IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023

 

Gupida

eskatzera etorri naiz

gizakiaren minagatik.

Emilio Rosales

 

Idaztea

 

sendatzeko

haragi irekian 

guztion minean

niri daridan eta guztiona den

heriotza horretan

 

idaztea

 

harrapakinaren gainean

bere kondor zirkuluak marrazten dituen

larridura uxatzeko

 

ez ordea ariman

 

ariman

amaitzen den denboraren estimazioa

eta goian da

isiltasuna baino zerbait gehiago

begi erdi irekiekin

 

idaztea

 

onarpen gisa eta errebeldia gisa

beste aukerarik gabe

 

gelditu gabe

argia badoalako, indarrak

agortzen zaizkio

eta izatea hegan doa

hegazti sarraskijaleen

atzaparretan

 

idaztea

 

oihua esateko

erauzteko

bihurtzeko

eraldatzeko

birrintzeko

ezabatzeko

mina idaztea

proiektatzeko

haren gainean hitzarekin jarduteko

 

idaztea

 

atseden hartzeko

(idaztea eguzkia, neguan, ederra dela)

 

ez egiteko negarrik hain barruan

hain gordean

 

idaztea

 

ahitzera arte

munduaren hasieratik

eutsitako mina isuri dadin

 

idaztea

matxinatzeko

etekinik gabe

 

aurreikusitako porrota gorabehera

 

ez dagoelako arrazoitua ez den errebeldiarik

ez eta indarkeria, sakonean,

inozenterik

            idaztea

 

lanturako eskubidearekin

 

idaztea sendatzeko

idaztea aterpe hartzeko

idaztea begiak itxiko balitu bezala

ez ixteko

eskua mugitu eta haren bidea jarraitzeko

bizirik sentitzeko

ORAINDIK

itolarria atzeratzeko

simulazio gisa

gogoa gidatzeko eta ez dadin erotu

kontrolagaitza kontrolatzeko

 

idaztea

 

argia piztuta uzten duena bezala

eta zutunik egin lo

beldurrarekin kontuak kitatzeko

 

idaztea

berrantolatzeko

 

idaztea

etsi gabe

 

idaztea

des-esperatzen duenak bezala

kauterizatzeko

beldurrari neurria hartzeko

konjuratzeko

bizitzaren amuari berriz lotzeko

amore ez emateko

 

idaztea

itura seinalatzeko

 

IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023