Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

        Bera iristean ageriko manifestaziorik egon ez zedin oharra egin bazuen ere, kabalgata alai bat irten zitzaion portura abegi egitera, eta Posada Gutiérrez gobernariak musikari-banda bat eta bolbora-jokoak prestatu zituen hiru egunetarako. Baina euriak hondatu zuen festa merkatari-kaleetara ahukua iritsi baino lehen. Bortxa erraustaileko zaparrada goiztiarra izan zen, kaleak desarriztatu eta auzategi pobreetan urak gainezkatu zituena, baino beroak ikaragaitz iraun zuen. Diosalen nahastean norbait betiko tentelkerian erori zen: «Hemen egiten duen beroaz oiloek arrautza frijituak erruten dituzte». Ohizko hondamen hau inolako aldaketarik gabe errepikatu zen hurrengo hiru egunetan. Siestako letargoan, mendikatetik behera zetorren hodei beltz bat kokatzen zen hiriaren gainean, eta istant bateko uholdean sabelustutzen zen. Gero eguzkiak berriro dirdira egiten zuen zeru oskarbian lehengo errukabezia berberaz, eta bitartean brigada zibikoek kaleetatik uriolaren utzikinak garbitzen zituzten, eta mendi-lepoen gailurretan hurrengo egunerako hodei beltza biltzen hasten zen. Egunaren edo gauaren edozein ordutan, barruan zein kanpoan, beroaren arnasestua entzuten zen.

        Sukarrak abaildurik, jeneralak ozta-ozta jasan zuen ongietorri ofiziala. Aireak gal-gal zirakien kabikloaren aretoan, baina berak pasadizotik irteteko apezpiku galdostuaren platika egin zuen oso astiro eta ahotsa arrastaka, poltronatik altxatu gabe. Aingeru-hegalak eta organtzazko jantzi bolanteduna zituen hamar urteko neskato batek buruz errezitatu zion, presan itoz, oda bat jeneralaren aintzari. Baina huts egin zuen, behar ez zen tokitik hasi zuen berriro, nahastu zitzaion erremedio gabe, eta zer egin ez zekiela beragan finkatu zituen izu-larrizko begitxoak. Jeneralak konplizitatezko irribarretxoa egin eta ahapeka gogorarazi zizkion bertsoak:

 

                Ezpataren distira

                bere aintzaren errainu bizia du.

 

        Bere boterearen lehen urteetan, jeneralak ez zuen galtzen aukerarik oturuntza jendetsu eta bikainak egiteko, eta gonbidatuak jan eta horditzeraino edatera xaxatzen zituen. Iragan oparo horretatik mahai-tresna pertsonalak geratzen zitzaizkion bere monograma grabatuarekin, José Palaciosek orritsetara eramaten zizkionak. Hondako abegikoan onartu egin zuen ohorezko mahaiburutza, baina kopakada bat oporto besterik ez zuen hartu, eta ibai-dortokaren zopa doi-doi dastatu zuen, zapore dohakabe bat utzi ziolarik.

        Goiz alde egin zuen Posada Gutiérrez koronelak bere etxean prestaturik zeukakion saindutegira, baina biharamunean Santa Feko posta espero zutelako albisteak geratzen zitzaion lo apurra uxatu zion. Arranguraren menpean jausirik bere ezbeharrean pentsatu zuen berriro hiru egunetako meniaren ondoren, eta berriro alamena eman zion José Palaciosi galdera biziotsuez. Berak alde egin zuenetik zer gertatu zen jakin nahi zuen, nolakoa izango zen hiria beraz bestelako gobernuarekin, nolakoa izango zen bizitza bera gabe. Atsekabeko okasioren batean esana zuen: «Amerika zoratutako globo-erdi bat da». Hondako lehen gau hartan arrazoi gehiago izango zukeen hori sinesteko.

        Darda gainean pasatu zuen, eltxoek gurutzefikaturik, ze uko egiten baitzion eltxotakoarekin lo egiteari. Batzuetan birak eta birak ematen zituen logelan bakarrik hitz eginez, batzuetan zabu handiekin kulunkatzen zen hamakan, batzuetan mantan kiribildu eta kalenturapean jausten zen, ia oihuka eldarniotan izerdizko zingira batean. José Palaciosek berarekin egin zuen beila, haren galderei erantzunez, uneoro ordua emanez bere minutu zenbatuekin, gerrestuaren botoi-zuloetatik esekita zerabiltzan leontinazko bi erlojuak kontsultatu gabe. Kulunkatu egin zion hamaka bere burua bulkatzeko indarrik gabe sentitu zenean, eta uxatu eltxoak trapu batez harik eta ordu bete baino gehiagoz lokarturik edukitzea lortu zuen arte. Baina salto batez esnatu zen egunsenti aurretxoan, abere-zarata eta giza ahotsak atarian entzutean, eta lo-atorra jantzita irten zen posta hartzera.

        Errekoa berean iritsi zen Agustín de Iturbide kapitain gaztea, bere edekan mexikarra, azken orduko eragozpen batengatik Santa Fen atzeratua. Sucre mariskalaren gutun bat zeraman, heiagora bihotzetikoa zena despedidetarako garaiz heldu ez zelako. Postan bi egun lehenago Caycedo presidenteak idatziriko gutun bat ere iritsi zen. Handik gutxira sartu zen Posada Gutiérrez gobernaria logelan igandeko egunkarien ebakinekin, eta jeneralak gutunak irakurtzeko eskatu zion, ze artean argia urria baitzen haren begietarako.

        Nobedadea Santa Fen igandez euria atertu izana zen, eta familia ugarik beren haurrekin inbaditu zituzten zaldi-larreak otarreetan txerrikume errea, labeko sabel-gaina, arroz-odolkia, gazta urtuz elurtutako patatak zituztela, eta belarretan eserita bazkaldu zuten zarataren garaietatik hirian ikusi ez zen eguzki distirantaren pean. Maiatzeko mirari honek ezabatua zuen larunbateko urduritasuna. San Bartolomé ikastetxeko ikasleek berriro kalera oldartuak ziren exekuzio alegorikoen sainete ikusiegiarekin, baina ez zuten inolako oihartzunik aurkitu. Asperturik barreiatu ziren ilunabarra baino lehen, eta igandean eskopetak aldatu zituzten tipleen truk eta zaldi-larreetan eguzkitan berotzen zegoen jendearen artean banbukoak kantatzen agertu ziren, harik eta arratsaldeko bostetan inolako iragarpenik gabe berriro euria egin eta festa amaitu zen arte.

        Posada Gutiérrezek gutunaren irakurketa eten zuen.

        «Jadanik mundu honetako ezerk ezin dezake zipriztindu zure aintza», esan zion jeneralak. «Nahi dutena esan dezatela, Zure Gorentasunak jarraituko du kolonbiarrik handiena izaten planetaren azken mugetaraino».

        «Ez dut zalantzarik», esan zuen jeneralak, aski izan baita nik aldegitea eguzkiak berriro dirdira egiteko».

        Gutunetik sumina sortu zion gauza bakarra errepublikaren presidentetzaz arduratzen zena bera Santanderren aldekoei liberal deitzearen abusuan jaustea izan zen, termino ofizial bat bailitzen. «Ez dakit nondik hartu duten demagogoek beren buruari liberal deitzeko eskubidea», esan zuen. «Lapurtu egin dute hitza, ez gehiago eta ez gutxiago, eskutan erortzen zaien guztia lapurtzen dutenez». Salto egin zuen hamakatik, eta gobernariarekin asaskatzen jarraitu zuen bere soldadu-trankoekin gela mutur batetik besteraino neurtzen jarraitzen zuen bitartean.

        «Egia esateko heinen ez dago nirekin eta nire kontra daudenen partiduez besterik, eta zuk inork baino hobeki dakizu hori», amaitu zuen. «Eta sinesten ez badute ere, inor ez da ni baino liberalago».

        Gobernariaren mezulari pertsonalak eraman zion geroago ahozko mandatua esanez Manuela Sáenzek ez ziola idatzi postariek haren gutunak ez hartzeko instrukzio zorrotzak zituztelako. Manuelak berak bidalia zen, zeinak data berean zuzendu baitzion presidenteari protestazko gutun bat debekuarengatik, eta horixe izan zen joan-etorriko xaxaketa-sail baten jatorria, zeina erbesteratzeaz eta ahazmenduaz berarentzat amaituko baitzen. Hala ere, Posada Gutiérrezek espero zuenaz kontrara, zeinak hurbiletik ezagutzen baitzituen maitasun tormentatu haren behaztopak, jeneralak irribarre egin zuen albiste txarrarekin.

        «Gatazka hauek nire txoro maitagarriaren egoera naturala dira».

        José Palaciosek ez zuen nahigabea ezkutatu Hondako hiru egunak programatu zireneko kontsiderazio ezagatik. Gonbiterik harrigarriena Santa Anako zilar-meatze baterako paseoa izan zen, handik sei legoatara, baina harrigarriagoa izan zen jeneralak onartzea, eta askoz harrigarriagoa lurpeko galeria batera jaistea. Okerrago oraindik: itzulerakoan, nahiz eta sukar handia izan eta burua minez leher egiteko zorian, igerian ekin zion ibaiaren ubatu batean. Urrun zeuden lautada-erreka esku bat lotua zuela gurutzatzera apustu egin eta hala ere igerilari trebeenari irabazten zioneko egunak. Oraingoan, nolanahi ere, nekerik gabe egin zuen igerian ordu erdiz, baina zeukan txakur-saihetsartea eta zango mazkarrak ikusi zizkiotenek ez zuten ulertu bizirik jarrai zezakeenik hain gorputz gutxirekin.

        Azken gauean, udalak gala-dantzaldi bat eskaini zion, zeinetara joatea desenkusatu baitzen paseoaren nekearengatik. Arratsaldeko bostetatik logelan sarturik, Domingo Caycedo jeneralarentzako erantzuna diktatu zion Fernandori, eta zenbait orrialde gehiago irakurrarazi zituen Limako gertakari galantez, zeinetarikoren baten protagonista izana baitzen. Gero hartu zuen bainu epela eta zirkinik egin gabe geratu zen hamakan, bere ohorezkoa zen dantza-musikaren boladak brisatan entzunez. José Palacios lotan ari zen hori egiten eta zera entzun zuen:

        «Gogoan al duk valtz hori?»

        Txistuz eman zituen zenbait konpas maiordomoaren oroimenean musika birbizteko, baina honek ez zuen ezagutu. «Chuquisacatik Limara iritsi ginen gauean gehien jotako valtza izan huen», esan zuen jeneralak. José Palaciosek ez zuen gogoan, baina ez zuen inoiz ahaztuko 1826ko otsailaren 8ko aintza-gaua. Limak harrera inperiala eskaini zien goiz hartan, zeinari jeneralak hutsik egin gabe topa bakoitzean errepikatzen zuen esaldi batez erantzun baitzion: «Peruko hedadura zabalean jadanik ez da espainiar bakar bat ere geratzen». Egun hartan zigilaturik zegoen kontinente neurri gabearen independentzia, berak, esaten zuenez, gaur arte lurraren gainean agertu den nazio-liga zabalena, edo harrigarriena, edo indartsuena bihurtu asmo zuena. Jaialdiko emozioak valtzari asoziaturik geratu zitzaizkion, zeina behar adina aldiz errepikarazi baitzuen, Limako dametariko bakar bat ere berekin dantza egin gabe gera ez zedin. Bere ofizialek, hirian ikusi ziren uniformerik distiratsuenekin, etsenpluari jarraitu zioten indarrak iritsi zitzaizkien arte, ze guztiak valtzari miresgarriak baitziren, zeinaren oroitzapenak gerraren aintzek baino askoz gehiago irauten baitzuten dantzakideen bihotzetan.

        Hondako azken gauean garaitiaren valtzarekin ireki zuten festa, eta berak hamakan itxaron zuen errepika zezaten arte. Baina ez ziotela errepikatzen ikustean bat-batean jaiki, jantzi meatzetarako txangoan erabili zuen zaldirako arropa bera», eta dantzaldian agertu zen iragarria izan gabe. Ia hiru orduz dantza egin zuen, pieza errepikaraziz dantzakidea aldatzen zuen bakoitzean, behialako erlantza berreraiki nahian agian bere lehen-minen errautsekin. Urrun geratzen ziren mundu guztia errendaturik erortzen zeneko eta berak bakarrik egunsentira arte areto hustuan azken bikotearekin dantzan jarraitzen zueneko urte lilurazkoak. Zeren dantza grina menperatzailea baitzuen, dantzakiderik gabe egiten zuena ez zegoenean, edo berak txistuka jotako zuen musika bakarrik dantza egiten zuen, eta bere bozkario handiak jantokiko mahaira dantza egitera igoz adierazten zituen. Hondako azken gauean hain zituen indarrak urrituak, non tarte-uneetan kolonia-urez uielduriko mukizapiaren lurrinak arnastuz suspertu behar izaten zuen, baina hainbeste suharraz eta hainbesteko gazte-maisutasunez dantza egin zuen, non asmorik izan gabe herioz gaixoturik zegoelako bertsioak deuseztatu baitzituen.

        Gauerdia jo eta gutxira, etxera itzuli zenean, emakume bat bisita-gelan itxaroten zeukala iragarri zioten. Burgoi eta dotorea zen, eta udaberri-usaina zerion iragarri zioten. Belusaz jantzirik zegoen, eskubiturretarainoko mahuka eta kordoban delikatuenezko zaldi-botekin, eta Erdi Aroko damen kapelua zerabilen zetazko beloarekin. Jeneralak gur formala egin zion, bisitaren modua eta orduarengatik intrigaturik. Hitzik esan gabe, emakumeak katea luze batez lepotik zintzilik zeukan erlikiontzi bat jarri zion begien aurrean, eta jeneralak harriturik ezagutu zuen.

        «Miranda Lyndsay!», esan zuen.

        «Neu naiz», esan zuen berak, «nahiz eta orduko bera ez izan».

        Ahots apal eta beroak, biolontxeloarena bezalakoak, bere amagandiko ingelesaren aztarna lausoak doi-doi ondoeztuak, oroitzapen errepika ezinak birbiztu bide zituen berarengan. Atetik zaintzen zuen zerbitzuko zentinela eskuaren seinale batez aldenarazi zuen, eta emakumearen aurrean eseri zen, hain hurbil, non belaunak ia ukitzen zizkion, eta eskuak hartu zizkion.

        Hamabost urte lehenago Kingstonen ezagutua zuten elkar, non jenerala bere bigarren erbestaldia pairatzen ari baitzen, Maxwell Hyslop merkatari ingelesaren etxean ustekabeko bazkari batean. Alaba bakarra zen, sir London Lyndsayrena, inork irakurri ez zituen sei tomotako oroitzapenak idazteko Jamaikako azukre-lantegi batean jubilaturiko ingeles diplomatiko batena. Mirandaren edertasun zalantzagabea eta proskribatu gaztearen bihotz erraza gorabehera, hau orduan murgilegi eginik zegoen bere ametsetan, eta oso adi bestetik inori begi emateko.

        Miranda Lyndsayk beti gogoratuko zuen zituen hogeita hamabi urtekoa baino askoz zaharrago», hezurtsu eta zurbil, mulato patila eta bibote latzekin, eta ilea sorbaldetaraino iristen zitzaiola. Ingelesen erara jantzirik zegoen, aristokrazia kriolloko gazteak bezala, gorbata zuria eta klimarako lodiegia zen kasakarekin, eta erromantikoen gardenia botoi-zuloan zuela. Honela jantzirik, 1810eko gau libertino batean, puta galant batek pederasta greko batez nahastua zuen Londreseko bordel batean.

        Harengan gogoangarriena, onerako edo txarrerako, begi haluzinatuak eta hizketa nekaezin eta nekagarria ziren, txori harrapariaren ahots bortxatuarekin. Harrigarriena zen bista apal edukitzen zuela eta mahaikideen arreta aurrez aurre begiratu gabe harrapatzen zuela. Canarias irletako kadentzia eta esaeraz mintzatzen zen, eta Madrileko dialektoaren era kultuekin, egun hartan ingeles oinarrizko baina ulergarri batekin txandakatuz, gaztelania ulertzen ez zuten bi gonbidaturen ohoretan.

        Bazkarikoan ez zion inori jaramonik egin, bere fantasmei izan ezik. Atsedenik gabe hitz egin zuen, estilo ikasi eta deklamatzailez, artean ondu gabeko sententzia profetikoak jareginez, zeinetarik asko proklama epiko batean egongo baitziren handik egun batzuetara Kingstongo egunkari batean argitara emanik, eta historiak Jamaikako Karta bezala sagaratuko zuen batean. Ez dira espainiarrak, baizik eta geure batasunik eza berriro esklabotzara eraman gaituena», esan zuen. Amerikaren handitasunaz, baliabideez eta talentuez ari zela, behin baino gehiagotan errepikatu zuen: «Gizadi txiki bat gara». Etxerako itzuleran, aitak galdetu zion Mirandari nolakoa zen irlako agente espainiarrak hainbeste kezkatzen zituen konspiratzailea eta honek esaldi bakar batera bildu zuen: «He feels he’s Bonaparte».

        Handik egun batzuetara mezu ohiez bat jaso zuen, instrukzio xehatuekin hurrengo larunbatean Mirandarekin topo egitera joan zedin gaueko bederatzietan, bakarrik eta oinez, bizilagunik gabeko toki batera. Herronka hark ez zuen bere bizitza soilik arriskuan jartzen, Ameriken zortea ere bai, ze bera baitzen orduan matxinada likidatu baten azken erreserba. Bost urte independentzia gorabeheratsu batean eman ondoren, Nueva Granadako erregeordegoko eta Venezuelako kapitaingo nagusiko lurraldeak birkonkistatu berriak zituen Espainiak, zeinek ez baitzioten erresistitu Pablo Morillo jeneralaren, Bakeatzailea deituaren busalo uzuari. Abertzaleen aginte gorena ezabaturik geratu zen irakurtzen eta idazten zekien guztia urkatzearen formula soilaz.

        Mexikotik Río de la Plataraino independentziaren hazia erein zuten kriollo ilustratuen belaunalditik, bera zen konbentzituena, hisitiena, argikusleena, eta hobekien uztartzen zituena politikaren injenioa gerraren intuizioarekin. Bi gelatako etxe alokatu batean bizi zen, bere laguntzaile militarrekin, bi esklabo ohi neraberekin, zeinek manumitituak izan ondoren zerbitzatzen jarraitzen baitzioten, eta José Palaciosekin. Zita badaezpadako baterako oinez ihes egitea, gauez eta eskolta gabe, alferrikako arriskua ez ezik zentzugabekeria historikoa zen. Baina berak bere bizia eta kausa asko estimatzen bazituen ere, ez zien irizten emakume eder baten enigmari bezain tentatzaile.

        Mirandak zaldiz itxaron zion aurreikusiriko tokian, bakarrik berak ere, eta mokor gainean eraman zuen zidor ikusezin batetik. Euri-mehatxuak zeuden oinaztargi eta trumoi urrunekin itsasoan. Txakur saldo ilun bat katigatzen zen ilunpetan taupaka zegoen zaldiaren hanketan, baina emakumeak mendean zeuzkan ingelesez murmurikatzen ari zen urruma samurrekin. Sir London Lyndsay, berak bakarrik gogoratuko zituen oroitzapenak idazten ari zen azukregintza lantegitik oso hurbil igaro ziren, gurutzatu zuten ibitik harri-erreka bat eta sartu ziren bestaldean pinu-baso batean, zeinaren atzealdean ermita abandonatu bat baitzegoen. Hantxe jaitsi ziren zalditik, eta emakumeak eskutik gidatu zuen oratorio ilunean zehar hondakinetan zegoen sakristiaraino, zeina doi-doi argiturik baitzegoen murruan jositako zuzi batez eta aizkorakadaka eskulpituriko bi enbor beste altzaririk gabe. Orduan soilik ikusi zituzten elkarren aurpegiak. Jenerala alkandora-mahuketan zihoan, eta ilea garondoan lotua zuela zinta batez zaldi-isatsa bezala, eta Mirandak bazkaritan baino gazteago eta erakargarriago aurkitu zuen.

        Jeneralak ez zuen iniziatibarik hartu, zeren bere sedukzio-metodoak ez baitzion inolako jarraibideri obeditzen, baizik eta kasu bakoitza ezberdina zen, eta lehen pausoa batik bat. «Maitasunaren atarikoetan ez dago errakuntza zuzengarririk», esana zuen. Ordukoan sinetsirik joan bide zen eragozpen guztiak aurretiaz gainditurik zeudela, zeren erabakia emakumearena izan baitzen.

        Huts egin zuen. Edertasunaz gainera, Mirandak nekez itzurtzeko duintasuna zuen, beraz denboraldi luzea igaro zen harik eta ulertu zuen arte orduan ere iniziatiba hartu beharra zeukala. Berak esertzera gonbidatua zuen, eta Hondan hamabost urte geroago egingo zutenez egin zuten, bata bestearen aurrez aurre enbor tailatuetan, eta hain hurbil non ia elkarri belaunak ukitzen baitzizkioten. Jeneralak eskuetatik heldu zion, beragana erakarri zuen, eta musu eman nahi izan zion. Mirandak hurbiltzen utzi zion bere arnasaren beroa sentitu arte, eta aurpegia saihestu zuen.

        «Dena egingo da bere garaian», esan zuen.

        Esaldi berak amaitu zuen gero berak hasitako ahalegin errepikatuak. Gauerdian, euria sabaiko argi-leihatiletatik sartzen hasi zenean, elkarren aurrean eserita jarraitzen zuten, eskuetatik heldurik, jenerala egun haietan oroimenean konposatzen ari zen poema bat errezitatzen zuen bitartean. Errege-oktabak ziren ongi neurtuak eta ongi errimatuak, zeinetan maitasun-elexuri eta gerra-arrandiak nahasten baitziren. Miranda hunkitu egin zen, eta hiru izen aipatu zituen egilearena igarri nahiz.

        «Militar batena da», esan zuen jeneralak.

        «Gerra-militarra ala areto-militarrarena?» galdetu zuen Mirandak.

        «Bietakoarena», esan zuen berak. «Inoiz izan den handien eta bakartienarena».

        Mirandak bere aitari esandakoa gogoratu zuen Hyslop jaunaren bazkariaren ondoren.

        «Bonaparte soilik izan daiteke», esan zuen.

        «Ia», esan zuen jeneralak, «baina alde morala izugarria da, zeren poemaren egileak ez baitzuen koroa zezaten onartu».

        Urteak igaro ahala, bere albiste berri gehiago iritsi ahala, emakumeak gero harridura handiagoarekin galdetu behar zion bere buruari ea bera jabeturik zegoen bere asmamenaren bihurrikeria hura bere bizitzaren aurre-irudikapena zela. Baina gau hartan ez zuen susmatu ere egin, erremindu gabe eradukitzeko ia ezinezko konpromisoak beharturik, eta haren erasoen aurrean kapitulatu gabe, egunsentia hurbildu ahala gero eta hertsatzaileago bihurtzen baitziren. Ustekabeko musu batzuk baimentzeraino iritsi zen, baina besterik ez.

        «Dena egingo da bere garaian», esaten zion.

        «Arratsaldeko hiruretan betiko noa Haitiko paketean», esan zuen berak.

        Emakumeak irribarre xarmangarri batez suntsitu zion amarrukeria.

        «Lehenengo eta behin, paketea ez da ostiralera arte irtengo», esan zion. Eta gainera, zuk atzo Turner andreari eragin zenion pastela gaur gauean bere afarira eraman behar duzu mundu honetan gorrotoen duzun emakumearekin».

        Munduan gorrotoen zuen emakumeari Julia Cobier zeritzon, dominikar eder eta aberatsa, Jamaikan erbesteratua bera ere, zeinaren etxean, ziotenez, geratua baitzen jenerala lotarako behin baino gehiagotan.

        Gau hartan emakumearen urtebetetzea bakarrik ospatzekotan ziren.

        «Nire espioiak baino hobeki informaturik zaude», esan zuen berak.

        «Eta zergatik ez pentsatu hobeki zure espioietako bat naizela?», esan zuen emakumeak.

        Jeneralak ez zuen goizeko seiak arte ulertu, etxera itzuli eta Félix Amestoy bere adiskidea hilik eta odolusturik hamakan aurkitu zuen arte, non bera egongo zatekeen maitasun-zita faltsuarengatik izan ez balitz. Logurak menperaturik zeukan jenerala noiz itzuliko itxaroten zegoela presazko mezu bat emateko, eta espainiarrek ordainduriko zerbitzari manumititu batek, hamaika puñalkadaz hil zuen bera zelakoan. Mirandak jakinak zituen atentatuaren planak eta ez zitzaion ezer gurbilagorik bururatu eragozteko. Jenerala saiatu zen pertsonaz eskertzeko, baina emakumeak ez zien errekaduei erantzun. Kortsario-goleta batean Puerto Príncipera joan baino lehen, José Palaciosekin bidali zion amagandik heredetatua zuen erlikiontzi preziatua, lerro bakar eta sinadurarik gabeko txartel bat lagun zuela:

        «Teatro-destino batera kondenaturik nago».

        Mirandak ez zuen inoiz gerrari gaztearen esaldi hermetiko hura ulertu, zeina hurrengo urteetan bere herrira itzuli baitzen jeneral Alexandre Pétion, Haitiko errepublika librearen presidentearen laguntzarekin, gurutzatu zituen Andeak lautadari oinuts andana batekin, porrot eragin zien arma erregetiarrei Boyacáko zubian, eta askatu zituen bigarrenez eta betiko Nueva Granada, gero Venezuela, bere jaioterria, eta azkenik, hegoaldeko lurralde malkarrak Brasilgo inperioaren mugetaraino. Emakumeak jarraitu zituen aztarnak, haren balentriak kontatzen nekatzen ez ziren bidaiarien kontakizunetatik. Espainiar kolonia ohien independentzia ebatzirik, Miranda agrimentsore ingeles batekin ezkondu zen, zeina lanbidez aldatu eta Nueva Granadan zurkaiztu baitzen Hondako haranean Jamaikako azukre-kanaberazko anduak berraldatzeko. Han zegoen aurreko egunean, bere ezagun zaharra, Kingstongo proskribatua, bere etxetik hiru legoatara soilik zebilela. Baina meatzetara iritsi zenerako jeneralak ekina zion Hondarako itzulerari, eta egun erdi bat gehiago egin behar izan zuen zaldiz atzemateko.

        Ez zukeen berrezagutuko kalean patilarik eta gazte-biboterik gabe eta ile urdin urriarekin, eta hildako batekin hitz egiten ari zelako inpresio izutzailea eragin zion azken desordenuko itxura harekin. Mirandak beloa eranzteko asmoa zeraman berarekin hitz egiteko, kalean ezagutuko zuten arriskua gainditu ondoren, baina jeneralak ere aurpegian denboraren hondamenak aurkituko ote zizkion laborriak eragotzi zion. Hasierako formalismoak amaitu bezain laster, emakumea zuzenean harira joan zen:

        «Mesede bat eskatzera natorkizu».

        «Dena zurea nauzu», esan zion.

        «Nire bost semeen aita kondena luze bat betetzen ari da gizona hiltzeagatik», esan zuen emakumeak.

        «Ohorez?

        «Duelu garbian», esan zuen berak, eta berehala argitu zuen: «Zeloengatik».

        «Oinarrigabeak, noski», esan zuen jeneralak.

        «Oinarridunak», esan zuen emakumeak.

        Baina orain dena iraganeko kontua zen, baita bera ere, eta emakumeak eskatzen zion gauza bakarra bere boterea tarte-jartzea zen bere senarraren gatibualdiari amaia emateko Jeneralak egia esaten bestetan ez zuen asmatu:

        «Gaixo eta ezindurik nago, ikus dezakezunez, baina ez dago ezer mundu honetan zuregatik egin ez dezakedanik».

        Sarrarazi zuen Ibarra kapitaina kasuaren oharrak hartzeko, eta agindu zuen bere botere murriztuaren helmenean zegoena indultua lortzeko. Gaur hartan bertan trukatu zituen ideiak Posada Gutiérrez jeneralarekin, erreserba osoan eta ezer idatzirik utzi gabe, baina guztia zintzilik geratu zen gobernu berriaren izaera ezagutu arte. Lagundu zuen Miranda etxeko atariraino, non baitzeukan itxaroten sei manumitituzko eskolta itxaroten, eta eskuan muin emanez despeditu zuen.

        «Gau zoriontsua», esan zuen emakumeak.

        Jeneralak ez zion tentazioari eutsi:

        «Hau ala hura?»

        «Biak», esan zuen emakumeak.

        Berrizko zaldi batean eseri, itxura onekoa eta erregeorde batentzat bezala pildatuan, eta trosta betean alde egin zuen berriro begiratu gabe. Jeneralak atarian itxaron zuen kalearen barrenean ikusteari utzi zion arte, baina ametsetan ikusten jarraitu zuen harik eta José Palaciosek iratzarri zuen arte egunsentian bidaia ibaiz jarraitzeko.

        Zazpi urte ziren Juan B. Elbers alemaniar komodoroari pribilegio berezi bat egina ziola, baporezko nabigazioa has zezan. Bera ere ibilita zegoen haren ontzietako batean Barranca Nuevatik Puerto Realeraino, Ocañarako bidean, eta aitortua zuen bidaiatzeko modu eroso eta segurua zela. Hala ere, Elbers komodoroak uste zuen negozioak ez zuela merezi pribilegio esklusiboz babestua egon ezik, eta Santander jeneralak baldintzarik gabe eman zion presidentetzaren kargu zegoenean. Bi urte geroago, kongresu nazionalak botere absolutuz hornitzean, jeneralak akordioa suntsitu egin zuen bere esaldi profetikoetako batekin: «Monopolioa alemaniarrei uzten badiegu azkenean Estatu Batuei eskualdatuko die». Geroago ibaiko nabigazioaren askatasun erabatekoa aldarrikatu zuen herrialde osoan. Beraz bidaiatzea erabaki zezanerako bapore-ontzi bat lortu nahi izan zuenean, mendekuaren antz handiegia zuten luzamendu eta itzulinguruekin topo egin zuen, eta joateko orduan betiko xanpanekin konformatu behar izan zuen.

        Portua beterik zegoen goizeko bostetatik zaldizko eta oinezko jendekin, zeinak presa biziarekin gobernariak inguruko indetan erreklutaturikoak baitziren beste garai batzuetan bezala despedidaren itxurak egiteko. Kanoa ugari zebilen jirabiraka trikalekuan, guardiako soldaduak oihuka xaxatzen zituzten emakume alaiz beteak, eta hauek piropo lizunez erantzuten zieten. Jenerala seietan iritsi zen ahuku ofizialarekin. Oinez aterea zen gobernariaren etxetik, oso astiro eta kolonia-uretan uielduriko mukizapi batez ahoa estalia zuela.

        Egun hodeitsuaren iragarpena zegoen. Merkataritza kaleko dendak zabalik zeuden egunsentiaz gero, eta beraietako zenbait, ia airepean, hogei urte lehenagoko lurrikarak suntsituriko etxe-oskolen artean despatxatzen ari ziren. Jeneralak mukizapiaz erantzuten zien leihoetatik agurtzen zutenei, baina gutxienak ziren, zeren gehienek isilean ikusten baitzuten igarotzen, haren itxura txarraz harriturik. Alkandora-mahuketan zihoan, bere Wellington bota bakarrekin eta eta lasto zurizko kapeluarekin. Eliza-atarian apaiza aulki batera igota zegoen arenga bat egiteko, baina Carreño jeneralak ez zion utzi. Berak hurbildu eta eskua estutu zion.

        Kantoia gainditzean aski izango zukeen begirada bat aldapa ezin izango zuela jasan ohartzeko, baina Carreño jeneralaren besoari heldurik ekin zion igotzeari, gehiago ezin zuela begi-bistako bihurtu zen arte. Orduan behar izanez gero Posada Gutiérrezek prestatu zuen esku-aulki bat erabil zezala konbentzitzen saiatu ziren.

        «Ez, jenerala, erregu egiten dizut», esan zuen berak, asaldaturik. «Ken iezadazu umilazio hori».

        Gainditu zuen aldapa, areago borondatearen indarrez gorputzarenez baino, eta artean adorea geratu zitzaion laguntzarik gabe trikalekuraino jaisteko. Han esaldi maitabera batez despeditu zen ahuku ofizialeko kide bakoitzarengandik. Eta irribarre itxuratu batekin egin zuen ezinbesteko arrosen maiatzaren 15 hartan ezerezerako bidaiari ekiten ari zela inor kontura ez zedin. Posada Gutiérrez gobernariari oroigarritzat urrezko domina bat utzi zion bere profil grabatuarekin, guztiek entzuteko bezain ahots sendoz eskertu zizkion bere ontasunak, eta emozio ziurrez besarkatu zuen. Gero txanpanaren txopan agertu zen kapeluaz despedituz, hegitik adioak bidaltzen zizkioten taldeetako inori begiratu gabe, txanpanen inguruetako kanoen desordenua ez urpean sabaloen modura igerian zebiltzan haur biluziak ikusi gabe. Puntu bakar beraraino kapela mugitzen jarraitu zuen adierazpen besterenduarekin, harik eta murru porrokatuen gainetik eliza-dorrearen adapoa ikusi zen arte. Orduan, sartu zen txanpanaren estalpera, eseri zen hamakan eta luzatu zituen zangoak, José Palaciosek botak eranzten lagun ziezaion.

        «Ea orain sinesten duten alde egin dugula», esan zuen.

        Flota tamaina ezberdinetako zortzi txanpanez eraturik zegoen, eta ba berezia zen berarentzat eta bere ahukuarentzat, lemazain bat txopan zuela eta eta guayacanezko balankez bultza eragiten zioten zortzi bogalarirekin. Ohizko txanpanei ez bezala, zeinek baitzuten erdian palma mingotsezko estalpea zamarentzat, honi mihisezko toldo bat ezarria zioten hainaka bat itzalean esekitzeko modura, barrutik zarazaz forratua eta zerriz tapizatua zuten, eta lau leiho irekiak zizkioten aireztapena eta argia gehitzeko. Mahaitxo bat jarri zioten idazteko edo kartetan jokatzeko, apala bat liburuentzat, eta treska bat harrizko iragazki batekin. Flotaren arduraduna, ibaiko hoberenen artean hautatua, Casildo Santos izenekoa zen, eta Guardiako Tiratzaile batailoiko kapitain ohia zen, trumoi-ahotsa eta pirata-txaplata ezkerreko begian zuena, eta bere agintearen nozio ausart samarrekoa.

        Maiatza zen hilabete onetako lehena Elbers komodoroaren ontzientzat, baina hilabete onak ez ziren hoberenak txanpanentzat. Bero mortala, ekaitz biblikoak, korronte traidoreak, piztien eta patarien mehatxuak gauez, guztia pasaiarien ongizatearen aurka elkar harturik zegoela ematen zuen. Osasun txarraz sentikorturiko norbaitentzat gehigarrizko tormentua zen okela gazituzko zatalen eta bocachico keztatuen sunda, zeinak oharkabez txanpan presidentzialaren hegaletan zintzilikatu baitzituzten, eta berak kentzeko agindu zuen ontziratzean haietaz ohartu bezain laster. Jakinaren gainean horrela jateko gauzen usaina ere ezin zuela jasan, Santos kapitainak flotaren azken lekuan ezarrarazi zuen bizigaien txanpana, zeinean baitzeuden oilo eta txerri bizien eskortak. Hala ere, lehen nabigazio-egunetik, arto samurrezko bi platerkada mazamorra jarraian atsegin handiarekin jan ondoren, finkaturik geratu zen berak ez zuela bestelakorik ezer jango bidaian zehar.

        «Honek Fernanda Septimaren esku magikoaz egina dirudi», esan zuen.

        Hala zen. Azken urteetan izan zuen sukaldari pertsonala, Fernanda Barriga quitotarra, zeinari Fernanda Septima deitzen baitzion nahi ez zuen zerbait jatera behartzen zuenean, ontzian aurkitzen zen berak jakin gabe. Emakume indiar patxadatsu, gizen, berritsua zen, zeinaren bertuterik handiena ez baitzen bere su-aldean zuen esku ona baizik eta mahaian jeneralaren gogoa egiteko instintua. Jeneralak erabakia zuen Santa Fen gera zedila Manuela Sáenzekin, zeinak bere etxeko zerbitzuan hartua baitzeukan, baina Carreño jeneralak presaz dei eragin zion Guaduasetik, José Palaciosek alarmaturik iragarri zionean jeneralak ez zuela otordu osorik egin bidaiaren bezperatik. Hondara iritsia zen goizaldean, eta ezkutuka ontziratu zuten jakien txanpanean abagune egokiaren zain. Hau uste baino bizkorrago sortu zen arto samurrezko mazamorrarekin jeneralak sentitu zuen atseginarengatik, zeina baitzuen jakirik gogokoena osasuna makaltzen hasi zitzaionetik.

        Lehen nabigazio-eguna azkena izan zitekeen. Arratsaldeko ordu bietan gautu zuen, asaldatu ziren olatuak, dardararazi zuten lehorra trumoi eta oinaztargiek eta bogalariek ez ziruditen gai zirenik batelak harkaitzen kontra zatitu ez zitezen eragozteko. Jeneralak estalpetik behatu zuen Santos kapitainak oihuka zuzenduriko salbamen-maniobra, zeinaren jeinutasun nabalak ez baitzirudien aski zenik halako bihurrialdirako. Aurrena jakin-minez behatu zuen eta gero urduritasun menperagaitzez, eta arriskuaren kinkan konturatu zen kapitainak ordena erratua eman zuela. Orduan instintuaren esku utzi zuen bere burua, haizea eta euriaren artetik bidea urratu eta kapitainaren ordenari kontra egin zion amildegiaren ertzean.

        «Hortik ez!», oihu egin zuen. «Eskuinaldetik, eskuinaldetik, arraioa!»

        Bogalariek erreakzionatu egin zuten ahots oskolgabetu baino artean aginpide jarkiezinez betearen aurrean, eta jenerala manuaz jabetu zen konturatu gabe, krisia gainditu zen arte. José Palaciosek presaka manta bat bota zion gainera. Wilson eta Ibarrak irmo eduki zuten bere lekuan. Santos kapitaina albora baztertu zen, beste behin ababorra eta istriborra nahastu zituela jakinaren gainean, eta soldadu-umiltasunez itxaron zuen harik eta jeneralak bilatu eta begirada dardaratiarekin aurkitu zuen arte.

        «Barka ezazu, kapitaina», esan zion.

        Baina ez zen bere buruarekin baketan geratu. Gau hartan, hondartzan piztu zituzten suen inguruan, nora arrimatu baitziren lehendabizikoz lo egiteko, larrialdi nabalazko istorio ahaztezinak kontatu zituen. Kontatu zuen nola Juan Vicente bere anaia, Fernandoren aita, naufragio batena itorik hil zela lehen errepublikarako arma eta munizio-kargamendu bat Washingtonen erostetik zetorrela. Kontatu zuen nola bera zori bera izatear egon zen zaldia zango artean hil zitzaionean Arauca ibai bulartua gurutzatzen ari zela, eta trumilka arrastatu zuela bota barreran katigatua izaki, harik eta bere bide-erakusleak hedeak ebakitzea lortu zuen arte. Kontatu zuen nola Angosturako bidean, Nueva Granadaren independentzia segurtatu eta handik gutxira, Orinocoren korronte bizkorretan potin irauli batekin topo egin zuen, eta hegira igerian zihoan ofizial ezezagun bat ikusi zuen. Sucre jenerala zela esan zioten. Berak haserreturik ihardetsi zuen: «Ez dago Sucre jeneralik». Antonio José de Sucre zen, izan ere, arestian armada askatzailearen jeneral izatera jasoa, eta zeinarekin harez gero berak adiskidetasun mina izan baitzuen.

        «Nik banekien topaketa horren berri», esan zuen Carreño jeneralak, «baina naufragioaren zertzeladarik gabe».

        «Baliteke zuk Sucrek izan zuen lehen naufragioarekin nahastea, Morrillok pertsegiturik Cartagenara ihes egin zuenekoa, eta Jainkoak daki nola flotatzen iraun zuen ia hogeita lau orduz», esan zuen. Eta gehitu zuen, apur bat noraezean: «Nik nahi dut Santos kapitainak ulertzea nola edo hala gaur arratsaldeko nire ez-egitekoa».

        Goizaldera, guztiak lo zeudela, haren arimatik soilik irten zitekeen kanta laguntza gabe batekin dardara egin zuen oihan osoak. Jenerala inarrosi egin zen hamakan. «Iturbide da», murmurikatu zuen José Palaciosek erdi-itzalean. Doi esana zuelarik aginte-ahots zakarrak eten zuen kanta.

        Agustín de Iturbide independentzi gerrako jeneral mexikotar baten seme nagusia zen, zeina bere herrialdean enperadore aldarrikatu zuena bere burua eta urtebete baino gehiagoz irautea lortu ez zuena. Jeneralak bestelako atxikimendua zion lehendabiziko aldiz ikusi zuenetik, irmo jarreran, dardaratu eta eskuetako ikara menperatu ezinean bere haurtzaroko idoloaren aurrean aurkitzearen zirrararengatik. Orduan hogeita bi urte zituen. Artean hamazazpi urte bete gabea zen aita Mexikoko probintzia bateko herri haustu eta irazeki batean fusilatu ziotenean, erbestetik etorri eta handik ordu gutxitara, ez baitzekien absentzian epaitu eta heriotzara kondenatu zutela traizio garaiz.

        Hiru gauzak hunkitu zuten koronela lehen egunetatik. Bata izan zen aitak fusilamendu-hormatik bidali zizkion urrezko eta harribitxizko erlojuaren jabe izatea Agustín, zeinak lepotik esekita erabiltzen baitzuen inork zalantzarik izan ez zezan ohore handitzat zeukala. Bestea izan zen nolako xalotasunez kontatu zion bere aita, portuko guardiak ezagutu ez zezan eskalez jantzia, zaldian ibiltzeko zuen dotoreziarengatik salatu zutela. Hirugarrena bere kantatzeko modua izan zen.

        Mexikoko gobernuak era guztietako eragozpenak jarri zituen Kolonbiako armadan sar ez zedin, bera gerra-arteetan prestatzea konjura monarkiko baten parte zela sinetsirik, jeneralak babestua, Mexikoko enperadore koroatzeko printze oinordeko ustezko eskubidearekin. Jeneralak bere gain hartu zuen gorabehera diplomatiko larri baten arriskua, ez soilik Agustín bere titulu militarrekin onartzeagatik, baita bere edekan egiteagatik ere. Agustín bere konfiantzaren duin izan zen, nahiz eta egun zoriontsu bakar bat ere ez izan, eta kantatzeko bere ohiturak eman zion ziurtasun-ezetik biziarekin ateratzeko aukera.

        Halako moldez, non norbaitek isilarazi zuenean Magdalenaren oihanetan, jenerala manta batean bildurik jaiki zen bere hamakatik, zeharkatu zuen guardiaren suek argituriko kanpamendua, eta berarekin elkartzera joan zen. Hegian eserita aurkitu zuen ibaia nola igarotzen zen begira.

        «Jarrai kantatzen, kapitaina», esan zion.

        Alboan eseri zitzaion eta kantaren letra zekienean bere ahots urriaz laguntzen zuen. Inoiz ez zuen inor entzun hainbesteko maitasunez kantatzen, ezta hain tristerik gogoratzen ere, zeinak halere hainbesteko zoriona sortzen baitzuen inguruan. Fernando eta Andrésekin, Georgetowneko eskola militarrean ikaskide izan zirenekin, Iturbidek hirukote bat egin zuen jeneralaren inguruan gazte-brisa apur bat sartu zuena, hain pobretua kuarteletan ohizkoa den elkortasunarengatik.

        Agustín eta jeneralak kantatzen jarraitu zuten oihaneko animalien eskandaluak hegian lokarturiko kaimanak izutu zituen arte, eta uren erraiak kataklismo bat bezala irabiatu ziren arte. Jeneralak artean lurrean eserita jarraitu zuen, natura osoaren esnatzeak konkorturik, harik eta horizontean zerrenda laranjazko bat agertu eta argia egin zen arte. Orduan Iturbideren sorbaldara arrimatu zen jaikitzeko.

        «Eskerrik asko, kapitaina», esan zion. «Zuk bezala kantatzen duten hamar gizonekin, mundua salbatuko genuke».

        «Ai, jenerala», hasperen egin zuen Iturbidek. «Zer ez ote nuke emango nik amak entzun zintzan».

        Bigarren nabigazio-egunean etxalde ongi zainduak ikusi zituzten zelai urdinekin eta askatasunean lasterka zebiltzan zaldi ederrekin, baina gero oihana hasi zen eta dena berehalako eta berdin bihurtu zen. Lehendik hasiak zeuden egundoko zuhaitz-enborrez eginiko baltsa handiak atzean uzten, zeinak ibai-hegiko basomutilek Indietako Cartagenan saltzera eramaten baitzituzten. Hain ziren geldoak, non mugitu gabe zeudela korrontean ematen baitzuten, eta familia osoak haur eta animaliekin zihoazen beraietan, palmazko estalpe sareek eguzkitatik ozta babesten zituztelarik. Oihanaren bihurgune batzuetan jadanik nabarmentzen ziren bapore-ontzietako tripulazioek egindako triskantzak galdarak erregaiz hornitzeko.

        «Arrainek lehorrean ibiltzen ikasi beharko dute zeren urak amaitu egingo baitira», esan zuen.

        Beroa jasanezin bihurtzen zen egunean zehar, eta tximinoen eta txorien iskanbila erotzailea izatera iristen zen, baina gauak isilak eta freskoak ziren. Kaimanek ordutan egoten ziren zirkinik egin gabe hondartzetan, ahutzak zabalik zituztela tximeletak harrapatzeko. Baserri jendegabeen ondoan artasoroak ageri ziren ontziak igarotzean zaunka egiten zuten txakur hezurrutsekin, eta mendian bertan ere lakioak zeuden tapirrak ehizatzeko eta arrantza-sareak eguzkitan lehortzen, baina ez zen gizakirik ikusten.

        Hainbeste urte eman ondoren gerra, gobernu mingots, maitasun zozotan, aisia min bat bezala sentitzen zen. Jeneralari egunargitzen zueneko bizi urriak hamakan gogoeta eginez alde egiten zion. Bere korrespondentzia eguneratua geratu zitzaion Caycedo presidenteari emandako erantzun berehalakoarekin, baina denbora emateko gutunak diktatuz eroaten zuen denbora. Lehen egunetan, Fernandok Limako kronika esamesatsuak irakurtzea amaitu zuen, eta ez zuen lortu beste ezertan kontzentra zedin.

        Bere azken liburu osoa izan zuen. Salotasun aldaezineko irakurlea izana zen, nola batailetako menietan hala maitasunaren atsedenetan, baina ordenu eta metodorik gabea. Ordu guztietan irakurtzen zuen, zegoen argiarekin, batzuetan zuhaizpean paseatuz, bestetan zaldi gainean eguzki ekuatorialen pean, beste batzuetan kotxe astrapalatsuen erdi-itzalean harrizko zoladuretan zehar, eta beste batzuetan hamakan kulunka gutun bat diktatzen ari zen bitartean. Limako liburu-saltzaile bat harriturik geratua zen katalogo orokor batean hautatu zituen obren ugaritasun eta barietateagatik, zeinean filosofo grekoengandik hasi eta kiromantziazko trataturainokoak baitzeuden. Gaztaroan erromantikoak irakurria zen Simón Rodríguez bere maisuaren eraginez, eta bere burua irakurriko balu bezala haiek irakurtzen jarraitu zuen bere aiurri idealista eta gartsuarekin. Irakurketa pasionalak izan ziren, bizitzaren enparadurako markatu zutenak. Azkenean eskuetan erori zitzaion guztia irakurria zuen, eta ez zuen autore kuttun bakarrik izan, baizik eta asko bizitzaldi ezberdinetan halako izan zirenak. Bizi izan zen etxe ezberdinetako apalak liburuz mukuru egon ziren beti, eta lotoki eta korridoreak liburu pilatuzko zintzur bihurtu ziren azkenerako, eta dokumentu erratuzko mendi, pasatu ahala ugaltzen zirenak eta errukirik gabe pertsegitzen zutenak artxiboetako bakearen bila. Ez zuen inoiz zeuzkanak irakurtzerik lortu. Hiriz aldatzen zenean konfiantza handieneko adiskideen ardurapean uzten zituen, nahiz eta haien berririk ez izan gehiago, eta gerra-bizitzak liburu eta paperezko laurehun legoa baino gehiagoko arrastoa uztera behar zuen Boliviatik Venezuelaraino.

        Bista galtzen hasi baino lehen amanuentseei irakurrarazten zizkien liburuak, eta azkenerako ez zuen bestela irakurtzen betaurrekoek sortzen zioten higuinarengatik. Baina irakurtzen zuenarengatiko interesa ere urrituz joan zen aldi berean, eta beti bezala, bere domeinuaz bestelako kausa bati egotzi zion.

        «Zera gertatzen da, gero eta liburu on gutxiago dagoela», esaten zuen.

        José Palacios zen gogaitu-itxurarik ez zeukan bakarra bidaiaren lozorroan, eta beroak eta erosotasunik ezak ez zituen ezertan erasaten haren manera onak eta janzkera ona, ezta haren zerbitzua zabartzen ere. Jenerala baino sei urte gazteagoa zen, zeinaren etxean esklabo jaio baitzen emakume afrikar batek espainiar batekin eman zuen pauso txar batengatik eta honengandik heredatuak zituen azenario-ilea, aurpegi eta eskuetako oreztak, eta begi urdinargiak. Bere ohizko gartxutasunaren kontra, ahukuko jantziteria hornituena eta garestiena zeukan. Bizitza guztia jeneralarekin egina zuen, beraren bi erbestealdiak, beraren kanpaina osoak eta beraren bataila guztiak lehen lerroan, beti zibilez, zeren ez baitzuen inoiz ametitu arropa militarra janzteko eskubidea.

        Bidaiako okerrena mugiezintasun derrigortua zen.

        Arratsalde batean, jenerala hain zegoen etsipendua lonazko toldoaren gune estuan birak emateaz, non txalupa geldiarazi baitzuen ibiltzeko. Lokatza gogortuan oinatz batzuk ikusi zituzten ostruka bezain handia eta idia bezain astuna gutxienez zen hegazti batenak ziruditenak, baina bogalariek normalak iritzi zieten, zeren alderdi etze hartan zeiba baten kaizuko gizon batzuk ibiltzen zirela harat-honat, eta oilar-gandorra eta hankak zituztenak. Berak iseka egin zuen legendaz, kutsu supernaturala zuen edozertaz iseka egiten zuenez, baina uste baino gehiago atzeratu zen paseoan, eta azkenik bertan kanpatu behar izan zuten, kapitainaren eta baita laguntzaileen beren irizpidearen kontra, lekua arriskutsu eta osasunkaiztzat baitzeukaten. Beilan eman zuen gaua, beroak eta eltxotako itogarriaren ehuna iragaten zutela ziruditen ziztulien boladek torturaturik, eta pumaren orroa ikaratzailearen ataizean, zeinak eduki baitzituen gau osoan alerta-egoeran. Goizaldeko ordu biak aldera suen inguruan beilan zeuden taldeekin hizketatzera joan zen. Egunsentian soilik, lehen eguzkiak urreztaturiko zingira hedatsuei begira zegoen bitartean, uko egin zion logura kendu zion ilusioari.

        «Tira», esan zuen, «adiskide oilar-hankadunak ezagutu gabe joan beharko dugu».

        Abiatu ziren unean, txakur zungo, ezkabiatsu eta mazkarrak salto egin zuen txanpanera, eta hanka harrizkotu batekin. Jeneralaren bi txakurrek eraso egin zioten, baina elbarriak uzutasun suizidaz defendatu zuen bere burua, eta ez zen errendatu odoletan bustirik eta lepoa triskaturik ere. Jeneralak gordetzeko agindua eman zuen, eta José Palacios arduratu zen hartaz, hainbat aldiz egin zuenez kaleko hainbat txakurrekin.

        Egun berean bere bogalarietako bati makilaka tratu txarra emateagatik hareazko irla batean bertan behera utzitako alemaniar bat jaso zuten. Ontzi gainera igo zenetik, astronomo eta botaniko bezala aurkeztu zen, baina hizketaldian garbi geratu zen ez zekiela ezer ez bataz eta ez besteaz. Aldiz bere begiez ikusiak zituen gizon oilar-hankadunak, eta deliberaturik zegoen haietako bat bizirik harrapatzera Europan kaiola batean erakusteko, Andaluziako portuetan mende bat lehenago hainbesteko zirriparra sortua zuen Ameriketako emakume-armiarmarekin soilik konpara zitekeen fenomeno gisa.

        «Eraman nazazu ni», esan zion jeneralak, «ziurtatzen dizut ni kaiola batean, historiako kaikurik handientzat erakutsiz diru gehiago irabaziko duzula».

        Hasieratik iritzi zion fartsante begikoa, baina aldatu egin zen tudeskoa txiste lizunak kontatzen hasi zenean Alexander von Humboldt baroiaren pederastia lotsagarriaz. «Atzera hondartzan utzi behar genuen», esan zion José Palaciosi. Arratsaldean postaren kanoarekin topo egin zuten, gora zihoala, eta jeneralak bere sedukzio-arteetara jo zuen korrespondentzia ofizialaren zakutoak ireki zitzan eta bere gutunak entrega ziezazkion. Azkenik alemaniarra Nareko porturaino eramateko mesedea eskatu zion, eta agenteak onartu egin zuen, nahiz eta kanoa gehikargaturik egon. Gau hartan, Fernandok gutunak irakurtzen zizkion bitartean, jeneralak marmar egin zuen:

        «Nahi bai alukume horrek Humboldten ilearen albainu bat izatea».

        Baroiagan pentsatzen egona zen alemaniarra hartu baino lehenagotik, zeren ez baitzuen imajinatzen nola bizirik iraun zuen natura hezkaitz hartan. Peruko urteetan ezagutu zuen, Humboldt herrialde ekinozialetatiko bidaiatik itzuleran zetorrela, eta bere adimenak eta jakituriak adina harritu zuen edertasunaren distirak, ez baitzuen antzekorik ikusi emakumerengan. Aitzitik, berarengan gutxien konbentzitu zuena Ameriketako espainiar koloniak independentziarako heldurik zeudelakoa izan zen. Hala zuen esana, ahotsean ikararik gabe, berari igandetako fantasia bezala ere otu ez zitzaiolarik.

        «Falta den bakarra gizona da», esan zion Humboldtek.

        Jeneralak José Palaciosi kontatu zion handik urte askotara, Cuzcon, agian bere burua munduaren gainetik ikusten zuelarik, historiak erakutsi berria zuenean gizona bera zela. Ez zion inori errepikatu, baina baroiaz hitz egiten zen bakoitzean, haren argikusmenari omen egiteko aprobetxatzen zuen.

        «Humboldtek ireki zizkidan begiak».

        Laugarren aldia zuen Magdalenan zehar bidaia egiten ari zela eta ezin izan zion bere bizitzako pausoak biltzen ari zelako inpresioari ihes egin. Lehen aldiz 1813an ildaskatu zuen, bere herrialdean milizi koronel porrot egina zela, zeina Curazaoko bere erbestalditik iritsi baitzen Indietako Cartagenara gerra jarraitzeko baliabide bila. Granada Berria frakzio autonomotan banaturik zegoen, independentziaren kausa herri-hatsa galtzen ari zen espainiarren errepresio uzuaren aurrean, eta azken garaitiak gero eta badaezpadakoagoa zirudien. Hirugarren bidaian, bapore-ontziaren barruan, berak deitzen zuenez, emantzipazio obra amaiturik zegoen baina integrazio kontinentalaren bere amets ia maniazkoa zatitan porrokatzen hasia zen. Azken bidaia zuen hartan ametsa jadanik likidaturik zegoen, baina berak nekatu gabe errepikatzen zuen esaldi batean laburbildurik zirauen bizirik: «Gure etsaiek abantaila guztiak izango dituzte Amerikaren gobernua bateratzen ez dugun bitartean».

        José Palaciosekin partekaturiko hainbeste oroitzapenetatik, hunkigarrienetako bat lehen bidaiakoa zen, ibaiaren askapen-gerra egin zutenekoa. Edonola armaturiko berrehun gizonen buru, eta hogeiren bat egunetan, ez zuten Magdalenaren arroan espainiar monarkiko bakar bat ere utzi. Gauzak zenbat aldatuak ziren José Palacios bera ohartu zen bidaiaren laugarren egunean, herrietako hegietan txanpanen iragaitzari itxaroten zeuden emakume-lerroak ikustean. «Hor daude alargunak», esan zuen. Jeneralak agertu eta ikusi egin zituen, beltzez jantzirik, bele pentsakorrak bezala hegian lerrokaturik eguzki kiskalgarriaren pean, besterik ezean karitatezko diosal baten zain. Diego de Ibarra jeneralak, Andrésen anaiak, esan ohi zuen jeneralak ez zuela inoiz semerik izan, baina aldiz nazioko alargun guztien aita eta ama zela. Noranahi jarraitzen zioten, eta berak bizirik eusten zien hitz bihotzetikoz, zeinak egiazko kontsolamendu-proklamak baitziren. Hala ere, bere pentsamendua areago zeukan bere baitan haiengan baino ibaiko herrietan emakume hiletazkoen lerroak ikustean.

        «Orain alargunak gu gara», esan zuen. «Umezurtzak, elbarrituak, independentziaren pariak gara».

        Ez ziren inongo poblatutan gelditu Monpoxen aurretik, Puerto Realen izan ezik, zeina baitzen Ocañaren Magdalena ibairako irteera. Han aurkitu zuten José Laurencio Silva jeneral venezuelarra, zeinak betea baitzuen granadari erreboltatuak beren herrialdeko mugaraino laguntzeko misioa, eta ahukuarekin elkartzera zihoan.

        Jeneralak ontzi gainean iraun zuen gauera arte, eta orduan kanpamendu inprobisatu batean lo egiteko jaitsi zen ontzitik. Bitartean, ikusi nahi zuten gerra guztietako alargun, urritu, babesgabeak lerroak hartu zituen txanpanean. Berak gardentasun harrigarriz gogoratzen zituen ia guztiak. Han zirautenak miseriazko hiltamuan zeuden, beste batzuk bizirik irauteko gerra berrien bila joanak ziren, edo bide-mausearitzan zebiltzan, armada askatzailearen ezin konta ahala lizentziatu bezala lurralde nazional osoan barna. Haietako batek esaldi batean laburbildu zuen guztien sentimendua: «Badugu independentzia, jenerala, orain esaguzu zer egiten dugun beronekin». Triunfoaren euforian berak honela mintzatzen irakatsia zien, egia ahoan zutela. Baina orain egia jabez aldaturik zegoen.

        «Independentzia gerra irabaztearen auzia besterik ez zen», esaten zien berak. «Sakrifizio handiak gero etortzekoak ziren, herri hauek aberri bakar bihurtzeko».

        «Sakrifizioa besterik ez dugu egin, jenerala», zioten haiek.

        Berak ez zuen amore ematen:

        «Gehiago falta dira», zioen. «Batasunak ez du preziorik».

        Gau hartan, lo egiteko hamaka eseki zioten lehorpean barna zebilela, pasatzean begiratzeko itzuli zen emakume bat ikusia zuen, eta jenerala harritu egin zen bere biluztasunaz ez harritu izanaz. Ahopean marmarka esaten ari zen kantaren hitzak ere entzun zituen: «Esadak inoiz ez dela berandu amodioz hiltzeko». Etxeko zaindaria esna zegoen atariko estalpean.

        «Ba al dago emakumerik hemen?», galdetu zion jeneralak.

        Gizona ziur zegoen.

        «Zure Gorentasunaren duin denik, bat ere ez», esan zion.

        «Eta nire gorentasunaren duin ez denik?»

        «Holakorik ere ez», esan zuen zaindariak. «Ez dago emakumerik legoa baten barruan».

        Jenerala hain ziur zegoen ikusi izanaz, ezen etxean osoan barna bilatu baitzuen oso berandura arte. Bere edekanek auzia argi zezatela eskatu zuen behien eta berriz, eta biharamunean ordu bete baino gehiago atzeratu zuen irteera erantzun berak menperatu zuen arte: ez zegoen inor. Ez zen gehiago hartaz hitz egin. Baina bidaiaren enparauan, gogoratzen zuen bakoitzean, berriz ekiten zion. José Palaciosek urte askotan bizirik iraun zuen bera hil eta gero, eta hainbeste denbora geratuko zitzaion berarekin egindako bizitza birpasatzeko, non xehetasunik kaxkarrena ere ez baitzen itzalean geratuko. Inoiz argitu ez zuen gauza bakarra Puerto Realeko gau hartako ikuspena, ametsa, eldarnioa edo agerkaria izan zen.

        Inork ez zuen gehiago gogoratu indan jasotako txakurra, eta han zehar zebilena, bere mankaduretatik suspertzen, harik eta otorduaz arduratzen zen ordenantza izenik ez zuela ohartu zen arte. Azido fenikoz busti, jaioberri-hautsez perfumatu zuten, baina halere ezin izan zizkioten pitaje zarrastela eta ezkabiaren izurria arindu. Jenerala freskura hartzen ari zen brankan José Palaciosek arrastaka eraman zionean.

        «Zer izen jarriko diogu?», galdetu zion.

        Jeneralak ez zuen pentsatu ere egin.

        «Bolívar», esan zuen.

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990