BEGI KLISKA BAT
Jean-Joseph Rabearivelo

Un Clin d'Oeil, 1934
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Begiak ireki, begiak itxi

ezer ez horretan jo ote ditzake zeruko ateak

oinazturarik zaluenak?

Begiak ireki, begiak itxi

iragaten ote inurri batentzat ludia den hori

haur baten zabukako pausoak?

 

Begiak ireki, begiak itxi:

eldarnio bihurtuko zaizkizu ametsak

ezer ez horretan misterioz gerta litekeena

hartzen baduzu sobera pentsamenduan.

 

Zelako zimurrek, zenbat zimur sekretuk

tolestatzen duten orduan lurraren bekokia

eta zure maitearen masailak

eta desiratzen dituzun emazteenak

eta ezagutzen ez dituzun gainerakoenak!

Zelako hari zuriko zirrimarrek

josiko duten orduan gaztetasuna

eta trezatuko duten sobera bizi izan duten

gizakien hil-mihisea!

 

Begiak ireki, begiak itxi

hurbiltzen bazara

mundurantz zabaldutako leihoetara

ez dezazula zenbatu

jausi direnen hilobiaren gainean

sortu berri diren loreak,

ez zaitezela saiatu

haboro ez den

edo Adurraren isiltasunean aldatu denaren

oroitarriak aurkitzen,

begien ostean hedatzen den hilerrian

eraiki ahala lur jo duten oroitarriak.

Ez dezazula begietsi gaztetasun eternal hau baizik

zuri emana

begi kliska batean,

hurrenez hurren datozen mundu zaharren alaba.

 

BEGI KLISKA BAT
Jean-Joseph Rabearivelo

Un Clin d'Oeil, 1934
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015