NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016

 

SIONISMOA

 

      Israeldarren zerbitzu sekretuen eraginkortasunak limurtu eta haien babesaren amesle diren zenbait buruzagi multzoz at, sionismoak ez dauka sona onik afrikarren artean, denek miresten zuten Nasser liderraren bitartez jakin izan zutelako zer zen, zalantzarik gabe.

      Nagusiki, afrikarrek ukatu egiten dute gizateriaren genozidiorik handiena Adolf Hitlerrek juduei eragindako holokaustoa izan zelako tesia. Merke saltzea da mendez mende luzatu zen Afrikarren salerostea eta esklabotza. Kontinente oso bati eginiko laidoaz gain, hamarnaka milioi errubako gizon, emazte, haurren heriotza ekarri zuen, sufrikario lazgarriren buruan, maiz. Funtsean, ez ote zaio historialari judu bati zor —antisionista, egia da—, Hannah Arendti, egoki askoa den ideia hori, alegia, naziek, azken finean, Hitler baino lehenagoko mendeetan kolonialismo zuriak menpe hartutako herri Beltzekiko zituen jarrerak eta praktikak Juduei aplikatzeko ausardia besterik ez zutela izan?

      Mendebaldeko hedabideek bi tragediok tratatzeko erak sumindu egiten ditu afrikarrak: Juduen patu dohakabearen aipua malkoz eta bildutasunean egiten baldin bada beti, tonu onekoa da esan arinak eta are jostakinak erabiltzea, nolanahi ere beti zalantzatiak, Beltzen esklabotzaz. Holocauste telesaila, naziek Juduen aurka egin jazarpenaz diharduena, eta Racines, Alex Haleyk bikain eginiko berreraikuntza, Afrikatik erauzi, Mundu Berrira eraman eta esklabotzara behartutako arbaso Beltzen hilduratzeaz, kasik aldi berean eman zaizkio publiko frantsesari. Holocauste zela eta, erreboltazko oihuak egin zituzten hedabideek. Racines zela eta, Senghor lehendakaria, bere Senegaletik etorria Bernard Pivoten platora, mutiko zintzoaren txantxak egin zituen hein batean durduzatua zen autore amerikarrekin, bertan ziren ikusleen pozean. Tamala, Beltzak ez izatea haiek biak bezain heziak!

      Ihiziak izurriaz eri datorkigu gogora, La Fontainek dioelarik:

            Azkar edo flaku haizaten bezala

            Jakin zak, adiskidea,

            Hau duk gure izatea,

            Gortean xuri edo beltz eginen hautela.

 

      Afrikarrak sobera flaku dira, alegia, sobera paubre, egia esan, hedabideetan eragiteko.

      Afrikarrek oharteman diote, bestalde, ez tristatu gaberik, komunitate judu eraginkor batek, hartako anitz suntsimendu eremuetatik salbu atereak, bizimodu lasaia daramatela Hego Afrikan, Israelen alaitua izaki, itxuraz behintzat askorik asaldatzeke egun oroz begi bistan daukaten ikusgarriarekin: errubako herri bat nazien eromen kriminalaren parekoa den paranoiaren esku.

      Azkenik, afrikarrek onartzen dute mundu osoko Juduek ametsa agindutako lur batean batzeko aberri bat altxatzeko. Amerikako Beltzek, izter lehengusuak dituzten horiek, amets bera irudikatu dute beren erbeste ilunaren zenbait alditan. Jazarpen ergel batek etsipenera ekarritako herrien amets amankomuna da. Intolerantziatik alde egindako Holandar txiroena eta Hugonote iheslariena XVII. mendean. Afrikako lurrean batu ziren, bada, Holandar txiroak eta Hugonote iheslariak, Boers izenaren pean, konfiskatu zuten lurra eta bertako Beltzak sarraskitzeari eman zioten, eta, onik irtendakorik bazen, morrontzan lotzeari.

      Istorio horrek, afrikarren belarrian, halako oihartzun bat egiten du, esanak esan ez funtsik gabekoa, sionistarena. Palestinara jo, lurrak konfiskatu eta bertako arabiarrak kasatu.

      Oso errealitate desberdinak nahastea dela esan diezagukete, Juduak, Israeldarrak, Sionistak, Semitak... Nola egin, bestela?

 

NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016