GOLDE BAT BELAR
William Butler Yeats

"An acre of grass"
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Argazkiz eta liburuz iraun,

golde bat belar berde

arnasketarako ariketarako

gorputz indarra ahultzen deneon.

Gauerdi, etxe zaharra

sagu bat besterik mugitzen ez.

 

Bare da nire tentaldia.

Hemen biziaren azkenean

ez irudimen sukartuak

ez hezur-azalak jaten dituen

gogoaren errotak

dute ezagutzen ahal Egia.

 

Opa iezadazue agurearen zoraldia

neure burua behar dut berrosatu

Timon eta Lear izateraino

edota William Blake hura

harresian ukaldika

Egiak jaramon egin arte.

 

Gogo bat, Michelangelok bazekien,

barnera liteke hodeietan

edo zoroaldiak inspiraturik

inarros litzake hildakoak beren mihisetan.

Gizonek ahantzi egiten dute bestela

agure baten arrano gogoa.

 

GOLDE BAT BELAR
William Butler Yeats

"An acre of grass"
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015