AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014

 

 

4. Zure itzala

 

Baduzu zure itzala.

Egon zinen tokiek itzuli dizute.

Haurtzaindegiko korridore eta lorategi biluziek itzuli dizute.

Egunkari-saltzaileen etxeak itzuli dizu.

New Yorkeko kaleek itzuli dizute eta baita ere, Montrealekoek.

Beleneko gelek, non muskerrek eltxoak jaten zituzten.

Manaoseko kale ilunek, eta Riko kale hezeek itzuli dizute.

Behin bertan bizi izan nahi zenuen Mexiko hiriak ere itzuli dizu.

Eta zure aurrean eskuak garbitu nahi izan zituen Halifaxeko kaiak.

Baduzu zure itzala.

Zure joanaldiaren ubera zurian bidaiatu zenuenean azpian hartu zenuen itzala,

Baina ailegatzean bertan zenuen zain. Han zenuen zure itzala.

Zeharkatu zenituen atariek urrundu egin zuten zure itzala eta ateratzean

Berriz itzuli. Han zenuen zure itzala.

Nahiz eta ahaztuta utzi aurkituko zenuen, zurekin zegoen uneoro.

Behin, mendian, zuhaitz baten itzalak zurea estali eta inork ez zintuen ezagutu.

Behin, mendian, uste izan zenuen zure itzala beste batena zela. Eta itzalak ez zuen ezer esan.

Zure arropek zure itzala erakartzen zuten: biluztean, barreiatu egin zen zure iragan ainubea bezala.

Eta hostoak legez aire galdu batean flotatzen duten zure hitzek, leku ezezagunean, itzuli egin zizuten zure itzala.

Zure lagunek itzuli zizuten itzala.

Zure etsaiek itzuli zizuten itzala. Astuna zela esan zuten, estaliko zuela hilobia.

Hil zinenean, zure itzalak gaua labean igaro zuen eta ogiaren ordez hausterrak jan.

Hondakinen artean alaitu zen.

Gainontzekoak lo zeuden bitartean, zelatan egon.

Distira egin zuen kristalak hilobi artean legez.

Airearen antzera portatu zen.

Elurra uretan bezalakoa nahi izan zuen izan.

Nahi izan zuen ezer ez izan, baina hori ezinezkoa zen.

Etxera etorri zitzaidan.

Nire sorbaldetan pausatu zen.

Zure itzala zurea da. Horixe esan nion. Esan nion zurea zela.

Luzaroan eraman izan dut nirekin. Itzultzen dizut.

 

AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014