|
Ipuin gogoangarriak Hitzaurrea Antologia honetan agertzen diren ipuinlariek ez dute plazaratzeko inongo antologoren beharrik. XIX. eta XX. mendeetako egileek osatzen dute bilduma hau, eta mende honetakoak gainera zenduak daude. XIX. nahiz XX. mendeetako ipuinaren generoan orain arte, eta baita gaur egun ere, maisu izan diren egileak bildu dira. Honezkero baten batek nabarituko zuen izen honen edo beste haren falta. Alde horretatik, ezin esan arrazoirik falta ez zaienik; izan ere, asko baitira ez daudenak hemen, gehienak dira falta direnak. Esate baterako, ez ditut hemen sartu Ipar Amerikako ipuingintzan maisu diren zenbait egile: Carver nahiz eta bere lanen miresle izan edo Tobias Woolf, besteak beste. Lehenengoa itzulita dago euskarara, bigarrena bizi da oraindik. Edo Tabuchi, Rulfo, Quiroga eta beste asko ere ez daude. Hamahiru dira, beraz, antologia txiki honek bildu dituen ipuinlariak. Ipuingintza modernoa E. A. Poe-rekin abiatu zen; eta, bere ipuinik aukeratu ez badugu ere, aitortu beharra dago ipuina genero autonomora altxatu zuela idazle iparramerikarrak. Bera izan zen lehen teorizatzailea ipuinaren eta poesiaren esparruan; bera aurrenekoa, modu ohartu batean, joera motzeko bi genero horien eraikuntzaz gogoeta egiten. Tradizio gotikoa eta erromantikoa bere eginez, ondorengoak ere erakarmenez ipuinera hurbiltzeko moduko sendotasunez hornitu zuen generoa. Zer esango dizuet, berriz, G. de Maupassant edo A. Txekhov ipuingintzaren maisu horiei buruz, oraindik ez dakizuenik. Ipuin altxorraren gure ezagutza nabarmen zabaldu zen B. Atxagaren eta J. Sarrionandiaren lanekin. B. Atxagari zor diot, esate baterako, antologia honetan agertzen diren hiru ipuinen ezagutza. Obabakoak liburuan ipuin gogoangarri askoren oihartzunak aurki daitezke: «Zein ipuin on gogoratzen zaik oraintxe bertan? "Chejov-en bat" Eta "Logalea" izeneko hura laburtu zidan» (218 or.) Aurreraxeago E. Waugh-en «M. Lovedayren ateralditxoa» gogoratzen zaio, eta aurrerago Maupassanten «Koilarea». Edo Schwob, Kafka, Borges, Cortázar, Calvino... Niretzat ere gogoangarriak direlako aukeratu ditut antologia honetako ipuinak. IÑAKI ALDEKOA APAILATZAILEA Ipuin gogoangarriak |