AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014

 

 

2. Erantzunak

 

Zergatik bidaiatu zenuen?

Hotz zelako etxean.

Zergatik bidaiatu zenuen?

Betidanik egin izan dudalako, goizalbatik iluntzera.

Zer zeneraman jantzita?

Traje urdina, atorra zuria, korbata horia eta galtzerdi horiak.

Zer zeneraman jantzita?

Ezer ez. Oinaze bufanda batek berotzen ninduen.

Nork egin zuen lo zurekin?

Gau bakoitzean emakume batek.

Nork egin zuen lo zurekin?

Bakarrik egiten dut lo. Beti izan da horrela.

Zergatik esan zenidan gezurra?

Uste izan nuen egia zela.

Zergatik esan zenidan gezurra?

Egiak beste ezerk baino gezur gehiago esaten duelako eta nik maite dut egia.

Zergatik zoaz?

Niretzat ezerk ez duelako zentzurik.

Zergatik zoaz?

Ez dakit. Sekula ez dut jakin.

Luzaroan itxaron behar zaitut?

Ez egon zain. Nekatuta nago eta etzan nahi dut.

Nekatuta zaude eta etzan nahi duzu?

Bai, nekatuta nago eta etzan nahi dut.

 

AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014