beira likidozko aire batean, zeina berarena bezalako jasamen fisikoak eta borondateak eroan baitzitzakeen agoniazko gau baten ondoren. Lehen legoetatik atzeratua zen bere ohizko posizioetatik Wilson koronelaren alboan zaldi gainean joateko. Honek joko-mahaiko irainak ahaztarazteko bezala interpretatu zuen portaera hau, eta besoa eskaini zion aztorezain-jarreran hark bere eskua ezar zezan. Horrela batera egin zuten jaitsiera, Wilson koronelak adeitasunak hunkiturik, eta berak azken indarrez gaizki arnasa hartuz, baina menperagaitz zamarian. Ibil-tramurik malkarrena amaitu zenean, beste mende bateko ahotsez galdetu zuen:

        «Nola ote dago Londres?»

        Wilson koronelak begiratu zion ia zeruaren erdigunean zegoen eguzkiari eta esan zuen:

        «Gaizki, jenerala».

        Bera ez zen harritu, baizik eta berriro galdetu zion ahots beraz:

        «Eta hori zergatik?»

        «Han arratsaldeko seiak direlako, Londresko ordurik txarrena», esan zuen Wilsonek. «Gainera, euri zikin eta hila ari bide du, apo-euria bezalakoa, zeren udaberria baita gure parte txarreko urtaroa».

        «Ez zadazu esan herrimina menperatu duzunik», esan zuen berak.

        «Alderantziz: herriminak menperatu nau ni», esan zuen Wilsonek. «Jadanik ez diot erresistentzia txikienik ere egiten».

        Orduan, nahi duzu ala ez duzu nahi itzuli?

        «Nik ez dakit ezer, ene jenerala», esan zuen Wilsonek. «Nirea ez den destino baten esku nago».

        Hark zuzen begietara so egin zion, eta harriturik esan zuen:

        «Hori neuk esan beharko nuke».

        Berriz hitz egin zuenerako, ahotsa eta aldartea bestelakoak zituen. «Ez zaitez kezkatu», esan zuen. «Zernahi gertatzen dela ere, joango gara Europara, nahiz eta zure aitari zu ikusteko atsegina ez kentzearren izan». Gero, gogoeta astitsu baten ondoren, amaitu zuen:

        «Eta zilegi bekit azken gauza bat esatea, ene Wilson estimatua: zutaz edozer esan lezakete, malmutza zarela izan ezik».

        Wilson koronela beste behin errendatu zitzaion, haren penitentzia ilarrainetara ohitua izaki, batez ere karta-jokoko zarraparra edo gerra-garaipen baten ondoren. Astiro jarraitu zuen zaldi gainean, Ameriketako gaixo aintzatsuenaren esku sukartsuak besaurrea oratzen ziola zetreriako aztore baten modura, airea irakiten hasia zen bitartean, eta euliak bailiren uxatu behar izan zituzten beren buruen gainetik hegazafraka zebiltzan txori hiletazko batzuk.

        Aldaparen gogorrenean indiar samalda batekin gurutzatu ziren bizkarrean esekitako aulkietan europar bidaiari-talde bat zeramatela. Bat-batean, jaitsiera amaitu baino zertxobait lehenago, zaldizko erotu bat igaro zen lauhankan beraiek zihoazen norabide beretik. Kapatxano gorria zeraman aurpegia ia estaltzen ziola, eta hainbestekoa zuen presaren desordenua, non Ibarra kapitainaren mandemea izuturik trokan behera amiltzeko zorian egon baitzen. Jeneralak oihu egitea lortu zuen: «Begiemazu nondik zabiltzan, arraioa!». Lehen bihurgunean bistatik galdu arte jarraitu zuen, baina beraren baitan egon zen erlaitzaren beheragoko itzulietan berragertzen zen bakoitzeko.

        Arratsaldeko ordu bietan gainditu zuten azken muinoa, eta horizontea lautada leinurutsuan ireki zen, zeinaren barrenean baitzetzan lozorrotan Hondako hiri txit ospetsua, ibaitzar basatsuaren gainean harrizko zubi gaztelauarekin, herexetan zituen murruekin eta lurrikarak porrokaturiko eliza-dorrearekin. Jeneralak begietsi zuen haran irazekia, baina ez zuen emoziorik nabarmendu, bere trosta bukaera gabean une hartan zubia zeharkatzen ari zen zaldizko kapatxano gorridunarengatik izan ezik. Orduan loguraren argia piztu zitzaion berriro.

        «Pobreen Jainkoa», esan zuen. «Estutasun hori esplika lezakeen gauza bakarra Casandrorentzako gutunaren eramaile izatea da jadanik alde egin dugun albistearekin».

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990