|
Ipuin gogoangarriak Hodeitxo bat James Joyce «A little cloud», Dubliners itzultzailea: Juan Mari Mendizabal Zortzi urte lehenago esan zion agur Gallaher bere lagunari North Wall ferry-kaian, eta zorte ona opatu. Lagunak aurrera egin zuen. Segituan nabaritzen zitzaion bidaiari trazagatik, ongi jositako tweed-ezko trajeagatik eta azentu seguruagatik. Gizon gutxik zeukaten haren talentua eta are gutxiagok iraun zezaketen aldatu gabe halako arrakastaren ondoren. Gallaher bihotz oneko gizona zen eta merezia zuen arrakasta. Pozgarria zen halako pertsona baten laguna izatea. Gallaherrekin zuen hitzorduak, haren gonbiteak eta bizileku zuen Londres hiri bikainak bete zuten Txiki Chandlerren gogoa bazkalorduz geroztik. Txiki Chandler esaten zioten zeren eta, nahiz eta batez besteko altuera baino apur bat txikiagoa besterik ez izan, gizon txiki baten irudia ematen zizulako. Esku txiki eta zuriak zituen, krosko arina, ahots lasaia, eta molde onekoa zen. Arreta handiz zaintzen zituen zeta antzeko ile eta bibote argia, eta perfume apur bat baino ez zuen erabiltzen mukizapian. Haren azkazaletako igitai-ilargiak perfektuak ziren, eta haurrenak bezain hortz zuriak erakusten zituen irribarre egitean. King's Inns-eko bere bulegoan zegoela, zortzi urte haiek ekarritako aldaketei buruz pentsatu zuen. Berak itxura zarpail eta behartsuz ezagutu zuen laguna sonako pertsonaia bilakatu zen Londreseko prentsa munduan. Sarritan uzten zuen idazte-lan neketsua bulegoko leihotik kanpora begiratzeko. Udazken garaiko azken eguzkiaren distirak belar sailak eta kaleak estaltzen zituen. Urrezko hauts atseginez zipriztintzen zituen aulkietan erdi lo zeuden inude zirtzilak eta agure zaharkituak. Ñir-ñir egiten zuen gorputz mugikor guztiengan: hartxintxarrezko bidexketan zehar oihuka eta korrika ari ziren umeengan eta lorategiak zeharkatzen zituen edonorengan. Irudi hura ikusiz bizitzaz pentsatu zuen; eta (bizitzaz pentsatzen zuen guztietan gertatzen zitzaion legez) goibeldu egin zen. Malenkonia ezti bat nagusitu zitzaion. Konturatu zen zein alferrikakoa zen patuaren aurka borrokatzea; huraxe zen adinak emandako jakituriaren zama astuna. Gogora etorri zitzaizkion etxeko apaletan zeuzkan poesia liburuak. Bere ezkongabe egunetan erosiak ziren eta arrats askotan, sarreraren ondoko gela txikian zegoela, apaletatik baten bat hartu eta emazteari irakurtzeko tentazioa izan zuen. Baina lotsak atzera eragiten zion beti, eta liburuek apaletan segitu zuten. Noizean behin lerroak errepikatzen zituen bere golkorako, eta kontsolagarri suertatzen zitzaion. Ordua iritsi zitzaionean zutitu eta gizalegez esan zien agur lan-mahaiari eta lankideei. King's Innseko arku feudal azpitik irten zen, irudi dotore apala osatuz, eta bizkor ibili zen Henrietta Streeten barrena. Eguzki urrea sartzen ari zen, eta airea hozten. Ume zikin pilo batek betetzen zuen kalea. Geldirik zeuden, edo galtzadan korrika, edo ate erdi irekietara zeramaten eskailerak lauoinka igotzen, edo atarietan saguak bezala kukubilkatuta. Txiki Chandlerrek ez zien jaramonik egin. Trebeziaz aurkitu zuen bidea mutur-zikin haien artean, Dublineko noblezia zaharrak makina bat festa egindako etxe hits espektralen itzalpean. Iraganeko ezein oroitzapenek ez zuen ukitu, presenteko zorionez beteta baitzeukan gogoa. Ez zen inoiz «Corless»enean izan, baina ezaguna zuen izen haren sona. Bazekien jendea hara joaten zela teatroaren ondoren ostrak jatera eta pattarra edatera; eta bertako zerbitzariek frantsesez eta alemanez ba omen zekiten. Arratsetan handik bizkor pasatzean zalgurdiak ikusten zituen ate aurrean geldituta, eta andere arropa finez jantziak jaisten eta presaka barrura sartzen, jaun dotoreez lagunduta. Soineko deigarriak eta txal asko eramaten zituzten soinean. Aurpegia hautseztatuta edukitzen zuten, eta soinekoa altxatzen zuten lurra ukitzerakoan, Atalanta asaldatuak bailiran. Beti pasatzen zen aurrera begira, burua okertu gabe. Kalean bizkor ibiltzeko ohitura zuen, baita egunez ere, eta gau ilunean hirian aurkitzen zen bakoitzean ziztu bizian mugitzen zen, artega eta egonezin. Zenbaitetan, horratik, flirteatu egiten zuen beldurra eragiten zioten gauzekin. Kale ilunenak eta meharrenak aukeratzen zituen eta, kemenez aurrera eginik, bere urratsen inguruan zabaltzen zen isiltasunak asaldatzen zuen, han-hemenka zebiltzan silueta isilek asaldatzen zuten; eta tarteka, barre apal iheskor baten hotsak hostoa bezain dardaraka jartzen zuen. Eskuinera okertu zuen, Capel Streeterantz. Ignatius Gallaher Londreseko prentsan! Nork pentsa zezakeen halakorik zortzi urte lehenago? Hala ere, iragana berriro aztertuz, Txiki Chandlerrek bere adiskidearen etorkizun handiaren zantzu asko gogora zitzakeen. Jendeak esan ohi zuen Ignatius Gallaher zoro bat zela. Egia da, bai, garai hartan libertino mordo batekin ibiltzen zela, neurriz gaindi edaten zuela eta alde guztietatik mailegatzen zuela dirua. Azkenean arazo ilunen batean nahasi zen, diru-transakzioren batean; hura izan zen, batik bat, haren ihesaren bertsio bat. Baina ez zion inork talenturik ukatzen. Bazegoen beti halako... zerbait Ignatius Gallaherrengan, zeure iritziaren aurka ere hunkitu egiten zintuena. Dirurik gabe eta zer egin ez zekiela zegoenean ere, gauzak ongi zihoazkion baten aurpegia jartzen zuen. Txiki Chandler oroitu zen (eta oroitzapenak harrotasunez gorritu zizkion masailak) Ignatius Gallaherrek estutasun batean zegoenean esaten zuen hartaz: «Ea, atsedenaldi bat, mutilak», esaten zuen axolagabeki. «Gauzak hausnartzeko tenorea heldu zait». Halakoxea zen Ignatius Gallaher; eta ze arraio, gizona mirestea beste erremediorik ez zegoen. Txiki Chandlerrek ibilera arindu zuen. Lehenbiziko aldiz bizitzan, ikusten zuen jendea baino garaiago sentitzen zen. Lehenbiziko aldiz arima matxinatu egiten zitzaion Capel Streeteko arrunkeria aspergarriaren kontra. Zalantzarik ez zegoen: arrakasta izan nahi ezkero, kanpora joan behar zenuen. Dublinen ez zegoen ezer egiterik. Grattan zubia zeharkatzean ibaira begiratu zuen, kaialde txirora, eta etxetxo apal haietaz errukitu zen. Arlote taldea iruditu zitzaizkion, ibaiertzetan zehar kukubilkatuta, beroki zaharrak hautsez eta kedarrez estalita, eguzki-sartzearen ikuspegiak txundituta eta altxatu, gorputza astindu eta alde egitera bultzatuko zituen gauaren lehen izotzaren zain. Bere buruari galdetu zion ideia hura adieraziko zuen poema idazteko gai izango ote zen. Beharbada Gallaherrek Londreseko aldizkariren batean sartu ahal izango zuen. Ezer orijinalik idazteko gauza ote zen? Ez zegoen ziur zer ideia adierazi nahi zuen, baina une poetiko batek ukitu zuela pentsatzeak itxaropen baten hastapena piztu zion barruan. Adorez lotu zitzaion bideari. Urrats bakoitzaz Londresetik hurbilago zegoen, batere artistikoa ez zen bere bizitza apaletik urrunago. Argitxo bat dardarka hasi zitzaion gogoaren horizontean. Ez zen hain zaharra: hogeita hamabi urte. Sentiberatasuna heldutasunaren gailurrera iritsi zitzaiola esan zitekeen. Hainbat inpresio eta gogo-egoera desberdin adierazi nahi zituen bertsoetan. Barruan sentitzen zituen. Bere arima haztatzen saiatu zen, poeta-arima ote zuen jakitearren. Malenkonia zuen sentiberatasunaren nota dominantea, pentsatu zuen, baina malenkonia hura fede, etsimendu eta zorion sinpleko aldarteez tenperatuta zegoen. Haren adierazpena poema liburu batean ematen asmatuko balu, agian jendeak jaramon egingo lioke. Ez zen inoiz herri poeta izango: argi zekusan hura. Ezingo zituen masak abiarazi, baina agian interesa piztu ahalko zuen gogaide zirkulu txiki batengan. Kritikari ingelesek eskola zeltakotzat hartuko zuten apika, poemen tonu malenkoniatsuaren kariaz; gainera, erreferentziaren bat edo beste sartuko zuen. Bere liburuak izango zituen kritiketako esaldi eta perpausak asmatzeari ekin zion. «Chandler jaunak bertso erraz eta dotorearen dohaina du»... «Tristura ameslaria darie poema hauei» ... «Nota zeltikoa». Lastima zen bere abizenak irlandar kutsu handiagoa ez izatea. Beharbada hobeto geratuko zen bigarren abizena aurrean jarrita: Thomas Malone Chandler, edo are hobeto: T. Malone Chandler. Gallaherrekin mintzatuko zen hartaz. Ameskeria haietan jarraitu zuen halako grinaz, non bere kaletik harago joan, eta atzera itzuli behar izan zuen. «Corless»enera hurbildu ahala, lehengo asaldura nagusitzen hasi zitzaion eta ate aurrean gelditu zen, ezbaian. Azkenik atea zabaldu eta barrura sartu zen. Tabernako argia eta zarata zela eta, ate ondoan geratu zen une batez. Ingurura begiratu zuen, baina ardo-baso gorri eta berde ugarien distirak lausotu egiten zion ikusmena. Taberna jendez gainezka zegoela iruditzen zitzaion, eta jendea jakin-minez begira zeukala. Ezker-eskuinera begiratu zuen (kopeta apur bat zimurtuz bere zereginari seriotasun airea eman nahian), baina ikusmena zertxobait argitu zitzaionean konturatu zen ez zela inor jiratu berari so egitera; eta hantxe zegoen, noski, Ignatius Gallaher, bizkarra barran bermatuta eta hankak zabal-zabalik. «Kaixo, Tommy, adiskidea, iritsi al haiz? Zer izango da? Zer hartu behar duk? Ni whisky edaten ari nauk: itsasoaren beste aldekoa baino hobea duk. Sodarik? Ur mineralik? Batere ez? Nik ere ez. Zaporea hondatzen dik. ... Ea, garçon, atsegina izan eta ekarri bi malta-whisky erdi. ... Ta...? Nola joan zaizkik gauzak orain hurrenean elkar ikusi genuenetik? Ene bada, nola ari garen zahartzen! Ikusten al duk nigan zahartze-aztarnarik? Zer diok, e? Gandorrean urdintzen hasia eta mehe samar, ezta?» Ignatius Gallaherrek kapelua erantzi eta ilea motz-motz zeraman buru handia erakutsi zuen. Aurpegi lodi zurbila zuen, eta bizarra egin berria. Begiek, arbel antza zuen kolore urdinekoak, eztitu egiten zioten zurbiltasun eribera, eta nabarmen argitzen zuten paparrean zeraman gorbata laranja biziaren gainean. Ezaugarri kontrajarri haien artean ezpainak oso luze eta forma zein kolore gabeak agertzen ziren. Burua makurtu eta bi atzamar erruki beraz ukitu zuen kaskoko ile mehea. Txiki Chandlerrek ezezka mugitu zuen burua. Ignatius Gallaherrek ostera jantzi zuen kapelua. «Kazetaritzak makaldu egiten hau», esan zuen. «Beti batera eta bestera berri bila, eta batzuetan ezer aurkitu gabe; eta gero, beti eskaini behar duk gauza berriren bat. Pikotara frogak eta inprimatzaileak egun batzuez. Izugarri pozten naik sorterrira itzultzeak, benetan. Opor batzuek on egiten ziotek edonori. Askoz hobeto sentitzen nauk Dublin zikin maite honetara iritsi nintzenetik. ... Tori, Tommy. Urik? Esan zenbat». Txiki Chandlerrek whiskya bapo ureztatzen utzi zion. «Ez dakik ondo zer ari haizen galtzen, txo», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Nik hutsik edaten diat». «Oso gutxi edaten diat normalean», esan zuen Txiki Chandlerrek apaltasunez. «Erdiren bat-edo koadrila zaharreko norbait topatzen dudanean, besterik ez». «Tira bada», esan zuen Ignatius Gallaherrek alai. «Egin diezaiogun topa geure buruei, eta garai bateko lagunei». Basoekin topa egin eta edan egin zuten. «Talde zaharreko batzuekin izan nauk gaur», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Ez zirudik O'Harari gauzak ondo doazkionik. Zertan ari da?» «Ezertan ez», esan zuen Txiki Chandlerrek. «Erreka jo dik». «Baina Hoganek postu ona dik, ezta?» «Bai. Landa Batzordean zegok». «Gau batean topatu nian Londresen, eta musugorri samar ikusi nian. ... O'Hara gizagajoa! Zurrutagatik, noski?» «Besteak beste», esan zuen Txiki Chandlerrek, motz. Ignatius Gallaherrek barre egin zuen. «Tommy, ez haiz apurtxo bat ere aldatu», esan zion. «Igande goizetan, buruan ajea eta mingaina espartzua bezala nituela, sermoiak egiten zizkidan pertsona serio berbera haiz. Munduan barrena ibili beharko huke pixka bat. Ez al haiz inora joan, ezta bidaiatu ere?» «Man Irlan egona nauk», esan zuen Txiki Chandlerrek. Ignatius Gallaherrek barre egin zuen. «Man Irlan!», esan zuen. «Joan hadi Londres edo Parisera; aukeran, Parisera. On egingo dik». «Paris ezagutzen al duk?» «Ez diat bada ezagutuko! Handik ere ibilia nauk». «Eta esaten duten bezain polita al da benetan?», galdetu zuen Txiki Chandlerrek. Basotik hurrupatxo bat hartu zuen. Ignatius Gallaherrek, berriz, edan batez hustu zuen berea, harro. «Polita?», esan zuen Ignatius Gallaherrek, atseden hartuz hitzaren eta edariaren zaporea gozatzeko. «Ez duk hain polita, ez ezak uste. Polita duk, bai, noski. ... Baina Pariseko bizitza, hori bai egundokoa. Ai, ez zegok Paris bezalakorik, hango alaitasuna, hango mugimendua, hango grina!» Txiki Chandlerrek bere whiskya edan eta, ahalegin batzuen ondoren, zerbitzariaren arreta lortu zuen. Beste erronda bat eskatu zuen. «Moulin Rougen izan nauk», jarraitu zuen Ignatius Gallaherrek zerbitzariak baso hutsak eraman zituenean, «eta bohemiar kafe guztietan ere bai. Hango giroa! Baina ez duk hi bezalako tipo jainkozale batentzat, Tommy». Txiki Chandlerrek ez zuen ezer esan zerbitzaria bi basorekin itzuli zen arte; orduan adiskidearen basoa arin kolpatu eta aurreko topa bihurtu zion. Apur bat desilusionatuta zegoen. Ez zituen gogoko Gallaherren azentua eta hizketa-modua. Bazegoen bere lagunarengan halako arrunkeria bat, lehenago sumatu ez ziona. Baina agian Londresen kazetaritza munduaren presa eta konpetentzia barruan bizitzeari zor zitzaion. Garai bateko xarma pertsonalak han zirauen, haren portaera dotore berriaren azpian. Izan ere, Gallaher bizitza bizitakoa zen, mundua ikusitakoa. Txiki Chandlerrek adiskideari begiratu zion bekaizti. «Parisen dena duk alaia», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Bizitza gozatzean sinesten ditek. Ez duk uste arrazoi dutela? Benetan gozatu nahi izanez gero, Parisera joan beharra daukak. Gainera, han oso gustukoak ditiztek irlandarrak. Irlandakoa nintzela aditzen zutenean jan egin nahi ninditean, hi». Txiki Chandlerrek lauzpabost hurrupatxo hartu zituen basotik. «Aizak», esan zuen, «egia al da Paris esaten duten bezain... lizuna dela?» Ignatius Gallaherrek zeinu zabala egin zuen eskuin besoaz. «Leku guztiak dituk lizunak», esan zuen. «Hori bai, Parisen bazeudek leku bereziki pikanteak. Estudianteen dantzaldiak, esaterako. Oso animatuak izaten dituk cocotte delakoak ilea askatzen hasten direnean. Jakingo duk zer diren, noski.» «Badiat haien aditzea», esan zuen Txiki Chandlerrek. Ignatius Gallaherrek bere whiskya hustu eta burua aldez alde astindu zuen. «Ai, nahi duana esango duk», esan zuen. «Baina Pariseko emakumea bezalakorik ez zegok. Haien estiloa, haien energia!» «Hortaz, hiri lizuna duk», esan zuen Txiki Chandlerrek herabetasun tematiz. «Alegia, Londres edo Dublinen ondoan». «Londres!», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Han ere beste horrenbeste. Galde egiok Hogani, motel. Londreseko pare bat gauza erakutsi nioan han izan zenean. Hark zabalduko dizkik begiak. ... Hi, Tommy, zer ari haiz, whiskya urtzen uzten? Edan ezak!» «Benetan, ez...» «Tira, tira, beste batek ez dik kalterik egingo. Zer nahi duk? Lehengoa, noski?» «Beno... konforme». «Beste erronda bat, François. ... Erre nahi al duk?» Ignatius Gallaherrek puru-kaxatxoa atera zuen. Bi adiskideak poroa piztu eta isiltasunean erretzen egon ziren edariak ekarri zizkieten arte. «Neure iritzia esango diat», esan zion Ignatius Gallaherrek, geroxeago babesleku zituen ke-lainoen artetik agertu zenean. «Mundu bitxia duk hau. Lizunkeriaz mintzatzea ere! Aditu diat zenbait kasu... zer diot nik? Ezagutu egin dizkiat. Zera... lizunkeria kasuak». Ignatius Gallaherrek atxiki batzuk eman zizkion puruari, gogoetatsu, eta gero, historialari baten tonu geldoaz, atzerrian nagusi zen lohikeriaren zenbait irudi deskribatzeari ekin zion. Hiriburu askoren bizioak laburbildu zizkion, bere iritziz guztien artean muturrekoena Berlin bide zela gaineratuz. Zenbait gauza ezin egiazta zitzakeen (lagunek esandakoak ziren), baina beste batzuk berak bizitakoak ziren. Ez zuen inor ez ezer tente utzi. Kontinenteko etxe erlijiosoen sekretu asko agertu zizkion, gizarte-maila gorenean boladan zeuden zenbait ohitura deskribatu, eta azkenik xehetasun guztiekin kontatu zion dukesa ingeles bati buruzko istorioa, benazkoa zela bazekien istorioa. Txiki Chandler txundituta geratu zen. «Baina tira», esan zuen Ignatius Gallaherrek, «orain Dublin zaharrean gaudek, eta hona ez duk iristen horrelako gauzen berri». «Hiri aspergarria iruditu behar zaik», esan zuen Txiki Chandlerrek, «ezagutu dituan beste lekuen aldean!» «Beno, atseden gisakoa duk hona etortzea», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Eta azken finean sorterria duk, esaten den bezala, ezta? Ezin duk saihestu nolabaiteko atxikimendua izatea. Giza izaera horrelakoa duk. ... Baina konta iezadak zerbait herorri buruz. Hoganek esan zidaan jadanik... gozatu duala ezkon bizitzaren zoriona. Duela bi urte, ezta?» Txiki Chandlerrek gorritu eta irribarre egin zuen. «Bai», esan zuen. «Joan den maiatzean egin dik urtebete». «Zoriona opatzeko ez ahal duk beranduegi izango baldinbaitere», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Ez nekian non bizi hintzen, bestela bere garaian esango niakeen». Eskua luzatu zion, eta Txiki Chandlerrek estutu. «Tira bada», esan zuen, «zorion osoa opa diat bizitzan, adiskidea, eta diru mordo bat, eta biziko ahal haiz nik tiroz hil arte. Eta adiskide zintzo baten opa duk, adiskide zahar batena. Badakik, ezta?» «Bazekiat», esan zuen Txiki Chandlerrek. «Umerik bai?», esan zuen Ignatius Gallaherrek. Txiki Chandler ostera gorritu zen. «Haur bat zeukaagu», esan zuen. «Semea, ala alaba?» «Mutikoa». Ignatius Gallaherrek zaflada ozen batzuk jo zizkion adiskideari bizkarrean. «Bapo, Tommy», esan zuen. «Ez nian dudarik egiten». Txiki Chandlerrek irribarre egin, basoari aztoratuta begiratu eta beheko ezpaina hozkatu zuen hiru haur-hortz zuriz. «Londresera itzuli aurretik gurekin arratsen bat ematea espero diat», esan zuen. «Emaztea oso poztuko duk hi ezagutzean. Musika pixka bat entzun genezakek eta...» «Eskerrik asko, txo», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Lastima duk lehenago elkartu ez izana. Baina bihar gauean abiatu behar diat». «Beharbada gaur arratsean...?» «Izugarri sentitzen diat, motel. Zera, kontua duk beste tipo batekin nabilela hemen, tipo azkarra oso, eta kartetan aritzekotan geratu gaituk. Horregatik, bestela...» «Tira, hala bada...» «Baina nork daki?», esan zuen Ignatius Gallaherrek gizalegez. «Datorren urtean ihesalditxo bat egin nezakek hona, izotza hautsi dudanez. Atsegina atzeratzea besterik ez duk izango». «Oso ongi», esan zuen Txiki Chandlerrek. «Hurrena etortzen haizenean arrats bat eman behar diagu elkarrekin. Hitzartuta zegok, ezta?» «Bai, horixe», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Datorren urtean etortzen banaiz, parole d'honneur». «Eta akordioa biribiltzeko, beste bat hartuko diagu», esan zuen Txiki Chandlerrek. Ignatius Gallaherrek urrezko erlojutzar bat atera eta begirada bota zion. «Azkenekoa izango al da?», esan zuen. «Izan ere, hitzordua diat eta». «Bai, bai, azkenekoa», esan zuen Txiki Chandlerrek. «Hartara, primeran», esan zuen Ignatius Gallaherrek. «Har dezagun beste bat deoc an doruis gisa; oso oker ez banabil, halaxe esaten zaiok whiskytxo bati jatorrizko hizkuntzan». Txiki Chandlerrek edariak eskatu zituen. Lehentxeago aurpegian azaldutako gorritasuna finkatzen ari zitzaion. Edozein xumekeriak gorriarazten zuen; eta orain bero eta kitzikatuta sentitzen zen. Hiru whisky erdiak burura igoak zitzaizkion, eta Gallaherren puro indartsuak gogoa nahasia zion, bera pertsona sentibera eta edan-urria baitzen. Zortzi urte ondoren Gallaherrekin elkartzearen abenturak, «Corless»enean argi eta zarataz inguraturik Gallaherrekin egoteak, Gallaherren istorioak entzuteak eta Gallaherrekin une batez haren bizitza mugitu eta arrakastatsua banatzeak hautsi egin zuen Chandlerren izaera sentiberaren oreka. Bizitasun handiz sumatzen zuen bere bizitzaren eta lagunarenaren arteko kontrastea, eta bidegabea iruditzen zitzaion. Gallaher bera baino apalagoa zen jaiotzez eta hezikeran. Ziur zegoen bere adiskideak egindako edo inoiz egin zezakeen baino gauza hobeak egin zitzakeela berak, kazetaritza sasi-dotorea baino zerbait hobea, baldin eta aukera ematen bazioten. Zerk oztopatzen zion bidea? Lotsa zorigaiztoko hark! Bere burua gainditu nahi zuen, bere gizatasuna baliarazi. Ikusten zuen zer zegoen Gallaherrek gonbitea ez onartzearen atzean. Gallaher mesedea egiten ari zitzaion adiskidetasuna erakutsiz, bere bisitaz Irlandari mesedea egiten ari zitzaion bezalaxe. Zerbitzariak edariak ekarri zizkien. Txiki Chandlerrek baso bat adiskidearenganantz bultzatu eta harrokeriaz jaso zuen bestea. «Nork daki?», esan zuen biek basoak altxatzen zituzten bitartean. «Agian datorren urtean etortzen haizenean Ignatius Gallaherri eta haren andreari bizitza luzea eta zoriona opatzeko atsegina izango diat». Ignatius Gallaherrek edaterakoan begi-keinu adierazkorra egin zion baso-ezpainaren gainetik. Edan ostean mingainaz klask egin zuen segurtasunez, eta basoa mahai gainean utziz esan: «Alde horretatik ez duk beldurrik izan behar, txo. Lehenbizi mundua ikusi behar diat, eta bizitza gozatu; sartuko nauk gero arrastoan... inoiz sartzen banaiz». «Egunen batean egingo duk», esan zuen Txiki Chandlerrek, lasai. Ignatius Gallaherrek gorbata laranja eta begi arbel-urdinak jiratu zituen bere adiskideari bete-betean begiratzeko. «Hala uste al duk?», esan zuen. «Sartuko haiz arrastoan», errepikatu zuen Txiki Chandlerrek deliberamenduz. «Besteok bezala egingo duk, neska aurkitzen asmatzen baduk». Enfasi handiegiz esan zituen hitzok eta konturatu zen bere burua saldu zuela; baina masailetako kolorea areagotu bazitzaion ere, ez zuen begirik kliskatu lagunaren begirada tinkoaren aurrean. Ignatius Gallaher apur bat begira geratu zitzaion, eta ondoren esan zuen: «Inoiz halakorik gertatuko balitz, burua apustu egin dezakek ez dela ilargiari begira laztan hutsaletan jarduteko izango. Diruagatik ezkonduko nauk. Neskak kontu potoloa izan beharko dik bankuan, bestela ez diat aintzat hartuko». Txiki Chandlerrek ezker-eskuin astindu zuen burua. «Baina gizona, ez al dakik ezer bizitzaz?», esan zuen Ignatius Gallaherrek berotuta. «Hitz bat esan eta bihar bertan eduki zitzakeat bai emakumea bai dirua. Ez duk sinesten? Ba egia hutsa duk. Bazeudek ehunka... zer diot, ehunka?, milaka alemaniar eta judu aberats zeudek, diruz gainezka, gustura asko egingo luketena. ... Egon hadi, motel, eta ikusiko duk kartak zuhur jokatzen ditudan ala ez. Zerbait nahi dudanean lortu egiten diat, bai horixe. Ikusiko duk». Basoa ahora eraman, hustu, eta ozen barrezka hasi zen. Gero gogoetatsu aurrera begiratu, eta tonu lasaiago batez jarraitu zuen: «Baina ez diat presarik. Itxaron zezaketek. Izan ere, emakume bakar bati lotzea ez diat oso gogoko». Ahoaz imitatu zuen zerbait dastatzeko imintzioa, eta aurpegia okertu zuen. «Zaharmindu egin behar dik, nire ustez», esan zuen. Txiki Chandler eserita zegoen sarrera ondoko gelan, haur bat besoetan zeukala. Dirua aurreratzearren ez zuten neskamerik, baina Annieren ahizpa gaztea, Monica, ordubete inguru azaltzen zen laguntzera goizez eta beste ordubete inguru arratsaldez. Monica aspaldi joan zen etxera, ordea. Bederatziak laurden gutxi ziren. Txiki Chandler berandu etxeratu zen afaltzera, eta gainera ahaztu egin zitzaion Annieri Bewley-renetik kafea ekartzea. Emaztea umore txarrez zegoen, noski, eta erantzun motzak eman zizkion. Afaldu gabe moldatuko zela esan zuen, baina kantoiko denda ixteko ordua hurbildu zenean, irtetea erabaki zuen libra laurden bat te eta bi libra azukre erostera. Lokartutako haurra trebeziaz besoetan jarri zion, esanez: «Tori. Ez dadila esnatu». Mahai gainean lanparatxo bat zegoen, portzelana zurizko pantailarekin, eta haren argipean argazki bat zegoen adar ildaskatuzko marko baten barruan. Annieren argazkia zen. Txiki Chandler hari begira jarri zen, ezpain mehe estuetan geldituz. Udako atorra urdin argia zeraman soinean, berak larunbat batean opari gisa etxera eramandakoa. Hamar txelin eta hamaika penike kosta zitzaion; baina hura urduritasun-agonia pasa zuena! Nola sufritu zuen egun hartan, kanpoan zain denda hustu zen arte, erakusmahai ondoan zutik eta lasaitasun itxura egin nahian neskak emakume-blusak aurrean pilatzen zizkion bitartean, ordaintzerakoan soberako penikea hartzea ahaztuz, kutxazainak dei egin ziolarik, eta azkenik, dendatik aldentzean senperrenak eginik musu gorritua fardeltxoaz ezkutatzeko, haria ondo lotuta ote zegoen begira. Blusa etxera eraman zuenean Anniek musu eman zion, oso polita eta dotorea zela esanez; baina prezioa aditu zuenean blusa mahai gainera jaurti eta haren truke hamar txelin eta hamaika penike eskatzea lapurreta hutsa zela esan zuen. Hasieran itzuli nahi izan zuen, baina probatu zuenean xoratuta geratu zen, batez ere mahuken ebakeragatik, eta musu eman zion esanez oso ona zela bera gogoan edukitzeagatik. Hm!... Hotz begiratu zien argazkiko begiei, eta hotz erantzun zioten haiek. Politak ziren inondik ere, eta aurpegia bera ere polita zen. Baina halako kutsu purtzil bat sumatzen zion. Zergatik zirudien aurpegiak hain axolagabe eta fina? Begien naretasunak sutan jartzen zuen. Gogor egiten zioten, erronkari: ez zegoen haietan grinarik ez zorabiorik. Gallaherrek emakume judu aberatsei buruz esandakoa etorri zitzaion gogora. Ekialdeko begi ilun horiek, pentsatu zuen, zein beteta dauden grinaz, boluptatezko irrikaz! ... Zergatik ezkondu behar izan zuen argazkiko begiekin? Harrituta geratu zen galderaren aurrean, eta gela inguruan begira hasi zen urduri. Halako kutsu purtzil bat sumatzen zien etxerako epetan erosi zituen altzari politei. Anniek berak aukeratu zituen, eta Chandlerri emaztea zekarkioten gogora. Emaztea bezala, haiek ere politak eta eratsuak ziren. Bere bizitzaren aurkako haserre gor bat piztu zitzaion barruan. Ezin ote zuen etxetxo hartatik ihes egin? Beranduegi ote zen Gallaher bezala modu ausartaz bizitzeko? Ezin ote zen Londresera joan? Altzariak ordaindu gabe zeuden oraindik. Liburu bat idaztea eta norbaitek argitaratzea lortuko balu sikiera, hark bidea zabalduko lioke apika. Byronen poema liburu bat zeukan aurrean, mahai gainean. Arreta handiz ireki zuen ezkerreko eskuaz haurra ez esnatzearren, eta liburuko lehen poema irakurtzeari ekin zion: «Naretu dira haizeak, arratseko iluna isildu da Zefiro bakar bat ere ez dabil zuhaiztian zehar Nire Margareten hilobira itzultzen naizenean Loreak sakabanatuz maite dudan hauts gainean». Eten bat egin zuen. Bertsoaren erritmoa sentitu zuen inguruan. Zein malenkoniatsua zen! Berak ere hala idatz ote zezakeen? Bere arimaren malenkonia bertsotan adierazi? Zenbat gauza deskribatu nahi zituen! Esaterako, ordu batzuk lehenago Grattan zubian izandako sentipena. Atzera berriz gogo-giro hartara itzuli ahal izango balitz... Haurra esnatu eta negarrez hasi zen. Bera liburua utzi eta isilarazten saiatu zen, baina alferrik, ez zuen isildu nahi. Besoetan kulunkatzen hasi zen, baina umeak adore berriz ekin zion garrasi egiteari. Berak bizkorrago kulunkatu zuen, bere begiek bigarren ahapaldia irakurtzen zuten bitartean: «Gelatxo estu honen barruan datza haren buztina Buztin horretan behiala...» Alferrik zen. Ezin zuen irakurri. Ezin zuen ezer egin. Haurraren garrasiek tinpanoa zulatzen zioten. Alferrik zen, alferrik! Bizi osorako preso zegoen. Besoak dardaraka zeuzkan haserrearen poderioz eta kolpetik, haurraren aurpegirantz makurtuz, oihu egin zion: «Ixo!» Haurra pixka batean isildu zen; gero izu-espasmo bat izan zuen, eta garrasika hasi zen. Bera aulkitik jauzi eta urrats bizkorrez gelan batera eta bestera hasi zen, haurra besoetan zeramala. Hark negar-zotin erdiragarriei eman zien, lauzpabost segundoz arnasa-hustuz eta indar berriekin hasiz. Gelako horma meheek ozendu egiten zuten ardaila. Haurra lasaitzen saiatu zen, baina haren negar-zotinak areagotu egin ziren. Haurraren aurpegi uzkurtu eta dardaratiari begiratu zionean izutu egin zen. Zazpi zotin zenbatu zituen inongo etenik gabe, eta haurra bularraldera eraman zuen, beldurrez. Hilko balitz!... Atea bat-batean zabaldu zen eta emakume gazte bat sartu zen, arnasestuka. «Zer du? Zer du?», oihukatu zuen. Haurraren negar-zotinak geldiezinak egin ziren amaren ahotsa sentitzean. «Ez da ezer, Annie... Ez da ezer. ... Negarrez hasi da...» Emazteak erosketak zorura bota eta indarrez kendu zion haurra besoetatik. «Zer egin diozu?», oihukatu zion haserre bizian, begietara so eginez. Txiki Chandlerrek haren begien soari puska batez eutsi zion, eta bihotza uzkurtu egin zitzaion haietan gorrotoa sumatu zuenean. Totelka hasi zen: «E-ez da ezer. ... Ne-negarrez hasi da. ... Ezin... izan dut... E-e-ez dut ezer egin. ... Zer?» Berari jaramonik egin gabe, gelan gora eta behera hasi zen ama, haurra beso artean estutuz ahopeka zioelarik: «Ene gizonttoa! Ene gizontto maitea! Ikaratuta al zeunden, laztana? Lasai, laztana! Lasai! ... Ene pottokoa! Amatxoren axuri ttikia! ... Lasai, lasai...» Txiki Chandlerrek masailak lotsaren lotsaz gorritzen zitzaizkiola sumatu zuen, eta lanparen argitik urrundu zen. Haurraren negar-zotinak gero eta apalago aditzen zituen; eta begiak arrangurazko malkoez bete zitzaizkion. Ipuin gogoangarriak |