POEMA Kanturako hitzak diozu, kanturako hitzak o, hildakoen mintzaira, kanturako hitzak, adierazteko aspaldi handian espirituak ernatu gero jaio eta hazitako ideiak troxetarako hitzekin, hitz baldarrak oraindik totelkeria alfabetoa oraindik hiztegiarekin dantza ezin eginik, ez baitira oraindik esaldi lerrokatuak bezain zalu baina kantari ari dira ezpainetan mariorratz mulko batek arratsa agurtzen duen bezala ibaiertzean.
Kanturako hitzak diozu, kanturako hitzak kanturako hitzak, adierazteko barne kantu baten oihartzun ahula zabalka eta durundaka, liburuaren isila eta oroimenaren larreak xarmatu nahirik edo ezpainen ibaiertz mortuak eta bihotzen larria.
Eta Kantu eske uste zenituen hitzak gero eta biziagoak bihurtzen dira baina baita gero eta arinagoak eta meheagoak ere gailur harroetan hiltzera urruneko palmondoetatik datorren haize hau bezala. Kantu dira bihurtzen, beren buruaren buru, egundaino izan direna egiazki. Eta aldatu egin nahi nuke, zuzendu egin nahi nizuke eta esan: liburuaren isila populatzeko eta oroimenaren larreak landatzeko edo ezpainen ibaiertz mortuak lorez ereiteko eta bihotzak askatzeko hitz eske datozen kantuak, hilobietan lilitzen diren aihenak iduri bizidun baten ezpainetara moldatzen zaren o, hildakoen mintzaira!
POEMA |