Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997

 

Logalea

 

Anton Txekhov

 

«L'envie de dormir»,

Ouvres complètes IX

 

itzultzailea: Juan Mari Mendizabal

 

 

        Gaua.

        Varka, 13 urteko neskamea, sehaskan datzan haur bat kulunkatzen ari da. Ozta-ozta aditzen den ahotsaz kirimika ari zaio:

 

                Haurra, egizu lotxoa,

                emanen dizut goxoa...

 

        Ikonoaren aurrean lanpara berde txiki bat dago piztuta. Soka bat dago zabalduta gelan alderik alde, eta bertatik haur-oihalak eta fraka luze beltz batzuk daude eskegita. Lanparatxoak orban berde zabal bat eratzen du sabaian, eta haur-oihalek zein frakek itzal luzeak proiektatzen dituzte berogailuan, sehaskan eta Varkarengan... Lanparen garra balantzaka hasten denean, orbanak eta itzalek bizitza propioa hartu eta mugitzeari ekiten diote, haizea balebil bezala. Giroa itogarria da. Aza-zoparen eta boten larruaren usaina barreiatzen da nonahi.

        Haurra negarrez dago. Luzaro darama ahituta eta marranta negarraren poderioz; hala ere negarrez jarraitzen du, ezin jakin noiz isilduko den.

        Eta Varkak lo egin nahi du. Begiak ixten zaizkio, burua abailtzen zaio, mina du lepoan. Ezin ditu betazalak eta ezpainak mugitu, gorputza lehorra begitantzen zaio, egurrezkoa bezalakoa, eta burua txiki-txikia, orratz baten burua bezain txikia.

        Aitak bat eta amak bi, ari da urrumaka, «jasan zergakoak hamabi...»

        Kilkir bat kantuan ari da labe inguruan. Alboko gelako atearen atzetik zurrungak iristen dira, nagusiarenak eta Afanassii morroiarenak... Sehaskak karraska egiten du arranguratsu. Varka kantuan ari da ahots apalez, eta hots guztion baturak nokturno loeragile gisako bat sortzen du, oheratzerakoan entzuteko goxo-goxoa dena. Orain, ordea, musika honek amorratu egiten du Varka, bere onetik ateratzen du, logalea duelako, eta neskameak ez du lokartu behar. Varka lokartuko balitz —Jainkoak gorde dezala halakotik!—, etxeko nagusiek jipoitu egingo lukete...

        Lanparatxoaren garrak balantza egiten du; orban berdea eta itzalak mugitzen hasten dira, irristaka bezala Varkaren begi tinko erdi bilduetan. Eta haren burmuin erdi lokartuan, amets lausoak sortuz doaz. Irudi goibelak ikusten ditu elkarren atzetik zeruan barrena, negarrez haur baten modura. Baina haizea altxatzen da, hodeiak ezkutatu, eta Varkak errepide zabal bat ikusten du, lokatz bustiz estalia. Gurdi errenkada bat dabil bidean; jendea pasatzen da, zakutoak soinean; itzalak dabiltza inguruan, han-hemenka. Bidearen bi alboetan, langar hotz higuingarrian, basoak hautematen dira. Bat-batean, zakutoak daramatzan jendea eta itzalak lurrean etzaten dira, lokatzaren gainean. «Zergatik egiten duzue hori?», galdetzen die Varkak. «Egin lo, egin lo», erantzuten diote bidaztiek. Eta goxo-goxo hartzen ditu lo beteak. Hari telegrafikoen gainean beleak daude, eta mikak, garrasika haurrak bezala, haiek esnarazten saiatzen dira.

        «Haurra, egizu lotxoa», xuxurlatzen du Varkak, «emanen dizut goxoa...»

        Eta orain basetxe goibel batean ikusten du bere burua, bertako bero itogarrian. Bere aita zena, Yefim Stepanov, zoruan etzanda dago, iraulka. Varkak ez du ikusten, aditu egiten du bakarrik. Oinazeen eraginaz ari da iraulka zoruan, ulu bizian. «Herniaren kolpea», hark esan ohi duen bezala. Hainbesteko oinazeak pairatzen ditu, non hitzik ere ezin baitu ebaki. Airea biriketaratu besterik ez du egiten, eta haren hortzek danbor-arrada etengabe baten modura egiten dute: karrask-karrask-karrask...

        Pelageia bere ama korrika abiatu da nagusiengana, Yefim hilzorian dagoela esatera. Aspaldi joan da, eta honez gero itzulia behar zuen. Varka, labe gainean etzanda, ez dago lo; adi-adi jarraitzen ditu aitaren dum-dum-dum-dum hotsak. Baina norbait inguratzen da basetxera. Nagusiek hiriko mediku gaztea bidaltzen dute, etxean baitzuten. Doktorea basetxearen ilunpean sartzen da. Ez dute ikusten, baina eztulka aditzen dute, ate joka.

        «Piztu argia!», esaten du.

        «Dum-dum-dum-dum...», erantzuten du Yefimek.

        Pelageia laberantz oldartzen da, eta pospoloak gordetzen dituen lorontziaren bila hasi. Isilune bat gertatzen da. Doktoreak patrikatik pospolo bat atera eta piztu egiten du.

        «Itxaron apur bat, jauna», esaten du Pelageiak, basetxetik kanpora lehiatuz, «oraintxe nator».

        Eta kandela mutur batekin itzultzen da luze gabe.

        Yefimek arrosa kolorekoak ditu masailak, dirdaitsuak begiak. Zorrotz-zorrotza du begirada, basetxea zein doktorea aldez alde zeharkatuko balitu bezalakoa.

        «Ea, ikus dezagun. Ideia ondo bitxiak dituk, gero», esaten dio medikuak gainean makurtuz. «Hara! Aspalditik al duk hau?»

        «Zer dio, jauna? ... Hiltzeko ordua iritsi zait, jaun prestua! ... Honez gero nireak egin du!»

        «Ez txorakeriarik esan... Sendatuko haiz!»

        «Berorrek hala badio... apaltasunez estimatzen diot, baina egin beza kontu... Herioa etorri bazait, zer egin dezaket?»

        Medikuak ordu laurden batez aztertzen du Yefim. Gero zutitu eta honela esaten dio:

        «Nik ezin diat ezer egin... Ospitalera eraman behar haute. Bertan ebakuntza egingo diate. Joan hadi lehenbailehen. ... Hoa segituan! ... Orain berandu samar duk, ospitalean denak lo zeudek; baina berdin duk, mezu bat emango diat bertan entregatzeko. Aditu al duk?»

        «Baina jauna», esaten du Pelageiak, «nola joan behar dugu ospitalera? Guk ez daukagu zaldirik».

        «Ez du axola. Zuen nagusiei eskatuko diet. Haiek emango dizuete bat».

        Abiatu da medikua. Itzali da kandela, eta berriro ere aditzen da: karrask-karrask-karrask...

        Ordu erdi bat beranduago, norbait inguratzen da basetxera. Nagusiek orga txiki bat bidaltzen dute ospitalera joan daitezen. Yefim prestatu eta abiatu egiten da.

        Goiza argi eta eder iristen da. Pelageia ez dago etxean. Ospitalera joan da, Yefimi nola doakion jakitera. Non edo non haur bat negarrez ari da, eta Varkak bere ahotsa duen norbait aditzen du ahopetik abesten:

        «Haurra, egizu lotxoa, emanen dizut goxoa...»

        Pelageia itzultzen da. Aitarena egiten du, eta ahots apalez esan:

        «Gauean Elizakoak hartu ditu, eta goizean Jainkoari eman dio arima... Zeruko erresuma eta betiko bakea harenak bitez! ... Beranduegi aztertu dutela diote... Lehenago hauteman balitzaio...»

        Varka basora irteten da negar egitera, eta itsumustuan norbaitek garondoan jotzen du, halako indarrez non buruaz alboko urkia kolpatzen duen. Begirada jaso, eta nagusia ikusten du aurrean, zapataria.

        «Zertan ari haiz, alproja hori?», esaten dio. «Haurra negarrez ari dun, eta hi lotan?!»

        Belarritik tiratzen dio indarrez. Varkak burua zutitu, sehaska kulunkatu, eta ostera ekiten dio apal kantatzeari. Orban berdea eta haur-oihalen eta fraken itzalek binbili-bonbolo hasten dira, dardaraka, eta oso laster burmuinaz nagusitzen zaizkio berriro ere. Ostera ikusten du lokazturiko bidea. Zakutoekiko pertsonak eta etzaniko itzalak lo betean daude. Varkak, haiei begiratuz, egundoko logalea sentitzen du. Gustura oheratuko litzateke, baina Pelageia darama alboan, orpoz orpo. Hirira doaz biak, tipi-tapa, lan bila.

        «Eskupeko bat, Jainkoaren izenean!», eskatzen die amak bidezkoei. «Jende bihozbera, erakuts ezazue kristau ontasuna».

        «Emadan haurra!», erantzuten dio ahots ezagun batek. «Emadan haurra!», errepikatzen du ahots berak, zakar eta haserre. «Lo al hago, alferrontzi halakoa?»

        Varkak izualdia hartzen du. Ingurura begiratu, eta dena ulertzen du. Ez dago biderik, ez Pelageia zein bidezkorik; etxekoandrea dago bakarrik, gelaren erdian, haurrari bularra eman nahian.

        Sorbalda zabaleko emakumeak titia emanez haurra lasaitzen duen bitartean, Varka zutik dago, hari begira, noiz bukatuko zain. Leihoen atzean airea urdintzen hasi da; sabaiko itzalak eta orban berdea nabarmen zurbilduz doaz; oso laster, goiza izango da.

        «Har ezan!», esaten dio etxekoandreak, atorraren bularraldeko botoiak lotuz. «Negarrez zegon. Begizkoa egin bide zioten...»

        Varkak haurra hartu, sehaskan ipini, eta eragiteari ekiten dio. Orban berdea desagertuz doa apurka-apurka; jada ez dago buruan sartu eta gogoa lauso diezaiokeen ezer. Baina, lehen bezala, logale izugarria du. Varkak sehaska-ertzaren kontra burua jarri eta gorputz osoa kulunkatzen du logura menderatzearren. Itxi egiten zaizkio begiak, ordea; astun sentitzen du burua.

        «Varka!», oihukatzen dio nagusiak atearen atzetik, «piztu ezan labea!»

        Heldu da, beraz, jaikitzeko ordua, lanari ekiteko tenorea. Varka sehaska utzi eta estalpera lastertzen da egur bila. Ibiltzen edo korrika ari denean ez du eserita dagoenean beste logalerik sentitzen. Egurra eramaten du, labea pizten du. Gorputz sorgortua bizkortzen sentitzen du, ideiak argitzen.

        «Varka!», esaten dio etxekoandreak. «Presta ezan samovarra!»

        Varkak egurra txikitzeari ekiten dio, baina ezpalak piztu eta beheko suan ezarri ordurako, beste agindu bat iristen zaio:

        «Varka! Garbi itzan nagusiaren oinetakoak!»

        Zoruan esertzen da, eta zapatak garbitzen ari dela otutzen zaio ondo legokeela burua oinetako handi sakonean sartu eta lo pixka bat egitea... Eta supituki zapata handitu egiten da, puztu, gela osoa hartuz. Varkak eskuila erortzen uzten du, baina burua zutitu, begiak zabal-zabal ireki eta tinko begiratzen saiatzen da, gauzak handitu eta begien aurrean dantzan hasi ez daitezen.

        «Varka, garbi ezan atariko eskailera! Lotsagarria zegon, zer esango dute bezeroek?»

        Varkak eskailera garbitzen du, gelak txukuntzen ditu, bigarren sutegia pizten du, eta gero zenbait sartu-atera egiten ditu dendara, presaka. Lan ugari dago, minutu bateko astia ere ez zaio geratzen.

        Baina sukaldeko mahai aurrean mugitu gabe eserita patatak zuritzen egotea baino gauza nekagarriagorik ez dago. Burua mahairantz makurtzen zaio; patatak dantzan hasten zaizkio begien aurrean; labana eskuetatik erortzen zaio, eta etxekoandre gizen gaiztoa inguruan dabilkio biraka, mahukak bilduta, hain ozen hizketan, non belarriek burrunba egiten baitiote. Latza da orobat afalorduan mahaia zerbitzatzea, gobada egitea, jostea; tarteka, zoruan etzan eta lo egin besterik ez du nahi izaten, kosta ahala kosta.

        Eguna badoa. Leihoan iluntzen ikusirik, Varkak loki sorgortuak estutu eta berak ere ez dakien zerbaiti egiten dio irribarre. Arratsaren ganduak ixten ari zaizkion begiak laztantzen dizkio, berehalako lo sakon baten promesa igorriz. Arratsean, jendea datorkie bisitan etxeko nagusiei.

        «Varka!», oihukatzen du etxekoandreak, «presta ezan samovarra!»

        Nagusien samovarra txikia da; mahaikide guztiak zerbitzatzeko bost aldiz piztu behar izan du. Tearen ondoren, Varka geldi-geldirik geratzen da leku berean. Jendeari begira dago, aginduen zain.

        «Varka, hoa hiru botila garagardo bila!»

        Varkak adorez uzten du bere lekua, eta bizkor ibiltzen saiatzen da, logura uxatu nahian.

        «Varka, hoa vodka bila! ... Varka, non dago kortxo-kentzekoa? ... Varka, presta itzan sardinzarrak!»...

        Azkenean abiatu dira bisitariak. Argiak itzaltzen dira. Nagusiak oheratzen dira.

        «Varka, sehaskatu txikia!» Azken agindua da.

        Kilkir bat kantuan ari da labe inguruan. Sabaiko orban berdeak eta fraken eta haur-oihalen itzalek atzera berriz setiatzen dituzte Varkaren begi erdi bilduak; eskegita eta dantzan ikusten ditu bere gogoan.

        «Haurra, egizu lotxoa»; ari zaio ahopeka, «emanen dizut goxoa...»

        Baina haurra negarrez ari da, negarrak akituta. Varkak berriz ikusten du bide lokaztua, zakutoak daramatzan jendea, bere ama, Yefim bere aita. Dena hartzen du begipean, denei antzematen die. Bere lo-suma horretan, ordea, ez du ulertzen zer indar ari zaion beso-zangoak lotzen, zerk zapaltzen duen, bizitzen utzi gabe. Ingurura begiratzen du, indar hori bilatu nahian, hartatik libratzearren, baina ez du aurkitzen. Azkenik, abailduta, indar guztiak zorrozten ditu, begirada zolitzen du, sabaiko orban berde dantzariari so geratzen da; eta, negarrei arreta eginez, aurkitu egiten du bizitzen uzten ez dion arerioa. Haurra du arerio.

        Barrez hasten da. Harritu egiten da halako gauza sinplea lehenago ulertu ez izanaz. Badirudi orban berdea, itzalak, kilkerra bera ere, barrez daudela, harrituta.

        Irudi engainagarria Varkaz nagusitzen da. Aulkitik altxatu eta, irribarre zabala ezpainetan, begirada jaitsi gabe, batera eta bestera hasten da gelan barrena. Beso-zangoak lotuta daukan haurrarengandik berehala libratzearen ideiak kilimatzen du, atsegin emanez... Haurra hil, eta gero lo, lo, lo...

        Barrez, begiak kliskatuz eta orban berdea atzamarraz mehatxatuz, Varka behatz puntetan inguratzen da sehaskara, eta haurraren gainean makurtu. Haurra itotakoan, zoru gainean etzaten da zabal-zabal, barrez eta alai lo egin ahal izango duelako. Eta hurrengo unean lo seko dago, hilik bailegoen...

 

Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997