ZUHAITZA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Errepidetik urrun ez dagoen etxe batean bizi naiz . Errepide horren ondoan, bihurgunearen hasieran, zuhaitz bat dago.

      Ume koskorra nintzela, errepidea lurrezko bidea baino ez zen. Hau da, hautsez josia udan, lupetsua udaberrian eta udagoienean, eta landetan lez elurrez estalia neguan. Orain asfaltozkoa da urtaro guztietan.

      Gaztea nintzela, bidean nekazarien gurdiak ibiltzen ziren idiek tiraka, eta egunsentitik ilunsentira bitartean baino ez. Denak nituen ezagun, ingurukoak ziren eta. Bakanagoak ziren zalgurdiak. Orain autoak gau eta egunez ibiltzen dira errepidean abiada batean. Ez dut bat ere ezagutzen, agertzen dira batek daki nondik, eta ezkutatu batek daki non.

      Soilik zuhaitza geratu da berdin, berde udaberritik udagoienera arte. Nire lursailean hazten da.

      Idazki bat jaso nuen Agintaritzatik. “Arriskua dago -zioen idazkiak- autoren batek zuhaitzaren kontra jotzeko, izan ere, zuhaitza bihurgunean hazten baita. Beraz, bota egin behar da”.

      Arduratuta geratu nintzen. Arrazoia zuten. Hain zuzen ere, zuhaitza bihurgune ondoan dago, eta gero eta auto gehiago daude gero eta arinago eta kontu barik ibiltzen direnak. Orduan, kanoi biko eskopeta bat hartu nuen, zuhaitz azpian jesarri nintzen, eta, hurreratu zen lehenengoa ikustean, tiro egin nion. Baina ez nuen asmatu. Horregatik, atxilotu eta auzitara eraman ninduten.

      Ahalegindu nintzen epaimahaiari azaltzen huts egin nuela soilik nire ikusmena ez delako orain ona, baina betaurreko batzuk emango balizkidate asmatuko nukeela seguru. Ez zuen ezertarako balio izan.

      Ez dago justiziarik. Egia da auto batek zuhaitzaren kontra jo eta kalte egin diezaiokeela. Baina betaurreko batzuk eta munizio apur bat emanez gero, zain geratuko nintzateke jesarrita. Zer dela eta hainbeste presa zuhaitza botatzeko, istriputik hura babesteko beste bide batzuk egonda?

      Eta ez litzaieke ezer kostatuko, munizioaz aparte. Gastu larregizkoa al da hori?

 

ZUHAITZA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020