ZATOZTE NIRE INGURURA, PARNELL TXIPIOK
William Butler Yeats

"Come gather round me, Parnellites"
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Zatozte nire ingurura, Parnell txipiok

eta lauda gure gizon hauta

zaudete zutik hanka gainean apur bat

zaudete zutik ahal duzuen artean

laster gu ere etzan izanen garenez

hura dagoen lurpean

zatozte betetzera godalet guztiok

eta pasa botilaren erronda.

 

Eta hona arrazoi sinesgarri bat

eta badauzkat beste anitz ere

Ingalaterraren botereari egin zion aurre

eta irlandar dohakabeak salbatu

laborariek lortu zuten on oro

hark ekarria izan zen

eta hona beste arrazoi bat

Parnellek neska bat zuen maitatu.

 

Eta hona azken arrazoi bat

hain zen halakoa hura berez

non kanturen bat abesten duen gizonak

Parnell baitauka gogoan

Parnell gizon fierra izan zelako

lur hau zapaldu duen edonor baino areago

eta gizon fierra gizon maitagarria delako

pasa ezazue botilaren erronda.

 

Apezpikuek eta alderdiak

historia tragiko hori zuten asmatu

emaztea galdu zuen senarrarena

gero aberria saldu zuelakoa
baina luze irauten duten istorioak

edaria eskuan dira abesten

eta Parnellek bere herria zuen maitatu

eta Parnellek bere neska zuen maitatu.

 

ZATOZTE NIRE INGURURA, PARNELL TXIPIOK
William Butler Yeats

"Come gather round me, Parnellites"
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015