ZALDIA IZAN NAHI DUT
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Ai, Jauna, zaldia izan nahi nuke benetan…!

      Ispiluan oin eta eskuen ordez apatxak ditudala ikusi orduko, eta atzean isatsa, eta benetako zaldi burua, Etxebizitza Bulegora joango nintzateke.

      — Etxebizitza handi eta modernoa behar dut- esango nuke.

      — Eskabidea egin, eta itxaron zure txanda.

      — Ja, ja! -barre egingo nuke- ez duzue ikusten ez naizela kaleko gizon arrunta, beste edozein ez naizela? Desberdina naiz, bana-banakoa!

      Eta berehala emango lidakete etxebizitza handi eta modernoa, bainugelarekin.

      Cabaret batean arituko nintzateke, eta inork ez luke dudan jarriko nire talentua, nire funtzioek graziarik ez balute ere. Alderantziz.

      — Zaldia izateko, edertotxo dago -laudatuko nindukete.

      — Honek bai burua lepo gainean! -esango lukete beste batzuek.

      Aipatu gabe, esaera eta errefrauetatik aterako nukeen etekina: zaldi dosia, zaldi zuria etorri, zaldi zaharrari zela zaharra

      Jakina, zaldia izateak bere eragozpenak ere izango lituzke. Nire arerioen jomuga erraza bihurtuko nintzateke. Euren gutun anonimoak honela hasiko lirateke: «Zaldia haizela uste duk? Pottoka bat baino ez haiz eta!».

      Emakumeei kilika eragingo nieke.

      — Zu ez zara besteak bezalakoa -esango lidakete.

      Zerura joateko orduan, noski, hegal pare bat jasoko nuke eta pegaso bihurtuko nintzateke. Zaldi hegalduna! Gizaki bati gerta ote dakioke gauza ederragorik?

 

ZALDIA IZAN NAHI DUT
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020