ERREKARRIA
Shuntaro Tanikawa

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017

 

1

 

Ongi dago

harri bat hartzea, eskuetan berotu,

eta mahaian jarrita, hari begira gelditzea.

Hari begira zaudela ausazko ideiak dituzu

eta gero nekatu egiten zaitu-

Argazkia ateratzen al diozu orduan

Polaroid batekin?

Errekarria eta argazkia konparatuz gero

galdu egingo litzateke inozentzia oro.

Faltan botatzen duzu

zori hutsez errekarria hartu duzun unea

eta atzera egin nahi zenuke baina ezin duzu.

Gero eta ziurtasun gutxiago dituzu errekarriei buruz,

eta ez zaude ziur errekarriaren kolore eta gogortasunaz.

Errekarriaren alboan jartzen duzu argazkia

eta beste argazki bat ateratzen duzu.

 

2

 

Errekarriak

zirrara arrastorik txikiena eragingo balizu

garbitu egingo zenuke

eta eguzkitara idortu

eta agian baita zure neskalagunari opari eman ere.

Berak esango balu,

“eta zer egin behar dut nik honekin?”

esan nahi luke hitzek huts egin dizutela.

Puntu horretara helduta zerbait esan behar zenuke

baina isilik geldituko zara

bien arteko

errekarria bezala.

 

3

 

Ahalik eta indartsuen jaurtitzen duzu

ezezagun baten aurka

eta tenpluan jotzen baduzu eta erortzen bada

gogo onez aitortzen duzu

zu izan zarela.

Baina aitzakiarik ez duzunez

gizonak ihes egingo du

izuak jota.

Edo gertaera segida ustekabekoagoren bat

espero al duzu?

Errekarri soil batek alda dezake

gizon baten zoria.

Sasoi guztietan izan dute arrakasta

halako kontakizunek.

 

4

 

Errekarria miazkatzen duzu

zure mihiaren puntaz, hasieran lotsaz,

eta gero gogotsuago,

eta ahoan sartzen duzu gero

eta zurrupa egiten diozu,

ez irensteko kontu hartuz.

Mihiaz darabilzu,

saiatzen zara hozkatzen

pixka bat,

eta gero eta listu gehiago darizu,

zure gorputzak errekarria arbuiatzen duelako.

Edo desio duzulako ote da?

Masaila puzten zaizu, gogo biziz jarraitzen duzu

lagunari dena azaltzen;

hala,

esate baterako:

 

5

 

“Erreka gurutzatu dut udaletxerantz

besapean errekarri bat daramadala.

Haren jabetzari buruz eztabaidan nabil funtzionarioarekin.

Berak dio legez

ez dudala jabetza eskubiderik.

Herrian albistea hedatzen denean

ikusgarria da nola bat-batean denek batera aldarrikatzen duten

errekarri bat daukatela

eta lehiatzen dira guztiak

gainontzeko guztiekin nola erreklamatu

errekarri arrunt baten jabetza.

 

Hamasei urteko mutiko batek

zazpi kolorez margotzen du errekarria,

osorik estaltzen du oilo lumaz,

ore bustitan pasatzen du, oliba oliotan frijitzen du,

ispiluz apaindutako kutxa batean sartzen du

eta airez bidaltzen du

eskuz egindako aire berozko bere globoari itsatsita.

 

Hogeita hamar urteko alargunak

kontu handiz xehatzen du errekarria mailu batekin,

itsasten ditu puskak berriz

eta lepotik zintzilikatzen du talisman modura.

 

Hirurogeita hamar urteko kontulari batek eskuz zulo bat egin,

zakur batek nola, eta bertan lurperatzen du errekarria.

Iluntzen duenean

lurretik atera

eta ahoz gora irakurtzen dio bere poema hogei watteko bonbilla soil baten pean.

 

Hogeita bost urteko saltzaileak

berdin-berdinak diren bi errekarri daramatza

bere boltsotxoan

eta elkar kolpatzen dutenean sortzen duten hotsa

musika baino gustagarriagoa zaiola dio.

 

Baina ezinezkoa zait epaitzea

gauza hauek gertatzearen arrazoia

errekarriekiko maitasuna ote den

edota errekarri ez den gainontzeko guztiarekiko

axolagabetasun garaiezina”.

 

ERREKARRIA
Shuntaro Tanikawa

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017