IRAULTZA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Nire logelan, ohea hemen zegoen, armairua han eta mahaia erdian.

      Harik eta gogaitu nintzen arte. Orduan, ohea han jarri nuen eta armairua hemen.

      Aldikada batean nobedadeak bizkortu egin ninduen. Baina berriz itzuli zen gogaitasuna.

      Ondorioztatu nuen gogaitasunaren jatorria mahaia zela, edo hobeto esanda, haren erdiko kokagune aldagaitza.

      Mahaia hara mugitu nuen, eta ohea erdira. Erabaki inkonformista bat izan zen.

      Nobedadeak berriro bizkortu ninduen, eta iraun zuen bitartean konformatu nintzen hark sortu zuen eragozpen inkonformistarekin. Baina gertatu zen horrela ezin nuela lorik egin aurpegia hormaren kontra jarrita, eta hori izan zen betidanik neure jarrera kutunena.

      Eta egonaren buruan nobedadeak halakoa izateari utzi zion eta eragozpena baino ez zen geratu. Beraz, ohea hemen jarri nuen, eta armairua erdian.

      Oraingoan aldaketa erradikala izan zen. Izan ere, armairu bat gela erdian inkonformista baino gehiago da. Abangoardista da.

      Baina aldikada baten buruan… Ai, “aldikada” horregatik ez balitz… Labur esateko, armairua erdian egoteari ez nion jada zerbait berria eta apartekoa irizten.

      Beharrezkoa zen haustura bat, zirt edo zart egitea. Zehaztutako muga batzuen barruan benetako aldaketarik ezin bada egin, orduan gainditu egin behar dira muga horiek. Inkonformismoa nahikoa ez denean, abangoardia eragin gabea denean, iraultza egin behar da.

      Armairu barruan lo egitea erabaki nuen. Armairu batean zutik lo egiten saiatu den edozeinek hainbaten badaki eragozpen horrek ez duela inola ere lo egiten uzten, kontuan hartu barik oinen hanturak eta bizkarrezurreko mina.

      Bai, horixe zen erabaki zuzena. Arrakasta handia, garaipen totala. Izan ere oraingoan “aldikada” hori indargabea azaldu zen. Denboraldi baten buruan, bada, aldaketara ohitu barik nengoen -hots, aldaketak aldaketa izaten jarraitzen zuen-, eta gainera, gero eta jabetuago nintzen aldaketa horretaz, egunak joan egunak etorri mina handitu egiten baitzen.

      Hargatik guztia ezin hobeto joango zen nire erresistentzia fisikoaren gaitasunagatik izan ez balitz, zeinak bere mugak izan zituen. Armairutik irten eta ohera sartu nintzen.

      Hiru gau eta hiru egun egin nituen lo batean. Gero horma ondoan jarri nuen armairua eta erdian mahaia, armairuak erdian traba egiten zidan eta.

      Orain ohea hemen dago berriro, armairua han eta mahaia erdian. Eta gogait gaizto egiten dudanean, iraultzailea izan nintzeneko garaia gogoratzen dut.

 

IRAULTZA
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 67. zkia
armiarma.eus, 2020