JIRAFA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Josefek mutikoak (zeinak itxura barregarria zuen ilea aurrerantz jausten zitzaiolako) osaba bi zituen. Bata besteagandik oso desberdinak.

      Lehenengoa, zaharrena, komentu baten ondoko kalezulo estu batean, etxabeko gela zabal batean bizi zen. (“Ez diezadatela modernitaterik aipatu, etxe garaiak eta holakoak, beheko bizitza baino hoberik ez dago”). Haren gela liburu zaharrez beteta zegoen. Liburuak lerrokatuta zeuden apaletan, zeinak zedenek erdi-janda zeuden, denborarekin ahoak txirloraz beterik gogait eginda hil zirenak. Behin, osabari etxera eginiko bisita batean, Josefek-ek estropezu egin zuen apalategi batekin eta liburu bat jausi zitzaion buru gainera. Josefek ziplo jausi zen, eta neskameak botikara joan behar izan zuen lotailuen bila. Liburuak Espiritua materiaren aurka zuen izena.

      Osaba ez zen sekula gelatik irteten. Atril altu baten aurrean egoten zen jesarrita eta idazten. Kontuzko zer edo zer, itxura batean, ze berrogei urte zeramatzan berdina idazten. Obraren muina hauxe zen: “Munduaren deskripzio aprioristiko laburra, hau da, nolakoa litzateke mundua Lurra biribila ez balitz bestelakoa baizik?”

      Behin Josefek-ek galdera hau egin zion osabari:

      — Osaba, nolakoak dira jirafak?

      Osabak ez zeukan ideiarik ere animalia horiek nolakoak ziren, ze azken berrogei urtean harako obra hura idatzi besterik ez zuen egiten, gela sekula ere abandonatu gabe. Eta soilik saioak irakurtzen zituen absolutuaren ideiaz, munduaren subjektibotasun idealaz, transzendentziaren aurkakoaz, irudipenen parakonplexutasunaz eta solipsismoaz, kontuan hartu barik aipatutako Espiritua materiaren aurka liburua.

      Galdetuko diozue zeuen buruari: eta zer egin zuen hogei urteak bete orduko?

      Hogei urteak bete orduko inondik ere kentzen ez zitzaizkion pikortez ibiltzen zen arduratuta, eta denbora guztia ematen zuen ispiluaren aurrean. Eta sekula ere ez zen zoologikora joan, animalien bizitzako eszena lotsagarriak ikusteko beldurrez.

      Ilobaren galderak ustekabean harrapatu zuen, baina ez zen aztoratu; ze agnostizismoarena baino gehiago zirt edo zarteko metafisika baten jarraitzailea zen bera. Fideista onaren moduan, bere bizitzako hirurogei urtean ohitu egin zen ideia honetara, alegia, unibertsoaren ezagupen oro a priori, hasieran, eman zitzaiola jakitera gizakiari. Horrela, bistan da, jirafen ezagupena xehetasun huts bat baino ez zen berarentzat.

      — Bihar azalduko dizut! -erantzun zion.

      Josefek-ek alde egindakoan, osabak leiho-sareta jaitsi, argizari bat piztu, eta burezur bat jarri zuen idazmahaiaren gainean. Gauaren erdia etzanda igaro zuen besoak zabalik, eta beste erdia ikasi eta ikasi aritu zen betileak erre artean.

      Biharamunean, itzuli zen Josefek. Osabak esan zion:

      — Nahi zenuen jakin jirafak nolakoak diren, ezta? Ba, hara, jirafa hiru hankako animalia da, adarduna eta zaldi-buztana duena, eta perretxikoak esne kremaz baino ez ditu jaten.

      — Eta zer jaten du neguan, perretxikorik ez dagoenean?

      — Neguan kontserbako perretxikoak daude.

      Jozefek-ek eskerrak eman zizkion eta joan egin zen. Osabak itzala eta ikara eragiten zizkion beti. Dena dela, iruditu zitzaion jirafaren kontua ez zuela konpondu. Batez ere perretxikoenagatik. Orduan erabaki zuen beste osabarengana joatea.

      Familia askotan gertatzen den lez, beste osabak ez zuen lehenengoaren antzik batere. Elkar ez zutela ezagutzen ematen zuten biek aditzera. Bigarren osabak oso bizimodu aktiboa zeraman. Egunkari bateko erredaktorea zen.

      Osaba hura ezin zitekeen etxean topa, hain lanpeturik ibiltzen zen. Jozefek-ek erredakzio-bulegora deituz zion.

      — Kaixo, osaba, neu naiz, Jozefek.

      — Esan, kamarada.

      — Osaba, pentsatu dut zuk jakingo didazula esaten nolakoak diren jirafak.

      — Kamarada, Hizlariaren gidan bilatu beharko zenuke.

      — Ez dator.

      — Ba, Ludwich Feuerbach-en.

      — Eskolan eman dugu. Han ere ez dator.

      — Orduan, Anti-Dühring-en.

      — Han ere ez.

      — Ez zera!

      — Bai zera.

      — Nola? Ez datorrela Anti-Dühring-en? Baina zer uste duzu zuk, kamarada?

      Eta osabak eskegi egin zuen, bere onetik aterata.

      Umetan, ikusia zuen jirafa bat Animaliak bilduman. Bezeroak bereganatzeko, Kneipp etxeak kromoak oparitzen zituen txikoria paketeekin batera. Hori dela eta, bigarren osaba horrek bazuen jirafen gaineko irudi lauso bat, baina ez zuen onartu nahi, ze hura gerra aurretik gertatu zen, diktadura garaian. Beraz, iragarri zuen ez zegoela inorentzat, eta bere liburutegi marxistan arakatzen hasi zen. Baina Jozefek-ek arrazoia zuen. Ez Ludwich Feuerbach eta filosofia alemaniar klasikoaren amaiera-n, ez Anti-Dühring-en aipatzen zen jirafarik. Are gehiago, «jirafa» hitza agertu ere ez zen egiten.

      Argitalpen guztiak miatu ondoren, are hutsalenak ere, geldi geratu zen, egoera aztertzen. Hona hemen haren gogapenak:

      «Kneipp-en txikoria paketeena onartu? Hori sekula ere ez!» Desabantailan egongo litzateke gerra aurretik txikoriarik ere erosi ezin zekaketen ehunka milaka lagunekiko.

      «Ez zekiela jirafak nolakoak ziren aitortu? Ez, inola ere ez». Eta haren prestigioa? Hain buru-belarri hartu zuen munduaren ezagungarritasunaren tesia, non denetik dena jakiteaz harrotzen baitzen. Eta zer edo zer ez bazekien, ezin zuen halakorik onartu.

      « Jirafaren deskribapena zoologia esku-liburu batean bilatu?» Ez, hori ez zuen inoiz egingo, horrelako diziplina hain espezializatu batera jota, zientzia objektibistaren lupetzan jausteko beldurrez.

      Jozefek-ek berriro deitu zionean, zakarki erantzun zion:

      — Jirafak ez dira existitzen. Nahi baduzu, azalduko dizut nolakoak diren txakurrak edo untxiak.

      — Nola ez direla existitzen jirafak?

      — Ba ez dira existitzen. Ez Marxek, ez Engelsek, ez haien ondorengo handiek esaten dute ezer jirafari buruz. Eta horrek esan nahi du jirafak ez direla existitzen.

      — Baina…

      — Ze «baina» eta ze «baina ondo»?

      Jozefek-ek telefonoa eskegi zuen, hasperen egin, eta bere koskorren taldeko buruzagiarengana joan zen. Gazte hura pertsona normala zen. Esan zion:

      — Ez duzu beste ardurarik? Egon asteazkenera arte. Zoologikora joango gara. Dena in situ egiaztatuko dugu.

      Halaxe egin zuten. Joan ziren, jirafa bat ikusi zuten, horretaz jardun zuten… Jozefek-ek eskerrak eman zizkion, eta, gaztainondoz hornitutako etorbidetik etxerantz zihoala, hesi artean zotz bat sartzen zuen barroteei soinua joaraziz. Gogoeta sakonean ari zen. Bidean saldu egin zuen bizkar-zorroa. Gero paperdenda eta loradenda batetik igaro zen. Hurrengo egunean, hamabi-hamabietan mandatari batek arrosa sorta bat eraman zuen bigarren osabaren, erredaktorearen, etxera. Eta horrekin batera txartel bat, hauxe zioena:

      Anaia maitea:

      Zergatik ez gara inoiz elkarrekin egoten? Gera gintezke unada batean hitz egiteko gure gaztaroaz, familiaz, Jozefek-ez eta jirafez…

      Jainkoak Bere eskuan izan zaitzala,

      ZURE ANAIA

      Lehenengo osabak, ostera, sagu hil bat topatu zuen tintontzian, Jozefek-en bisita baten ostean bere tratatura itzultzerakoan. Zaparroek ez dute nahikoa diru izaten arrosa sorta bi erosteko.

 

JIRAFA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020