IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023

 

Idaztea

hitz txikiekin

hitz arruntekin

hitz oso zehatzekin

begihitzak

animali hitzak

katumuturhitzak

lakarrak barrutik eta kanpotik

«beharbada» bezain leunak

zartadahitzak

«gehiegi» eta «berandu» bezalakoak

 

idaztea

 

gezurrik ez esateko

 

hitz abstraktuekin

gezurrak esateari uzteko

soilik axola duena esan ahal izateko

 

esatea gaur 

gaueko hamaiketan

argiak nire burkoaren ezkerreko aldea

berotzen duen bitartean

eta izara berdea destolesten

armairuko ispiluan

nigan nagoela

neure burua topatzera 

ohituta nagoen lekuan

berdinean irautearen arroztasunez

osatutako hemen honetan

nire burua errepikatzen

haragi mindua

hezur zaurituak

nerbioak, azala

tenkatua, ubeldua

ilea urdindua

geroratutako oihua

eta gaur hamaiketan

gaurko gauekoan

nire burkoaren ezkerreko aldea

argiak berotzen duen bitartean

 

ume bat hiltzen da

edo bi edo ez dakit zenbat

hiltzen diren eta atso batek

bere azken hitzak esaten ditu

edo ez eta hiltzen da

 

eta beste bat da hitz egiten duena

baina ez du hitz egiten, esaten du

apenas esaten du eta hiltzen da

esan gabe

apenas

ezer

eta zerbait kontrako eztarritik joan zait

beharbada alarau bat

gaurko gauaren hamaika orduak bezain luzea

edo beharbada kontzientzia

erne lo egiten duena

su-argia halakoa kontzientzia

hiltzen diren guztiena

sutzar bat bezalakoa

sute izugarri bat

leihoetan hedatzen dena

hirian eta itsasoan ez dena itzaltzen

kontzientzia absurdo bat

lastargiortzimuga bat

beren lastargi hezurretan

agortzen ari direla dakiten 

guztien kontzientzia

gaur, bihar, beti

 

idaztea

heriotza guztiak nire heriotza dira

nire oihua guztiona da

eta ez dago baimenik

idaztea

 

baimentzeko?

idaztea matxinatzeko!

ez dago lekurik erreguentzat

ez dago lekurik soseguarentzat

matxinadan

doitzen dira arimak

 

Bakarrik gaude

eta geure buruarenak gara. 

Gugan dago boterea

Arimen herri bat gara

matxinadan

Esnatu!

Hemen idazten dudana

airean marrazten da

mina da bidea

mina da bitartekoa

minetik dator minari

aurre egiten dion indarra

eta eraldatzen du

minagatik desegiten dut

nire mina arrotzean

eta arrotzarena nirean

 

idaztea

 

des-esperatzeko

dauden guztiengatik

joandako

guztiengatik

desagertuak

idaztea zaintzeko

haien des

            agerpenak

elikatzeko

ez daitezen uhertu

hain goiz

hain beti

goiz

 

idaztea

 

desegituratzeko

garaitzeko

egiturak

kontra

            esateko

esandakoa

eraisteko

 

IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023