IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023

 

idaztea

«Larruzko beroki bat jantzi du.»

idaztea

«Gizon gazte bat jarlekutik altxatu da.

Larruzko beroki bat jantzi du.

Betaurreko ilunak daramatza.

Itzuli egin da.

Zabala da haren bizkarra.

Aterantz hartu du.

Ez dakit zer egingo duen bihar.

Ez dut ezagutzen.

Bidea gurutzatu du.

Kristalak nire begiak itzultzen dizkit

eta nire ezpainetan neurtzen den tristura hori.

Gizon gaztea agian etxe baterantz doa oinez.

Agian bere etxea izango da.»

 

idaztea

«Nire aurpegian paisaia

—zeharkatzen—

paisaia.»

 

idaztea

«Azazkalak koskatuak ditu.»

idaztea

«Esaldi bat askatu du, oso poliki,

koadernoan irristatu du, eta zain dago.

Azazkalak koskatuak ditu

eta parpailadun blusa bat.

Kolore moreko poltsa bat darama

belaunetan. 

Arnasa hartzen duenean jokoa egiten du

Sylvia Plathen bertsoekin.

Haitzarte bat dago bere begiradan

eta ez du lortzen zeharkatzea.»

 

idaztea

hitzak nahasteko

eta gauzak agertu daitezela

 

(Limoiondo oparoz betetako zelaiak. Eta soroak bereizten kanaberadiak. Eta ozpinontziak urrez betetzen ezpondak…)

 

gauzek presioa egin dezaten

mundu batek egin dezan aurrera

 

(Negua da, eta haziz datoz garia eta alpapa. Oraindik bada sororik hirien eta herri ederren artean eta atso bat atari batean eseri da eguzki printza batekin altzoan. Lur irauliari lurruna dario eguzkipean eta olibondo gazteek beren gorputz okertuak tenkatzen dituzte zerurantz. Haziz.

Haztea gora egitea da.

Haztea hedatzea da.

Haztea mugak apurtzea da.

Haztea inbaditzea da…)

 

nire eskuetako kristalak lehertu daitezela

ireki ditzatela begiak letretan

 

(Olibondo errenkadak.

Beren itzal paraleloak…)

 

idaztea

arakatzeko

 

idaztea

 

barkatzeko

barkatua izateko

 

non topatuko dut apaiza,

bitartekaria, mugen gaineko

ezagutza eta horiek gainditzeko

boterea izango duen hori?

non topatuko dut

agortu gabe sutzeko gai dena

eta, hilen eta bizien artetik,

ekualizatu,

eraldatu, bedeinkatu!?

 

idaztea

 

hildakoekin

hitz egin ostean

bakea topatzeko

 

idaztea

 

bakea sinatzeko

adiskidetzeko

neure buruarengan

neuregan barkatzeko

idaztea

 

kolpatzen duen kulpa bera eta likidotzen dena

bularrean

eta ateratzen dena eta ura da

indarrez jariatzen eta gu batzen

maitasun zurrunbilo erradiakor bat

sortzen duen ura

 

kulpa guztiak dira

sufrimendu berbera

existitzea nahi izaten

izan nahian dena

nahi izaten dena

eta dena nire esku dago

guztia pairatzeko

aski denbora

irauten dugun bidegurutze honetan

 

nigan barrundatzen dut burrunba handia

munduko min dena pisu zait izterren artean

 

zabaldu begiak: ikusi!

hain da ikaragarria bizitzea

bizirauten duenak agurtzen du!

denok gara morituri

 

zure leinuaren historia osoa

hemen dago eta eskean ari zaizu

arrago izan zaitezen

bitartekaria

zara

zugan

gertarazten duzu

kontziliazioaren miraria

 

eta bat-batean eusten duzu

munduaren pisua eta bere mina

osorik edaten duzu.

Eskertuta.

 

idaztea

 

belaunek kraska egiten dutelako

eta justu minaren atzean

amestua izan zain dagoen

amets baten parekoa dago.

 

—Gaur kaioak behatu ditut.

 

Oso goitik egin behar dut hegan gaur gauez.

Zamarik gabe egin behar dut hegan.

Eguna argitu arte.—

 

IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023