CHAGALL BAT ETA HARITZ HOSTO BAT
Shuntaro Tanikawa

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017

 

Aurrezki guztiak galdu ditut Chagallen litografia bat erosten

 

eta bidean topatu nuen haritz hosto baten alboan jarri dut.

 

Prezio bat izan dezakeen zerbait,

preziorik jarri ezin zaion gauza baten alboan.

 

Giza esku eta bihotz baten fruitu den zerbait,

eta naturaren obra den zerbait.

 

Ederra da Chagalla.

Ederra da haritz hostoa.

 

Zutitu eta tea prestatu dut

arratsaldeko argi leunak mahaia argitzen duen bitartean.

 

Chagallari begira

albora bueltatu zitzaidaneko egun urrunak ditut gogoan.

 

Haritz hostoari begira

sorkuntzaren hauskortasuna darabilt gogoan.

 

Haritz hosto bat eta Chagall bat,

biak ederrak, biak ordezkaezinak.

 

Hazten doa Ravelen pianoaren hotsa.

Eternitatearekin bat egiteraino doa transformatzen gaurra

 

leihoaren atzeko zeru urdinean

gorputz eta arimak bat desegiten diren bezala.

Eta malko hauek, norengatik ote dira?

 

CHAGALL BAT ETA HARITZ HOSTO BAT
Shuntaro Tanikawa

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017