NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016

 

ABOLIZIONISMOA

 

      Beltzen esklabotza ezabatzea helburu zeukan nazioarteko mugimendua. Ingalaterran sortu zen XVIII. mendean eta berehala azaldu zen plaza agerian, lider menderakaitz baten bitartez, William Wilberforce, Society for the extinction of the slave trade elkartearen sortzailea. Gregoire abadea eta Victor Schoelcher zituen ordezkari aipatuenak Frantzian, baina askotan bezala, mundukoia eta espekulatiboa izan zen mugimendua. Estatu Batuetan ordea esklabo beltzen kopurua izugarria zen eta itxuraz behintzat ezinbesteko paper ekonomikoa jokatzen zuen, eta abolizionismoak, Quakertarrek eta iparraldeko bestelako sekta batzuek sustatua —ebanjelistek besteak beste, haietakoa zen Harriet Beecher-Stowe nobelagile ospetsua, Tom osabaren etxola-ren egilea— aurre egin zien indar handiko interesei, Sezesio Gerra esan izan zaion hartan irtenbidea aurkitu zuen fanatismo bitxi bat eraginez. Gerra honek ekarri zuen, iparraldekoen garaitzarekin, abolizionismoaren azkena. Beltzen merkatua eta esklabotza atzeguardiako borrokak bihurtu ziren, aztoramen gutxi sorrarazten zuten praktika zaharrak.

      Paradoxikoki, Afrikako lurrean iraun du esklabotzak geure egunotaraino (bere izena esaten ausartzen ez den apartheid-az gainera), klandestinoa izan gabe hala ere: gobernuak esklabotzaren abolizioa aldarrikatu zuen arte 1982an, Mauritaniako Harratinoak, berbereek inguruetako Beltzen aurka eginiko razzien ondorio, esklabotzaren garaian Beltzek Estatu Batuetan zeukatenaren antzeko estatusean bizi izan ziren.

 

NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016