Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997

 

Bizitzaren legea

 

Jack London

 

The law of life

 

itzultzailea: Juan Mari Mendizabal

 

 

        Koskoosh zaharrak adi-adi entzun zuen. Ikusmena aspalditxo ahuldu bazitzaion ere, belarri zolia zuen oraindik, eta hotsik xumeena ere sartzen zitzaion kopeta zimelduaren atzean oraindik bizirik zegoen baina jadanik munduko gauzetan erreparatzeari utzi zion adimen distiratsuraino. A! Sit-cum-to-ha zen hura, zakurrei ahots mehez madarikazioka, zaflaka eta ukabilka uhalak ezartzen zizkien bitartean. Sit-cum-to-ha bere alabaren alaba zen, baina lanpetuegi zegoen elurrean bakartuta, abandonatuta eta babesgabe eserita zegoen aitona abailduaz pentsatzeko. Kanpamendua altxatu behar zen. Bide luzea zuten aurrean, eta egun laburrak ez zuen atzean geratu nahi. Bizitzak deitzen zion bilobari, eta bizitzaren eginbeharrek, ez heriotzak. Eta orain Koskoosh heriotzatik oso hurbil zegoen.

        Gogoetak izutu egin zuen agurea une batez, eta esku koloka bat aurrera eramanez, alboan zeukan egur lehorrezko metatxoaren gainetik pasatu zuen dardaraka. Lasaituta hantxe zegoela ikusiz, eskua bere larru zarpailen aterpera itzuli, eta atzera berriz ekin zion entzuteari. Larru erdi izoztutakoen karraska goibelak adierazi zion buruzagiaren altze-larruzko denda desmuntatu zutela, eta une hartan tolesten eta zapaltzen ari zirela garraioa erraztuko zuten fardelak egiteko. Semea zuen buruzagia, gizon sendo eta indartsua, tribuko gizonen burua, eta ehiztari ezin trebeagoa. Emakumeak kanpamenduko trasteekin lanean ari zirela, haren ahotsa aditu zen, errieta egiten astiroegi ari zirelako. Koskoosh zaharrak zorroztu egin zituen belarriak. Ahots hura adituko zuen azken aldia zen. Han bota zuten Geehow-ren denda! Eta Tusken-ena! Zazpi, zortzi, bederatzi; xamanarenak bakarrik bide zirauen zutik. Hara! Orain ari ziren harena jasotzen. Xamana marmarka adi zezakeen gauzak lera gainean metatzen zituen bitartean. Ume batek negar egin zuen, eta emakume batek ahapetik kanta samurra abestuz lasaitu zuen. Koo-te txikia izango zen, pentsatu zuen agureak, ume mainati eta ahul samarra. Aurki hilko zen, apika, eta suaren laguntzaz zulo bat irekiko zuten tundra izoztuan eta harriak pilatuko zituzten gainean, azkonar jatunek irentsi ez zezaten. Zer axola zion? Urte gutxi batzuk gehiago biziko zen, asko jota, eta oparotasunezko adina gosezko egunak ezagutuko zituen. Eta amaieran, Herioa zuen zain, Herio beti gose eta denetan gosetiena.

        Zer zen hura? A, bai, lerak estekatzen eta uhalak estutzen ari ziren gizonak. Entzuten geratu zen, ez baitzuen gehiagorik inoiz entzungo. Zigorraren zartadak zakurren artean katramilatzen ziren. Haien intziriak! Nola gorroto zuten lana eta bide izoztua! Bazihoazen! Lerak, bata bestearen atzetik, isiltasunerantz abiatu ziren. Joanak ziren. Bere bizitzatik aldendu ziren, eta berak bakarrik egin behar zion aurre azken ordu mingotsari. Ez. Elurrak kraska egin zuen, mokasin batek zapalduta; gizon bat zeukan ondoan. Sentitu zuen esku bat ipintzen ziotela emeki buru gainean. Semeak zintzotasuna erakusten zuen hura egiten. Gogoan zeukan nola beste zenbait agureren semeek ez zuten itxaron tribuko besteak joan arte. Baina bere semeak bai. Iraganera joan zitzaion gogoa, harik eta gaztearen ahotsak orainera itzularazi zuen arte.

        «Ondo al zaude?», galdetu zion.

        Eta agureak erantzun, «Ondo nagok».

        «Badaukazu egurra aldamenean», jarraitu zuen gazteak, «eta su ederra daukazu piztuta. Goiza gris dago eta hotzak atzera egin du. Aurki botako du elurra. Orain ere elurra ari du».

        «Bai, orain ere elurra ari dik».

        «Tribuko gizonek presa dute. Fardelak astunak dira eta haien sabelak apal-apal daude janari ezagatik. Bidaia luzea da eta bizkor joan nahi dute. Joan beharra daukat. Ondo al zaude?»

        «Ondo nagok. Joan den urteko hostoa bezala nagok, adarrari ozta-ozta helduta. Lehen haizearekin erori egingo nauk. Ahotsa atso batena bezalakoa bilakatu zaidak. Begiek ez zietek gehiago bidea erakusten oinei, eta oinak astunak ditiat, eta nekatuta teagok. Baina ondo nagok».

        Burua makurtu zuen bere patua onartuz, eta elurraren azken kexua aditu zuenean jakin zuen ez zuela semea gehiago ikusiko. Gero eskua azkar atera eta egurra haztatu zuen. Hura besterik ez zen geratzen beraren eta ordurako aho-zabalik zegoen eternitatearen artean. Azkenean bere bizitzaren neurria egur-sorta hura zen. Banan-banan sutara joango ziren, eta erritmo berean, urratsez urrats, heriotza gainera etorriko zitzaion. Azken adarraren berotasuna epeldu orduko, indarrak biltzen hasiko zen izotza. Lehenbizi oinek amore emango zuten, eskuek ondoren; eta sorgortasuna abian jarriko zen, astiro, beso-zangoetatik soinera. Burua belaunen gainera eroriko zitzaion, eta atseden hartuko zuen. Erraza zen. Gizon guztiek hil behar zuten.

        Ez zen kexatzen. Halakoxea zen bizitza, eta bidezkoa zen. Lurretik hurbil jaio zen, lurretik hurbil bizi izan zen, eta haren legea ez zitzaion arrotza. Haragiaren legea zen. Natura ez zen atsegina haragiarekiko. Ez zuen inolako ardurarik gizabanako izeneko gauza zehatz hartaz. Espeziean zegoen haren interesa, arrazan. Hura zen Koskoosh zaharraren gogo landugabea irits zitekeen abstrakziorik sakonena, baina argitasun osoz ikusten zuen. Bizitzaren agergarri guztietan ikusten zituen haren adibideak. Landare-izerdiaren jarioa, sahatsaren kimuen berdetasun leherketa, hosto horiaren erortzea... gauza xume haietan zegoen historia osoa. Baina Naturak egiteko bat ematen zion gizabanakoari. Ez bazuen egiten, hil egiten zen. Egin egiten bazuen, berdin zion, hil egiten zen. Naturari ez zitzaion axola; obeditzen zioten asko zeuden, eta auzi hartan obedientziak bakarrik, eta ez obeditzen zutenek, irauten zuen, betiko iraun ere. Koskooshen tribua oso antzinakoa zen. Umetan ezagutu zituen agureek ere beste agure batzuk ezagutu zituzten beren aurretik. Horrenbestez, egia zen tribua bizi zela, bere kide guztien obedientzia sinbolizatzen zuela, baita iragan ahantzi batekoak izanik beren atsedenlekuak non zeuden inork gogoratzen ez zuen haien obedientziak ere. Haiek ez zuten garrantzirik; pasadizo hutsak ziren. Pasa egin ziren, zeru udatiar bateko hodeiak bailiran. Bera ere pasadizoa zen, eta pasa egingo zen. Naturari ez zitzaion axola. Egiteko bat jarri zion bizitzari, lege bat eman zion. Irautea zen bizitzaren egitekoa, heriotza legea. Neska gaztea begientzako gozamena zen, sendoa eta bular betekoa, arintasuna zuen oinetan, eta begietan argia. Baina egitekoa geratzen zitzaion. Piztu egiten zitzaion begietako argia, ibilera arindu, noiz ausarta noiz lotsatia zen mutil gazteekin, bere-berezko zuen artegatasuna haiei igorriz. Eta gero eta ikuskari ederragoa zen, harik eta ehiztari gazteren batek, jada bere buruari eutsi ezinik, neska dendara eramaten zuen arte, beretzat janaria prestatu eta lan egin zezan, bere umeen ama izan zedin. Eta umeen etorrerarekin batera aienatu egiten zen haren edertasuna. Gorputz-adarrak herrestan eramaten hasten zen, begiak lausotu eta marguldu egiten zitzaizkion, eta umeek bakarrik hartzen zuten atsegina sutondoan squaw zaharraren masail zimeldua igurzten. Haren egitekoa burutua zen. Baina luze gabe, lehen gosetearekin edo lehen bidaia luzearekin, bertan behera utziko zuten, bera ere utzi zuten bezala, elurrean, egur metatxo bat alboan. Halakoxea zen legea.

        Egur bat arretaz su gainean ipini eta hausnarketetan jarraitu zuen. Berdin gertatzen zen nonahi, gauza guztiekin. Eltxoak ezkutatu egiten ziren lehenbiziko izotzarekin. Katagorri ttikia bazter ezkuturen batera abiatzen zen hiltzera. Untxiari zahartzaroa iristen zitzaionean geldo eta astun bihurtzen zen, eta ezin izaten zien bere arerioei ihes egin. Hartz handia ere baldar, itsu eta liskarzale bilakatzen zen, eta azkenean zakur zaunkarien oldarpean lur jotzen zuen. Gogoratu zuen berak nola utzi zuen aita Klondike ibai bazterrean negu batean, misiolaria bere hitz-liburuekin eta botika-kaxarekin etorri aurreko neguan hain justu. Hamaika bider klaskatu zuen mingaina kaxa hura gogoratuz, baina orain ahoa ez zitzaion hezetzen hartarako adina. «Lasaigarria» esaten ziona zen bereziki atsegina. Baina misiolaria eragozpena besterik ez zen, ez baitzuen kanpamendura haragirik eramaten, bai ordea gogotik jan, eta ehiztariak mar-mar hasi ziren. Baina behin batean birikak izoztu zitzaizkion Mayoa zeharkatzean, eta ondoren zakurrek muturrez harriak alboratu eta borroka bizian jardun zuten haren hezurren atzetik.

        Koskooshek beste egur bat ipini zuen su gainean, eta iraganean sakonago murgildu. Gogora etorri zitzaion gosete handiaren garaia, agureak su aurrean makurtzen zirenean, sabel-zorri, eta haien ezpainek behialako tradizioak aletzen zituztenean, Yukon ibaia hiru negu segidan inongo trabarik gabe jariatu ondoren hiru udatan zehar izoztu zen garaikoak. Ama galdu zuen berak gosete hartan. Uda partean izokinak ez zuen ibaian gora egin, eta tribua irrikatan egon zen neguarekin batera etorriko zen karibuaren zain. Iritsi zen, bai, negua, baina kariburik ekarri ez. Ez zen sekula halakorik ikusi, agureek ere ez zuten parekorik ezagutu beren bizitza luzean. Baina karibua ez zen etorri, eta zazpigarren urtea zen jadanik, eta untxiak ez ziren ugaldu, eta zakurrak hezur hutsetan geratu ziren. Eta ilunpe luze hartan zehar umeak garrasika aritu ziren, hil egin ziren, baita emakume zein agureak ere; eta tribuko hamarretik apenas bat bizi izan zen eguzkia ikusteko, karibua udaberrian itzuli zenean. Hura bai gosetea!

        Baina oparotasun egunak ere ezagutu zituen, haragia eskuetan alferrik galtzen zitzaienean, zakurrak gizen eta alferreko bihurtzen zirenean janaren janez; garai haietan ehiza hil gabe uzten zuten, eta emakumeak emankorrak ziren, eta dendak etzandako mutiko eta neskatoz gainezka zeuden. Orduan gizonak gizendu egin ziren, eta antigoaleko liskarrak berpiztu, eta hego aldeko mendiak zeharkatu zituzten Pelly tribukoak hiltzeko, eta gero mendebalekoak Tanana tribukoen su itzalien ondoan esertzeko. Gogoratu zuen, mutikoa zela, oparotasunezko garai batean nola ikusi zuen otso talde bat altze bat akabatzen. Zing-ha berarekin zegoen, elurrean etzanda, begira. Zing-ha gerora ehiztari oso trebe bihurtuko zen, eta azkenean Yukoneko izotzean irekitako zulo batean erori. Hilabete beranduago aurkitu zuten; izoztuta hil zen, uretik gorputzaren erdia ageri zuela zurrunduta.

        Baina altzearengana itzuliz. Zing-ha eta bera jolastera irten ziren egun hartan, beren aiten modura ehiza-jolasetan aritzera. Lehortutako errekastoan altze baten aztarna freskoak ikusi zituzten, eta haren inguruan otso askorenak. «Ale zaharra duk», esan zuen Zing-hak irudiaren esanahia berak baino bizkorrago aurkituz. «Zaharra duk eta ezin ziok taldearen martxari eutsi. Otsoek bere anaiengandik banandu ditek eta ez ditek sekula utziko». Eta egia zen. Hura baitzen haien estiloa. Gauez eta egunez, inoiz atsedenik hartzeke, altzearen orpoei atxikiko zieten, letaginak erakutsiz, haren sudur parean airea ausikiz, eta amaiera arte izango zituen alboan. Nolako odol-gosea sentitu zuten Zing-hak eta berak zainetan! Amaiera ikusgarria izango zen benetan!

        Pausoa arinduz, oinatzei jarraitu zieten, eta Koskoosh bera ere, nahiz ikusmen makalekoa eta aztarnari traketsa izan, begiak itxita jarraitzeko gai izango zen, hain baitziren nabariak. Irrikaz segitzen zuten arrastoa, urratsez urrats tragedia goibel idatzi berria irakurriz. Orduan altzea gelditu eta erasotzaileei aurre egin zien lekura iritsi ziren. Hiru gizonen luzerako erradioa izango zuen zirkulu batean elurra zapalduta eta iraulita zegoen. Erdian ikusten ziren altzearen apatx zabalek utzitako inpresio sakona, eta haren inguruan nonahi, otsoen oinatz arinagoak. Haietako batzuk etzanak ziren atseden hartzera, beren anaiek harrapakinari erasotzen zioten bitartean. Haien gorputzek elurrean utzitako marka luzeak justu lehentxeago eginak bailiran bezain perfektuak ziren. Biktima amorratuaren oldar basatiak otso bat bete-betean harrapatu eta hil arte zapaldu zuen. Hezur garbi batzuk ziren gertatutakoaren lekuko.

        Berriro ere utzi zioten elur-erraketak altxatzeari altzea bere burua defendatzeko gelditu zen bigarren lekuan. Han animalia handia etsi-etsian borrokatu zen. Birritan lurrera eraitsi zuten, elurrak adierazten zuenez, eta birritan erasotzaileak gainetik kendu eta ostera zutitu zen. Aspalditxo eginak zituen bere egitekoak, baina hala ere bizitzari eusten zion. Zing-hak esan zuen gauza bitxia zela azpiratutako altzea ostera askatzea; baina hark egina zuen inondik ere. Xamanak zeinuak eta mirariak ikusiko zituen hartan, kontatzen ziotenean.

        Aurrerago, altzeak ibai bazterreko malda igo eta basoan sartzeko saioa egin zuen lekura iritsi ziren. Baina jazarleek gibeletik eraso zioten, harik eta animaliak atzera egin eta gainera erori zitzaien arte, bi otso elurrean sakon zapalduz. Argi zegoen hilketa gertatzear zegoela, haien anaiek ez baitzituzten ukitu ere egin. Altzea une labur batez geldituriko beste bi lekutik pasa ziren, bata bestetik oso hurbil zeudenak. Arrastoa gorriztatua zen orain, eta pizti handiaren lehengo aztarna luze garbiak motz eta baldar bilakatu ziren. Orduan guduaren lehen hotsak aditu zituzten: ez jazarpenaren koru ozena, baizik eta hurbiltasuna eta letaginek urratutako haragia iradokitzen zuten zaunka motzak. Arrastaka haize kontra, Zing-ha sabela elurrari itsatsita zebilen, eta harekin batera zihoan bera, Koskoosh, urte batzuk barru tribuko buruzagi bihurtuko zena. Bien artean izei gazte baten beheko adarrak alboratu eta aurrera begiratu zuten. Amaiera besterik ez zuten ikusi.

        Irudia, gaztaroko inpresio guztiak bezala, oraindik tinko errotuta zeukan, eta bere begi margulduek amaiera hura garai urrun hartan bezain biziki birbizi zuten. Bizitasun hark txunditu egin zuen Koskoosh, ondoren ere, gizonen gidari eta batzarkideen buru izan zenean, sekulako balentriak egin baitzituen —bere izen hutsa madarikazio bihurtzeraino Pelly tribukoen ahotan—, besteak beste denen aurrean labanaz egindako borroka irekia, gizon zuri xelebrea hil zuenekoa.

        Luze eman zuen gaztaro egunak hausnartzen, garrak gutxitu eta izotzaren hozkada sakontzen sentitu zuen arte. Oraingoan bi egur bota zituen, geratzen zitzaion egurraz zenbat denbora biziko zen neurtuz. Sit-cum-to-hak aitonaz gogoratu eta egur meta handiagoa utzi balio sikiera, ordu batzuk gehiago bizi ahalko zen. Ez zitzaion gehiegi kostako. Baina neska axolagabea zen, eta ez zituen arbasoak ohoratzen Zing-haren semearen semea zen Kastoreak begiz jo zuen egunetik. Baina zer axola zion? Berak ere ez al zuen antzera egin bere gaztaro bizkorrean? Apur batez isiltasuna entzuten geratu zen. Beharbada semeari bihotza beratu eta zakurrekin itzuliko zen, aita zaharra beste tribukideekin batera eramateko karibu koipetsu ugari zegoen lekura.

        Belarria ernatu zuen, eta puska batez lasaitu egin zitzaion gogo artega. Zirkinik ez, deusik ez. Bera zen isiltasun handi hartan arnasa hartzen zuen bakarra. Bakardadea erabatekoa zen. Hara! Zer zen hura? Hotzikara batek zeharkatu zion gorputza. Uhuri luze ezagunak hautsi zuen hustasuna, eta oso gertutik zetorren. Orduan begi ilunduetan agertu zitzaion altzearen irudia, altze ar zaharrarena: saihetsak haginkatuta eta odolez beteta, kima nahasia, eta adar zabal handiak jaitsita eta azkeneraino erasotzen. Forma gris tximista bezain bizkorrak ikusi zituen, begi dirdaitsuak, mingainak zintzilik, letaginak lerdea dariela. Eta zirkulu ankerra nola ixten zen ikusi zuen, harik eta altze zaharra puntu ilun hutsa egin zen arte elur zapalduaren erdian.

        Mutur hotz batek igurtzi zion masaila, eta haren ukipenaz bere arimak jauzi egin zuen presentera. Eskua ziztu bizian sutara eraman, eta egur gartsu bat atera zuen. Une batez gizakiarenganako beldur atabikoak menderatuta, piztiak atzera egin zuen, bere anaiei deialdi luzea zuzenduz; eta haiek goseti erantzun zuten, harik eta gorputz makurtu eta masailezur lerdetsuzko uztai grisa agurearen inguruan itxi zen arte. Hark zirkulua nola estutzen zen aditu zuen. Amorru biziz astindu zuen zuzia airean, eta usna-hotsak marmar bilakatu ziren; baina piztiek, arnasestuka, ez zuten sakabanatu nahi. Batek bularra aurrera irristatzen zuen, herrestan atzeko hankak eramanez, gero beste batek, eta beste batek... bakar batek ere atzera egin gabe. Zergatik eutsi behar zion bizitzeari?, galdetu zion bere buruari, eta egur gartsua elurretara bota zuen. Hura ukitzean txistu egin eta itzali egin zen. Zirkulua marmarka hasi zen, artega, baina atzera egin gabe. Koskooshek ostera ikusi zuen altze zaharraren azken defentsa adoretsua; gero, buru nekatua belaunen gainera erortzen utzi zuen. Azken batean, zer axola zion? Ez al zen bada bizitzaren legea?

 

Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997