IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023

 

idaztea

 

gaitzesteko

trazuaren mehetasuna ikasteko

haren hutsunea

hartara ohitzeko

haren ezerezkeriara

 

idaztea

esanguragabetzeko

 

idaztea

 

alferrik

alferrikakoa aldezteko

 

alferrikakoa besarkatzeko

hutsaltasuna iturburu bilakatzeko

 

idazketa aztikeria gisa

 

—Gaur goizean hegan egin dut

inoiz baino gorago

 

Gauero, oihu baten iraupenean

itzal berri bat etortzen da.

 

Gauero, oihu baten iraupenean,

arima bat nigana dator.

Harrera egiten diot. 

Oihuan.

Hark ez du irauten. Soilik ireki egiten da.

Eta sartu egin behar da. Leundu. 

Ez da oroitu behar. 

Bakarrik sartu.

Arnasa hartzen.—

 

idaztea gero

indartzeko

zubi hauskorrak

hodi finak

susmatutakoaren eta sentitutakoaren

arteko espazio arinean

ezabatuko diren

beldurrez

 

idaztea

desidazteko

hitza jateko

berrantolatzeko

kontzientziak eta

bakoitzak konplitu dezala

bere itsukeriarekin

Arimen espazioa

ezkutuan gorde behar da

Hitzarengan dago iruzurra 

 

idaztea beraz

nahasteko

zirriborratzeko

eta, gero, ostera idaztea

ikasi dugun munduarekin

bat egiten duen ordenean

 

idaztea

 

egiten dituen urratsak zenbatzen dituenak bezala

isiltasuna ez entzutearren

urratsak zenbatzen dituena bezala —bat, bi—

eta hirugarrena txanda-pasa egin —lau, bost—

ikusteko ea joan den

egiaztatzeko

baina ez: hor segitzen du

eta jada ez dio ibiltzeari utziko

urratsak zenbatzeko

akituta erori arte

odolezko putzu bat 

bere hankartean bezala hedatzen den

itzelezko isiltasunean

idaztea

 

beldurrarekin egiten dela heroia

bere beldurra batez ere

bere beldurretik abiatuta

egiten da heroia heroi

beldurra hanpatzen

eta ekintzaz betetzen

sorgortzeko

denbora egiten eder denean

denbora egiten bizirik dagoenean

 

ni ez naiz inongo heroirik

nik bakarrik idatzi egiten dut

nire eta nire beldurraren arteko

distantzia gainezkatzeko 

 

IDAZTEA
Chantal Maillard

Escribir, 2004
euskaratzailea: Itziar Ugarte Irizar
armiarma.eus, 2023