NEW YORK-EKO 28. KALEKO 14E-N IDATZIA
Shuntaro Tanikawa

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017

 

Eta W. H. Auden sartu zen, esku erraldoian kafe kikara batekin.

Aluminiozko kikara hura zen,

hortzak garbitzeko erabili ohi zuena.

 

Eta aurreko gaueko afarian

norbaitek zotzak nola asmatu ote ziren galdetu zuen.

“Bat-batean asmatu zituzten 1910ean”, egin zuen broma norbaitek.

Baina inork ez zekien historia osoa.

 

Eta The History of Blue Films ikusi nuen

antzoki txiki huts batean.

Huntz eri bat zintzilik,

arrakala handi bat zuen horma zurian.

 

Geltoki batek ez bazen besteak

Bach zeraman egunero.

Nire hoteleko leihotik ez zen argirik sartzen,

eta ezta, noski, zerurik ere.

 

Mrs Tamurari, hoztuta baitzegoen, etxera ekarri genion arrain gordin apur bat, arroza, eta arbia eskabetxean, plastikozko ontzi batean.

Marilyn Monroe bizirik zegoen eta osasuntsu

telebistan.

 

Eta normala denez bidaiari-txekeak sinatzen aritu nintzen

behin eta berriz eta berriz.

Ez dakit ba ote den esperantzarik jendearentzat

gaur egun direnetan.

 

Ez badago, zer egingo dugu

gaur gauean hiltzekoa den gizonarekin?

Baldin badago,

orduan zer zentzu du etorkizunak?

 

Ederra litzateke

nire egiteko bakarra neure arima salbatzea balitz;

baina beste arima batzuk ere nirearekin nahasita daudenez,

ezinezko zait nirea zein den esatea ere.

 

Telefonoak iratzarri ninduen hurrengo goizean.

Nire semea eta alaba ziren, Tokiotik,

nik egunon esan nienean

arratsaldeon esan zutenak.

 

NEW YORK-EKO 28. KALEKO 14E-N IDATZIA
Shuntaro Tanikawa

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017