Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

        Rafael Urdaneta jenerala irailaren 5ean jabetu zen botereaz. Kongresu eratzaileak bukatua zuen bere manualdia, eta ez zegoen beste autoritate baliozkorik kolpea legitimatzeko, baina erreboltatuek Santa Feko kabildora jo zuten, zeinak onartu baitzuen Urdaneta boterearen karguduntzat jeneralak bere gain hartu bitartean. Hala amaitu zen Nueva Granadan kantonduriko venezuelar tropa eta ofizialen matxinada, zeinek porrot eragin baitzieten gobernuaren indarrei sabanako jabegodun txiki eta baserri-apaizeriaren laguntzarekin. Lehen estatu-kolpea zen Kolonbiako errepublikan, eta mendearen gainerakoan pairatzekoak genituen berrogeita bederatzi gerra zibiletako lehena. Joaquín Mosquera presidentea eta Caycedo presidenteordea, bakarti ezerezaren erdian, bertan behera utzi zituzten beren karguak. Urdanetak lurretik hartu zuen boterea, eta bere legen gobernu-egintza ordezkaritza pertsonal bat Cartagenara bidaltzea izan zen jeneralari errepublikaren presidentetza eskaintzeko.

        José Palaciosek ez zuen gogoratzen bere jauna aspaldiko denboran egun haietako bezalako osasun egonkorrarekin, ze buruko minek eta arratseko sukarrek armak errendatu baitzituzten kolpe militarraren albistea hartu bezain laster. Baina artegatasun handiagoko egoeran ere inoiz ikusi gabe zeukan. Horregatik kezkaturik, Montillak lortua zuen Fray Sebastian de Sigüenzaren konplizitatea lortua zuen jeneralari laguntza estaliko bat eskura ziezaion. Fraideak gogara onartu zuen, eta ongi egin zuen, xake-jokoan irabazten utziz Urdanetaren bidaliak espero zituzten arratsalde idorretan.

        Jeneralak ikasia zuen piezak mugitzen Europarako bigarren bidaian, eta gutxi falta izan zuen maisu bihurtzeko O’Leary jeneralarekin jokatuz Peruko kanpaina luzeko gau hiletan. Baina ez zen aurrerago joateko gauza sentitu. «Xakea ez da jokoa grina baizik», esaten zuen. «Nik nahiago ditut beste bipilago batzuk». Hala ere, instrukzio publikoko bere programetan eskolan irakatsi beharreko joko baliagarri eta gisakoen artean sartua zuen. Egia esan ez zuen inoiz iraun zeren bere nerbioak ez baitzeuden hainbeste neurritasuneko joko baterako, eta eskatzen zion kontzentrazioa arazo larriagoetarako behar zuen.

        Fray Sebastianek zabu indartsuz hamakan kulunka aurkitzen zuen, zeina kaleko atean aurrez aurre esekiarazi baitzuen, Urdanetaren bidaliek agertu behar zuteneko hauts kiskalgarrizko bidea zelatatzeko. «Ai, aita», esaten zuen jeneralak bazetorrela ikustean. «Zuk ez duzu eskarmenturik hartzen». Ozta-ozta esertzen zen bere piezak mugitzeko, ze jokaldi bakoitzaren ostean zutik jartzen baitzen fraideak pentsatzen zuen bitartean.

        «Ez nazazu distraitu, Gorentasuna», esaten zion honek, bizirik jango zaitut-eta».

        Jeneralak barre egiten zuen:

        «Egiten baduzu harrokeriaz bazkaria, lotsaz dukezu afaria».

        O’Leary mahaiaren alboan gelditu ohi zen taula aztertzeko eta ideiaren bat iradokitzeko. Berak sumindurik arbuiatzen zuen. Aldiz, irabazten zuen bakoitzean patiora irteten zen, non bere ofizialek kartetan jokatzen baitzuten, eta garaipena kantatzen zien. Partidaren erdian, fray Sebastianek galdetu zion ea ez zuen bere oroitzapenak idazteko asmorik.

        «Sekula ez», esan zuen berak. «Horiek hildakoen kontuak dira».

        Posta, bere obsesio nagusietako izan zuena, martirio bihurtu zitzaion. Areago nahasmenduzko aste hartan, zeinean Santa Feko estafetak atzeratu egiten baitziren albiste berrien zain, eta txandako postak haiei itxaroten nekatzen ziren. Aldiz, posta klandestinoak ugariago eta presatiago bihurtu ziren. Horrela jeneralak iritsi baino lehenago zekien berrien berri, eta denbora sobera zeukan bere erabakiak umotzeko.

        Mandatariak hurbil zeudela jakitean, irailaren 17an, Carreño eta O’Leary bidali zituen Turbacoko bidera haiei itxarotera. Vicente Pieres eta Julian Santa Mana koronelak ziren, zeinen lehen ezustekoa Santa Fen hainbeste aipatzen zen gaixo esperantzagabeari aurkitu zioten aldarte ona izan baitzen. Egintza solemne bat inprobisatu zen etxean, handiki zibil eta militarrekin, bertan paradako hitzaldiak egin eta aberriaren osasunera topa egin zelarik. Baina azkenean berak mandatariak eraduki eta bakarrean esan zizkioten elkarri egiak. Santa Mara koronelak, patetismoaz gozatzen zenak, jo zuen gorena: jeneralak manua onartzen ez bazuen anarkia izugarri bat sortuko zen herrialdean. Berak iskintxo egin zion.

        «Aurrena izatea da eta gero aldatzea», esan zuen. «Horizonte politikoa oskarbitutakoan soilik jakingo dugu aberririk badagoen ala aberririk ez dagoen».

        Santa Mara koronelak ez zuen ulertu.

        «Esan nahi dut presazkoena herrialdea armabidez birbatzea dela», esan zuen jeneralak. «Baina sokamuturra ez dago hemen, Venezuelan baino».

        Harez gero, huraxe izango zuen bere ideia finkoa: berriro hasieratik ekitea, etsaia barruan zegoela eta ez etxetik kanpo jakinaren gainean. Herrialde bakoitzeko oligarkiek, Nueva Granadan santanderistek ordezkaturik zeudenek, eta Santander berak, heriotzara arteko gerra aldarrikatua zuten integritatearen kontra, zeren familia handien tokiko pribilegioen kontrakoa baitzen.

        «Hauxe da hiltzen gaituen barreiakuntza-gerra egiazko eta bakarraren kausa», esan zuen jeneralak. «Eta tristeena da mundua aldatzen ari direlakoan daudela Espainiako pentsamendurik atzeratuena betikotzen ari direlarik».

        Arnasa batean jarraitu zuen: «Badakit nitaz iseka egiten ari direla gutun berean, egun berean eta pertsona berari gauza bat eta kontrakoa esaten dizkiodalako, monarki proiektua onartu dudala, ez dudala onartu, edo beste toki batean ados nagoela bi gauzekin aldi berean». Nahikundezkotzat salatzen zuten gizonak epaitzeko eta historia maneiatzeko bere moduan, Fernando VII kontra peleatu eta Morillo besarkatzen zuela, Espainiaren kontra heriotzara arteko gerra egin eta beronen izpirituaren sustatzaile handi bat zela, Haitigan oinarritu zela irabazteko eta gero herrialde atzerritartzat jo zuela Panamako kongresura ez gonbidatzeko, framazona izana zela eta Voltaire irakurtzen zuela mezatan, baina elizaren paladina zela, ingelesei erronda egiten ziela Frantziako printzesa batekin ezkontzera zihoan bitartean, kaskarina, azalutsa, eta desleiala ere bazela, bere aurrean adiskideak lausengatzen zituelako eta atzealdetik belzten zituelako. «Tira, bada: guzti hori egia da, baina zirkunstantziazkoa», esan zuen, zeren guztia egin baitut kontinente hau herrialde independente eta bakar bat izan dadin xede bakarraz egin baitut, eta horretan ez baitut izan kontraesan bakar bat ere ezta zalantza bakar bat ere». Eta karibetar garbian amaitu zuen:

        «Gainerakoak pitokeriak dira!»

        Bi egun geroago Briceño Méndez jeneralari bidali zion gutun batean», esan zion: «Ez dut onartu nahi izan aktek ematen didaten manua», zeren ez baitut pasatu nahi erreboltatuen buruzagitzat eta irabazleek militarki izendatutzat». Hala ere, gau horretan bertan Fernandori Rafael Urdaneta jeneralarentzat diktatu zizkion bi gutunetan, hain erradikala ez izateko kontuz ibili zen.

        Lehena erantzun formala izan zen, eta bere solemnetasuna bistakoegia zen burualdetik bertatik: «Jaun Txit Gorena». Bertan kolpea zuribidetzen zuen errepublika aurkitzen zeneko anarki eta abandonu-egoeragatik aurreko gobernua disolbatu ondoren. «Herriak ez du bere burua engainatzen honelako kasuetan», idatzi zuen. Baina ez zegoen inolako posibilitaterik presidentetza onar zezan. Eskain zezakeen gauza bakarra Santa Fera itzultzeko bere prestutasuna zen gobernu berriari soldadu soil bezala zerbitzatzeko.

        Bestea gutun pribatua zen, eta lehen lerrotik adierazten zuen: «Ene jeneral maitea». Luzea eta xehea zen, eta zuen inolako zalantzarik uzten bere ziurtasunik ezaren arrazoiez. Don Joaquín Mosquerak bere tituluari uko egin ez zionez gero, bihar presidente legezkotzat bere burua onarraraz zezakeen, eta bera usurpatzailetzat utziz. Beraz gutun ofizialean zioena errepikatzen zuen: manu aratz bat izan arte sorburu legitimo bati zeriona, ez zegoen inolako ahalbiderik boterea har zezan.

        Bi gutunak posta berean joan ziren, bere grinak uzteko eta gobernu berriaren alde egiteko herrialdeari eskatzen zion proklama baten jatorrizkoarekin batera. Baina edozein konpromisotatik salbu jartzen zuen bere burua. «Asko eskaintzen dudala dirudien arren, ez dut ezer eskaintzen», esango zuen geroago. Eta onartu zuen esaldi batzuk idatzi izana nahi zutenei atsegin ematea beste helbururik gabe.

        Bigarren gutunaren alderdirik esanguratsuena bere manu-tonua zen, harrigarria gertatzen zena botereaz gabeturiko norbaitengan. Florencio Jimenez koronelaren igoera eskatzen zuen tropa eta hornigaiekin mendebaldera joan zedin José María Obando eta José Hilario Lopez jeneralek gobernu zentralaren aurka egiten ari ziren gerra alferrari aurre egiteko. «Sucre asasinatu zutenei», azpimarratu zuen. Beste ofizial batzuk ere gomendatu zituen alturako karguetarako. Kargu egiozu zuk alderdi horri», esaten zion Urdanetari, eta neuk egingo dut Magdalenatik Venezuelarainoko guztia, Boyacá barne dela». Bera ari zen prestatzen Santa Fera joateko bi mila gizonen buru, ordenu publikoa berrezarri eta gobernu berria sendartzen laguntzera.

        Ez zuen hartu zuzenean Urdanetaren berririk berrogeita bi egunetan. Baina edozein modutara ere idazten jarraitu zitzaion lau haizetara agindu militarrak ematea besterik egin ez zuen hilabete luzean. Itsasontziak joan-etorrian zebiltzan baina inork ez zuen gehiago Europarako bidaiaz hitz egin, nahiz eta berak noizean behin gogora ekartzen zuen presio politikozko modu bezala. Pie de la Popako etxea herrialde guztiaren kuartel nagusi bihurtu zen, eta hilabete haietako erabaki militar gutxi izan ziren berak hamakatik inspiratu edo hartu gabeak. Urratsez urrats, ia deliberatu gabe, azkenean konprometiturik aurkitu zen arazo militarretarik harantzago zihoazen erabakietan ere. Eta gauza txikienaz ere arduratzen zen, esaterako bere adiskide Tatis jaunarentzat posta-bulegoetan enplegua lortzeaz, eta jadanik etxeko bakea jasaten ez zuen José Sucre jenerala zerbitzu aktibora berritzultzeaz.

        Egun haietan enfasi berrituz errepikatua zuen bere esaldi zahar bat: «Ni zaharturik, gaixoturik, nekaturik, desengainaturik, esetsirik, belzturik eta gaizki ordaindurik nago». Hala ere, ikusten zuen inork ez zuela sinetsiko, ze katu galdostuaren maniobratan soilik ari zela gobernua sendotzeko zirudien bitartean, egiaz piezaz pieza planeatzea zen, jeneral buruzagiaren autoritate eta manuaz, Venezuela berreskuratzea helburu zuen makina militarra eta bertatik berriz ere munduko nazio handienen aliantzaren errestaurazioari ekitea.

        Ezin zitekeen aukera aldekoagorik pentsa. Granada Berria ziur zegoen Urdanetaren eskuetan, alderdi liberala porrotean eta Santander Parisen inguraturik zirela. Ekuatore Floresek segurtatzen zuen, errepublika berri bat sortzeko Kolonbiatik Quito eta Guayaquil banatu zituen buruzagi venezuelar askonahi eta gatazkatsu berak, baina jenerala sinetsirik zegoen bere kausarako berreskuratuko zuela Sucreren asasinatzaileak menperatu ondoren. Bolivia Santa Cruz mariskalak segurtatzen zuen, bere adiskideak, Aulki Santuaren baitan ordezkaritza diplomatikoa eskaini berria zion adiskideak. Beraz, berehalako xedea Páez jeneralari, behin betirako, Venezuelaren domeinua kentzea zen.

        Jeneralaren plan militarrak Cúcutatik handikiro ofentsiba bat hasteko pentsatua zirudien, Páez Maracaiboren defentsan kontzentratzen zen bitartean. Baina irailaren lehen egunean Riohachako probintziak armatako buruzagi kargutik kendu, Cartagenaren autoritatea aintzakotzat hartu ez eta venezuelar aitortu zuen bere burua. Maracaibok berehalakoan lagundu ez ezik, Pedro Carujo jenerala bidali zuten sorostera, irailaren 25eko buruxkila, zeinak justiziari ihes egina baitzen Venezuelako gobernuaren babespean.

        Montilla albistea eramatera joan zen hartu bezain laster, baina ordurako jeneralak bazekien, eta bozkariotsu zegoen. Ze Riohachako matxinadak oin ematen baitzion beste fronte batetik indar berri eta hobeak Maracaiboren kontra mobilizatzeko.

        «Gainera», esan zuen, «Carujo geure eskuetan daukagu».

        Gau hartan bertan bildu zen bere ofizialekin, eta zehaztasun handiz burutu zuen estrategia, lurraldearen gorabeherak deskribatuz, armada osoak xake-piezak bezala mugituz, etsaiaren asmo gutxien pentsatuei aurre hartuz. Ez zeukan formazio akademikorik bere ofizialetako edozeinekin konparatzekorik, zeren gehienak Espainiako eskola militar hoberenetan formatuak izan baitziren, baina situazio oso bat azkeneko xehetasunetaraino kontzebitzeko gai zen. Bere oroimen bisuala hain zen harrigarria, non aurreikus baitzezakeen urte askoz lehenago ikusitako eragozpen bat, eta gerra-arteetan maisu izatetik oso urrun bazegoen ere, inork ez zuen inspirazioz gainditzen.

        Egunsentian, plana amaiturik zegoen azken xehetasunetaraino, eta zehatza eta uzua zen. Eta hain ameslaria, non Maracaiboren asaltoa azaroaren azkenetarako aurreikusirik baitzegoen, edo kasurik okerrenean, abenduaren lehenetarako. Azken gainbegiratzea astearte euritsu bateko goizeko zortzietan amaitu ondoren, Montillak ikusarazia zion planean jeneral granadatar baten falta nabarmentzen zela

        «Ez dago Nueva Granadako jeneralik ezer balio duenik», esan zuen. «Gauzezak ez direnak bilauak dira».

        Montilla gaia eztitzen saiatu zen:

        «Eta zu, jenerala, norantz zoaz?»

        «Une honetan ia berdin zait Cúcuta izan zein Riohacha izan», esan zuen berak.

        Alde egiteko itzuli zen, eta Carreño jeneralaren betozkoak behin eta berriz bete gabeko promesa gogoratu zion. Egia esan berak alboan eduki nahi zuen kosta ahala kosta, baina jadanik ezin zien gehiagoz eutsi bere joranei. Betiko ahurkadatxoa sorbaldan eman eta esan zion:

        «Hitz betea, Carreño, zu ere bazoaz».

        Bi mila gizonez osaturiko espedizioa Cartagenatik itsasoratu zen sinbolotzat hautatua zirudien data batean: irailaren 25ean. Maríano Montilla, José Félix Blanco eta José María Carreño jeneralen manupean zihoan, eta guztiek zeramaten bereizian Santa Martan landetxe bat jeneralari bilatzeko misioa gerra hurbiletik jarraitzeko osasuna suspertzen zuen bitartean. Honek adiskide bati idatzi zion: «Bi egun barru Santa Martara noa, ariketa egitearren, nagoen gogaitetik irteteko eta tenperamenduz hobetzeko». Esan eta egin: urriaren lehenean ekin zion bidaiari. 2an, artean bidez, irekiagoa izan zen Justo Briceño jeneralarentzako gutun batean: «Nik Santa Martara jarraitzen dut Maracaiboren kontra doan espedizioan neure eraginarekin esku hartzeko asmoarekin». Egun berean berriro Urdanetari idatzi zion: «Nik Santa Martara jarraitzen dut herrialde hura bisitatzeko asmoz, ez baitut inoiz ikusi, eta iritzian eragin handiegia duten etsai batzuk ea desengainatzen ditudan ikusteko». Orduan soilik agertu zion bidaiaren egiazko asinoa: «Hurbiletik ikusiko ditut Riohacharen kontrako operazioak, eta Maracaibo eta tropetara hurbilduko naiz operazio garrantzizkoren batean eragin dezakedan ikustera». Zuzenetara ikusirik, jadanik ez zen jubilatu porrot egina erbesterantz iheska, baizik eta kanpainako jenerala.

        Cartagenatiko irteera gerra-presak izan zituen aurretiaz. Ez zen izan astirik adio ofizialetarako, eta oso adiskide gutxiri aurreratu zien albistea. Bere instrukzioz, Fernando eta José Palaciosek ekipaiaren erdian adiskideen eta merkatal etxeen zainketapean utzi zuten, gerra ziurrez batera zama alferrik ez arrastatzeko. Don Juan Pavajeau, tokiko merkatariari paper pribatuzko hamar baul utzi zizkioten, geroago aditzera emango zitzaion Parisko helbide batera bidaltzeko mandatuarekin. Agirian ezarri zen Pavajeau jaunak erre egingo zituela indar nagusiarengatik jabeak erreklamatzerik izan ezean.

        Fernandok berrehun ontzako urre gordailutu zituen Busch y Compañía baku-establezimenduan, zeinak azken orduan aurkitu baitzituen, jatorriaren arrastorik bat ere gabe, bere osabaren idazteko abesen artean. Juan de Francisco Martíni kofre bat utzi zion, hau ere gordailuan urrezko hogeita hamabost dominarekin. Halaber belusazko patrika bat utzi zion zilarrezko berrehun eta laurogeita hamalau domina handirekin, eta hirurogeita hamasei txikirekin eta sei ertainekin, eta beste berdin bat zilar eta urrezko berrogei domina oroigarrirekin, batzuk jeneralaren profila zutelarik. Mompoxetik ardo-kaxoi zahar batean zeraman urrezko mahai-tresneria ere utzi zion, ohe-arropa oso maizturen bat, ni baulkada liburu, ezpata brilantedun bat eta eskopeta baliogabe bat. Beste gauza xehe batzuen artean, aldi joanen galtzuak, erabilpenaz kanpoko zenbait betaurreko pare zeuden, pixkanakako graduazioekin, jeneralak bere presbizia hasberria aurkitu zuen arte afeitatzeko zailtasunean, hogeita hemeretzi urterekin, harik eta bes-beteko distantziak irakurtzeko aukerarik eman ez zion arte.

        José Palaciosek, bere aldetik, don Juan de Dios Amadorren zainketapean utzi zuen kaxa bat, zeinak zenbait urtez beraiekin bidaiatu baitzuen alde batetik bestera, eta zeinaren edukinaz inork ez baitzekien ezer ziurtasunez. Jeneralaren zerbait propioa zen, zeinak istant batean ezin izaten baitzion kontra egin gauzarik gutxien pentsatuekiko, edo meritu handiegirik gabeko gizonekiko salotasun jabegozko bati, eta handik denbora batera arrastaka eraman behar izaten zituen gainetik nola kendu ez zekiela. Kaxa hura Limatik Santa Fera eramana zuen, 1826an, eta berekin jarraitzen zuen irailaren 25eko atentatuaren ondoren, bere azken gerrarako hegoaldera itzuli zenean. «Ezin dezakegu utz, gurea den ez dakigun bitartean behintzat», esaten zuen. Azkeneko aldiz Santa Fera itzuli zenean, kongresu eratzailearen aurrean karguari bere behin betiko ukoa egiteko, kaxa bere ekipaia inperial ohizkotik geratzen zen apurraren artean itzuli zen. Azkenean irekitzea erabaki zuten Cartagenan, bere ondasunen inbentario orokor batean, eta beraren barruan aspaldidanik galdutzat ematen ziren gauza pertsonalezko nahaste-borraste bat aurkitu zuten barruan. Laurehun eta bost ontzako urre zeuden kolonbiar moldekoak, George Washington jeneralaren erretratu bat bere ile-matsa batekin, Ingalaterrako erreginak oparitutako urrezko rape-kaxa bat, urrezko kutxatila bat giltza brilantedunekin barruan erlikia-ontzi bat zeukana, eta Boliviako izar handia brillante inkrustatuekin. José Palaciosek guzti hau De Francisco Martnen etxean utzi zuen, deskribaturik eta notaturik, eta agiri izapidetua eskatu zuen. Orduan ekipaia tamaina arrazionalago baterako murrizturik geratu zen, nahiz eta artean bere erabilerako arropekin lau bauletarik hiru sobera bazeuden ere, beste bat kotoi eta lihozko hamar zamau oso maizturekin, eta kaxa bat urre eta zilarrezko mahai-tresnekin estilo ezberdin nahasizkoak, zeinak jeneralak ez baitzituen utzi ez saldu nahi izan, baldin eta geroago merituzko ostarientzat mahaia zerbitzatu beharrik izaten bazen. Askotan iradoki izan zioten gauza haiek errematzeko bere baliabide urriak ugaltzeko, baina berak uko egin zuen beti estatu-ondasunak zirelako argudioarekin.

        Ekipaia arindu eta ahuku urrituarekin egin zuten Turbacorainoko beren lehen bidaia-eguna. Biharamunean eguraldi onarekin jarraitu zuten, baina eguerdia baino lehen kanpano baten azpian aterpe hartu behar izan zuten, non igaro baitzuten gaua euria eta zingiretatiko haize kaltekorren pean. Jeneralak bare eta gibeleko minez kexatu zen, eta José Palaciosek edabe bat prestatu zion frantses eskuliburutik, baina minak areagotu egin zitzaizkion eta sukarra gehitu. Egunsentian hain zegoen jausia, non kordegabe eraman baitzuten Soledad hirira, non aspaldiko bere adiskide batek, don Pedro Juan Visbalek bere etxean hartu baitzuen. Bertan eman zuen hilabete baino gehiago, urriko euri zapaltzaileek gordinduriko min mota guztiekin.

        Soledadek izena ongi jarria zuen: Pobre-etxezko lau kale, irazekiak eta sakailatuak, eta antzinako San Nicols sakanetik legoa pare batera, zeina urte gutxiren buruan herrialdeko hiririk aberatsen eta atoskorrena bihurtzekoa baitzen. Jeneralak ezingo zukeen toki patxadazkoagorik aurkitu bere egoerarentzat, argiz gainezkatzen zuten sei balkoi andaluziarrekin, eta patio on batekin zeiba urtetsuaren azpian gogoeta egiteko. Logelako leihotik plazatxo jendegabea ikusten zuen, eliza herexetan eta etxeak palma mingotsezko sabai agilando-kolorez pintatuekin.

        Etxe-bakeak ere ez zion ezer balio izan. Lehen gauean zorabio lauso bat pairatu zuen, baina uko egin zion bere jausialdiaren zantzu berri bat zelakoa onartzeari. Frantses eskuliburuaren arabera hozte orokor baten ondoriozko atrabilis larriagotu gisa deskribatu zituen bere ondoezak, eta afrontuak errepikaturiko erreuma zahar bat bezala. Diagnostiko anizkun honek gaitz bat baino gehiagorentzako sendagai aldiberekoen kontrako aiherra gehitu zion, ze batzuentzat onak zirenak kaltegarri zirela besteentzat. Baina onartzen zuen ere ez dagoela sendagai onik hartzen ez duenarentzat, eta egunero kexatzen zen mediku onik ez izateaz, bidaltzen zizkioten hainbatek arakatzeari gogor egiten zion bitartean.

        Wilson koronelak, egun haietan bere aitari idatziriko gutun batean, jenerala edozein unetan hil zitekeela esan zion, baina medikuei zien arbuioa ez zela gutxiespenezkoa luzidotasunezkoa baizik. Izan ere, bazioen Wilsonek, eritasuna zen jeneralak beldurra zion etsai bakarra, eta uko egiten zion aurre egiteari bere bizitza egitekorik handienetik distraitu ez zezan. «Eritasun bati kontu egitea itsasontzi batean enplegaturik egotea bezala da», esana zion jeneralak. Lau urte lehenago, Liman, O’Learyk iradokia zion onar zezala mediku-tratamendu erabateko bat Boliviako konstituzioa prestatzen ari zen bitartean, eta bere erantzuna zorrotza izan zen:

        «Ez dago bi lasterketa aldi berean irabazterik».

        Konbentzitua zirudien atergabeko mugimendua eta bere buruaz baliatzea eritasunaren aurkako arao bat zirela. Fernanda Barrigak adurretako bat ezarri eta jatekoa koilaraz emateko ohitura zuen, haurrei bezala, eta berak hartu eta isiltasunean murtxikatzen zuen, eta ahoa berriro ireki ere egiten zuen amaitzean. Baina egun horietan platera eta koilara kendu egiten zizkion eta bere eskuaz jaten zuen, adurretakorik gabe, inoren beharrik ez zuela guztiek uler zezaten. José Palaciosi bihotza erdiratzen zitzaion beti morroiek, edo ordenantzek eta edekanek egin zizkioten etxeko lanak egiten aurkitzen zuenean, eta ez zuen kontsolamendurik izan tinta-flasko bat bere buruaren gainera isurtzen ikusi zuenean tintontzi batean sartu nahian. Ohi ez bezalako zerbait izan zen, zeren guztiek miresten baitzioten eskuek ikararik ez egitea oso gaizki egonik ere, eta pultsua hain irmoa izatea, non astean behin atzazalak ebakitzen eta leuntzen, eta egunero bizarra kentzen jarraitzen baitzuen.

        Limako bere paradisuan gau zoriontsu bat bizi izana zuen ilats belaxkazko dontzeila batekin, zeinak estaltzen baitzioten bere larruazal beduinoaren azken milimetrorainokoa. Egunsentian, bizarra kentzen ari zela, biluzik ikusi zuen ohean, emakume atseginduaren lo patxadatsuan nabigatzen, eta ezin izan zion eutsi betiko bere egiteko tentazioari auto sakramental batez. Xaboi-bitsez estali zuen burutik oinetaraino, eta amodio-gozamen batez bizargin-labanaz erabat afeitatu zuen, batzuetan ezkerraz, ezarian-ezarian bekain elkartuetaraino, eta bi bider biluzik utzi zuen jaioberriaren bere gorputz bikainean. Emakumeak galdetu zion arima birrindurik zuela benetan maite al zuen, eta berak erantzun zion hainbeste bihotzetan gupidagabe bere bizitzan zehar erregariatuz joan izan zen esaldi erritual beraz:

        «Mundu honetan inoiz beste inor baino gehiago».

        Soledad hirian, afeitatzen ari zela ere, immolazio bera jasan zuen bere buruan. Geratzen zitzaizkion ile-mataza zuri eta belaxka oso urrietako bat ebakitzetik hasi zen, itxuraz haur-bulkada bati obedituz. Berehala ebaki zuen beste bat modu kontzienteagoz, eta gero guztiak inolako ordenurik gabe, belarra ebakiz bezala, ahotsaren pitzatuetatik La Araucanaren bere bertso gogokoenak deklamatzen zituen bitartean. José Palacios logelara sartu zen norekin hitz egiten ari zen ikustera, eta bitsez estaliriko garezurra afeitatzen aurkitu zuen. Murri-murri mozturik geratu zen.

        Exorzismoak ez zuen berrerosterik lortu. Zetazko txanoa erabiltzen zuen egunez, eta gauez burutako gorria janzten zuen, baina doi-doi lortzen zuen desadorearen ufada izoztuak ibitzea. Ilunpetan ibiltzera jaikitzen zen etxe eskerga ilargiztatuan barna, ezik jadanik ezin izan zuela biluzik ibili, baizik eta manta batean biltzen zuen bere burua hotzez dardarka ez aritzeko bero-gauetan. Egunak igaro ahala ez zuen manta aski izan, baizik eta burutako gorria zetazko txanoaren gainetik ezartzea erabaki zuen.

        Militarren intriga cositeroek eta politikarien abusuek hainbesteraino erresumintzen zuten, non arratsalde batean erabaki baitzuen mahaian kolpe bat emanik ez zituela gehiago jasango ez batak eta ez besteak. «Esaiezue gaitzepelarekin nagoela itzul ez daitezen», oihu egin zuen. Hain erabaki zorrotza izan zen, non debekatu egin baitzituen etxean uniformeak eta errito militarrak. Baina ez zuen haiek gabe bizirauterik lortu, beraz kontsolamenduzko entzunaldiek eta kontziliabulu antzuek beti bezala jarraitu zuten, bere aginduen kontra. Orduan hain gaizki sentitzen zen, non mediku baten bisita onartu baitzuen azterketarik egingo ez zion baldintzarekin ezta bere minei buruzko galderarik egin ere eta edateko ezer eman bahi izan gabe.

        «Hizketan egiteko soilik», esan zuen.

        Hautatuak ezin zezakeen bere gurarien antz handiagorik izan. Hércules Gastelbondo zuen izena, eta zoriontasunak gantzuturiko agurea zen, egundokoa eta patxadatsua, erabateko burusoilduraz garezur distirantarekin, eta ito baten egonarriarekin, zeinak berez arintzen baitzituen inoren gaitzak. Haren sinesgogortasuna eta bipiltasun zientifikoa sonatuak ziren kostalde guztian. Txokolate-krema gazta urtuarekin preskribatzen zuen behazunaren ondoezetarako, digeritzearen lozorroetan amodioa egitea kontseilatzen zuen bizitza luze baterako aringarri gisa, eta atergabe gurdizain-zigarro batzuk erretzen zituen estraza-paperez biltzen zituenak, eta bere gaixoei errezetatzen zizkien gorputzaren era guztietako gaizki-ulertzeen kontra. Pazienteek berek esaten zuten ez zituela inoiz erabat sendatzen baizik eta bere berbeta loratuaz entretenitzen zituela. Berak barre plebeiu bat jaregiten zuen.

        «Beste medikuei niri adina gaixo hiltzen zaizkie», esaten zuen. «Baina nirekin pozikago hiltzen dira».

        Bartolomé Molinares jaunaren karrozan iritsi zen, zeina egunean zehar behin eta berriz joaten eta etortzen baitzen era guztietako bisitari suertatuak eramanez eta ekarriz, harik eta jeneralak gonbidatu gabe joatea debekatu zien arte. Plantxatu gabeko liho zuriz jantzirik etorri zen, euri artean bidea urratuz, patrikak jateko gauzaz leher zorian beterik eta euritako hain desjosi batekin, non gehiago balio baitzuen urak deitzeko eragozteko baino. Diosal formalen ondoren aurrenik egin zuena barkamena eskatzea izan zen jadanik erdi-erreta zeraman zigarroaren sundarengatik. Jeneralak, tabakoaren kea jasaten ez zuenez gero, ez orduan soilik betidanik baizik, aurretiaz baimena emana zion.

        «Ohiturik nago», esan zion. Manuelak zureak baino nazkagarriago batzuk erretzen ditu, baita ohean bertan ere, eta gero zuk baino askoz hurbilago botatzen dit kea».

        Gastelbondo doktoreak airean harrapatu zuen arima erretzen zion abagune bat.

        «Bide batez», esan zion. «Nola dago?»

        «Nor?»

        «Doña Manuela».

        Jeneralak tanpez erantzun zuen:

        «Ongi».

        Eta hain era nabarmenean aldatu zuen gaia, non medikuak barre-algara bat jaregin baitzuen bere aldrebeskeria disimulatzeko. Jeneralak bazekien, zalantzarik gabe, bere bihurrikeria galanteetako bat ere ez zegoela salbu bere ahukukoekin marmarretatik. Inoiz ez sen bere konkistak erakuska ibili, baina hainbeste eta hain astrapalatsuak izanak ziren, non bere ohe-sekretuak mundu guztiak baitzekizkien. Gutun arruntak hiru hilabete behar izaten zituen Limatik Caracasera, baina bere abenturen izkirimiriek pentsamenduarekin hegaz egiten zutela zirudien. Eskandaluak beste itzal batek bezala pertsegitzen zuen eta bere amoranteak betiko seinalaturik geratzen ziren errautsezko gurutzez, baina berak foru sakratuz babesturik amodio-sekretuak edukitzearen eginbehar alferra betetzen zuen. Inork ez zuen beragandik infidentziarik izan berea izandako emakume bati buruz, José Palacios salbu, guztian baitzuen konplize. Ezta Gastelbondo doktorearena bezain jakin-min errugabe bat asetzeagatik ere, eta Manuela Sáenzi buruzkoa bazen ere, zeinaren intimitatea hain jendaurrekoa baitzen, non oso gutxi baitzeukan zaintzekorik.

        Une bateko gorabehera hau aparte, Gastelbondo doktorea agerkari probidentziala izan zen beretzat. Birbiztu egin zuen bere erokeria jakintsuekin, berekin partekatzen zituen almibarrezko piztitxoak, esnezko alfajoreak, patrikan erabiltzen zituen yuca-almidoizko diabolinak, eta berak konplimenduz onartzen eta denbora-pasaz jaten zituenak. Egun batez kexatu zen areto-litxarreria horiek gosea entretenitzeko baizik ez zutela balio baina ez pisua berreskuratzeko, berak nahi zuenez. «Ez zaitez kezkatu, Gorentasuna», ihardetsi zion medikuak. «Ahotik sartzen den guztiak gizendu egiten du eta hartatik irteten den guztiak zitaldu egiten». Argudioa hain dibertigarria iruditu zitzaion jeneralari, non ontzat eman baitzuen kopakada bat ardo gozo eta katilukada bat sagú medikuarekin batera hartzea.

        Hala ere, hain arretatsu medikuak hobetzen zion umorea, albiste txarrek hondatzen zioten. Norbaitek kontatu zion Cartagenan bizi zeneko etxearen jabeak erre arazi egin zuela kutsadura-beldurrez berak lo egiten zueneko kamaina, koltxoia eta maindireekin batera, eta bera bertan zegoen bitartean eskuetatik pasatutako guztia. Berak agindu zion don Juan de Dios Amadorri utzia zion dirutik desegindako gauzak ordain zitzala berriak balira bezala, etxearen alokairuaz gainera. Baina hala ere ezin izan zuen mingostasuna gozatu.

        Okerrago sentitu zen oraindik handik egun batzuetara, don Joaquín Mosquera handik igaroa zela Estatu Batuetarako bidean eta ez ziola bisitaren ohorerik egin jakin zuenean. Batari eta besteri galdezka bere artegatasuna disimulatu gabe, jakin zuen, izan ere, nola egon zen kostaldean aste bete baino gehiago itsasontziari itxaroten zion bitartean, adiskide komun ugari ikusiak zituela eta baita bere etsairen batzuk ere, eta guztiei adierazi ziela bere nahigabea jeneralaren eskergabekeriatzat jotzen zituenengatik. Itsasoratzeko unean, ontzira zeraman txaluparen gainean, laburtua zuen bere ideia finkoa despeditzera joan zitzaizkionentzat.

        «Gogoan har ezazue ongi», esan zien. «Tipo horrek ez du inor maite».

        José Palaciosek bazekien zein sentikorra zen jenerala ahakar horrekiko. Ezerk ez zion min handiagorik ematen, ezta gehiago itsutzen ere norbaitek bere afektuak zalantzan jartzeak baino, eta ozeanoak aldentzeko eta mendiak porrokatzeko gauza zen bere sedukzio-ahalmen ikaragarriaz, bere errakuntzaz konbentzitu arte. Aintzaren garabetean, Delfina Guardiola, Angosturako emakume ederrak, musumintzetan itxiak zizkion bere etxeko ateak, haren apetengatik sumindurik. «Zu gizon gailena zara, jenerala, beste inor baino gehiago», esan zion. «Baina maitasuna handi geratzen zaizu». Jenerala su-aldeko leihotik sartu eta hiru egunez geratu zen emakumearekin, eta bataila bat ez ezik, larrua ere galtzeko zorian egon zen, Delfinak bihotza fidatzea lortu arte.

        Mosquera orduan bere irispidetik kanpo zegoen, baina ahal zuen guztiarekin aipatu zuen bere herra. Aspertu arte galdetu zion bere buruari zer eskubidez hitz egin zezakeen maitasunaz bere zapuztea eta erbesteratzearen ebazpen venezuelarra ohar ofizial batean berari adieraztea ontzat eman zuen gizonak. «Eta eskerrak eman ditzala erantzun ez niolako gaitzespen historiko batetik salbu uzteko». Haren alde egindako guztiak gogoratu zuen, zen hori izaten zenbat lagundu zion, zenbat jasan behar izan zituen bere baserri-narzisismoaren txatxukeriak. Azkenik adiskide komun bati gutun hedatu eta etsitu bat idatzi zion, ziur egoteko bere larriduraren hotsak Mosquerarenganaino helduko zirela munduaren edozein alderditan zegoela ere.

        Aldiz, iristen ez ziren albisteek laino ikusezin batek bezala biltzen zuten. Urdanetak artean gutunei erantzun gabe jarraitzen zuen. Briceño Méndez, Venezuelako bere gizonak, bat bidalia zion Jamaikako fruitu batzuekin, hainbeste gustatzen baitzitzaizkion, baina mezularia ito egin zen. Justo Briceño, ekialdeko mugan zuen gizonak, etsita zeukan bere geldotasunarekin Urdanetaren isiltasunak itzal bat ezarria zuen herrialdearen gain. Fernandez Madrilen, Londresen zuen korrespontsalaren heriotzak itzal bat ezarria zuen munduaren gain.

        Baina jeneralak zera ez zekien, alegia, bera Urdanetaren albisterik gabe zegoen bitartean, honek korrespondentzia aktiboa zeukala bere ahukuko ofizialekin, erantzun zalantzagabe bat atera ziezaioten ahaleginduz. O’Learyri idatzi zion: «Behin betirako jakin beharra daukat ea jeneralak onartzen duen ala ez presidentetza, ala bizitza osoan atzeman ezin diren mamuen atzetik korrika ibili behar al dugun». O’Learyk ez ezik inguruneko beste batzuek ere ahaleginak egiten zituzten Urdanetari erantzunen bat emateko, baina jeneralaren itzuri-bideak gaindiezinak ziren.

        Azkenean Riohachatik albiste ziurrak jaso zirenean, presagioak berak baino ere larriagoak ziren. Manuel Valdes jeneralak, aurreikusia zegoenez, erresistentziarik gabe hartu zuen hiria urriaren 20an, baina Carujok bi miaketa-konpainia deuseztatu zizkion hurrengo astean. Valdesek ohorezkoa izan nahi zuen karguari uko-egite bat aurkeztu zuen Montillaren aurrean, eta jeneralak duintasunik gabea iritzi ziona. «Doilorkume hori beldurrez akabatzen dago», esan zuen. Hamabost egun besterik ez ziren falta Maracaiboz jabetzeko saiorako, hasierako planaren arabera, baina Riohacharen domeinu soila jadanik amets ezinezkoa zen.

        «Arraioak!», oihu egin zuen jeneralak. «Nire jeneralen floriak ezin izan du kuartel-bihurrialdi bat porrokatu».

        Hala ere, gehien erasan zion albistea gobernu-tropek pasatzean populazioek ihes egiten zutelakoa izan zen, berarekin identifikatzen baitzituzten, Padilla almirantearen asasinatzailetzat baitzeukaten, Riohacha, bere jaioterrian idolo bat zenarena. Gainera, hondamendiak kontzertatua zirudien herrialdearen gainerakoekin. Anarkia eta kaosa triskantzak egiten ari ziren nonahi, eta Urdanetaren gobernua ezinezkoa zen menperatzeko.

        Gastelbondo doktorea harritu egin zen beste behin suminduraren ahalmen birbiztaileaz, Santa Feko azken albisteak eman berriak zizkion mandatari berezi baten aurrean goitzarren biblikoak jaregiten jenerala aurkitu zuen egunean. Gobernu kakazu hau, garrantzizko herri eta gizonak konprometitu ordez, paralizaturik dauzka», oihu egiten zuen. «Berriro eroriko da eta ez da hirugarrenez altxatuko, zeren eratzen duten gizonak eta sostengatzen duten jendozteek deuseztatuak izango baitira».

        Alferrak izan ziren medikuaren ahaleginak baretzeko, zeren gobernua zafratzea amaitu zuenean bere estatu nagusien zerrenda beltza birpasatu zuen oihu bizian. Joaquín Barriga, hiru bataila handietako heroiaz esan zuen, nahi bezain txarra izan zitekeela: asasinatzaile ere bai». Pedro Margueyto jeneralaz Sucre hiltzeko konspirazioan tarteko izanaren susmagarri zenaz, esan zuen tropen manurako gizajo bat zela. Gonzalez jeneralari, Caucan zeukan atxikiena, sorbatz-kolpe zakarrez inausi zuen: «Horren eritasunak ahuleziak eta uzkerrak dira». Zezekari amildu zen kulunkaulkian azken hogei urteetan beharrezko zuen pausaldia bere bihotzari emateko. Orduan ikusi zuen Gastelbondo doktorea harriduraz paralizaturik ate-markoan, eta ahotsa altxatu zuen.

        «Azken finean», esan zuen, «zer espero liteke bi etxe datotara jokatu zituen gizonarengandik?»

        Gastelbondo doktorea sor eta lor geratu zen.

        «Nortaz ari gara hitz egiten?», galdetu zuen.

        «Urdanetaz», esan zuen jeneralak. Maracaibon galdu zituen marinako komandante batekin, baina dokumentuetan saldu izan balitu bezala agerrarazi zen».

        Falta zitzaion airea hartu zuen. «Jakina, guztiak santu batzuk dira Santander malmutz horren aldean», segi zuen. «Bere adiskideek ingelesen maileguetatik dirua lapurtzen balio zutenaren hamarrena ordainduz estatu-paperak erosiz, eta estatuak berak onartzen zizkien gero ehunetik ehunean». Argitu zuen edozein kasutan ere bera ez zela maileguen kontra jarri usteldura-arriskuarengatik, baizik eta garaiz aurreikusi zuelako hainbeste odol kosta izan zen independentziarentzat mehatxu zirelako.

        «Gorrotoago ditut zorrak espainiarrak berak ere baino», esan zuen. «Horregatik ohartarazi nion Santanderri nazioaren alde egin genezan ongia ezertarako ez da izango zorra onartzen bagenuen, zeren korrituak ordaintzen jarraituko baikenuen mendez mende. Orain garbi ikusten dugu: zorrak azkenean menperatu egingo gaitu».

        Oraingo gobernuaren hasieran ados egon ez ezik Urdanetarekin menperatuen bizitza errespetatzeko, gerraren etika berri bezala txalotu zuen: «Ez dadila gerta oraingo gure etsaiek guri egitea guk espainiarrei egin geniena bera». Hau da, heriotzara arteko gerra. Soledad landetxeko gau aizarotsuetan gutun ikaragarri batean Urdanetari gogorarazi zion gerra zibil guztiak beti uzuenak irabazi izan zituela.

        «Sinetsidazu, ene doktorea», esan zion medikuari. «Gure autoritatea eta gure bizitzei ez dago iraunarazterik gure aurrezkoen odolaz ez bada».

        Bat-batean, sumina arrastorik utzi gabe pasatu zen, hasi zen bezain modu ezustekoan, eta jeneralak iraindu berriak zituen ofizialen absolbitzea historikoari ekin zion. «Nolanahi ere, erratua neu naiz», esan zuen. « Horiek independentzia besterik ez zuten egin nahi, zerbait berehalakoa eta konkretua zena, eta bai ongi egin dutela egin ere! Medikuari luzatu zion eskua hezur hutsetan jaikitzen lagun ziezaion, eta hasperen batez amaitu zuen:

        «Aldiz ni amets batean galdu naiz existitzen ez den zerbaiten bila».

        Egun horietan Iturbideren egoera erabaki zuen. Urriaren azkenetan, honek bere amaren gutun bat hartu zuen, Georgetownetik beti ere, zeinean kontatzen baitzion Mexikon indar liberalak egiten ari ziren aurrerapenek urrundu egiten zuela familiatik, gero eta gehiago, aberrira itzultzeko itxaropen guztia. Ziurtasunik eza, sehaskatik zerabilenari gehitua, jasanezina bihurtu zitzaion. Zorionez, bere besoan arrimaturik etxeko korridorean zehar paseatzen ari zen arratsalde batean, jeneralak oroitzapen ustekabeko bat egin zuen.

        «Mexikotik gogorapen txar bakarra dut», esan zuen: «Veracruzen, portuko kapitainaren artzanorek Espainiara neramatzan bi txakurkume sarraskitu zizkidaten».

        Edozein modutara ere, esan zuen, hura izan zuen munduaren bere lehen esperientzia, eta betirako markatu zuen. Veracruz Europarako bere lehen bidaiaren eskala labur bezala aurreikusirik zegoen, 1799aren otsailean, baina ia bi hilabetez luzatu zen ingelesek, hurrengo eskala zen La Habanari egin zioten blokeo batengatik. Berandutze honek astia eman zion kotxez Mexiko hiriraino joateko, ordura arte bizi zian zeneko Araguako haraneko egunsenti artzaintzakoekin bat ere zerikusirik ez zuten ia hiru mila metro aldapan gora igoz sumendi elurtu eta basamortu haluzinatzaileen artean. Ilargiak halakoa izan behar zuela pentsatu nuen», esan zuen Mexiko hirian airearen garbitasunak harritu zuen eta merkatu publikoek itsutu zuten, haien joritasun eta garbitasunak, zeinetan saltzen baitzituzten jateko magueyzko har gorriak, armadiloak, ibai-zizareak, eltxo-arrautzak, matxinsaltoak, inurri beltzen eltxarrak, basakatuak, uretako labezomorroak eztiarekin, artaliztorrak, iguana haziak, kriskitin-sugegorriak, mota guztietako txoriak, txakur nanoak eta babarrun moduko batzuk berezko bizitzaz atergabe saltoka ari zirenak. «Ibili dabilen guztia jaten dute», esan zuen. Hiria zeharkatzen zuten kanal ugarietako ur gardenek harritu zuten, kolore domekakoz pintaturiko batelek, loreen distira eta ugaritasunak. Baina deprimitu egin zuten otsaileko egun laburrek, indiar hitzurriek, lanbro betierekoak, gerora Santa Fen, Liman, La Pazen, Andeetan zeharretara eta gora, bihotza estutuko zion guztiak, eta orduan lehen aldiz pairatzen ari zenak. Apezpikuak, zeinari gomendatu baitzioten, eskutik eraman zuen erregeordearekiko entzunaldi batera, zeina apezpikua bera baino ere episkopalago iruditu baitzitzaion. Ia ez zion jaramonik ere egin frantses iraultzaren miresletzat bere burua aitortu zuen beltxaran mazkar, xanfarinez jantziari, «Bizitza kosta zekidakeen», esan zuen jeneralak, jostari. «Baina agian pentsatu nuen erregeorde bati politikazko zerbaitez hitz egin behar zaiola, eta horixe besterik ez nekien nik hamasei urterekin». Bidaia segi aurretik gutun bat idatzi zion don Pedro Palacio y Sojo bere osabari, bereen artean gordeko zen lehena. «Nire letra hain zen txarra, non neronek ere ez bainuen ulertzen», esan zuen barrez lehergaizto eginik. «Baina azaldu nion osabari hala ateratzen bazitzaidan bidaiaren nekearengatik zela». Orri eta erdi batean berrogei ortografi akats nituen, eta beraietako bi yjo hitz bakar batean.

        Iturbidek ezin izan zuen iruzkinik egin, ze oroimenak ez baitzion gehiagorako ematen. Mexikotik geratzen zitzaion guztia jaiotzatiko melankolia larriagotu zioten ezbeharren oroitzapena zen, eta jeneralak arrazoiak zituen hura ulertzeko.

        «Ez zaitez Urdanetarekin geratu», esan zion. «Eta ez zaitez familiarekin Estatu Batuetara joan ere, ahalguztidunak eta ikaragarriak baitira, eta askatasunaren kontu horrekin azkenean beren miseria guztiak kutsatuko baitizkigute».

        Esaldiak beste zalantza bat gehiago jaurtiki zuen ziurtasun-gabeziazko zingira batera. Iturbidek esklamatu zuen:

        «Ez nazazu ikaratu, jenerala!»

        «Ez zaitez ikaratu zeu», esan zuen jeneralak tonu lasaian. «Zoaz Mexikora, nahiz eta inork hil edo zeurez hil. Eta zoaz orain, gazte zaren bitartean, zeren egunen batean beranduegi izango baita, eta orduan ez zara sentituko ez hemengo eta ez hango. Kanpotar sentituko zara alde guztietan, eta hori hilik egotea baino okerrago da». Zuzen begiratu zion begietara, eskua irekia bularrean ezarri eta amaitu zuen:

        «Galdetu niri».

        Beraz Iturbide abenduaren hastapenean joan zen Urdanetarentzako bi gutunekin, zeinetariko batean esaten baitzen bera, Wilson eta Fernando zirela etxean zeukan konfiantza handieneko jendea. Santa Fen egon zen norako finkorik gabe hurrengo urtearen apirila arte, konspirazio santanderista batek Urdaneta kargutik kendu zuen arte. Amak bere ihardun ereduzkoaz Washingtoneko legazio mexikarraren idazkari izendatua izate alortu zuen. Bizitzaren gainerakoa zerbitzu publikoaren ahazmenduan bizi izan zen, eta inork ez zuen ezer jakin familiaz hogeita hamar urte geroago arte, Habsburgoko Maximilianok, Frantziaren armek Mexikoko enperadore ezarriak, hirugarren belaunaldiko bi gizonezko Iturbide semetzakotu eta tronu kimerazkoan bere ondorengo izendatu zituen arte.

        Jeneralak Iturbiderekin Urdanetari igorri zion bigarren gutunean, bere aurreko eta etorkizuneko guztiak desegiteko eskatzen zion, bere ordu itzaltsuen arrastorik gera ez zedin. Urdanetak ez zion atsegin hori eman. Santander jeneralari antzeko erregua egina zion bost urte lehenago: «Ez ezazu agindu nire gutunak argitaratzekorik, ez bizirik ez hilik, askatasun handiz idatziak baitaude eta desordenu handian». Santanderrek ere ez zion atsegin eman, zeinaren gutunak, jeneralarenak ez bezala perfektuak baitziren formaz eta edukiez, eta begiratu hutsez ikusten zen beraien azken hartzailea historia zelako kontzientziarekin idazten zituela.

        Veracruzeko gutunetik hil baino sei egun lehenago diktatu zuen azkenekora arte, jeneralak gutxienez hamar mila idatzi zituen, batzuk bere eskuz eta letraz, beste batzuk amanuentseei diktatuak, beste batzuk berauek erredaktatuak haren instrukzioekin. Hiru mila gutun eta berak sinaturiko zortzi milaren bat dokumentu baino askoz gehiago ez dira iraun dutenak. Batzuetan onetik ateratzen zituen amanuentseak. Edo alderantziz. Behin batean gaizki idatzia iruditu zitzaion diktatu berria zuen gutuna, eta beste bat egin beharrean berak gehitu zion lerro bat amanuentsearenez gain: «Ohartuko zarenez, Martell gaur inoiz baino leloago dago». Kontinentearen askapena amaitzeko Angosturatik alde egiteko bezperan, 1817an, egun berean diktatu zituen hamalau dokumenturekin egunera jarri zituen bere gobernu-arazoak. Behar bada handik sortu zen aldi berean zenbait amanuentseri zenbait gutun ezberdin diktatzen omen zizkien legenda inoiz gezurtatu gabea.

        Urria euriaren zurrumurrura mugatu zen. Jenerala ez zen berriro gelatik irten, eta Gastelbondo doktoreak bere baliabide zuhurrenetara jo behar izan zuen bisitatzeko eta jaten emateko baimena eman ziezaion. José Palaciosek susmoa zeukan hamakan kulunkatu gabe zetzaneko siesta pentsakorretan, plaza jendegabean euria begietsiz, bere bizitza iraganeko unerik ñimiñoenak berraztertzen zituela oroimenean.

        «Pobreen Jainkoa», hasperen egin zuen arratsalde batean. «Zer izango ote da Manuelaz!»

        «Ongi dagoela besterik ez dakigu, zeren ez baitakigu ezer», esan zuen José Palaciosek.

        Zeren isiltasuna jausi baitzitzaion gainera Urdanetan boterea hartu zuenetik. Jeneralak ez zion gehiago idatzi, baina mandatuak ematen zizkion Fernandori bidaiaz jakinaren gainean edukitzeko. Manuelaren azken gutuna abuztuaren azkenetan iritsia zen, eta hainbeste albiste konfidentzial zituen kolpe militarrari buruz, non erredakzio burrunbatsuaren eta etsaia zantzugabetzeko berariaz ezarritako datu aldrebesen artean, ez baitzen erraza izan misterioak argitzea.

        Jeneralaren aholku onak ahazturik, Manuelak sakon bereganatua zuen eta bozkario gehiegiz ere bai nazioko lehen bolivarista papera, eta bera soilik paper-gerra bat burutzen ari zen gobernuaren kontra. Mosquera presidentea ez zen ausartu beraren kontra ekitera, baina ez zuen galarazi bere ministroek egin zezaten. Prentsa ofizialaren erasoei Manuelak diatriba inprimatuez erantzuten zien, zeinak zaldiz banatzen baitzituen Calle Realen, bere mirabeez eskoltaturik. Lantza arrimuan zuela pertsegitzen zituen herbarrenetako kalexka harriztatuetan barna jeneralaren kontra papelutxak banatzen zituztenak, eta are letraune iraingarriagoz estaltzen zituen goizez hormetan pintaturik agertzen ziren irainak.

        Gerra ofiziala azkenerako Manuelaren kontrako bihurtu zen izen berezi eta guzti. Baina ez zen koldartu. Gobernu barruan zituen konfidenteek abisu eman zioten, aberri-festa-egun batean, plaza nagusian su artifizialezko gaztelu bat armatzen ari zirela irri-errege gisa jantzitako jeneralaren karikatura batekin. Manuela eta bere mirabeak guardiaren gainetik pasatu ziren, eta obra porrokatu egin zuten zalditeri karga batez. Alkateak berak atxilotu nahi izan zuen orduan ohean soldadu-pikete batekin, baina berak pistola puntatu pare batekin itxaron zien, eta bi alderdien adiskideen bitartekotzak soilik eragotzi zuen ezbehar handiagoa.

        Urdaneta jeneralak boterea hartzeak soilik lortu zuen jeneralak boterea hartzeak soilik lortu zuen baretzea. Egiazko adiskidea zeukan berarengan, eta Urdanetak bere konplizerik suharrena eduki zuen Manuelarengan. Santa Fen bakarrik zegoenean, jenerala hegoaldean gerran zebilen bitartean perutar inbaditzaileen kontra, Urdaneta zen bere segurtasuna zaintzen eta premiei kontu egiten zien adiskide konfiantzazkoa. Jeneralak Kongresu Miresgarrian bere aitorpen zorigaitzekoa egin zuenean, Manuelak lortu zuen Urdanetari idatz ziezaion: «Nik neure aspaldiko adiskidetasuna eta erraskidetza erabatekoa eta bihotzetikoa eskaintzen dizkizut». Urdanetak onartu egin zuen eskaintza martzala, eta Manuelak faborea bihurtu zion kolpe militarraren ostean. Desagertu egin zen bizitza publikotik, eta hain erabat, non urriaren hasieran zurrumurrua zabaldua baitzen Estatu Batuetara joana zela, eta inork ez zuen zalantzan jarri. Beraz José Palaciosek arrazoi zuen: Manuela ongi zegoen, zeren inork ez baitzekien ezer berataz.

        Iraganaren araketa horietako batean, euripean galdurik, ez zeri, ez nori eta ez zertako itxaron ez zekielako triste, jeneralak hondoa jo zuen: lotan negar egin zuen. Kexu ñimiñoak entzutean, José Palaciosek uste izan zuen ibaian jasoriko txakur alderraiarenak zirela. Baina bere jaunarenak ziren. Zurtu egin zen, zeren intimitateko urte luzeetan behin besterik ez baitzuen ikusi negar egiten, eta ez nahigabez izan amorruz baizik. Dei egin zion korridorean beila egiten zegoen Ibarra kapitainari, eta honek ere entzun zuen malkoen zurrumurrua.

        «Horrek lagundu egingo dio», esan zuen Ibarrak.

        «Guztioi lagunduko digu», esan zuen José Palaciosek.

        Jeneralak ohi baino berandurago arte lo egin zuen. Ez zuten esnatu alboko baratzeko txoriek, ez eta elizako kanpaiek ere, eta José Palacios behin baino gehiagotan makurtu zen hamakaren gainera arnasarik hartzen zuen sentitzera. Begiak ireki zituenean zortziak baino gehiago ziren eta beroa hasita zegoan.

        «Urriaren hamaseia, larunbata», esan zuen José Palaciosek. «Santa Margarita María Alacoqueren eguna».

        Jenerala jaiki egin zen hamakatik eta leihotik begiesten egon zen plaza jendegabe eta haustua, murru lotsagabeekiko eliza, txakur hilen baten bildriengatiko harraparien liskar bat. Lehen eguzkiaren gordintasunak egun itogarria iragartzen zuen.

        «Goazen hemendik, airean», esan zuen jeneralak. «Ez ditut exekuzio-tiroak entzun nahi».

        José Palaciosek dardara egin zuen. Bizi izana zuen une hori beste toki eta garai batean, eta jenerala berdin-berdin zegoen orduan ere, ortozik solairuko adreilu gordinen gainean, galtzontzilo luzeekin eta lotako txanoa buru murriztuan zuela. Aspaldiko amets bat zen errealitatean errepikatua.

        «Ez ditugu entzungo», esan zuen José Palaciosek, eta zehaztasun berariazkoz gehitu zuen: «Jadanik Piar jenerala fusilatua izan zen Angosturan, eta ez gaur arratsaldeko bostetan, baizik eta gaur bezalako egun batean duela hamahiru urte».

        Manuel Piar jeneralak, Curazaoko mulato gogor batek, hogeita hamabost urte eta milizia abertzaleetan inork adina aintza zituenak, auzitan jarria zuen jeneralaren autoritatea, armada askatzaileak inoiz baino gehiago behar zituenean bere indar batuak Morilloren oldarrei hesia jartzeko. Piarrek beltzak, mulatoak eta mestizoak biltzen zituen, eta herrialdeko ezeduki guztiak, jeneralak haragitzen zuen Caracaseko aristokrazia zuriaren kontra. Bere populartasuna eta aura mesianikoa Jos Antonio Páezenekin soilik ziren konparagarri, edo Boves, erregetiarrarenekin, eta bere alde inpresioa eragiten ari zitzaien armada askatzaileko ofizial zuri batzuei. Jeneralak agortuak zituen berarekin bere pertsuasio-arte guztiak. Bere aginduz atxilotua, Piar Angosturara eraman izan zen, behin-behineko hiriburura, non jenerala gotortu egin baitzen bere hurbileko ofizialekin, beraien artean Magdalena ibaian zehar azken bidaian lagunduko zutenetako batzuk zeudelarik. Piarren militar adiskideekin berak izendaturiko gerra-kontseilu batek egin zuen epaiketa sumarioa. José Mana Carreño izan zen bokala. Ofizioko defendatzaileak ez zuen izan gezurretan aritu beharrik Piar goresteko espainiar boterearen kontrako gizon gailenetako bat bezala. Desertzioz, matxinadaz eta traizioz errudun salatu zuten, eta herio-zigorrera kondenatu zuten bere titulu militarren galerarekin. Bere merituak ezaguturik inork ez zuen espero jeneralak sententzia berretsiko zuenik, eta gutxiago Morillok zenbait probintzia berreskuratuak zituenean eta hain eroria zegoenean abertzaleen morala, non sakabanaketa orokorraren arriskua baitzegoen. Jeneralak era guztietako presioak hartu zituen, adeitasunez entzun zituen adiskide hurbilenen iritziak, Briceño Méndezena besteak beste, baina bere erabakia apelaezina izan zen. Degradazio-zigorra atzera bota eta fusilamendukoa berretsi egin zuen, berau jendaurreko ikuskari izan zedineko aginduaz astunagotua. Gaitz guztia gerta zitekeen gau amaigabea izan zen. Urriaren 16an, arratsaldeko bostetan, sententzia bete egin zen Angosturan, sei hilabete lehenago Piarrek espainiarrengandik esku hartua zuen hirian, plaza nagusiko eguzki gupidagabearen azpian. Pelotoi-buruak harrapariak jaten ari ziren txakur hil baten hondakinak biltzeko agindua emana zuen, eta sarrerak itxi egin zituen animalia solteek exekuzioaren duintasunari trabarik egin ez ziezaioten. Ukatu egin zion Piarri pelotoiari su-agindua ematearen azken ohorea, eta derrigorrean bendatu zizkion begiak, baina ezin izan zuen eragotzi gurutzefikari muin eginez eta banderari adio esanez mundutik despeditzea.

        Jeneralak uko egin zion exekuzioa presentziatzeari. Berarekin etxean zegoen bakarra José Palacios izan zen, eta honek borrokan ikusi zuen malkoei eustearren deskarga entzun zuenean. Tropei berri eman zien proklaman, esan zuen: «Atzokoa samin-eguna izan zen nire bihotzarentzat». Bere bizitzaren enparauan errepikatuko zuen herrialdea salbatu, erreboltatuak konbentzitu eta gerrate zibila eragotzi zuen eskakizun politikoa izan zela. Edozein kasutan bere bizitzako botere-egintza uzuena izan zuen, baina baita adionekoena ere, zeinaz berehala sendotu baitzuen bere autoritatea, manua bateratu eta aintzarako bidea garbitu.

        Hamahiru urte geroago, Soledad landetxean, ohartu ere ez zen egin nonbait denbora-nahastaldi baten menpean eroria zela. Plaza begiesten jarraitu zuen harik eta atso zahar bat zarpiletan alderen alde igaro zen arte kokoalez zamaturiko asto batekin ura saltzeko, eta haren itzalak izutu egin zituen basoiloak. Orduan hamakara itzuli zen atseden-hasperen batekin, eta inork galdetu gabe Angosturako gau tragiko hartatik José Palaciosek jakin nahi izan zuen erantzuna eman zuen.

        «Berriz egingo nuke», esan zuen.

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990