AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014

 

 

6. Urte berria

 

Negua da eta urte berria.

Ez zaitu inork ezagutzen.

Izarretatik, argi-euritik urrun,

Atseden hartzen duzu harrien urte giroan.

Ez da itzuleran gidatuko zaituen haririk.

Zure lagunak erdi lo daude plazeraren

Iluntasunean, ezertaz gogoratu ezinik.

Inork ez zaitu ezagutzen. Ezerezaren auzoa zara.

Ez duzu ikusten euria erortzen, ez urruntzen ari den gizona,

Hirian zehar hausterrak zabaltzen ari den haizea.

Ez duzu ikusten eguzkia, oihartzuna bailitzan, ilargiari tiraka.

Ez duzu ikusten bihotz zauritua, sugarretan altxatzen,

Errugabeen burezurrak ke bihurtzen.

Ez dituzu ikusten oparotasunaren orbanak, argirik gabeko begiak.

Bukatu da dena. Negua da eta urte berria.

Apalak larrutu dira zeruan.

Etsiak, hotza jasan ezinik, ezer ezkutatzeko ez duten horiekin.

Bukatu da dena eta ez zaitu inork ezagutzen.

Bada ur ainubean limurtzen ari den izarren argia.

Badira itsasoan inork ikusi ez dituen harriak.

Bada itsasertza eta jendea esperoan.

Eta ez da ezer itzultzen.

Izan ere, dena bukatu da.

Izan ere, izenaren ordez isiltasuna dago.

Izan ere, negua da eta urte berria.

 

AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014