ONTASUN ZAHARRA
Jean-Joseph Rabearivelo

Les Vieux Bien, 1934
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Agureak eta agureak ikusia nintzen

nire bi eskuak

ahurretan Adurra

irakurtzen dakienaren eskuetan

ipini baino lehen

eskaini baino lehen,

neure izarrak landutako

mendiak eta ordokiak atzeman zitzan.

 

Agureak eta agureak ikusia nintzen

baina ez haren antzekorik.

 

Inoizko Adatsaren Gaua

soiltasunaren ilbeteak ordeztua zuen

sapar mehe zuri bat inguruan

eta zain zituen arbasoei besterik

hizketan ez zekien ahoak

haur batenak bezala egiten zuen totelka

Ezezaguna erakusten zuen arren.

 

Zer ikusten ahal ote zuten oraindik

bizi izandako egunez astundu begiek?

Haietan gatibu gaztetasuna!

Gatibu ihesi ezin eginik!

 

Eta behatu zidanean, mendiak eta ordokiak ikertu zituenean

neure eskuen kofan,

haren behako itzaliak neurea gurutzatu

eta gar baketsu bat igarri zuenean

uste dut bere gaztetasuna borrokan hasi zela

irabazi ezineko borrokan!

 

Baina ez! Gatibua loturak hautsi

eta askatu egin zen:

neure gaztetasunean haragitu zen,

ontasun zaharraren sinestearen arabera

nigan islatua.

 

ONTASUN ZAHARRA
Jean-Joseph Rabearivelo

Les Vieux Bien, 1934
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015