AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014

 

 

3. Zure hiltamua

 

Ezin zintuen gelditu ezerk.

Ez egunik behinenak, ez jabaltasunak, ez ozeano harrotuak.

Zuk hiltzen jarraitzen zenuen.

Ez paseorako abaroa eta itzala ematen zizuten

Zuhaitzek.

Ez medikuak,

gaztigatu eta behin salbatu zintuen gazte buruzuri hark.

Eta zuk hiltzen jarraitzen zenuen.

Ezin zintuen gelditu ezerk. Ez semeak, ez haur bati bezala

Elikatu zintuen alabak.

Ez betirako bizi zinela uste zuen semeak.

Ez papar-hegalak astindu zizkizun haizeak.

Ez zure mugimenduen esanetara zegoen jabaltasunak.

Ez gero eta astunago ziren zure zapatek.

Ez haratago begiratzeari utzi zioten zure begiek.

Ezin zintuen gelditu ezerk.

Zure gelan eseri zinen eta hiriari beha jarri zinen

Eta hiltzen jarraitzen zenuen.

Lanera atera zinen eta utzi zenion hotzari zure arropen artetik sartzen.

Odolari zure galtzerdietan isurtzen.

Zure aurpegia zurbildu zen.

Zure ahotsa erdibitu.

Makilan babestu zinen.

Ezin zintuen gelditu ezerk.

Ez aholkatu zintuzten lagunek.

Ez semeak. Ez txikitzen ari zinela ikusten zuen alabak.

Ez nekea nabari zuten zure negar-zotinek.

Ez urez bete ziren birikek.

Ez zure besoen minari eusten zioten mahukek.

Ezin zintuen gelditu ezerk.

Zuk hiltzen jarraitzen zenuen.

Umeekin jolasten zenuenean ere hiltzen ari zinen.

Jatera esertzean,

Gauez esnatzean, malkoz blai, zure gorputz hitsa,

Hiltzen jarraitzen zenuen.

Ezin zintuen gelditu ezerk.

Ez iraganak.

Ez eguraldi ona iragartzen zuen etorkizunak.

Ez hilerrira ematen zuen zure gelako kristalak.

Ez hiriak. Ez hiri ikaragarriak, bere oholezko eraikinekin.

Ez porrotak. Ez arrakastak.

Ez zenuen hitzen jarraitu besterik egin.

Erlojua jartzen zenuen belarrian.

Ahul sentitzen zinen.

Ohean etzan zinen.

Besoak bularren gainean gurutzatu eta zu gabeko mundua amestu zenuen,

Zuhaizpeko lekua,

Zure gelako lekua,

Zu gabe geratu diren lekuak,

Eta hiltzen jarraitzen zenuen.

Ezin zintuen gelditu ezerk.

Ez zure hatsak, ez zure bizitzak.

Ez bihoztu zenuen bizitzak.

Ez bizi zenuen bizitzak.

Ezin zintuen gelditu ezerk.

 

AITAREN ERESIA
Mark Strand

euskaratzailea: Kirmen Uribe
armiarma.eus, 2014