Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997

 

Seinalezaina

 

Charles Dickens

 

«The Signal-Man»,

All the year Round

 

itzultzailea: Juan Garzia

 

        «Ei! Hor behean!»

        Ahots bat horrela berari deika entzun zuenean, bere etxolako atean zegoen, kirten laburrean bilduriko bandera bat eskuan. Itxura batean, lurraren nolakoari erreparaturik, ez zuen ematen dudarik izan behar zuenik zein alderditatik zetorren ahotsa; baina, bere burutik ia bertan zeukan lubaki malkartsuaren gainean ni nengoen lekura begiratu beharrean, albora jiratu eta trenbidean gorantz begiratu zuen. Bazen zerbait nabarmenik hori egiterako moduan, nahiz ezingo nukeen esan alajainetan zer. Badakit, ordea, aski nabarmen izan zela, ni hartaz errepara nendin, nahiz eta zulo sakon haren itzalean urrutiraturik egon gizonaren figura, eta nirea, berriz, haren gain-gainean han goian, ilunabar haserre baten dirdaiak hain betean harrapaturik, ezen begiei eskuarekin itzal egin behar izan bainien, batere ikusiko banuen.

        «Ei! Hor behean!»

        Trenbidean harantz begiratzeko jarreratik ostera albora jiratu, eta, begiak gora altxaturik, nire figura ikusi zuen hantxe.

        «Ba al da horra jaisteko biderik, zurekin hitz egin dezadan?»

        Erantzun gabe begira geratu zitzaidan, eta ni ere han behean hura zegoen lekura begira geratu nintzen, nire galdera zozo hura berehala errepikatuz gizona estutzea egokia ez zelakoan. Justu orduantxe halako dardara antzemangaitz bat sumatu zen lurrean eta airean, berehala taupada bortitz bilakatu zena, eta gero ziztu biziko arrapalada halako bat, atzera eragin zidana, zulora erakartzeko bestekoa zitekeelakoan. Tren-lasterrak nire alturaraino zabaldu zuen ke andana nire paretik pasatu eta paisaiaren gainetik aienatzen hasi zenean, berriro behera begiratu nuen, eta hantxe ikusi nuen, trena pasatu bitartean haizetan zabaldua zuen banderatxoa atzera biltzen.

        Errepikatu egin nion itauna. Une baten ondoren —tarte hartan begiak nigandik apartatzeko lanak balitu bezala geratu baitzitzaidan begira—, nire altura berean berrehun-hirurehun yardatara zegoen puntu batera seinalatu zuen bere banderatxo bilduarekin. «Ederki!» oihukatu nion nik goitik, eta puntu hartara jo nuen. Han —ez, hala ere, nire inguruan ongi miatu beharrik izan gabe—, zigi-zaga jaisten zen bide baldar, halamoduz ebaki bat topatu nuen: eta handik abiatu nintzen.

        Lubakia izugarri sakona zen, eta ohi ez bezalako pikoa malkarra. Harri likatsuan ebakia zen, eta lingirda eta hezeagoa bilakatzen zen jaitsi ahala. Gauzak horrela, aski luzea gertatu zitzaidan bidea astia izan nezan bidea seinalatzerakoan tipoa gogoz kontra eta behartuta ari zela begitantzeko.

        Malda zigi-zagatsuan behera gizona berriro ikusteko moduko alturara jaitsi nintzenean, hantxe zegoen, trena pasatu berria zen bideko karrilen artean zutik, ni agertu zain balego bezala, hantxe. Ezker eskua kokotsean zeukan, eta ezker ukondoa eskuin eskuan pausaturik, bular gainean gurutzaturik. Hain zuen zain eta aiduru egoteko itxura larria, ezen une batez gelditu ere egin bainintzen, jarrera horretaz gogoetatsu.

        Ostera ekin nion bidean behera, eta, trenbidearen alturara iritsirik, hurreragotu, eta ikusi nuen gizon hori-beltzaran bat zela, bizar iluna eta bekain larri samarrak zituena aukeran. Sekula ikusi dudan lekurik bakarti eta landerrenean zegoen postua. Albo bietara, harri zakarrezko murru heze tanta-jario bana, zeru xerrenda salbu ikuspegi guztia eragotzirik; alde bateko perspektiba, ziega tzar horren luzapen makurra baizik ez; beste aldeko perspektiba laburragoa, berriz, argi gorri hits batean amaitzen zen, eta haren ondoan tunel beltz baten sarrera are hitsagoa ageri zen, zeinaren arkitektura eskergak halako aire barbaro, bihotz-goibelgarri, mehatxuzkoa baitzuen. Hain eguzki printza gutxik aurkitzen zuen sekula harako irispiderik, ezen halako usain lurrezko, hilgarri bat baitzegoen; eta hainbesteko haize hotz zorrotza zebilen han zehar, ezen hotzikaraz jota geratu bainintzen, mundu naturaletik aterea banintz bezala.

        Gizonak zirkinik ere egin baino lehen, ukitzeko moduko distantziara iritsia nintzen ni. Artean ere begirik gainetik kentzeke, atzera pauso bat eman, eta eskua luzatu zidan.

        Zinez postu bakartia zuen hura (esan nuen nik), eta atentzioa eman zidan ikaragarri han goitik ikusi nuenean. Bisitari bat nobedadea izango zen, noski; eta espero nuen ez nobedade gogoz kontrakoa izatea, ala? Ni zera nintzen, gizon bat bere bizitzaren muga estuetan guztiz itxirik egona ordura arte, eta orain, azkenean libre utzi zutenean, interes piztu berriz hurbiltzen zena halako obra handietara. Hori adierazteko asmoz mintzatu nintzaion; baina ez nago inondik ere seguru erabili nituen hitzez; izan ere, solasaldi bati hasiera eman beharra niretzat gauza atsegina ez izateaz gain, bazen zerbait gizon harengan, adorerik gabe uzten ninduena.

        Begiratu ezin estrainioagoa zuzendu zuen tunel ahoaren ondoko argi gorrirantz, haren inguru guztia ikusmiratu, zerbait faltako balitz bezala, eta gero niri egin zidan so.

        Argi hura bere kargu zegoen? Ez al zen hala?

        Ahots baxuz erantzun zuen: «Ez al dakizu hala dela?»

        Pentsamendu munstrokara bat etorri zitzaidan burura, begi zirkingabe haiek eta aurpegi saturnino hura arakatzen nituelarik, alegia izpiritu bat ote zen, ez gizon bat. Burua nahasita ote zeukan ere zalantza erabili nuen.

        Horretan, atzera pauso bat eman nuen. Baina hartan ari nintzela, niganako beldur gorde halako bat antzeman nion begietan. Horrek uxatu egin zuen lehentxeagoko pentsamendu munstrokara hura.

        «Zera begiratzen didazu,» esan nuen, irribarre bat saiatuz, «ikara emango banizu bezala.»

        «Dudatan nengoen,» ihardetsi zuen, «ez ote zaitudan lehenago ikusi.»

        «Non?»

        Lehen begira egona zen argi gorri hartara seinalatu zuen.

        «Han?», galdetu nion nik.

        Eta, arreta guztia nigan jarririk, berak erantzun (soinurik gabe baina): «Bai.»

        «Tira, gizona, zer egin behar nuen nik hor? Edozein modutan, nolanahi ere den, ez naiz inoiz hor izan, horretaz ez egin dudarik.»

        «Hala izango da noski», bat etorri zen nirekin. «Bai; ez da zertan dudaturik.»

        Solasmoldea leundu zuen, eta halaxe neuk ere. Prestu asko erantzuten zidan, eta ongi aukeraturiko hitzez. Lan handia zuen han? Bai; alegia, nahikoa erantzukizun handia zuen bere gain; baina zehaztasuna eta ernetasuna eskatzen zitzaion; lan-lanik, berriz —esku lanik—, ia batere ez zuen. Seinale hura aldatu, argi horiek antolatu, burdinazko kirtenari txitean-pitean eragin, lion zuen eginbehar guztia. Nik hainbestekotzat jotzen bide nituen bakardade-ordu luze haiei zegokienez, berriz, esan zezakeen bakarra zera zen, bere bizitzak haien moldea hartua zuela, eta hartara ohiturik hazia zela bera. Hizkuntza lantzen jarduna omen zen han behean... bistaz bakarrik ezagutu eta hitz-ebakerari buruzko halako ideia halamoduzko batzuk bereganatzeari hizkuntza ikastea esatea zuzena baldin bada. Zatiki eta dezimalekin ere lan egina zen, eta aljebra pixka bat ere saiatu zuen; baina beti izan zen, orain bezala mutikotan ere, trakets samarra zenbakietarako. Behartuta al zegoen zerbitzuan zegoela denbora guztian aire hezezko erreten hartan sartua egotera; ezin al zen inoiz harrizko murru handi haien arteko zulotik eguzki zabalera irten? Orduen eta zirkunstantzien baitan omen zegoen hori. Egokiera batzuetan bestetan baino trafiko gutxiago izaten zen, eta berdintsu gertatzen zen egunez zein gauez zenbait ordu jakinetan. Eguraldi argitsuarekin, saiatua omen zen behereneko itzal haietatik burua pixka bat goititzeko aukerak bilatzen; baina beti ere txirrin elektrikoaren deiaren ardurapean egonik, eta halakoetan belarria are erneago eduki beharrak artegaturik, ez omen zion horrek halako mesederik egiten.

        Bere etxolara eraman ninduen. Bertan: su bat; zenbait daturen erregistroa eramateko liburu ofiziala, hantxe idazmahai baten gainean; telegrafo bat bere dial, teklatu eta orratzekin, eta arestian aipatu zidan txirrin hura. Gaztetan (sinetsi nahi banion, orain txabola hartan ikusirik; berak ere lanak baitzituen sinesteko), filosofia naturaleko ikaslea izana zen, eskolan ibilia; zentzuna galdu, ordea, eta alferrikaldu egin zituen bere aukerak, gainbehera joan eta inoiz bururik altxatzen hasi ez berriro. Ez omen zuen zer kexaturik. Berak egina zen hautua, eta gogo onez onartu behar zuen. Beranduegi zen besterik egiteko.

        Honaino laburbildu dudan guztia, bare-bare esan zuen, nire eta suaren artean erdibanaturik so ilun larriak. «Jaun»ka jardun zuen aldian-aldian, bere gaztaroaz ari zela bereziki, alegia ulertarazi nahi balit bezala ez zuela bere burua neuk han ikusita juzka nezakeena baino gehiagotzat hartzen. Txirrinaren hotsak moztu zuelarik, sarritan jardun behar izan zuen mezuak jaso eta erantzunak bidaltzen. Behin, atetik kanpo egon behar izan zuen, eta tren bat pasatzean banderatxoa erakutsi eta hitzez ere zerbait adierazi makinistari. Bere lana betetzerakoan biziki zintzo eta arretatsua zela konturatu nintzen; hitz baten erdian mozten zuen solasaldia, eta halaxe isilik egoten harik eta egin beharra egin arte.

        Hitz batean esateko, lan horretarako egokienetakotzat joko nuen nik gizon hori, baldin tartean gertatu ez balitz birritan kolorea mudatuta nirekin zerabilen elkarrizketa moztu, aurpegia txirrinerantz jiratu, txirrinak jo ez zuelarik, eta txabolako atea irekitzea (hezetasun osasun-kalte hartatik babesteko itxita baitzeukan), eta gero tunelaren aho ondoko argi gorrirantz begiratzea. Bietan ere, sutondora itzuli zenean, lehenago, hain urruti geundela, zer zenik esateko gauza ez banintzen ere, erreparatu nion aire esplikagaitz hura zekarren.

        Honela esan nion alde egiteko jaiki nintzenean: «Gustura bizi den tipo baten aurrean nengoela sinestarazi didazu ia.»

        «Halaxe bizi nintzen noski,» ihardetsi zidan, hasieran erabili zuen ahots baxu berean; «keztatuta nago orain, ordea, jauna, jota.»

        Nahiago zukeen jaulki ez balitzaizkio hitzok. Esanak zituen, ordea, eta bizkor asko heldu nien nik.

        «Zertaz kezkatua? Zerk zauzka horrela?»

        «Ez da erraza adierazten. Oso ere zaila da gai horri heltzen. Inoiz berriro hona agertu nahi baduzu, hala ere, saiatuko naiz esplikatzen.»

        «Horixe etorriko naizela berriro. Zeuk esan, noiz komeni zaizu?»

        «Goizean goiz bukatzen dut, jauna, eta bihar arratseko hamarretan sartuko naiz berriro.»

        «Hamaiketan etorriko naiz.»

        Eskerrak eman, eta ateraino lagundu zidan. «Argi zuria piztuta edukiko dut, jauna,» esan zuen bere ahots baxu bereziarekin, «igotzeko bidea topatzen duzun arte. Hura topatzen duzunean, ez deiadarrik egin! Eta gora iristen zarenean, ez gero deiadarrik egin!»

        Portaera hark hotz-gorriago sentiarazi zidan lekua; zera besterik ez nuen esan, ordea: «Ongi da.»

        «Eta bihar arratsean hona jaisten zarenean ere, ez deiadarrik egin! Azken galdera bat egin behar dizut, hala ere. Zerk eragin zizun lehenago "Ei! Hor behean!" oihukatzea?»

        «Auskalo,» esan nion, «halako zerbait oihukatu dizut noski...»

        «Halako zerbait ez, jauna. Horiexek izan dira hitzak. Ondo ere ondo dakizkit.»

        «Horiexek izan dira noski erabili ditudan hitzak. Hemen behean ikusi zaitudalako-edo aterako zitzaidan horrela.»

        «Beste arrazoirik gabe?»

        «Ze beste arrazoi izan nezakeen horretarako?»

        «Ez zenuen sentitu nolabaiteko modu sobrenaturalez zetozkizula hitz horiexek?»

        «Ez, bada.»

        Gau on esan, eta argia eskuan jasorik geratu zen. Beheranzko karril lerroaren ondotik han abiatu nintzen ni (atzetik tren bat zetorrelako sentsazio guztiz atsekabearekin), harik eta bidea topatu nuen arte. Bestelako gorabeherarik gabe itzuli nintzen ostatura.

        Esandako orduan zintzo, hantxe nintzen ni hurrengo gauean, bide bihurri haren lehenbiziko kosketan behera abiatua jadanik, erloju urrunek hamaikak jotzen zituztela. Zain neukan ordurako, argi zuria pizturik. «Ez dut deiadarrik egin» esan nuen, hurreratu nintzaionean; «hitz egin dezaket orain?» «Bai noski, jauna.» «Gau on, bada, hona nire eskua.» «Gau on, jauna, eta hona nirea.» Hala, ondoz ondo abiatu ginen eta etxolara sartu; atea itxi, eta sutondoan eseri ginen.

        «Hara, jauna:» hasi zen, eseri bezain laster aurrerantz makurtu eta ia-ia susmurrez, «erabaki dut ez didazula birritan galdetu beharko zerk kezkatzen nauen. Beste norbaitekin nahastu zintudan bart arratsean. Horrek kezkatzen nau.»

        «Hanka sartze horrek?»

        «Ez, Beste norbait horrek.»

        «Nor da, bada?»

        «Ez baitakit.»

        «Nire antza du?»

        «Ez dakit. Ez diot inoiz aurpegirik ikusi. Ezkerreko besoa aurpegia tapatuz dauka, eskuinekoari eragiten diola. Zoro moduan eragin, gero. Honela.»

        Seinalezainaren antzezpenari begira egon nintzen, eta besoaren imintzio oldartsu haietan asaldura eta larritasunik biziena mintzo zen: «Jainkoaren izenean, kendu bidetik!» esanez bezala.

        «Ilargia zen gau batez,» esan zidan, «hementxe eserita nengoela, hara non entzuten dudan deiadar bat: "Ei! Hor behean!" Tximistak jota bezala altxatu nintzen; ate horretatixe begiratu, eta beste dena delako hori ikusi nuen hantxe, tuneletik bertan dagoen argi gorri horren ondoan, oraintxe azaldu dizudan bezala besoari eraginez. Garrasika jardun izanez lakartua zirudien ahotsak, oihu egiten zuelarik: "Kontu eman! Kontu eman!" Eta ostera berriz: "Ei! Hor behean! Kontu eman!" Farola hartu, gorrian jarri, eta korrika abiatu nintzaion linean gora, deiadar eginez: "Zer egin behar da? Zer gertatu da? Non?" Ez zen tunelaren iluntasunaren aurrexeko bere leku hartatik mugitu. Hainbeste hurreratu nintzaion, non harritu ere egin nintzen mauka begien paretik ez kentzea. Zegoen lekuraino iritsi, eta mauka aurpegitik kentzeko eskua luzatuta neukala, ospa egin zuen.»

        «Tunel barrura noski,» esan nuen nik.

        «Ez, bada. Tunelera ere sartu nintzen; bostehunen bat yarda egingo nituen tunel barruan. Halako batean gelditu, farola buru gainetik jaso, eta distantzia mugarriztatzen zuten zenbakiak begiratu nituen, eta ikusi nituen xirripa zikinak hormetan behera ezarian lerratzen eta arkutik zehar tantaka isurtzen. Atzera irteteko bidea egin nuen, korrika, sartzerakoan baino bizkorrago (ezin-jasan larria sortzen baitzidan gainean nuen leku parte-txarreko hark), eta argi gorriaren inguruan miatu nuen neure argi gorriarekin; burdinazko eskaileretatik gaineko plataformara igo nintzen gero, eta atzera behera jaitsi, eta gero hona itzuli nintzen lasterka. Bi aldeetara telegrafiatu nuen: "Alarma bat izan da. Ezeren arazorik bai?" Bi aldeetatik etorri zen bueltan erantzuna: "Inolako arazorik ez".»

        Nire bizkarrezurra goitik behera korritu zuen hatz jelatu baten ukitu geldoari men egiteke, esplikatu nion nola bere ikusmenaren hutsegite bat izan behar zuen gizairudi hark, eta nola halako ikuskariek, zeinak begiaren funtzioak gobernatzen dituzten nerbio guztiz delikatuen ondoezak sortuak baitira, sarritan nahastarazi izan duten bat baino gehiago, eta nola gaitz hori jota egondako batzuek lortu duten beren gaixotasunaren nondik norakoaz konturatzea; bai eta, beren buruekin eginiko esperimentu bidez, horixe besterik ez zela frogatzea ere. «Alegiazko oihuena, berriz,» esan nion, «ez daukazu une batez sakan naturaz kontrako honetako haizeari adi jarri besterik, hain baxu mintzo garen bitartean, nolako harpa zoro bilakatzen dituen telegrafo-hariak.»

        Oso ongi zegoen guzti hura noski, ihardetsi zidan, pixka batean entzuten egon ondoren. Baina atrebentziarekin aditzera eman beharra zeukan ez zuela oraindik amaitu.

        Barkamena eskatu nion, eta hitz hauek gaineratu zituen geldiro, nire besoan eskua erantsiz:

        «Apariziotik sei ordura, linea honetako istripu gogoangarri hura gertatu zen, eta handik hamar ordura, hilak eta kolpatuak hantxe eramaten zituzten tunelean barrena, eta giza itxura hura egona zen leku hartatixe ateratzen.»

        Nahigabe ilun baten ikarak eraso zidan, baina kontra egin nion, ahal izan nuen ondoen. Ezin zen ukatu, esan nion, bat-etortze harrigarria izan zela hura noski, inor jota uzteko apropos egina. Baina bueltarik ez duen egia jakina zen, halaber, egunean-egunean gertatzen zela bat-etortze harrigarririk, eta kontutan hartu behar direla halako kasu baten aurrean. Nahiz seguru egotekotan, egia esan, gaineratu nuen (zeren iruditu baitzitzaidan objekzio hori egitekotan zegoela), zentzuzko gizonek ez dieten leku handirik uzten bizitzako kalkulu arruntak egiterakoan.

        Berriro arren egin zidan, atrebentziarekin, ez zuela amaitu.

        Berriro arren egin nion barkatzeko eten gogaikarri haiek sortarazteagatik.

        «Hori,» esan zuen, eskua berriro nire beso gainean jarririk eta bere sorbalda gainetik begiratu azkar bat botarik, begiak betzulo, «duela urtebete izan zen. Sei-zazpi hilabete pasa ziren, eta neure onera etorria nintzen ezusteko kolpe gogor hartatik, eta hara non goiz batez, argi-urratzean, ate horretantxe nengoela, argi gorrirantz begiratu nuen, eta hantxe zen mamua berriro.» Gelditu egin zen, begiak nigan josirik.

        «Oihu egiten zuen?»

        «Ez. Isilik zegoen.»

        «Besoei eragiten zien?»

        «Ez. Argi-zutoinean bermaturik zegoen, esku biak aurpegiaren aurrean. Honela.»

        Ostera ere antzezpen lege bat ikusteko parada izan nuen. Hil-doluzko negarrarenak ziruditen imintzioek.

        «Hurreratu al zintzaizkion?»

        «Atzera sartu eta eseri egin nintzen, aldez buruan nuen nahastea antolatzeko, aldez zutik egon ezinik utzi ninduelako hark. Berriro atera jo nuenean, egunargia zen, eta fantasma alde egina zen.»

        «Eta ez zen ezer gertatu? Ez zen ondoriorik izan?»

        Hatz erakusleaz bizpahiru sastada eman zizkidan besoan, aldi bakoitzean buruarekin baietz eginez goibel.

        «Egun hartan bertan, tren bat tuneletik irteten ari zelarik, nire aldeko bagoi-leiho batetik, esku eta buru nahasmen halako bat edo begitandu zitzaidan, eta beso-eragite bat. Gidariari gelditzeko seinalea emateko denbora justuarekin ikusi nuen. Hark, martxa kendu eta frenatu egin zuen, baina trenak ehun eta berrogei bat yarda edo gehiago egin zituen artean, nire paretik pasatuz. Atzetik korrika joan nintzen, eta hara orduko, ikaragarrizko garrasi eta oihuak entzun nituen. Departamentuetako batean andre gazte eder bat hila zen bat-batean, eta hona ekarri eta gure arteko lur honetantxe ezarri zuten gorpua.»

        Aurrera egin zuen: «Eta orain, jauna, hortik kontuak atera nolako buru nahastea dudan. Berriro azaldu zen mamua, joan den astean. Harrezkero hortxe dabil noizik eta behin azalduz, aldika.»

        «Argiaren ondoan?»

        «Arrisku-argiaren ondoan.»

        «Eta zertan-edo dihardu?»

        Berriro egin zizkidan, akaso areagoko asaldura eta larritasunez, lehengo imintzioak, alegia «Jainkoaren izenean, kendu bidetik!» esanez bezala.

        Eta segitu egin zuen: «Bake eta patxada guztia galarazi dit horrek. Deiadar egiten dit; minutu luzez, gero!, hilzorian bailegoen: "Hor behean! Kontu eman! Kontu eman!" Besoari eraginez zeinuka aritzen zait. Txirrina jotzen du...»

        Horretan, moztu egin nion. «Jo al zuen bart arratsean, ni hemen nengoela zu atera irten zinenean?»

        «Birritan.»

        «Hara hor,» esan nion, «nola tronpatzen zaituen zeure imajinazioak. Begiak txirrinean jarrita neuzkan eta belarriak harixe erne, eta gizon bizi bat naizen kasuan, ez zuen aldi horietan jo. Ez horixe, ezta beste ezein alditan ere, salbu eta, gertakari fisikoen segida naturalez, postutik dei egin zizutenean.»

        Burua astindu zuen. «Ez dut, ordea, inoiz horretan hutsik egin, jauna. Ez dut inoiz nahastu mamuaren deia gizon batenarekin. Harena txirrinaren halako dardarizo estrainio bat duzu, inondik ere ez datorrena, eta nik ez dut esan inolaz ere begiari eragiteko moduan higitzen denik txirrina. Ez naiz harritzen zuk ez entzutea. Nik, ordea, entzun egin nuen.»

        «Eta mamua han zen edo, begiratzera irten zinenean?»

        «Han zen, noski.»

        «Bietan?»

        Ezbairik gabe errepikatu zuen: «Bietan.»

        «Etorri nahi al zenuke nirekin ateraino eta ikusi ea hor dagoen?»

        Beheko ezpaina hozkatu zuen, hartarako gogo berezirik ez balu bezala, baina jaiki egin zen. Atea ireki eta sarrerako mailan geratu nintzen, hura atalasean zegoela.

        «Ikusten al duzu?» galdetu nion, zer aurpegi jartzen ote zuen adi-adi. Begiak irtenik eta atezuan zeuzkan; ez, ordea, areago, beharbada, neureak baino, leku berera begiratzeko zorroztu behar izan nituenean.

        «Ez,» erantzun zuen. «Ez dago hor.»

        «Ados,» esan nuen nik.

        Atzera sartu, atea itxi, eta lehengo tokian eseri ginen berriro. Abantaila hartaz ondoen nola balia nintekeen pentsatzen ari nintzela, horri abantaila esaterik baldin badago, hara non ekiten dion tipoak hizketan halako normaltasun itxuran, hain jakintzat emanik ezin zitekeela gure artean gertakariei buruzko konponezinik izan, non posiziorik ahulenean sentitu bainintzen.

        «Honezkero konprenituko duzu noski,» esan zidan, «hain modu lazgarrian asaldatzen nauena galdera hauxe dela, alegia: Zer esan nahi du mamuak?»

        «Zeren abisua eman nahi du?» esan zuen, gogoetatsu, begiak suan jarririk, eta noizik behin bakarrik nigana jiraturik. «Zein da arriskua? Non da arriskua? Arriskuren bat daukagu Linearen gainean non edo non. Zorigaitz makurren bat gertatuko da. Ez da zertan duda eginik hirugarren honetan, lehenago gauzak nola joan diren ikusita. Begitan hartu naute noski, eta ezin naiz tratu txar honetatik libratu. Zer egin nezake nik?»

        Musuzapia atera eta izerdi tantak xukatu zituen bekokitik, sutan baitzeukan.

        «Norantz batera, edo bietara, Arriskua telegrafiatuko banu, ezingo nuke inolako arrazoirik eman,» segitu zuen, esku ahurrak xukatuz. «Konplikazioetan sartuko nintzateke, mesederik egin gabe. Erotuta nengoela pentsatuko lukete. Honelatsu joango litzateke kontua: Mezua: "Arriskua! Kontuz!" Erantzuna: "Zer Arrisku? Non?" Mezua: "Ez dakit. Baina Jainkoaren izenean, kontuz!" Postutik kenduko nindukete noski. Zer gutxiago?»

        Lastimagarria zen, guztiz, nolako senari eutsi ezin larria zuen ikustea.

        «Aurreneko aldiz Arrisku-argiaren pean agertu zenean,» segitu zuen, ile beltza atzera eraman eta eskua lokietatik zoro moduan pasatuz, halako egonezin sukarrezko batez, «zergatik ez zidan esan non gertatuko zen istripu hura... gertatu behar bazuen? Zergatik ez zidan esan nola galarazi... galarazterik baldin bazegoen? Eta bigarren agerraldian aurpegia ezkutatu zuen; zergatik ez zidan esan, horren ordez: "Emakume hori hiltzera doa. Ez diezaiotela etxetik irteten utzi"? Eta bi aldi horietan abisuak egiazkoak zirela erakusteko bakarrik agertu bazen, eta hala hirugarrenerako prestatuta egon nendin, zergatik ez dit jakin beharreko guztia esaten orain? Eta ni, jaunak anpara nazala, seinalezain arrunt bat besterik ez, gizagaixo hau, postu bakarti honetan! Joatea zeukan niri baino errazago sinetsiko dioten eta zerbait egiteko ahalmena duen norbaitengana!»

        Trenpu hartan ikusi nuenean, pentsatu nuen, gizagaixo harentzat ez ezik, baita segurtasun publikoari begira ere, tipoa lasaitzea zela egin nezakeen balearra. Beraz, errealitate eta irrealitate gora-behera oro alde bat utzirik, adierazi nion ezen bere eginkizuna zintzo betetzen duenak ez duela aitzakiarik, eta pozik egon zitekeela azken finean, bere eginkizuna ulertzen baitzuen, nahiz Aparizio parte txarreko haiek ez ulertu. Askoz arrakasta handiagoa lortu nuen saio hartan, nire arrazoiz hura beretik ateratzeko ahaleginean baino. Baretu egin zen; gaua aurrera ahala, laneko betebeharrek gero eta luzaroagoko arreta eskatzen zioten tarteka; goizaldeko ordu bietan, bada, alde egin nuen.

        Bidexkan gora nindoalarik behin baino gehiagotan atzera begiratu nuela, argi gorrira; ez nuela argi gorria atsegin; eta nire ohea haren pean egon balitz apenas lo onik egingo nuela, ez dut zertan gordean eduki.

        Baina buruan oroz gain nerabilena zera zen, ea nola jokatu behar ote nuen behin errebelazio hura nire baitara iritsi zenez gero. Garbi zegoen gizon hura argia, arretatsua, saiatua eta zehatza zela; zenbat iraun zezakeen, ordea, hala, aldarte hartan?

        Non eta seinalezainarekiko kontuak aurrez garbitzen ez banituen, eta erdibideren bat proposatzen, konpainiako haren nagusiari dena kontatzea nire aldetik nolabaiteko traizioa izango zelako sentimendua gainditu ezinik, azkenean erabaki nuen nire burua eskaintzea seinalezainari (bestela oraingoz sekretua neuretzat gorderik) inguru haietan aditzea zegokeen medikurik onenarengana laguntzeko, bere iritzia eman zezan. Hurrengo gauean aldaketa bat izango zuen lan-ordutegian, jakinaren gainean jarri ninduen, eta egunsentitik pare bat ordura aterako zen lanetik, eta ilunabarrean hortxe sartu berriro. Halaxe jarri genuen biharamuneko zita.

        Hurrengo arratsaldea arratsalde polita atera zuen, eta goiz abiatu nintzen hura gozatzeko. Lubaki sakonaren gaineko hegitik bertan zihoan bidezidorrean barrena abian nintzela, eguzkia ez zen artean ezkutatu. Ordubetez paseoan segituko dut, esan nion neure buruari.

        Nire txangoari berriro ekin aurretik, zulo-ertzera hurbildu eta behera begiratu nuen mekanikoki, seinalezaina aurreneko aldiz ikusi nuen puntutik. Ezin deskriba dezaket nolako latzikarak jo ninduen, tunel ahoren ondoan, gizon baten itxura ikusi nuenean, ezkerreko mauka begien aurrean, eskuineko besoari hil edo bizi eragiten.

        Harri eginik utzi ninduen izu deskribaezina berehalaxe pasatu zen, zeren berehala ikusi bainuen giza itxura hura gizon bat zela egiazki, eta beste gizon multzo bat zegoela hantxe ondoan, eta haiei ari bide zitzaiela eskaintzen imintzio-antzezpen hura. Arrisku-argia piztu gabe zegoen artean. Zutoinaren kontra, kaxota txiki moduko bat zegoen, niretzat guztiz berria, zurezko hagaz eta toldoz antolatua. Ez zuen ematen ohe bat baino handiagoa.

        Zerbait gaizki zihoalako susmo eutsiezin bat bihotzean —beldurrez dardaraka, oker erremediagaitz bat gertatu ote zen bart gizona han uzteagatik, nire erruz ez zutelako inor bidali haren jokaera gainbegiratu edo zuzentzeko—, ahal izan nuen bezain azkar jaitsi nuen bide koskatsua.

        «Zer gertatzen da?» galdetu nien gizonei.

        «Seinalezain bat hila goizeon, jauna.»

        «Ez da, bada, etxola horretan postua zuena izango?»

        «Bai, jauna.»

        «Ez, haatik, nik ezagutzen dudana?»

        «Ezagutuko duzu noski, jauna, traturik baldin bazenuen,» esan zuen gainerakoen izenean mintzo zenak, handioski kapelua erantzi eta toldoaren mutur bat altxatuz, «ez zaio-eta aurpegia batere mudatu.»

        «Nola liteke, ordea, nola liteke halakorik?» galde egin nuen, kaxota atzera itxita geratzen zelarik aurpegi batetik bestera pasatuz.

        «Trenak harrapatu du, jauna. Ez zen Ingalaterra guztian bere lana hobeto ezagutzen zuen gizonik. Nonbait ez da kendu kanpoko karriletik. Egun argiz izan da. Argia itzalita zeukan, eta farola eskuan. Makina tuneletik irten denean, hari bizkarra emanez zegoen, eta harrapatu egin du. Gizon hau zetorren makinista, eta oraintxe esplikatzen ari zen nola gertatu den. Esplikaiok jaun honi, Tom.»

        Gizona, soingaineko ilun zakar batez jantzia, atzera tunelaren ahoko lehengo lekura itzuli zen.

        «Hara, jauna: tunel barruko errebuelta hartzean,» esan zuen, «bukaeran ikusi nuen, urrutirako lentetik ikusiko banu bezala. Ez zegoen astirik abiadura jaisteko, eta banekien oso tipo arretatsua zela. Ez zirudienez jaramonik egiten zionik abistuari, gain-gainean geundenean, hura moztu eta deiadar egin nion eztarriaren betean.»

        «Zer esan zenion?»

        «Hor behean!», esan nion, «Kontu eman! Kontu eman! Jainkoaren izenean, kendu bidetik!»

        Zirkin gaizto egin nuen ikaraz.

        «Ai, jauna, halako trantzerik!... Ez nion inoiz utzi deiadar egiteari. Beso hau begien aurrean jarri nuen, ez ikusteko, eta beste honi eraginez jardun nuen azkeneraino; baina alferrik izan zen.»

        Zirkunstantzia bitxi hauetakoren bati buruz besteen kaltetan xehetasun gehiago emateko nire kontakizun hau luzatzeke, beharrezkoa zait, hala ere —horrenbestez amaitzen dudala—, bat-etortze harrigarri bat azpimarratzea: izan ere, makinistaren abisuak ez baitzituen bakarrik seinalezain malapartatuak burutik kendu ezin zituen eta niri errepikatu zizkidan hitzak esan, baizik eta, orobat, hark imitatu zituen imintzioei nik neuk —eta ez berak— neure baitan, neure golkorako, erantsi nizkionak ere bai.

 

Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997