NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016

 

ARIMA BELTZA

 

      Bi hitzon uztarketa, berez, barregarri samarra da. Mendebaldarrek sortua eta erabilia da XIX. mendearen azkenaldiaz geroztik. Uztarketa honek, ironikoki eta onberatasun apur batekin, Halako aitortze bat adierazten dio beltzari lehenago ez-izate bat zen esparruan. Levy-Bruhlen diskurtsoaren garaia da, «pentsaera primitiboa» delakoarena. Ezin baita besterik egin, helburua integratzea da, baina baita isolatzea ere, giza generoaren baitan, gizatasunera errenditu ezinak omen diren multzoak. Horrela, hurbiltzen ahal ditugu arima beltzari buruzko diskurtsoak eslaviarren arimaz, txinatarren arimaz, indiarren arimaz eginiko diskurtsoetara, jite berekoak eta praktikan eduki berekoak direnez, erreflexu izaera erakusten baitute, ezen ez edukiaren erreflexioa. Eduki honek ez dio buru egiten ahal, izan ere, kritikarik bistakoenari. Egia den arren hartzen dugula ahalen eta kalitateen herentzia bat, begiratze hutsak erakusten du ahalon eta kalitateon aniztasuna berebizikoa dela talderik mugatuenean, familian alegia. Nolako ez ote da izango, beraz, talde zabalagoetan, nazio eta kontinente mailan, aniztasuna!

      Arima beltzari buruzko diskurtsoaren gaitzesgarria molde askotan ageri da, zernahi adieratan harturik. Adierarik filosofikoenean, arima dugu, entitate guztietan, gizakia gehien bereizten duena bere hurkoagandik. Arima kolektibo bat ez da gauzagarri. Zenbait pertsonek, bizi ahal izateko, bihotz bera eta birika berak partekatuko balituzte bezalako bat genuke. Denok dakigu munstrokeria hori ez dela bidezkoa. Baina badaude entitate kolektiboak. Artifizialak dira, kulturalak, sozialak. Ez dira definitzen ahal, beraz, naturako kontuak bezala, baina bai usadioak eta ohiturak bezala.

      Arima beltzaren kontzeptua okerra da oinarrian, berariaz egina den izanaren eta irudiaren arteko nahasmenduan. Arima beltzari erantsitako atributuak garaileak garaituari dion mespretxuarenak dira. Garaileak, bistan da, garaituari ukatzen dizkion atributuak egiten ditu bere, eta tautologiaren diskurtsoa egiten digu: indartsuena indartsuena da, ahulena ahulena da. Borrokalekuan irabazi garaipenari arruntean jarraiki zaion bortizkeria ideologikoan tautologia hau une hartatik eternitatera pasaraztea da, eta egia partikular bat gezur orokorrera.

      Bidegabeko hizkera batek sortua, arima beltza kontzeptuak benetako tirania ideologiko bat ezarri du, hartan dela ixten eta justifikatzen. Ustez portaera bat deskribatzen zuena, portaerak gidatzeko zen sortu egiazki. Itxitasunaren lakioak era sinple eta gogorrean jokatzen du: azal beltzeko izakiak arima beltza dauka zalantzarik gabe. Behin eta betiko definituriko ezaugarriak ageri ez baditu, hots, xalotasuna, sentiberatasuna, e.a., normala ez dugulako da. Berarentzat eginak ez ziren diskurtsoek usteldua da, eta jakin nahi genuke, bestalde, nolatan ulertu ahal izan dituen. Horrenbestez, beltzak ez dauka aukera bat baizik, bakarra, mendebaldeko kulturak onar dezan, beltzarena egitea. Paper honetan garaile aterako da, arima beltza kontzeptuak daukan balioa eta iraunkortasuna indartuz. Ikara ematen duen zirkulutasuna dauka mugimenduak. Zirkulua hausten dutenak gupidarik gabe salatuko dituzte ernegatu gisa, zenbat eta zinez beltzago beren izatean eta kontzientzian, orduan eta arriskutsuagoak. Horrelakoak Fanon eta Mphahlele. Arima beltzaren zirkulu ustela ukatu eta salatu dute, eta ordezko iraultzaile eta fundatzaile bat ezarri, kontzientzia beltza.

 

NEGROTASUNAREN HIZTEGIA
Mongo Beti

Dictionnaire de la Negritude
Mongo Beti / Odile Tobner, 1989
euskaratzailea: Koldo izagirre
armiarma.eus, 2016