IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023

 

idaztea

«udazkena»

oroitzeko nola

lotzen genituen gaztainak hortzetako zotzekin

eta sortzen ziren printzesak eta txakurrak eta dragoiak

eta nire ama ederra zen

eta nork daki? agian

zoriontsua izan zen, baita bera ere,

egun horretan

 

idaztea

 

letren bizkarrezurra arkutzeko

minaren irudira

bizitzaren lerroak marrazteko

uzkurtzen diren lerroak

lerro bilkorrak

haragian harrapatutako nerbioak nola

zain hauskorrak nola

arterietan infiltratutako

pozoiak, bihotza

inguratzen duten lerroak

angustiak blaituta

eta nekeak

 

bizitza baten eta ez hain bizitza baten artean

zintzilikatutako kableak halako lerroak

lerro ultramotzak

lerro etenak

lerro arnasbideak

lerro tunelak

ortzimugan

itsasoratzeko

han berreskuratzeko

hasierako indarrak baina

lerro hauskorrak

presionatuak

zapalduak, lerroak

atzera bueltakoak

konkortuak gelditzen den

denboraren gainean

gelditzen zaigun denbora

termitategia edo sumendia

barrutik jarduten duten

izakiez hustua (intsektuak, laba)

 

atzeraldiko

lerroak

ametsera soilik joango balira!

baina ez: beherago.

 

 

idaztea

oinaztarri bat hozkatzen duenak nola

besoak gurutzean

 

idaztea

bere birikak itxi zirela

tximeleta baten 

hegoak bezala.

Hauts urdinen arrastoa utzi zuen

ukitzera joan zirenen

hatzetan

 

 

idaztea

ospitale batetik ihes egin eta arrastaka eramaten dituenak bezala

zundak, tanta-jarioa, oxigenoaren maskara eta korrika egin

pozoitutako orratzen gainean

 

Esnatu!

inork ezingo du saihestu!

denbora kontua da

zenbatu egiten dituzuen oihuak

uraren sakon-sakonean

Zenbatu oihuak!

 

bakoitza bere minarekin bakarrik

guztion min berberarekin

 

—Norbaitek disimulatu egiten du. Irri egin,

irria itzultzen dut. Badakit

harentzat ja ilundu duela.

Berak ere badaki.

Baina saiatzen da. Denok

saiatzen gara.

Oihukatzea saiatzea da.

Oihukatzea matxinatzea da.—

 

idaztea

norbaitek oihu egiten ahaztu duelako

eta espazio zuri bat dago

orain, habitatzen duena

 

 

idaztea

mugitzeko daukadan

modurik biziena delako

 

 

idaztea

 

eta literatura ez egitea?

eta zer inporta du!:

 

min gehiegi dago

gorputz honen putzuan

halako kontu bat

garrantzizkotzat jotzeko

Idazten dut

 

pozoitutako ura

edan ahal izan dadin.

 

IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023