GERTAKARIA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Kafetegi zahar eta huts batean kafe bat hartzen nengoela, iratxo baten itxurako zerbait ikusi nuen mahaia zeharkatzen. Morroi txiki-txiki bat zen, jaka grisa soinean jantzita eta zorroa eskuan. Nik, zur eta lur, hasieran ez nuen errealitatea onartzen jakin. Azkenean, ibiltariak mahaitxoaren beste muturrerako bidean tabako paketea urrats arinez saihesten zuela eta jaramon txikienik egiten ez zidala ikusita, oihu egin nuen:

      — Aupa!

      Gelditu egin zen, eta ezer berezirik ez balitz bezala begiratu zidan. Antza, nire neurriko pertsonak existitzea harentzat begi bistako kontu ondo jakina zen.

      — Aupa! -esan nuen berriz baldarki- Orduan, mmm… zu… zara…?

      Sorbalda jaso zuen. Nire sotiltasun ezaz konturatu nintzen.

      — Bai, noski…, alegia... -gehitu nuen arinegi-. Egia esateko…

      Eta estutasunetik irteteko ahaleginean, bota nuen:

      — Zer dugu?

      Naturaltasun osoz hartu zuen nire galdera, eta erantzun zidan:

      — Betikoa.

      — Bai, bai -amen egin nion, badaezpada ere-. Jakina.

      Hala ere, kendu barik neukan guztiz hasieratik sumatu nuen harridura eta lilura sentsazioa. Beste edozein egun bezalakoa zen, eta ni txiri-txiri ari nintzen zahartzen, herrialde ez lar handi, ez lar txiki bateko kidea nintzen, eta neure eguneroko ogia irabazten nuen, baina aberasteko batere asmo barik. Eta bizitzaren benetako zentzua ulertzeko aukera haren aurrean, ez nengoen hura alferrik galtzeko prest. Neure bihotzondokoei eutsi, eta adiskidetsu esan nuen:

      — Betikoa. Eta, hala ere, tarteka irudipena dut egunerokotasuna aitzakia bat baino ez dela, esanahi ugari -zabalagoak eta sakonagoak- ostentzen dituen gainazala baino ez dela. Edo, behinik behin, esanahiren bat ostentzen duena. Zatiekiko harreman hurbilegiak osotasuna ikusten uzten ez badigu ere, antza, susmatzeko gai gara.

      Hoztasunez begiratu zidan.

      — Jauna -esan zuen-. Gu iratxo soilak gara. Zer ote dakigu kontu horien gainean?

      — Ondo dago -ekin nion-. Baina ez al duzu egonezin bat sentitzen, gauzak, sakonean, iruditu ez bezalakoak direlako bihozkada larria, ez esateagatik, segurutik, antzematen ditugun baino fenomeno gehiago direla? Gure eguneroko bizipen txikiak ez direla ematen dutenak? Ez al duzu inoiz ikuseremua mugatzen digun laino hesi leuna urratzeko gogorik izan, atzean zer dagoen ikusteko? Barkatu galdera hain zakar hauengatik, baina bakanetan izaten dut zure tamainako inorekin hitz egiteko aukerarik.

      — Ez zaitez arduratu -erantzun zuen gizalege ohikoaz. Eta, zure galderari dagokionez, uste dut lanpetsuegi gaudela sugeari hankak bilatzen hasteko. Zuk badakizu, bizi egin behar da.

      Ezin nuen sinestu. Ezergatik ere ez nion uko egingo berriketaldi hari, zeinak -egoeragatik, solaskideen kokalekuagatik baino ez balitz ere- ezagupen nolabait enpirikoak jasotzeko ezin konta ahala aukera eskaintzen zizkidan.

      — Jauna -jarraitu nuen, atzazkalez botoi batetik emaro ebatu ostean-, batzuetan bururatzen zait misterioak hemen argitzeko daudela. Demagun artea. Susmatzen dut arteak muga bat ezartzen duela, nahiz eta ez jakin esaten “zeinen” eta “zeinen” artean. Demagun “zein” horietako bat zeu zarela eta bestea neu naizela. Non ote dago artea?

      — Ez dut eskolarik, gizona -esan zuen, botoia askatzeko alferreko ahalegina eginez. Ni bera baino berrogeita hamar aldiz handiagoa bainintzen-. Baliteke zuk arrazoi izatea, baina, begira, hainbeste pentsamolde desberdin daude, norberari geratzen zaion bakarra bizitza datorren moduan hartzea da.

      — Nola datorren moduan?! -oihu egin nuen. Parean nuen norbait zeinak existitze hutsagatik, nire ustez, aurrerako urrats handia adierazten zuen, eta nire eginbeharra aukera hura baliatzea zen. Beno, eta zer deritzozu mamira jotzen badugu, eta zuzen galdetzen badizut: zer da bizitza?

      — Gizona, esan dizut gu iratxo soilak garela, eta ez daukagula holakorik zertan jakin. Hara, bizitza eskuetatik irristatzen zaigu, badoaz egunak, eta zor nahiz lor bizi egin behar dira -saiatu zen leunkiro konbentzitzen-. Nagusitxoa zara.

      — Horixe! Bizitza eskuetatik irristatzen zaigu. Ez dut inoiz onartuko besterik gabe irrist eginez joan daitekeenik. Arteziaren bat egon behar da, zentzu bikoitzen bat, funtsaren funtsen bat, oker al nago?

      — Hara, jauna -esan zuen iratxoak, espero zitekeen baino ernegazio gutxiagorekin- Iruditzen zaizu ni erantzun diezazukeen norbait naizela? Irakaslea edo apaiza al naiz? Bizitzaren bitxitasunak onak dira liburuetarako, baina ez guretzat, iratxo soilontzat. Guk ezin dugu itxaron gauzak zerutik behera jaus dakizkigun.

      — Ez didazu erantzungo, orduan! Ez daukazu erantzuteko asmorik! -Bat-batean adoregabe sentitu nintzen; egoera ikusita, ulerterraza zena. Konturatu nintzen zerbait ihesi zihoakidala. Etsita eta abailduta, botoiari jaregin nion.

      — Uste al duzu erantzuten ez badut maltzurkeriagatik dela? -atsekabetu zen on puska hura-. Zin dagizut, lantzean behin burutik zuk diozunaren antzeko zerbait pasatzen bazaigu ere, zaila gertatzen zaigula ondorio batera heltzea, ze ingurune zehatz marraztuen errealitate konkretu batek mugatuta gaude. Hori da balio duen bakarra. Utz itzazu xelebrekeriak.

      — Bene-benetan? -egiaztatu nahi izan nuen, lasaituxeago.

      — Bene-benetan. Eta orain, barkatu, baina joan egin behar dut: horrelakoa da bizitza. Gero arte.

      Iratxoak mahaitxoaren zeharkaldia osatu zuen, eta sofaren zirkiluetan barrena desagertu zen.

 

GERTAKARIA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020