AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014

 

 

5. Dolua

 

Zutaz erruki dira.

Gauerdian altxatzen zarenean

Eta ihintzak zure masailen harria zizelatzen duenean,

Zutaz erruki dira.

Etxe huts batera itzultzen zaituzte.

Aulkiak eta mahaiak eramaten dituzte bertara.

Eseri eta arnas egiten irakasten dizute.

Eta zure hatsa erretzen ari da,

Pinuzko kutxa erretzen ari da eta hausterrak argi-izpien atzera erortzen dira.

Liburu bat eman dizute eta irakurtzeko eskatu.

Entzuten ari dira eta begiak malkoz bete zaizkie.

Emakumeek zure hatzak laztantzen dituzte.

Ilea berriz horitu dizute.

Bizarreko antzigarra moztu dizute.

Izterretan masajea eman.

Dotore jantzi zaituzte.

Zure eskuak igurtzi, garbi mantentzeko.

Elikatzen zaituzte. Dirua eskaini.

Belauniko, erregutzen dizute ez hiltzeko.

Gauerdian altxatzen zarenean zutaz erruki dira.

Begiak itxi eta zure izena xuxurlatzen dute.

Baina zure zainetatik ezin dute draga ehortzitako argia.

Ez dira iristen zure ametsetara.

Gizon zaharra, ez dago modurik.

Behin eta berriz altxa, hori ez da ona.

Zutaz erruki dira, ahal duten neurrian.

 

AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014