NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016

 

AFRIKA ANGLOFONOA, AFRIKA FRANKOFONOA, AFRIKA LUSOFONOA...

 

      Ez dateke soberan publikoa ernaraztea hedabideek eta politikariek termino hauetaz egiten duten erabilera zalantzagarriaz, aski gezurtia baita hitzetan. Egiazki, Afrika anglofonoa, Afrika Frankofonoa, Afrika lusofonoa izendapenek biko funtzioa betetzen dute, psikologikoa eta politikoa. Alde batetik, merkeago ordezkatzen dute antzinako izendapenak: Afrika ingelesa, Afrika frantsesa, Afrika portugesa. Nagusigoa islatzen zuten, baina jasanezinak ziren, ideologia inperialisten lagun baitzetozen. Bestetik, aldaketa semantiko trebe bati esker, hemen aipu ditugun terminoak —eta Afrika frankofonoa beste ezin baino hobeki— adierarik gabeko mozorroak ditugu, kezko errezela baten gisakoak, menperatze maniobra berriak ezkutatzeko. Afrika frankofonoak ez du adierazten «Frantses hizkuntza erabiliena duten Afrikako herrien multzoa» (egia esan, frantsesa ez da erabiliena Afrikako inongo herritan, ez bada gobernuaren artifiziozko erabakiren bati esker), baizik «Frantziaren eragin eremu barruan diren Afrikako herrien multzoa».

 

NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016