Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997

 

Esperantzaren tortura

 

Villiers de L'Isle-Adam

 

«La torture par l'espérance»,

Nouveaux contes cruels

 

itzultzailea: Juan Kruz Igerabide

 

 

                        Edouard Nieter jaunari:

                        —Oi! Ahots bat, ahots bat, deiadar egiteko!

                                (EDGAR A. POE:
                                «PUTZUA ETA PENDULUA»)

 

        Zaragozako Epailearen sotoetan, behinolako arrats behera batean, han zihoan ziega galdu baterantz Pedro Arbuez de Espila jaun agurgarria, Segoviako domingotarren seigarren priorea, Espainiako Inkisidore Nagusia, atzetik frai erredentore bat (maisu torturatzailea) eta aurretik Ofizio Sainduaren familiako bi zituela kriseilu banarekin. Ate sendoaren sarrailak kirrinka egin zuen. In pace mefitiko batean sartu ziren; ozta-ozta ikusten zen goitik oinaze-egunaren ondorena: hormei itsatsitako zirrindola artean, odolez belzturiko astoa, su bat eta suila. Gorotz-ohe baten gainean, girgiluz loturik, lepoa burdinazko uztaiak inguratzen ziola, hantxe zegoen eseririk, uzkur, zirtzilez jantziriko gizon bat, auskalo zein adinekoa.

        Preso hura Aser Abarbanel rabbi jauna zen, Aragoiko judua, lukurreriagatik eta behartsuekiko destaina krudela agertzeagatik salatua. Urtebete zeramaten hura egunero-egunero torturatzen. Hala ere, abjuratzeari uko egiten zion, «beraren larrua bezain gogorra den itsukeriaz».

        Milaka urtetako ahaidetzaz harro, antzinako bere arbasoez burgoi —izan ere, judu izena merezi duten guztiek arduraz gordetzen baitute beren odol-jatorria—, Othoniel-en ondorengoa zela zioen, Talmud ari jarraiki; beraz, Ipsiboe-ren ondorengoa ere bazen, huraxe baitzen Israelgo azken Epailearen emaztea. Horrek guztiak lagundu bide zion bereari tinko eusten oinaze etengabeen aurrean.

        Horrela, bada, begiak malkoz bustirik, arima hark salbazioari uko egiten ziola pentsaturik, Pedro Arbuez de Espila jaun agurgarriak, dardarka zegoen rabinoarengana hurbildu, eta honako hitz hauek esan zizkion:

        —Poztu zaitez, ene seme; izan ere, amaitzera baitoaz hemen behean izango dituzun probak. Horrenbesteko egoskorkeriari aurre egitearren zigorra erabiltzeko baimena negar-zotinka eman behar izan badut ere, nire eginkizun zuzentzaile anaikorrak bere mugak ditu. Zu pikondo ezezkorra zara, hainbeste bider fruiturik eskaini gabea, ihartzeko zorian... baina jainkoari soilik dagokio zure arimaz erabakitzea. Beharbada, haren Erruki mugagabeak argi egingo dizu une gorenean! Horixe espero behar dugu! Gertatu izan da lehen ere... Hala bedi! Har ezazu, bada, gaur gauez bake-atsedena. Bihar Auto de Fe batean hartuko duzu parte; bestela esanda, erretokira eramango zaitugu, horrek iragartzen baitu Sugar betikoa. Badakizu, ene seme, urrun samarretik egiten duela su, eta Heriotza bi orduz atzeratzen dela gutxienez (sarritan hiru orduz); izan ere, zapi busti eta hotz-hotzez zaintzen baititugu, arreta handiz, holokaustoa hartzen dutenen bekoki-bihotzak. Berrogeita hiru besterik ez zarete izango. Lerroan azkena jarriko zaitugunez, Jainkoari deitzeko nahikoa denbora izango duzu, eta hari suzko bataioa (Izpiritu Sainduarena) eskaintzeko aukera. Zaude, bada, Argiaren zain, eta egizu lo.

        Bere hizketa amaitu, keinu batez gizagaixo hura askatzeko agindu, eta Arbuez jaun agurgarriak eztiki besarkatu zuen. Gero, frai erredentorearen txanda izan zen; eztiki erregutu zion juduari ezen barka ziezazkiola berrerosteko asmoz egin zizkion oinazeak oro; horren ondoren, familiako biek besarkatu zuten, eta haien musua isila izan zen kapusaien azpitik. Zeremonia amaitzean, bakarrik eta izuak jota utzi zuten atxilotua.

 

* * *

 

        Aser Abarbanel rabbiak, ahoa lehor eta aurpegia oinazez desitxuraturik, ate itxiari begiratu zion, arreta handiegirik gabe hasieran. «Itxia?»... Hitz horrek ezkutu-ezkututik ameskizun bat piztu zuen haren gogoeta lanbrotsuen artean; izan ere, une batez, kriseiluen argia ikuskatu baitzuen ate zirrikitutik. Burmuin herbaldu hartan jaiotako itxaropen-burutazio ahul batek astindu zion barrena. Arrastaka joan zen han aurrean agertu zitzaion gauza bitxi hartaraino! Emeki-emeki, behatza luzatu zuen zirrikituraino, eta ateari beregana tiratu zion. Hura izu-laborria! Patuaren eragin harrigarriaz, atea itxi zuen familiarrak, harrizko euskarrien kontra jo baino lehentxeago eragin zion giltza lodiari. Beraz, sarraila zuloz kanpo itxia izan zenez, atea ziega barrurantz jiratu zen.

        Rabinoa kanpora begiratzera arriskatu zen.

        Errauts koloreko iluntasun hartan, lehen-lehenik horma lurtsuz osaturiko zirkulu erdi bat ikusi zuen, arrasto espiralez zulatua; aurre-aurrean, bost edo sei harmaila, arkupe beltz baten antzeko zerbait, nondik korridore luze batera sartzen baitzen; han behetik, korridorearen lehen arkuak besterik ez zitezkeen ikus.

        Arrastaka, bada, korridorearen sarreraraino igo zen. Bai, korridore bat zen, hain zuzen, baina izugarri luzea. Egun zurbil bat agertu zitzaion, amets-argi batek piztua: sabaitik zintzilik zeuden argimutilek urdindu egiten zuten aldika airearen kolore lurrintsua. Urrunera, iluna besterik ez. Ezta ate bat ere albora, luzera guztian. Alde batean soilik, ezkerretara, hormen sarguneetan zeuden burdinsarez estaliriko haizebideek arrats-hondarrei sartzen uzten zieten (arratsa zen, noski, ezen arrasto gorriek ebakitzen baitzituzten, tartean-tartean —tarte luzetan— zoruko harlauzak). Hura isiltasun ikaragarria! Hala ere, han behean, ganduaren sakonean, irteera bat egon zitekeen askatasunerantz! Setatia zen Juduaren itxaropen zalantzakorra, azken aukera izaki.

        Beraz, ezbaian egon gabe, harlauzen gainean abiatu zen, haizebideak zituen hormaren aldetik, harresi luze haien kolore ilunean ezkutatzen zela. Astiro zihoan, bular gainean arrastaka, eta ez zuen garrasirik egiten zauriren bat berritu eta oinazetan hasten zitzaionean.

        Bat-batean, sandalia-hotsa hurbiltzen aditu zuen harrizko pasabide haren oihartzunean. Dardara batek astindu zuen; larritasunak itolarria sortu zion, ikusmena lausotu egin zitzaion. Akabo! Hartan amaituko ote zen dena? Sargune batean uzkur-uzkur egin zen, eta, hiltzeko zorian, hantxe itxaron zuen.

        Familiar bat zetorren presaka. Azkar-azkar igaro zen, giharrak eteteko tresna bat eskuan zuela, kapusaia jantzirik, beldurgarri, eta desagertu egin zen. Rabinoak jasan zuen estutasunak bizi-zeinuak eten zizkion eta ia ordubetez egon zen mugitzeko gauza ez zela. Harrapatuz gero oinazeak areagotuko zizkioten beldur zen, eta ziegara itzultzea bururatu zitzaion. Esperantza zaharra, ordea, ariman xuxurlaka ari zitzaion; larrialdirik gaiztoenean ere itxaropena sorrarazten duen beharbada hori, hain zuzen. Mirari bat zen hura, ez zegoen beste argibiderik! Hala, berriro ere arrastaka abiatu zen badaezpadako ihesbidearen bila. Oinazez eta gosez akiturik, estutasunez dardarka, aurrera zihoan. Eta hilobi itxurako pasabide hark gero eta luzeagoa zirudien, harrigarriro. Judua, aurrera eta aurrera, han beheko ilunari begira zihoan beti, hantxe egon behar baitzuen irteera salbatzaileak.

        Hara! Hara! Berriz ere pauso hotsa! Oraingoan, ordea, geldiagoa eta goibelagoa. Bi inkisidoreren irudi zuri-beltzak agertu zitzaizkion han behetik, ertz tolestuzko kapusai luzeekin, aire lurrintsuan gora. Ahots txikian zetozen hizketan, eta bazirudien zerbait garrantzitsuari buruz ari zirela eztabaidan, eskuak astintzen baitzituzten.

        Orduan, Aser Abarbanel rabbiak begiak itxi zituen; bihotza lehertu beharrean ari zitzaion taupaka; herio hartan, izerdi hotzak busti zizkion zirtzilak; zurrun egon zen, geldi-geldi, harresi ondoan luze-luze, argimutil baten dirdirapean, Daviden jainkoari erreguka.

        Parera iritsi zitzaizkionean, inkisidore biak argiaren pean gelditu ziren, kasualitatez ziurrenik, eztabaidak hartara ekarririk. Haietako bat, besteari entzuten ari zen bitartean, rabinoari begira geratu zen! Begirada haren pean, gizagaixoari kurrika guriek berriro haragia hozkatzen ziotela iruditu zitzaion, hasieran ez baitzen jabetu inkisidorearen aurpegiera arretagabeaz; berriz ere zauria eta intziria zetozkiola uste izan zuen. Alditxarturik, arnasa hartu ezinik, betazalak klisk eta klisk, dardarka ari zen inkisidorearen arroparen ukitupean. Baina, benetan gauza harrigarria eta aldi berean naturala: inkisidorearen begiek kezka sakona erakusten zuten, entzuten ari denari buruzko ideiak sorgorturik erantzutera doanaren kezka, eta bazirudien juduari ikusi gaberik begiratzen ziotela.

        Eta halaxe zen; zenbait minuturen ondoren, bi kalakari izugarri haiek beren bideari ekin zioten berriro, urrats geldoz eta txutxu-mutxu etengabean, atxilotua irtendako pasabiderantz; EZ ZUTEN IKUSI! Haren burmuina, ordea, sentsazioen anabasa ikaragarri hartan, ideia batek zeharkatu zuen: «Hilik ote nago, inork ez ikusteko moduan?» Irudipen beltz batek atera zuen bere sorralditik: aurpegia harresiaren kontra-kontra zeukalarik, iruditu zitzaion ezen begien aurrean beste bi zeuzkala berari gaiztoz begira. Atzera egin zuen buruaz, laborri zoro eta zakarrez, ileak tente... Baina ez; harriak eskuaz ukitu zituelarik jabetu zen: inkisidorearen begien distira besterik ez zen artean betseinetan zeukana, eta huraxe agertu zitzaion harresiaren bi errainuetan.

        Aurrera, bada! Azkar iritsi beharra zegoen ustezko helmuga hartara —irudimen gaixotuaz, askatasun bidetzat baitzeukan—, ilunpe hartara, nondik hogeita hamarren bat pausora baitzegoen gutxi gora behera. Arinago abiatu zen, beraz, belaunburuen gainean, eskuen gainean, sabelaren gainean, bere oinaze-bidean zehar. Berehala sartu zen korridore beldurgarri hartako alde ilunpetsuan.

        Bat-batean, gizagaixoak hotza nabaritu zuen eskuetan, harlauzen gainean zeuzkalarik; haize indartsu batek sortzen zuen hotza, harresien amaieran zegoen ate baten azpitik sarturik. Oi, Jainkoa! Ate hura kanporabide balitz!... Iheslari errukarriaren izaera osoa itxaropen-zorabioa bezalako zerbaitek hartu zuen. Atea goitik behera aztertu zuen, oso ondo ikusi ezinik, ezen ilun baitzegoen ingurua. Haztamuka aritu eta... ez sarraila, ez maratila. Krisketa bat! Tente jarri zen. Krisketak behatz potoloari obeditu egin zion; ate isila bere aurrean ireki zen.

 

* * *

 

        Aleluia! —xuxurlatu zuen rabinoak esker oneko hasperen bat eginez, orain zutik, aurrean agertu zitzaiona ikusirik.

        Ate irekitik lore-baratzeak ikusten ziren gau izartsu baten pean! Udaberria, askatasuna, bizia! Aurrerago, zelai hurbilak inguruko mendietaraino; mendien sigi-saga urdinak ortzemugaren marra osatzen zuen; hantxe zegoen osasuna! Oi, ihes egin! Gau betean joan zen lasterka limoiondoen artetik, haien usain-gozoa usnatzen zuela. Mendietara iritsiz gero, salbu izango zen. Aire sakratu gozoa arnastuz zihoan; haizeak indarberritu egiten zuen, birikak susperturik zeuzkan! Bere bihotz zabalduan Lazaroren Veni foras entzuten zuen! Eta berataz errukitua zen Jainkoa bedeinkatzeko, besoak aurrera luzatu zituen, begiak zerura jasorik. Estasia izan zuen.

        Orduan, bere besoen itzala atzera beregana zetorkiola iruditu zitzaion; ilunpezko beso haiek heltzen eta inguratzen zutela eta bular baten kontra eztiki estutzen zutela uste izan zuen. Irudi handi bat zegoen bere aurrean. Fidakor, irudi harengana zuzendu zuen begirada, eta arnasestuka eta zoraturik gelditu zen, begiak lauso, izu-laborriak jota, masailak puztu eta hustu, eta lerdea zeriola espantuz.

        Hura laztura! Inkisidore Nagusiaren berberaren besoen artean zegoen, Pedro Arbuez de Espila agurgarriaren beso artean; Inkisidoreak, begiak malkoz beterik, bildots galdua aurkitu duen artzainaren itxura zeukan...

        Apaiz ilunak hain erruki gartsuz estutzen zuen zoritxarreko judua bihotzaren kontra, ezen, fraide-jantziaren azpitik, zilizioaren eztenek domingotarraren bularra zauritzen baitzuten. Eta, Aser Abarbanel rabbia, begiak betazal azpian iraulirik, dom Arbuez aszetaren beso artean arnasestuka ari zen larri, eta konturatu zen, nahasturik, arrastiri gaizto hartako epe guztiak aurretik asmaturiko oinazealdiak besterik ez zirela izan, Esperantzarenak hain zuzen! Inkisidore Nagusiak, errieta zorrotzaz eta begirada minduaz, belarrira xuxurlatu zion, barauak eragindako hats errea botatzen ziola:

        —Eta, ene seme! Beharbada zure salbazioa izango denaren bezperan... ihes egin nahi zenigun, bada!

 

Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997