Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

        Portuan amarraturik zegoen lantxa kanoidun bat jarri zen martxan txanpan flotatxo bat zetorrela jakin zuen bezain laster. José Palaciosek toldoaren leihoetatik begiz jo zituen, eta hamakaren gainera makurtu zen, non baitzegoen jenerala begiak itxita.

        «Jauna», esan zuen, «Mompoxen gaude».

        «Jainkoaren lurra», esan zuen jeneralak begiak ireki gabe.

        Jaitsi ahala ibaia gero eta hedatsuagoa eta solemneagoa egin zen, bazterrik gabeko zingira bat bezala, eta beroa hain zen trinkoa», non eskuez uki baitzitekeen. Jeneralak mingostasunik gabe uko egin zien bat-bateko egunsentiei eta ilunabar erdiratuei, zeinek lehen egunetan txanpanaren brankan edukiarazten baitzuten, eta desadorearen menpean erori zen. Ez zuen gehiago gutunik diktatu ez libururik irakurri, ezta lagunei inolako galderarik egin ere bizitzarengatik nolabaiteko interesa susmarazteko aukera eman zezakeenik. Siestarik beroenetan ere mantapean etzaten zen, eta hamakan egoten zen begiak itxita. Eta entzun ez zuelakoan, José Palaciosek deia errepikatu zion, eta berak begiak ireki gabe ihardetsi zion berriro.

        «Mompoxik ez dago», esan zuen. Batzuetan amets egiten diagu berarekin, baina ez duk existitzen».

        «Gutxienez Santa Barbarako dorrea existitzen denaren fede eman dezaket», esan zuen José Palaciosek. «Hemendik ari naiz ikusten».

        Jeneralak begi tormentatuak ireki zituen, agondu zen hamakan, eta eguerdiko aluminio-argitan gerrak honaturiko, errepublikaren desordenuak gainazpikaturiko, baztangak bakanduriko Mompox hiri txit zaharkitu eta atsekabetuaren lehen teilatuak ikusi zituen. Garai hartan ibaia joairaz aldatzen hasten zen, mendea amaitu baino lehen erabateko abandonua izango zen destaina zuzengaitzean. Sindiko kolonialek kaskagorkeria penintsularrez uholde bakoitzaren ausiabartzen ondoren lehenbailehen berreraikitzen zuten harlanduzko diketik, harribilezko hondartzan sakabanaturiko zaborra besterik ez zen geratzen.

        Gerra-ontzia txanpanera hurbildu zen, eta ofizial beltz batek, artean polizia birreinal ohiaren uniformez jantzirik, kanoiaz destatu zituen. Casildo Santos kapitainak oihu egitea lortu zuen:

        «Ez hadi kirtena izan, beltza!»

        Bogalariak tanpez gelditu ziren eta txanpanak korrontearen baitan geratu ziren. Eskoltako granadariek, aginduen zain, kanoiontziaren kontra arteztu zituzten errifleak. Ofizialak izukaitz jarraitu zuen.

        «Pasaporteak», oihu egin zuen. «Legearen izenean».

        Orduan baizik ez zuen ikusi toldopetik agertu zen purgatorioko arima, eta ikusi zuen haren esku unatua, baina autoritate errugabez kargatua, zeinak agindu baitzien soldaduei armak eraisteko. Gero ahots mehe batez esan zion ofizialari:

        «Sinesten ez badidazu ere, kapitaina, ez dut pasaporterik».

        Ofizialak ez zekien nor zen. Baina Fernandok esan zionean uretara jauzi egin zuen bere armekin, eta hegitik lasterka aurreratu zen herriari berri ona iragartzeko. Lantxak, kanpaiak dandaran zirela, porturaino eskoltatu zituen txanpanak. Ibaiaren azken bihurgunean hiria erabat ikustera iritsi baino lehen, ordara jotzen ari ziren bere zortzi elizetako kanpaiak.

        Mompoxeko Santa Cruz kolonia garaian zubi izana zen karibetar kostaren eta herrialdeko barrenaren artean, eta hauxe izan zuen sorburu bere oparotasunak. Askatasunaren galerna hasi zenean, aristokrazia kriolloaren gordeleku hark aldarrikatu zuen lehenik. Espainiak birkonkistatu zuelarik, jeneralak berak askatu zuen. Ibaiarekiko hiru kale paralelo besterik ez ziren, zabalak, zuzenak, haustuak, leiho handiekiko etxe bizitza-bakarrak, zeinetan aberastu baitziren bi konde eta hiru markes. Bertako orfebreria finaren prestigioak bizirik iraun zuen errepublikaren aldaketak gorabehera.

        Oraingo honetan, jenerala hain zetorren desengainatua bere aintzaz eta hain aurreprestatua munduaren kontra, non harritu egin baitzuen portuan jendetza itxaroten aurkitzeak. Panazko frakak eta bota altuak jantziak zituen zalaparta batean, manta soinean ezarria zuen beroa gorabehera, eta gaueko txanoaren ordez Hondan despeditu zeneko kapela hegal-handia zerabilen.

        Gurutze altuko hileta zegoen La Concepción elizan. Agintari zibil eta elizakoak betean, kongregazio eta eskolak, jende printzipalak beren galazko krespoiekin gorpu aurreko mezan zeuden, eta kanpaien eskandaluak eramena galarazi zien su-deia zelakoan. Baina asaldu handiarekin sartua zen aguazilak berak eta alkateari belarrira ahopean esan zionak, oihu egin zuen guztientzat:

        «Presidentea portuan dago!»

        Zeren askok ez baitzekiten artean jadanik ez zela. Astelehenean igaroa zen postari bat Hondako zurrumurruak ibaiko populazioetan jariatuz zihoana, baina ez zuen ezer garbi utzi. Beraz ezbaiak efusiozkoago bihurtu zuen abegiaren halabeharra, eta doluan zegoen familiak berak ere ulertu zuen dolukide gehienek eliza uztea harresira joateko. Hileta erdizka geratu zen, eta talde min batek soilik lagundu zuen zerraldoa kanposantura, suziri eta kanpaien trumoia artean.

        Ibaiaren emana artean urria zen maiatzeko euri gutxiengatik, beraz zarama-troka bat eskalatu beharrean zeuden portura iristeko. Jeneralak era txarrean arbuiatu zuen bere gainean eraman nahi izan zuen bat, eta Ibarra kapitainaren besora arrimaturik igo zen, pauso bakoitzean alderoka eta doi-doi bere buruari eutsiz, baina duintasun osoarekin iristea lortu zuen.

        Portuan esku-estutze indartsu batez agurtu zituen agintariak, zeinaren kemena ez baitzen sinesgarria bere gorputzaren egoera eta eskuen txikitasunarengatik. Han egon zen azken aldian ikusi zutenek ezin zioten sinetsi beren oroimenari. Bere aita bezain adinekoa zirudien, baina geratzen zitzaion arnasa apurra aski zen inor berataz balia ez zedin. Baztertu egin zituen prestaturik zeuzkakioten Ostiral Santuko andak eta La Concepción elizara oinez joatea onartu zuen. Azkenean alkatearen mandemera igo behar izan zuen, zeinari honek presaka zela ezarri baitzion hain jausirik ontzitik jaisten ikusi zuenean.

        José Palaciosek aurpegi tigrekara asko ikusiak zituen portuan baztangaren txingarretan gentzianaren more-izpilengatik. Magdalena Behereko populazioetan endemia setatia zen hau, eta abertzaleek azkenerako espainiarrei baino beldur handiagoa zioten ibaiko kanpainakoan tropa askatzaileen artean sortu zuen hilkortasunaz geroztik. Harez gero, baztangak iraun egiten zuela ikusirik, jeneralak lortu zuen bidenabar zihoan naturalista frantses batek bere egonaldia luza zezala populazioa immunizatzeko ganaduaren baztangari zerion gerlia gizakiei ziztatuz. Baina sortzen zituen heriotzak hainbeste ziren, non azkenerako inork ez baitzuen ezer jakin nahi behiaren oineko medikuntzaz, hala deitzen baitzuten, eta ama askok nahiago izan zituzten beren seme-alabentzat kutsaduraren arriskuak ezen ez aurre-zainketarenak. Hala ere, jeneralak hartzen zituen txosten ofizialek sinetsarazi zioten baztangaren zigorra mendean hartzen ari zirela. Beraz José Palaciosek ohartarazi zionean jendartean zenbat aurpegi pintatu zegoen, bere erreakzioa harridurazkoa baino areago izan zen gogaitezkoa.

        «Beti izango duk horrela», esan zuen, «subalternoek gezurra esaten jarraitzen duten bitartean guri atsegina emateko».

        Ez zuen bere mingostasuna nabarmendu portuan hartu zutenekin. Bere uko-egitearen gorabeherak eta Santa Fe zer desordenu-egoeratan geratu zen laburki kontatu zien, beraz gobernu berriarentzat baterako laguntza eskatu zien biziki. «Ez dago beste aukerarik», esan zuen: «batasuna ala anarkia». Itzulerarik gabe zihoala esan zuen, ez hainbeste gorputzeko ondoezei aringarria bilatzeko, zeinak ugariak eta oso kaltegarriak baitziren, ikus zitekeenez, baizik eta inoren gaitzek sortzen zizkioten nahigabeetatik atsedena hartzeko. Baina ez zuen esan noiz zihoan, ez nora, eta harira ez bazetorren ere errepikatu zuen artean ez zuela gobernuarengandik pasaportea hartu herrialdetik irteteko. Mompoxek emanak zizkion hogei aintza-urteak eskertu zizkien, eta hiritarrarenaz beste tituluz ez zezatela nabarmendu erregutu zien.

        La Concepción elizak dolu-krespoiz apaindurik jarraitzen zuen, eta artean airean alderrai zebiltzan lore-hatsak eta hiletako babilak, jendetza trumilka barrura sartu zenean tedeum inprobisatu baterako. José Palacios, ahukuaren zizeiluan eserita, jeneralak berean ez zela eroso aurkitzen konturatu zen. Alkatea, aldiz, mestizo aldagaitza lehoi-buru bikain batekin, haren ondoan jarraitzen zen bere baitako eremu batean. Fernanda, Benjumearen alarguntsa, zeinaren edertasun kriolloak sarraskiak egin baitzituen Madrileko gortean, jeneralari prestatua zion sandalozko bere abanikoa logura erritualetik bere burua defendatzen laguntzeko. Berak itxaropenik gabe eragiten zion, bere urrinen kontsolamenduarengatik doi-doi, harik eta beroa arnasa hartzeko traba egiten hasi zitzaion arte. Orduan alkatearen belarrira murmurikatu zuen:

        «Sinetsidazu ez dudala zigor hau merezi».

        «Herrien maitasunak badu bere prezioa, Gorentasuna», esan zuen alkateak.

        «Zoritxarrez hau ez da maitasuna nobeleria baizik», esan zuen berak.

        Tedeumaren amaieran, gurketa batez despeditu zen Benjumearen alarguntsarengandik, eta abanikoa itzuli zion. Hark berriz eman nahi izan zion.

        «Hainbeste maite zaituenaren oroigarritzat gordetzearen ohorea egidazu», esan zion.

        «Tamalez, andrea, jadanik ez zait denbora askorik geratzen oroitzeko», esan zuen jeneralak.

        Parrokoak babestu egin nahi zuela sargoritik Aste Santuko palioz ekin zion, La Concepción elizatik San Pedro Apostoluaren kolegioraino, zeina baitzen bi solairuko egoitza bat iratze eta krabelinezko monasterio-klaustro batekin, eta atzealdean fruitarbolazko baratze argitsua zuena. Korridore arkupedunak ez ziren bizigarriak hilabete haietan ibaitiko brisa osasungaitzengatik, ezta gauez ere, baina areto nagusiaren alboko gizategiak udazken-erdi-itzaletan gordetzen zituzten kare eta harrizko horma lodiz gerizaturik zeuden.

        José Palaciosek aurrea hartua zuen dena prest edukitzeko. Pareta latzeko logela, kare-errazkadaz zuritu berria, gaizki argitua zegoen baratzera begiratzen zuen pertsiana berdeekiko leiho bakar batez. José Palaciosek aldarazi egin zuen ohearen kokaera baratzeko leihoa oinetan gera zekion eta ez burualdean, hala jeneralak zuhaitzetako guayaba horiak ikusi ahal zitzan, eta haien perfumeaz goza zedin.

        Jenerala Fernandoren besotik iritsi zen, eta La Concepcióneko parrokoarekin, kolegioko erretorea baitzen. Atea gainditu bezain laster bizkarra hormara arrimatu zuen, leihoko erlaitzean totuma batean ezarritako guayaben usainaz harriturik, eta zeinen urrin biziotsuak erabat asetzen baitzuen logelaren barrunbea. Hala iraun zuen, begiak itxirik, arima urratzen zioten antzinako bizipenen lurrin-jarioa usnatuz, arnasa bukatu zitzaion arte. Gero arreta xehez arakatu zuen gela gauza bakoitzari agerpen bat iritziko bailion. Markesinazko oheaz gainera kaobazko arasa bat zegoen, gau-mahai bat kaobazkoa berau ere, marmolezko estalki batekin, eta belusa gorriz forraturiko poltrona bat. Horman leihoaren ondoan zenbaki erromatarrekiko erloju oktogonala zegoen ordu bata eta zazpi minututan gelditua.

        «Azkenik, berdin jarraitzen duen zerbait!», esan zuen jeneralak.

        Parrokoa harritu egin zen.

        «Barkaidazu, Gorentasuna», esan zuen, «baina ni oroitzen naizenez zu lehen hemen izan gabea zara».

        José Palacios ere harritu egin zen, inoiz ez baitzuten etxe hura bisitatu, baina jeneralak bere oroitzapenetan jarraitu zuen hainbeste erreferentzia ziurrekin, non guztiak txunditurik utzi baitzituen. Azkenean, hala ere, ohizko bere ironiaz bihotz ematen ahalegindu zitzaien.

        «Agian aurreko berraragiztapen batean izan da», esan zuen. «Azken finean, dena gerta liteke eskomikatu bat paliopean ikusi dugun hiri batean».

        Handik gutxira ur eta trumoizko ekaitz bat amildu zen, hiria naufragiozko egoera batean utzirik. Jeneralak diosaletatik suspertzeko aprobetxatu zuen, guayaben usaina gozatuz ahoz gora lotan zegoen itxurak eginez eta arropak soinean zituela gelako itzalduran, eta gero benetan lokartu zen uholdearen osteko isiltasun indarberritzailearekin. José Palaciosek jakin zuen gaztaroko esaera onaz eta tinbre garbiaz hitz egiten entzun ziolako, zeina ordurako ametsetan bakarrik berreskuratzen baitzuen. Caracasez hitz egin zuen, jadanik berea ez zuen hiri batez, bere kontrako paperez hormak estaliak zituela, eta kaleak giza kakazko korronte batez gainezka. José Palaciosek gelaren zoko batean egin zuen beila, ia ikusezin poltronan, ametsetako konfidentziak ahukukoa ez zen beste inork ezin zitzakeela entzun ziur egoteko. Wilson koronelari keinu bat egin zion ate ertirekitik, eta honek lorategian alderrai zebiltzan guardiako soldaduak urrundu egin zituen.

        «Hemen ez gaitu inork nahi, eta Caracasen inork ez digu obeditzen», esan zuen jeneral lokartuak. «Eskura gaude».

        Erosta mingotsezko salterio batekin jarraitu zuen, herio-haizeak zildrinka zeramatzan aintza porrokatu baten hondarrak. Ia ordu bete eldarniotan eman ondoren korridoreko trumil batek esnatu zuen, eta metal baten ahots arrandiak. Berak zurrunga zakar bat jaregin eta begiak ireki gabe hitz egin zuen, itzartuaren ahots kolorgez:

        «Zer arraio gertatzen da?»

        Gertatzen zen Lorenzo Cárcamo jenerala, emantzipazio-gerretako beteranoa, jenio garratz eta bulartsutasun pertsonal ia erokoa entzunaldietarako aurrez finkaturiko ordua baino lehenago sartzeko ahaleginak egiten ari zela. Wilson koronelaren gainetik pasatua zen sableaz granadari-teniente bat zigortu ondoren, eta parrokoaren botere intenporalera soilik makurtua zen, zeinak gidatu baitzuen era onean alboko bulegora. Jeneralak, Wilsonek informaturik, sumindurik oihu egin zuen:

        «Esaiozu Cárcamori hil egin naizela! Horrelaxe, hil egin naizela!»

        Wilson koronela bulegora joan zen parada-uniformez eta gerrako domina-konstelazio batez adionerako apainduriko militar burrunbatsuari aurre egitera. Baina ordurako haren arrandia lur jota zebilen, eta begiak malkoz blai eginik zeuzkan.

        «Ez, Wilson, ez iezadazu mandatua eman», esan zuen. Entzuna dut».

        Jeneralak begiak ireki zituenean erlojuak ordu bata eta zapi minututan jarraitzen zuela ohartu zuen. José Palaciosek korda eman zion, buruz jarri zuen, eta berehala berretsi zuen ordu zuzena zela leontinazko bere bi erlojuetan. Handik gutxira Fernando Barriga sartu zen eta jeneralari morokil-platerkada bat janarazten ahalegindu zen. Berak kontra egin zion, nahiz eta aurreko egunaz geroztik ezer jan gabe egon, baina platera bulegoan jar ziezaiotela agindu zuen entzunaldietan jateko. Bitartean totuman zeuden guayaba ugarietako bat hartzeko tentazioari amore eman zion. Une batez usainaz horditu zen, hozkada gogotsu bat egin zion, haur-gozamenez murtxikatu zion mamia, alde guztietatik ahogozatu zuen eta poliki-poliki irentsi zuen oroimenaren hasperen luze batez. Gero hamakan eseri zen guayaben totuma zango artean zuela, eta guztiak jan zituen arnasa hartzeko astia doi-doi emanez bere buruari. José Palaciosek azken aurrekoan harrapatu zuen.

        «Hil egingo gara!», esan zion.

        Jeneralak umore onez imitatu zion:

        «Gauden baino gehiagorik ez».

        Hiru t’erdiak puntuan, aurreikusirik zegoenez, bisitariak binaka bulegoan sartzen has zitezela agindu zuen, zeren honela albait lasterren despatxa baitzezakeen bat, bestea kontu egiteko itxaroten zeukala ikusaraziz. Nicasio del Valle doktoreak, lehendabizikoen artean sartu zenak, argi-leiho bati bizkarra emanez aurkitu zuen, nondik menperatzen baitzen etxaldea osoa, eta harantzago zingira ke-jariotsuak. Eskuan zeukan Fernanda Barrigak eraman zion morokil platerkada, eta berak dastatu ere egin ez zuena, zeren ordurako sentitzen hasia baitzegoen guayaben enpatxua. Del Valle doktoreak elkarrikuste hartako inpresioa dialekto zakarrez laburbildu zuen geroago: «Gizon horri dagoeneko kantatu dio piguak».

        Nor bere erara, entzunaldian izan zirenak bat etorri ziren. Hala ere, bere makaleriak gehien hunkituek ere ez zuten errukirik eta albo-herrietara joan zedin tematzen ziren haurren aitabitxi izateko edo obra zibikoak inauguratzeko, edo gobernuaren zabarkeriaz zer lazeri egoeratan bizi ziren egiaztatzeko.

        Guayaben goralarri eta tripaminak alarmagarri bihurtu ziren ordu beteren buruan, eta eten egin behar izan zituen entzunaldiak, nahiz eta goizetik itxaroten zegozkion guztiei atsegina emateko bere gogoak gorabehera. Patioan ez zegoen lekurik txekor, ahuntz, oilo, eta oparitzat eraman zizkioten mendi-animalia mota guztientzat. Guardiako granadariek esku hartu behar izan zuten zarramaltza bat eragozteko, baina normaltasuna arratsean itzuli zen, giro ondu eta isiltasuna hobetu zuen bigarren euri-jasa probidentziazkoari esker.

        Jeneralaren ezezko aitortua gorabehera, alboko etxe batean ohorezko afari bat prestatua zuten arratsaldeko lauretarako. Baina bera gabe ospatu zen, zeren guayaben bertute karminatiboak larrialdi-egoeran eduki baitzuen gaueko hamaikak jo eta gero arte. Hamakan geratu zen, ziztada bihurriz eta uzker usaintsuen artean eratzanik, eta arimak ur abrasiboen artean ihes egiten zion sentsazioarekin. Parrokoak etxeko botikariak prestatutako sendagaia eraman zion. Jeneralak arbuiatu egin zuen. «Goitikagarri batekin boterea galdu banuen, beste batekin Caplánek eramango nau», esan zuen. Bere zoriaren baitan jarri zen, bere hezurretako izerdi glazialagatik dardarka, bera gabeko oturuntzatik bolada galdutan iristen zitzaion korda-musika onaz beste kontsolamendurik gabe. Pixkanaka baretuz joan zitzaion sabeleko iturburua, pasatu zen mina, bukatu zen musika, eta bera ezerezean flotatzen geratu zen.

        Mompoxetik igaro zen aurreko aldiak azkena izateko zoria izan zuen. Caracasetik itzultzen ari zen, bere pertsonaren magiaz José Antonio Páez jeneralarekin larrialdiko onezkoak egin ondoren, zeina hala ere oso urrun baitzegoen bere amets separatistari uko egiteko. Santanderrekiko bere etsaigoa orduan jendartean ezaguna zen, halako punturaino, non uko egin baitzion haren gutunak hartzeari, jadanik ez baitzen fidatzen haren bihotzaz ez moralaz. «Ez ezazu nire adiskide zeure buruari deitzearen lana har», idatzi zion. Gaitzerizko santanderistaren aitzakia berehalakoa jeneralak caracastarrei zuzendu zien proklama presazko bat zen, zeinean gehiegi pentsatu gabe esan baitzuen bere egintza guztiak Caracasen askatasunak eta aintzak gidatuak izan zirela. Nueva Granadara itzultzean Cartagena eta Mompoxi zuzenduriko esaldi justu batez konpontzen ahalegindua zen: «Caracasek bizia eman bazidan, zuek aintza eman zenidaten». Baina esaldiak adabaki erretoriko kutsua zuen santanderisten demagogia ibitzeko aski izan ez zena.

        Azken hondamena eragotzi nahian, jenerala Santa Fera itzuli zen tropa-gorputz batekin, eta bidean beste batzuk biltzeko asmoa zuen beste behin integrazio-ahaleginei ekiteko. Orduan esana zuen hura zuela bere une erabakigarria, Venezuelaren banadura eragoztera joan zenean esan zuenez. Gogoeta apur batek gehiagok, ia hogei urte lehenagotik ez zuela izan bere bizitzan erabakigarria izan ez zen unerik ulertzeko aukera emango ziokeen. «Eliza osoa, armada osoa, nazioaren gehiengo handiena nire alde zegoen», idatziko zuen gerora, egun haiek gogora ekarriz. Baina abantaila guzti hauek gorabehera, esan zuen, jadanik probaturik zegoela hegoaldetik urruntzen zenean iparraldera joateko, eta alderantziz, uzten zuen herrialdea bere bizkar galdu egiten zela, eta gerrate zibil berriek hondatzen zutela. Destinoa zuen.

        Prentsa santanderistak ez zuen aukerarik alferrik galtzen porrot militarrak egozteko gauezko bere demasiei. Bere aintza urritzeko ziren beste gezur oinarrigaberen artean, egun horietan argitaratu zen Santa Fen ez zela izan bera baizik Santander jenerala Boyacáko batailan buru izan zena, zeinarekin zigilatu baitzen 1819ko abuztuaren 7ko independentzia, goizeko zazpietan, bera Tunjan gozamenean zebilen bitartean gizarte birreinaleko dama izen txarreko batekin.

        Edozein modutan ere, prentsa santanderista ez zen bere gau libertinoak gogora ekartzen zituena bakara izen ona kentzeko. Garaipenaren aurretik esaten zen gutxienez hiru bataila galduak zirela independentzi gerretan bera behar zuen tokian egon ordez emakume baten ohean zegoelako. Mompoxen, beste bisita batean, adin eta kolore ezberdinetako emakume-karabana bat igaro zen erdiko kaletik, zeinak utzi baitzuten airea perfume zitalduz asea. Amazona erara zihoazen zaldian, eta arraso estanpatuzko ekitakoak eta zetazko soineko pinpirinak zeramatzaten, hirian beste antzekorik ikusi ez zen bezalakoak. Inork ez zuen gezurtatu bidaian aurrea hartu zioten jeneralaren ohakideak ez zirelako ustekizuna. Ustekizun faltsua, beste hainbeste bezala, zeren bere gerra-serrailoena hil eta gero ere pertsegitu zuten aretoko asmakeria ugarietako bat izan baitzen.

        Ez ziren berriak informazio bihurrituzko metodo haiek. Jeneralak berak erabiliak zituen Espainiaren kontrako gerran zehar, espainiar komandanteak engainatzeko albiste faltsuak inprimatzeko Santanderri agindu zionean. Beraz errepublika instauraturik, ahakar egitean Santander berari bere prentsa gaizki erabiltzen zuelako, honek sarkasmo xaramel batez erantzun zion:

        «Maisu ona izan genuen, Gorentasuna».

        «Maisu txarra», ihardetsi zuen jeneralak, «zeren gogoan izango baituzu asinatu genituen albisteak geure kontra jarri zirela».

        Hain zen sentikorra berataz esaten zen guztiarekiko, zuzena zein okerra izan, non ez baitzen inoiz oneratu edozein gezur oinarrigabetatik, eta heriotzako ordura arte ari izan zen borrokan gezurtatzeko. Hala ere, gutxi zaindu zuen bere burua haietatik. Beste batzuetan bezala, aurreko iragaitzan bezala emakume batengatik jokatu zuen aintza.

        Josefa Sagrario zuen izena, eta guardiako zazpi postuetan zehar pasabidea urratu zuen monpostar leinargia zen, frantziskotar habitu batez mozorroturik eta José Palaciosek eman zion kontrazeinuarekin: «Jainkoaren Lurraldea». Hain zen zuria, non gorputzaren erlantzak ikuskor bihurtzen baitzuen ilunpetan. Gau hartan, gainera, bere edertasunaren miraria apainduriarenaz gainditzea lortu baitzuen, zeren soinekoaren aurrealdetik eta bizkarretik tokiko orfebreria liluragarriz egindako oskol bat esekia baitzuen. Hainbesteraino, non jeneralak besoetan hamakara eraman nahi izan zuenean, ozta-ozta altxatu ahal izan baitzuen urrearen pisuarengatik. Egunsentian, neurriz kanpoko gau baten ostean, emakumeak iraizekotasunaren izua sentitu zuen, eta beste gau bat gehiagoz geratzeko erregutu zion.

        Arrisku neurri gabea izan zen, ze jeneralaren zerbitzu konfidentzialen arabera, Santanderrek konjura bat prestatua baitzedukion boterea kentzeko eta Kolonbia atalkatzeko. Baina geratu egin zen, eta ez gau batez. Hamar gauez geratu zen, eta hain zoriontsu izan ziren, non biak sinestera iritsi baitziren benetan maite zutela elkar beste inork inoiz mundu honetan baino gehiago.

        Emakumeak bere urrea utzi zion. «Zure gerretarako», esan zion. Berak ez zuen erabili ohean irabazitako fortuna, gaizki eskuratua beraz, zelako eskrupuluarengatik, eta adiskide bati utzi zion gordailupean. Ahaztu egin zuen. Mompoxerako bere azken bisitan, guayaben enpatxuaren ondoren, jeneralak kofrea irekiarazi zuen inbentarioa egiaztatzeko, eta orduan soilik aurkitu zuen oroimenean bere izen eta datarekin.

        Mirarizko ikuskaria zen: Josefa Sagrarioren urrezko oskola orfebreriako mota guztietako arazeriaz osatua guztira hogeita hamar librako pisuarekin. Gainera kaxoi bat zegoen hogeita hiru tenedore, hogeita lau labana, hogeita lau koilara, hogeita hiru koilaratxo, azukrea hartzeko matxarda txiki batzuk, dena urrezkoa, eta beste etxe-tresna batzuk balio handikoak, hauek ere abagune ezberdinetan gordailupean utzitakoak, eta hauek ere ahaztuak. Jeneralaren ondasunen desordenu liluragarrian, gutxien pentsaturiko tokietan aurkikunde horiek egiteak azkenerako ez zuen inor harritzen. Berak agindua eman zuen mahai-tresnak bere ekipaian ezartzeko, eta urre-baula jabeari itzul zekiola. Baina San Pedro Apostoluko aita erretoreak zur eta lur utzi zuen Josefa Sagrario Italian erbesteraturik bizi zeneko albisteaz, estatuaren segurtasunaren kontra konspiratzeagatik.

        «Santanderren koplak, noski», esan zuen jeneralak.

        «Ez, jenerala», esan zuen parrokoak. «Zerorrek erbesteratu zenituen konturatu gabe hogeita zortzigarren urteko eskatimengatik».

        Utzi zuen urre-kofrea zegoen tokian, gauzak argitzen ziren bitartean, eta ez zen gehiago arduratu erbesteratuez. Ze ziur baitzegoen, José Palaciosek esan zuenez, Josefa Sagrario bere etsai proskribatuen trumilean itzuliko zela berak Cartagenako kostak bistatik galdu bezain laster.

        «Dagoeneko Casandro bere baulak egiten ari da, nonbait», esan zuen.

        Izan ere, erbesteratu askok ekin zioten berriz aberriratzeari berak Europarako bidaiari heldu ziola jakin bezain laster. Baina Santander jenerala, hausnarketa gartxu eta erabaki hondargabeetako gizona zena, azkenetako bat izan zen. Karguari uko egin zioneko gauak alerta-egoeran jarri zuen, baina ez zuen itzultze-seinalerik eman, ezta aurreko urteko urrian Hamburgon lehorreratu zenetik Europako herrialdeetan zehar hasiak zituen ikasketa-bidaia gogatsuak agudotu ere. 1831ko martxoaren 2an, Florentzian zegoela, Journal du Commerce-n irakurri zuen jenerala hila zela. Hala ere, ez zuen hasi bere itzulera astiroa sei hilabete geroago arte, gobernu berri batek graduak eta ohore militarrak berrezarri, eta kongresuak absentzian errepublikaren presidente hautatu zuen arte.

        Mompoxetik abiatu aurretik jeneralak desirainketazko bisita bat egin zion Lorenzo Cárcamori, bere gerra-lagun ohiari. Orduan jakin zuen soilik larriki gaixoturik zegoela, eta aurreko arratsaldean jaikia zela bera agurtzeko soilik. Eritasunaren triskantzak gorabehera, ahaleginak egin behar zituen bere gorputzaren ahalmena menperatzeko, eta trumoika hitz egiten zuen, burkoez negar-malkozko iturri bat xukatzen zuen bitartean, zeina begietatik baitzerion aldarte-egoerarekin batere zerikusirik gabe.

        Biek batera deitoratu zituzten beren gaitzak, kexatu ziren herrien arinkeriaz eta garaipenaren eskergabekeriez, eta sumindu ziren Santandarren kontra, beti izan baitzuten gai derrigortua. Gutxitan izan zen jenerala hain agerikoa. 1813ko kanpainan zehar, Lorenzo Cárcamo jeneralak eta Santanderrek izan zuten liskar gogor baten lekuko izana zen', honek uko egin zionean muga gurutzatzeko ordenari Venezuela bigarrenez askatzeko. Jeneral Cárcamok pentsatzen jarraitzen zuen hura izan zela mingostasun ezkutuko baten sorrera, historiaren joairak gordintzea besterik egin ez zuena.

        Jeneralak uste zuen, aitzitik, hori ez zela amaiera izan baizik adiskidetasun handi baten hasiera. Ez zen egia ere liskarraren sorrera Páez jeneralari erregalaturiko pribilegioak izan zirela, ezta Boliviaren konstituzio zorigaitzekoa ere, ezta jeneralak Perun onartu zuen inbestidura inperiala ere, ezta Kolonbiarako amets egin zituen presidentetza eta senatu bizitzarakoak, ezta Ocañako Konbentzioaren ostean bereganatu zituen botere absolutuak ere. Ez, ez ziren horiek izan ezta beste hainbeste ere urteetan zehar garraztuz joan zen ezinikusi ikaragarria eragin zuten zioak, irailaren 25eko atentatuan gorena jo arte. «Egiazko kausa izan zen Santanderrek ezin izan zuela inoiz asimilatu kontinente hau herrialde bakarra izan zitekeen ideia», esan zuen jeneralak. «Amerikaren batasuna handi zetorkion». Begiratu zion Lorenzo Cárcamori ohean etzanda betidanik galdutako gerra bateko azken bataila-zelaian bezala, eta amaiera jarri zion bisitari.

        «Jakina, guzti honek ez dik ezer balio defunta hil eta gero», esan zuen.

        Lorenzo Cárcamok jaikitzen ikusi zuen, triste eta desornitu, eta oroitzapenen pisu handiagoa zeramala urteena baino konturatu zen, berak bezala. Bereen artean eskuak hartu zizkionean, biek ere sukarra zutela konturatu zen gainera, eta galdetu zion bere buruari bietarik zeinena izango zen elkar ikustea eragotziko zien heriotza.

        «Mundua alferrik galdu duk, Simón zaharra», esan zuen Lorenzo Cárcamok.

        «Alferrik galdu zigutek», esan zuen jeneralak. «Eta orain berriro hasieratik ekitea besterik ez zegok».

        «Eta egin egingo dugu», esan zuen Lorenzo Cárcamok.

        «Nik ez», esan zuen jeneralak. «Nire zarama-ontzian bota nazaten besterik ez zaidak geratzen».

        Lorenzo Cárcamok pistola pare bat eman zion oroigarritzat arraso karmesizko kutxatila zoragarri batean. Bazekien jeneralari ez zitzaizkiola atsegin suzko armak, eta bere lantze pertsonal urrietan ezpatara jo izan zuela. Baina pistola haiek maitasunezko duelu batean erabili izanaren balio morala zuten eta jeneralak hunkiturik hartu zituen. Handik egun gutxira, Turbacon, Cárcamo jenerala hila zelako albisteak atzemango zuen.

        Bidaiari augurio onekin berrekin zitzaion maiatzaren 21eko igandearen arratsalde amaieran. Ur aldekoek bultzaturik bogalariek baino areago, txanpanek atzean utzi zituzten arbelezko amildegiak eta hondartzen espejismoak. Orain kopuru handiagotan aurkitzen zituzten enbor-baltsek iraduagoak ziruditen. Lehen egunetan ikusitakoez alderantzitara, hauetan ametsetako etxetxoak eraikiak zituzten lorontzi eta leihoetan lehortzen ezarritako arropekin, eta alanbrezko oilategiak zeramatzaten, esne-behiak, txanpanei igaro eta handik puska batera ere agur-seinaleak egiten geratzen zitzaizkien haur zargailduak. Gau osoan bidaiatu zuten izar-ubil batean zehar. Egunsentian, lehen eguzkien argitan, Zambrano herrian begiztatu zuten.

        Portuko zeiba eskergaren azpian don Cástulo Campillo, El Nene deitua zeukaten itxaroten, zeinak bere etxean sankotxo kostatiar bat baitzeukan jeneralaren ohoretan. Gomita legenda batean oinarritzen zen, jeneralak Zambranora egin zuen lehen bisitan portuko haitz-muturrean ostatu ziztrin batean bazkaldu omen zuen, eta esana omen zuen sankotxo kostatiar gozoagatik besterik ez bazen ere urtean behin itzuli behar zuela. Ostatuko ugazabandreari hainbesteko zirrara egin zion mahaikidearen garrantziak, non Campillo familiaren etxe behinari platerak eta mahai-tresnak mailegarazi baitzizkion. Ez ziren asko jeneralak gogoan zeuzkan abagune hartako xehetasunak, ez bera eta ez José Palacios ez zeuden ziur sankotxo kostatiarra Venezuelako okela lodiaren irakina gauza bera ziren ala ez. Hala ere, Carreño jeneralak uste zuen gauza bera zirela, eta portuko haitz-muturrean jana zutela hain zuzen ere, baina ez ibaiko kanpainakoan baizik han hiru urte lehenago egon zirenean bapore-ontzian. Jeneralak, gero eta artegago bere oroimenaren itaizurekin, umiltasunez onartu zuen testigantza.

        Granadarientzako bazkaria Campillotarren oinetxearen patioko almendrondopean izan zen, eta zurezko ohol gainean zerbitzatu zuten zamau ordez platano orriak jarrita. Barne-terrazan, patioa menpean zuela, mahai bikain bat zegoen jenerala eta bere ofizialentzat eta gonbidatu banaka batzuentzat, eskakizun guztiekin ingeles erara ezarria. Ugazabandreak azaldu zuen Mompoxetiko albisteak goizaldeko lauretan harrapatu zituela ustekabean, eta ozta-ozta izan zutela astirik beren larretako buru hobekien hazia lepo egiteko. Han zegoen, atal gozotan ebakirik eta su bizian irakina ur handitan, baratzeko fruitu guztiekin batera.

        Aurrez iragarri gabeko orrits bat prestaturik zeukakioten albisteak umorea garraztua zion jeneralari, eta José Palaciosek bere onezkogile-arterik hoberenetara jo behar izan zuen ontzitik jaistea onar zezan. Festaren giro abegikorrak aldartea ondu zion. Arrazoiz laudatu zuen etxekoen gustu ona eta familiako neska gazteen eztitasuna, zeinek lotsor eta adiguritsu, aintzinako erako jariakortasunez eraso baitzuten ohorezko mahaia. Laudatu zuen, batez ere, baxeraren xahutasuna eta zilar finezko mahai-tresnen tinbrea, denbora berrien fatalitateak sakailduriko etxeren baten enblema heraldikoekin, baina bereez jan zuen.

        Eragozpen bakarra Campillotarrekin bizi zen frantses batek sortu zion, zeinak parte hartu baitzuen bazkarian bizitza honetako eta besteko enigmei buruz bere ezaguera unibertsalak ostari aipu handikoei erakusteko irrika aseezinekin. Dena naufragio batean galdua zuen, eta etxearen erdia hartua zeukan ia urte erdi batez bere laguntzaile eta morroi-ahukuarekin, Orleans Berritik etortzekoak zituen sorospen badaezpadako batzuen zain. José Palaciosek jakin zuen Diocles Atlantique zuela izena, baina ezin izan zuen finkatu zer zientzia zuen berea ezta zer eratako misioa zuen ere Nueva Granadan. Biluzik eta hiruhortza eskuan zuela Neptuno erregea bezalakoa izango zatekeen, eta ongi irabazia zuen herrian mihizakar eta narras aipua.

        Baina jeneralarekiko bazkariak hainbesteraino kitzikatu zuen, non bainatu berri eta atzazal garbituekin iritsi baitzen mahaira, eta maiatzeko sargorian Parisko negu-aretoetan bezala jantzirik, urre-botoizko kasaka urdina eta Direktorioko moda zaharreko fraka arraiadunekin.

        Lehen diosaletik katedra entziklopedikoa ezarri zuen gaztelania garbi batean. Kontatu zuen nola bere ikaskide batek Grenobleko eskola primarioan hieroglifiko egiptiarrak deszifratu berriak zituela hamalau urteko loezinaren ondoren. Artoa ez zela jatorriz Mexikokoa Mesopotamia aldekoa baizik, non aurkituak baitziren Kolon Antilletara iritsi aurreko fosilak. Asiriarrek froga esperimentalak lortuak zituztela astroek eritasunetan duten eraginaz. Arestiko entziklopedia batek zioenaz bestetara, grekoek ez zituztela katuak ezagutu Kristo baino 400 urte lehenago arte. Arazo hauetaz eta beste askotaz pontifikatzen ari zen bitartean, larrialdiko pausaldiak soilik egiten zituen sukaldaritza kriolloaren kultur akatsak deitoratzeko.

        Jeneralak, aurrealdean eseririk, ozta erakutsi zion arreta adeitsua, jaten ari zena baino gehiagoren itxurak eginez plateretik bista altxatu gabe. Frantsesak bere hizkuntzan hitz egiteko ahaleginak egin zizkion lehen unetik, eta jeneralak konplimenduz erantzuten zion, baina berehala gaztelaniara itzultzen zen. Egun hartako jeneralaren egonarriak harritu egin zuen José Laurencio Silva, bai baitzekien zenbat erremintzen zuen europarren absolutismoak.

        Frantsesa ozenki zuzentzen zen gonbidatu ezberdinengana, baita urrunduengana ere, baina bistan zegoen jeneralaren arreta besterik ez zitzaiola axola. Bat-batean, oilarretik astora salto eginez, esan zuenez, era zuzeneko batez galdetu zion zein zitekeen azken finean errepublika berrientzako gobernu-sistema egokia. Eta plateretik bista altxatu gabe, jeneralak bere aldetik galdetu zion:

        «Eta zuk zer deritzozu?»

        «Nire iritzia da Bonaparteren jarraibidea ona dela ez guretzat soilik, baita mundu osoarentzat ere», esan zuen frantsesak.

        «Ez dut hori sinesten duzulako zalantzarik», esan zuen jeneralak ironia disimulatu gabe. «Europarrek uste izaten dute Europak asmatzen duena soilik dela ona unibertso munduarentzat, eta ezberdina den guztia gaitzesgarria dela».

        «Nik ulertua neukan Zure Gorentasuna soluzio monarkikoaren sustatzailea zela», esan zuen frantsesak.

        Jeneralak lehen aldiz altxatu zuen bista. «Bada orain ez ezazu eduki», esan zuen. «Nire bekokia ez du inoiz koroak lohituko». Seinalatu zuen hatzaz edekan-taldea, eta amaitu zuen:

        «Hor daukat Iturbide gogorarazteko».

        «Aipatu duzunez gero», esan zuen frantsesak: «enperadorea fusilatu zutenean zuk egindako aitorpenak hats handia eman zien europar monarkikoei».

        Ez nioke letrarik kenduko orduan esan nuenari». esan zuen jeneralak. «Miresten nau Iturbide bezain gizon arruntak hain gauza harrigarriak egin izanak, baina Jainkoak gorde nazala haren zoritik bere karreratik libratu nauenez, nahiz eta jakin ez nauela inoiz libratuko eskerbeltz beretik».

        Berehala ahalegindu zen laztasuna leuntzen, errepublika berrietan erregimen monarkikoa ezartzearen ekimena José Antonio Páezena izan zela. Ideiak indar hartu zuen, mota guztietako interes nahasiek bultzaturik, eta bera ere hartan pentsatzera iritsi zen presidentetza bizitzarakoaren mantupean estalirik, Amerikaren osotasunari kosta ahala kosta eusteko etsi-etsiko formulatzat. Baina laster ohartu zen bere kontrazentzuaz.

        «Federalismoarekin alderantzizkoa gertatzen zait», amaitu zuen. «Perfektuegia deritzot gure herrialdeentzat, gureak baino askoz bertute eta talentu handiagoak eskatzen dituelako».

        «Nolanahi ere», esan zuen frantsesak, ez sistemek baizik berauen gehiegikeriek desgizatiartzen dute historia».

        «Dagoeneko buruz ezagutzen dugu diskurtso hori», esan zuen jeneralak. «Barrenean Benjamin Constant, Europako pastelgile handienaren tentelkeria bera da, zeina egon baitzen iraultzaren kontra eta gero iraultzarekin, zeinak borroka egin baitzuen Napoleonen kontra eta gero haren aulikoetako bat izan baitzen, zeina sarritan oheratzen baita errepublikar eta jaikitzen baita monarkista, edo alderantziz, eta orain gure egiaren gordetzaile guztizko bihurtu baita europar prepotentziaren ihardunaz eta nahimenaz».

        «Constanten tiraniaren kontrako argudioak oso argiak dira», esan zuen frantsesak.

        «Constant jauna, frantses on bezala, interes absolutuen fanatikoa da», esan zuen jeneralak. «Aldiz, Pradt abatak esan zuen polemika horretako gauza argi bakarra, politika non eta noiz egiten denaren baitan dagoela seinalatu zuenean. Herio-gerran neronek eman nuen zortziehun espainiar exekutatzeko agindua egun berean, baita La Guayra ospitaleko gaixoak ere. Gaur, inguruabar beretan, ez lidake ahotsak ikara egingo agindu bera emateko, eta europarrek ez lukete autoritate moralik izango aurpegira egozteko, ze historiarik baldin badago odoletan, laidokeriatan, injustiziatan blaiturik, Europaren historia da hori».

        Analisian sartzen ari zen neurrian bere suminari haize ematen ari zitzaion, herri osoa hartua zeukala zirudien isiltasunean. Frantsesak, abaildurik, eten egin nahi izan zuen, baina berak geldiarazi egin zuen eskuaren keinu batez. Jeneralak europar historiako hilkintza lazgarriak gogora ekarri zituen. San Bartolomé gauean hildakoen kopurua bi milatik gorakoa izan zen hamar ordutan. Errenaisantzaren loraldian armada inperialen soldatapeko hamabi mila mertzenariok sakaildu, murriztu zuten Erroma eta labanaz pasatu zituzten bertako bizilagunetarik zortzi mila. Eta apoteosia: Ivan IV, Errusia guztien tzarrak, Ikaragarri ongi zeritzonak, Mosku eta Novgorod bitarteko hirietako populazio osoa deuseztatu zuen, eta azken honetan oldar bakarrean bere hogei mila bizilagunak sarraski arazi zituen, bere kontrako konjura bat zegoelako susmo hutsarengatik.

        «Beraz ez iezaguzue gehiago zer egin behar dugun esatearen mesederik egin», amaitu zuen. «Ez irakatsi nolakoak izan behar dugun, ez saiatu zuek bezalakoak izan gaitezen, ez nahi izan guk hogei urtean ongi egitea zuek bi mila urtetan hain gaizki egin duzuena».

        Gurutzatu zituen mahai-tresnak plateraren gainean, eta estreinako aldiz finkatu zituen frantsesarengan bere begi sutuak:

        «Mesedez, arraioa, utz gaitzazue lasai geure Erdi Aroa egiten!»

        Arnasarik gabe geratu zen, eztularen beste atzaparkada batek garaiturik. Baina menpean hartzea lortu zuenean ez zitzaion amorruaren arrastorik ere geratzen. El Nene Campillorantz bihurtu eta bere irribarre hoberenaz nabarmendu zuen.

        «Barka ezazu, adiskide maitea», esan zion. «Honelako mordoilokeriak ez ziren honen bazkari gogoangarri baten duin».

        Wilson koronelak garaiko kronikari bati aditzera eman zion gertakari hau, zeinak ez baitzuen gogorarazteko nekerik hartu. «Jeneral gaixoa kasu akabatua da», esan zuen. Barrenean, horixe zen bere azken bidaian ikusi zutenen ziurtasuna, eta agian horregatik izan zen inork ez testigantza idatzirik uztea. Hainbesteraino, non laguntzaileetako batzuentzat, jenerala ez baitzen historiara pasatu ere egingo.

        Oihana ez zen hain trinkoa Zambranoren igaro eta gero, eta herriak alaiago eta koloretsuago bihurtu ziren, eta batzuetan kale-musikak zeuden inolako kausarik gabe. Jenerala hamakan etzan zen siesta baketsuan frantsesaren ez-esatekoak digeritzen saiatuz, baina ez zitzaion erreza gertatu. Haren baitan jarraitu zuen, José Palaciosekin deitoratuz garaiz aurkitu ez izana orduantxe soilik otutzen zitzaizkion esaldi ziurrak eta argudio gaindiezinak, hamakaren bakardadean eta arerioa helmenetik kanpo zuela. Hala ere, ilunabarrean hobeki zegoen, eta aginduak eman zizkion Carreño jeneralari gobernuak ahaleginak egin zitzan ezbeharrean zegoen frantsesaren zoria hobetzen.

        Ofizial gehienak, naturaren urduritasunean gero eta bistakoago egiten ari zen itsasoaren hurbiltasunak adoreturik, bogalariei lagunduz askatzen zituzten beren aldarte onaren bridak, baioneta-arpoiz kaimanak harrapatuz, lanik errazenak konplikatuz indar soberakinak arintzeko galeote-lanaldiekin. José Laurencio Silvak, aldiz, egunez lo eta gauez lan egiten zuen ahal zuen guztian, eta begi-ganduengatik itsuturik geratzeari zion izu-larri zaharrarengatik, ainaren aldetiko tarteriko batzuei gertatu zitzaienez. Aizarotan jaikitzen zen itsu baliagarria izaten ikasteko. Kanpamenduetako loezinaldietan jeneralak sarritan entzuna zuen bere artisau-jardunetan, berak urringatzen zituen zuhaitzen oholak zerratuz, atalak armatuz, mailuak hilduratuz inoren loak ez asaldatzeko. Biharamunean eguzki argi betean lanak ematen zituen sinesteak halako ebanistari antzeak ilunpetan eginak izan zitezkeenik. Puerto Realeko gauean, José Laurencio Silvak ozta-ozta izan zuen denbora kontrazeinu emateko, zentinela bat disparatzeko zorian baitzegoen, norbait aizarotan jeneralaren hamakaraino itzalgaizka hurbiltzen ari zelakoan.

        Nabigazioa bizkorragoa eta bareagoa zen eta ezbehar bakarra Elbers komodoroaren bapore-ontzi batek sortu zuen, zeina alderantzizko zentzuan igaro baitzen bafadaka, eta haren uharak arriskuan jarri baitzituen txanpanak, eta bizigaiena irauli baitzuen. Erlaitzean El Libertador izena irakurtzen zen letra handitan. Jeneralak pentsakor begiratu zion harik eta arriskua pasatu eta ontzia bistatik galdu zen arte. «Askatzailea», marmar egin zuen. Gero, hurrengo orrialdera pasatzen denak bezala esan zuen:

        «Hori neu naizela pentsatzea ere!»

        Gauean esna egon zen hamakan, bogalariek oihaneko hotsei igartzen jolas egiten zuten bitartean: tximino kaputxinoak, kotorrak, anakonda. Bat-batean, harira etorri gabe, haietako batek kontatu zuen Campillotarrek patioan lurperatu zutela ingeles baxera, Bohemiako kristaleria, Holandako zamauak, gaitzepelaren kutsadura-beldurrez.

        Lehen aldiz entzuten zuen jeneralak kale-diagnostiko hura, nahiz eta arrunta izan ibaian zehar, eta oso laster izango zen izpazter guztian. José Palacios konturatu zen zirrara eragin ziola, ze hamakan kulunkatzeari utzi baitzion. Gogoeta luze baten buruan esan zuen:

        «Nik neure mahai-tresnekin jan dut».

        Biharamunean Tenerife herrira arribatu ziren naufragioan galdutako bizigaiak berrezartzeko. Jeneralak ezkutuan iraun zuen txanpanean, baina Wilson bidali zuen Lenoit, edo Lenoir izeneko frantses merkatari baten aztarnak miatzera, zeinaren alaba Anita orduan hogei bat urtetako edo baitzen. Nola miaketak alferrikakoak izan ziren Tenerifen, jeneralak auzoko populazioetan ere agortzea nahi izan zuen: Guitaro, Salamina eta El Pinen, harik eta konbentzitu arte legendak ez zuela inolako sostengurik errealitatean.

        Bere interesa ulertzekoa zen, zeren urteetan pertsegitua baitzuen Caracasetik Limaraino Anita Lenoit eta bere artean ibaiko kanpainan Tenerifetik igaro zenean grina zentzugabe bat sortua zelako surmur amarrutsuak. Kezkatu egiten zuen, nahiz eta ezer ezin egin gezurtatzeko. Lehendabizi, Juan Vicente Bolívar koronelak, bere aitak ere, San Mateo herriko apezpikuaren aurrean zenbait akta eta sumario pairatu behar izan baitzituen adin txikiko eta nagusikoen ustezko bortxaketengatik, eta beste emakume askorekiko zuen adiskidantza txarrarengatik, pernada-eskubidearen ihardun gogatuan. Eta bigarren, ibaiko kanpainan bi egunez soilik Tenerifen egona zelako, hain maitasun porrokaturako aski ez zirelarik. Hala ere, legendak indar hartu zuen halako punturaino, non Tenerifeko kanposantuan hilobi bat izan baitzen Anne Lenoiten lapidarekin, maiteminduentzako erromes-toki bihurtu zena mendearen amaiera arte.

        Jeneralaren ahukuan burlabide onbera ziren José María Carreñok besoaren mozkunean sentitzen zituen ondoezak. Eskuaren mugimenduak sentitzen zituen, atzamarren ukimena, eguraldi txarrak eragiten zion mina, ez zeuzkan hezurretan. Artean nahikoa umore-zentzu zeukan bere buruaz barre egiteko. Aldiz, kezkaturik zeukan Iotan zegoela egiten zizkioten galderei erantzuteko zuen ohiturak. Edozer eratako elkarrizketak hasten zituen ernealdiko inhibiziorik gabe, iratzarrik zalantza gabe gordeko zituzkeen asmo eta frustrazioak agertzen zituen, eta behin batean oinarririk gabe salatu zuten lotan infidentzia militar bat egin izanaz Nabigazioko azken gauean, jeneralaren hamaka ondoan beilan zegoela, José Palaciosek entzun zuen Carreñok txanpanaren brankatik esan zuela:

        «Zazpi mila zortziehun eta laurogeita bi».

        «Zertaz ari gara hitz egiten?», galdetu zion José Palaciosek.

        «Izarrez», esan zuen Carreñok.

        Jeneralak begiak ireki zituen, Carreño lotan hitz egiten ari zela konbentziturik, eta hamakan agondu zen leihoan zehar gaua ikusteko. Neurrigabea eta distiratsua zen, eta izar aratzek ez zuten zeruan gunerik uzten.

        «Hamar aldiz gehiago bide dira», esan zuen jeneralak.

        «Esan ditudanak dira», esan zuen Carreñok, «gehi bi iheskor zenbatzen ari nintzela igaro direnak».

        Orduan jeneralak utzi hamaka, eta brankan ahoz gora etzana ikusi zuen, inoiz baino itzartuago, gerriz gorakoa biluzia orbain sasituz gurutzaturik zuela, eta izarrak besoaren mozkuneaz zenbatuz. Honela aurkitua zuten Cerritos Blancoseko batailaren ondoren, Venezuelan, odoletan blai eta erdi-trenkaturik, eta lokatzatan zerraldo utzi zuten hilik zegoelakoan. Hamalau sable-zauri zituen, zeinetariko batzuek besoaren galera ekarri baitzioten. Gerora beste batzuk ere pairatu zituen bataila ezberdinetan. Baina moralak osorik iraun zion, eta ezkerreko eskuaz hain trebea izaten ikasi zuen, non bere armen uzutasunarengatik sonatua ez ezik bere kaligrafiaren hautatasunarengatik ere izan baitzen.

        «Izarrek ere ez diote ihes egiten bizitzaren hondamendiari», esan zuen Carreñok. «Orain duela hemezortzi urte baino gutxiago daude».

        «Zoraturik zaude», esan zuen jeneralak.

        «Ez», esan zuen Carreñok. «Zaharturik nago baina aiher natzaio sinesteari».

        «Zortzi urte luze kentzen dizkizut», esan zuen jeneralak.

        «Nik bi gehiago zenbatzen ditut neure zaurietako bakoitzarengatik», esan zuen Carreñok. «Beraz guztietan zaharrena naiz».

        «Kasu horretan, zaharrena José Laurencio izango litzateke», esan zuen jeneralak: «sei bala-zauri, zazpi lantzazko, bi gezizko».

        Carreñok bihurri hartu zuen, eta pozoi gordeaz erantzun zion:

        «Eta gazteena zu izango zinateke: ezta urraturik ere».

        Ez zen lehen aldia jeneralak egia hori ahakar bezala entzuten zuela, baina itxuraz ez zuen minberatu Carreñoren ahotsean, zeinaren adiskidetasuna ordurako frogarik gogorrenetatik pasatua baitzen. Alboan eseri zitzaion ibaiko izarrak begiesten laguntzera. Carreñok berriz hitz egin zuenean, pausaldi luze baten ondoren, ordurako loaren amildegian zegoen.

        «Uko egiten diot bidaia honekin bizitza amaitzera doalakoa onartzeari».

        «Bizitzak ez dira heriotzaz soilik amaitzen», esan zuen jeneralak. «Badira beste modu batzuk, baita duinagoak ere».

        Carreñok kontra egiten zion onartzeari.

        «Zerbait egin beharko litzateke», esan zuen. «Kariakito morezko bainu on bat hartzea besterik ez balitz ere. Eta ez guk soilik: armada askatzaile osoak. Pariserako bigarren bidaian, jeneralak artean entzun gabe zeukan kariakito morezko bainuen hori, lentanaren lorea dena, zorte txarra araotzeko ezaguna bere herrialdean. Aimé Bonpland, Humboldten lankidea izan zen, seriotasun zientifiko arriskutsuaz lore bertutetsu horietaz hitz egin ziona. Aro berean Frantziako justizi gorteko auzi-maisu agurgarri bat ezagutu zuen, Caracasen gazte izana, eta sarritan Parisko areto literarioetan agertzen zena bere melena ederrarekin eta bere apostolu-bizar morez tindatuekin garbikuntza-bainuengatik.

        Berak barre egiten zuen sineskeria edo artifizio supernatural usaina zuen guztiaz, eta baita Simón Rodríguez bere maisuaren arrazionalismoaren kontrako edozein kultuz ere. Orduan hogei urte bete berriak zituen, arestian alargundua eta aberatsa zen, Napoleon Bonaparteren koroakuntzak liluraturik zegoen, framazon egin zen, buruz eta ahots goraz errezitatzen zituen Rousseauren Emilio eta Eloisa Berria-ren bere orrialderik kuttunenak, luzaroan oheburuko liburu izan baitzituen, eta oinez bidaiatua zen, bere maisuaren eskutik eta morralea bizkarrean zuela, ia Europa osoan zehar. Muinoetako batean, bere oinetan Erroma ikusiz, don Simón Rodríguezek bere profezia erretolikatsuetako bat jaregin zion Ameriken destinoaz. Berak garbiago ikusi zuen.

        «Europar masailgorri demontre horiekin zera egin behar da: ostikoka atera Venezuelatik», esan zuen. «Eta zin egiten dizut egingo dudala».

        Azkenean adin nagusitasunez oinordekotza eskuratu zuenean garaiaren suharrak eta bere izaeraren jasak eskatzen zuen moduko bizimoduari ekin zion, eta ehun eta berrogeita hamar mila franko gastatu zituen hiru hilabetetan. Parisko hotelik garestieneko gelarik garestienak zeuzkan, bi morroi libreadun, zaldi zuriekiko kotxe bat auriga turkiar batekin, baita amorante ezberdina ere abagunearen arabera, zela Procopeko kafetegiko bere mahai gogokoenean edo operako teatroko bere palko pertsonalean, eta sinesten zion guztiari kontatzen zion hiru mila peso galduak zituela erruleta-gau txar batean.

        Caracaserako itzuleran oraindik Rousseaurengandik hurbilago zirauen bere bihotzetik baino, eta Eloisa Berria berrirakurtzen jarraitzen zuen grina lotsor batekin, eskuetan barreiatzen zitzaion ale batean. Hala ere, irailaren 25eko atentatuaren aurretxoan, bere zin erromatarrari ohore konplitu eta sobera egin ziolarik, Manuela Sáenzi Emilioren hamargarren berrirakurketa eten zion, liburuari nardagarri iritzi ziolako. «Inon ez nintzen Parisen lauko urtean adina aspertu», esan zion ordukoan. Aitzitik, bertan zegoen bitartean zoriontsu zela soilik ez ezik, lurreko zoriontsuena zela ere sinetsia zuen, bere destinoa kariakito morearen ur auguralez tindatu izan gabe.

        Hogeita lau ordu geroago, ibaiaren magian sorgorturik, hiltamuan eta porrotean, agian galdetu zion bere buruari ez ote zuen atxusain eta salbia-orriak pikotara bidaltzeko keinenik izango, eta José Palaciosen distrakzio-bainuetako laranja mikatzak, eta Carreñoren kontseiluari jarraitu kariakito morezko ozeano berrerosle batean hondoraino murgilduz bere eskale-armadekin, aintza alferrekin, bere errakuntza gogoangarriekin, aberri osoarekin.

        Isiltasun hedatsutako gau bat zen, Llanosetako uharan itzaletan bezala, zeinaren erresonantziak hizketa intimoak zenbait legoatako distantziara entzuteko aukera ematen baitzuen. «Kristobal Kolonek horrelako une bat bizi izana zuen», eta bere egunkarian idatzia zuen: «Gau osoan hegaztiak nola pasatzen ziren entzun nuen». Ze lehorra hurbil baitzegoen, hirurogeita bederatzi eguneko nabigazioaren buruan. Jeneralak ere sentitu zituen. Zortziak aldean hasi ziren igarotzen, Carreño lotan zegoen bitartean, eta handik ordu betera hainbeste zeuzkan buruaren gainean, non hegalen haizea bortitzagoa baitzen haizea bera baino. Handik gutxira txanpanen azpitik igarotzen hasi ziren arrain neurri gabe batzuk hondoko izarren artean errebelaturik, eta ipar-ekialdeko ustelduraren lehen bafadak sentitu ziren. Ez zen beharrezko ikustea askatasun-sentsazio bakan hark bihotzetan isurtzen zuen ahalmen ezinbestekoa aitortzeko. «Pobreen Jainkoa!», hasperen egin zuen jeneralak. Iristen ari gara». Eta halaxe zen. Ezen hantxe baitzegoen itsasoa, eta itsasoaz bestaldetik, mundua.

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990