ETXEA VI
Reese andereñoa ikusi zuen hurrena zurien bigarren mailako eskolan izan zen, udazkeneko ikastaroa hasi berritan. Halako goiz batean azaldu zitzaion galdezka goi mailakoen klasean joko ote zuen. Laguntzaile izanen zuela bere musika ekartzen baldin bazuen. Agidanez, Miss Reeseren betebeharrekoa zen musika maila goratzea Hopkinsvillen , Bach eta Mozarti buruz aritu zitzaion, eta eskertuko liokeela Royk eskolan bisita egin eta maisu handi bi haienak jotzea bere gazte jendearentzat. Eskari polit bat idatzi zion paper zuri garbian. Royk baietz. Amak pentsatu zuen ohore handia zela lizeo zuriak eskatzea bere koloreko batek jo zezan. — Reese andereño hori emakume zintzoa da —Williams Sisterrak bere mutilari—. Beren eskola horretan jotzeko eskatzea. Aurreneko aldia da ezagutzen dudala beltz bat han garbiketa ez beste zer edo zer egiteko, eta urteak dira bizi naizela Hopkinsvillen. Zoaz eta jo ezazu han, seme, Jainkoaren loriaz! Royk jo. Baina eztarria bero eta idor zeukan egun haietarik bat izan zuen, eta erretzen zeuzkan begiak. Eztulka egona zen goiz osoan eta, jotzen ari zela, arnasarik gabe geratua zen eta izerdi hezetan. Txarto jo zuen. Baina Miss Reese arrunt gisakoa izan zitzaion, pianoan laguntzaile. Eta Royk amaitutakoan, aulkietan erdi etzanda zeuden ume zurien klase osora jiratu eta “Hau artea da, gazte maiteok, benetako artea!” esan zuen. Arratsaldean ikasleak etxera joan eta dotore jantzitako Nigger bat etorri zitzaiela eskolara biolin batekin esan zieten gurasoei, eta Reese andereñoak bakarrik maite izan zuen zati bitxi mordoa jo zuela. Eta jarraitu egin zuten esanez Miss Reese irriz egon zela denbora guztian eta oihu ere egin zuela “Zoragarria!”. Eta Nigger hura irtetean, burua makurtu zuela! Roy oheratu egin zen etxeratutakoan. Gorabeherak zeuzkan egun haietan, gero eta meheago, gero eta ahulago. Batzuetan, biolina hartu ere ez. Sarritan, nahi ezik utzi amak beretzat egositako jakiak, edo arrebak lan egiten zuen etxetik ekarritakoak. Gauez, egonezinak eta berotasunak hartaratuta, jaiki eta jantzi egiten zen, baita galtzoinak eta eskunarru horiak ere, eta hiri txipiaren kaleetan zehar ekiten zion hamarretan edo hamaiketan, biztanleak oheratuak zirelarik. Gauerdia berandu zen Hopkinsvillen. Baina Roy urteak emana zen gauez lanean. Gaitza egiten zitzaion orain argitu baino lehen lo hartzea. Baina halako gau batean, azkenekoz irten zen etxetik. Ilargia gora zen eta Royk ez zeukan olio lanpara irazeki beharrik jaiki eta janzteko. Ilargiak distira egiten zuen gela txipian, ohearen koltxa zurian barrena, paretaren kontra metatuak ziren puska etiketatuetan. Distira egiten zuen mahaitxoaren gaineko botika botilen multzoan. Baina Royk argia irazeki zuen bere aurpegia komodako ispilu deformatuan hobeki ikustearren. Hautsaren zurbil, inoiz marroia izandako aurpegia. Masailak sakon. Dardaraka, trajea jantzi bere galtzoinekin bere eskularru horiekin eta bere feltro leuneko kapeluarekin. Beroki batean sartu. Orain estiloagatik baino ahulagatik erabiltzen zuen makila hartu. Udazkeneko ilargitara irten. Saloian barrena behatzen gainean zihoala, ama sumatu zuen zurrungaka sofan (bere gela emana zion). Sarrerako atea gakotu gabe zegoen. Anaiak, pentsatu zuen Royk, beren neskekin zebiltzan. Arreba ohera joana. Kalea isil zegoen. Ilargipean lauso, erdi jantzian zeuden zuhaitzak udazken orriz. Jausten ari zen orbela zanpatuz abiatu zen Roy hiri barnera, ilargiaren argitasuna arnastuz eta makila kulunkatuz. Gauak eta kaleak on egiten zioten. Pariseko eta Unter den Lindengo bulebarrak etorri zitzaizkion gogora. Tauber etorri zitzaion gogora, Wien, Du Stadt Meiner Traume kantari. Europako hirien argietara eta musikara joan zitzaion burua. Europan inoiz egon izana ametsa zirudien, bere artean. Mak ez zuen sekula dirurik izan. Haren haurrek ozta lortu zuten eskolako graduatua. Ez zegoen bigarren mailarik Hopkinsvillen Negroentzat. Berarentzat, menstrel show bat baino ez zen egon heziketa osagarri bat izatearren ihes egiteko. Ondotik, Berlinera joateko zoria jazz taldearekin. Biolina izan zuen maitale beti —atzerrian, irabazten zuenak ematen zion maisurik onenak ordaintzeko. Gauez jazza, goizez klasikoak. Lana latz eta praktika gogorra, bere biolinak beste edonoren bisnesak bezala kantatu arte. Musika, benetako musika! Gero eztulka hasi zen Berlinen. Roy jende mordoaren artean zebilen orain kale nagusiko argitasunean, baina ez zuen inor ikusten. Ametsak eta oroitzak besterik ez zituen ikusten, eta musika entzuten. Pertsona batzuk gelditu egin zitzaizkion beha eta barre egin zuten Europako berokiaren harroaz halako gorputz ilun mehean. Galtzoinak eta makila Nigger gazte batek Hopkinsvillen, Missourin! Zelako ideia ona, e? Mutiko zuriren batek edo bestek “Hi, zozoa!” egin zion ahapetik. Baina dena bake onean zatekeen, menturaz jendeak ez zukeen barre edo berriketa eta irain besterik eginen, baldin txabusina merke eta kapelu gorriko emazteki zimeldu samar batek, emazteki zuri batek, Roy iragaten ari zen unean berean botikategitik jalgiz, atseginez burua makurtu eta “Gabon”esan ez balio. Royk gelditu, makurtu, burua jaso eta “Gabon, Miss Reese”, eta poztu zen ikustea. Europan ez zegoela atzendurik, kendu zituen kapelu-eskunarruak eta bostekoa luzatu zion musikaz bazekien emakume honi. Irri egin zioten batak besteari, gaixorik zegoen koloreko gizon gazteak eta zahartzen ari zen musika irakasleak, kale nagusiko argipean. Gero Sarasate lantzen jarraitzen zuenetz galdetu zion emakumeak. — Bai —esan zuen Royk—. Xarmagarria da. — Ezagutzen al duzu Heifetzek eskaini dion disko zoragarria? —Miss Reeseren galdera. Royk, ahoa zabaldu zueneko, emaztekiaren aurpegia izu batean zurbiltzen ikusi zuen. Begi haiek zer ikusi ote zuten jakiteko itzuli ahal izan zedin baino lehen, tona bat adreilu izan zitekeen ukabilaren zanpakoa nabaritu zuen matelezurrean. Tximista bat garunean buruak botikategiko beiraren ertza jotzen zuela. Garrasi egin zuen Miss Reesek. Espaloia gazte zuri zitalez beterik lepagorri, sueterrak zabal, eta ukabilak estu jotzeko. Zinemak hustu berriak ziren eta jendetzak, iraganean ikusirik, eragotzi nahi izan zuen Negro bat solasta zedin emakume zuriarekin —irain zezan Emakume Zuria—, eraso zezan emakume ZURIA —BORTXA ZEZAN EMAKUME ZURIA. Roy eskularruak kentzen eta makurtzen ikusiak ziren. Miss Reesek garrasi egin baitzuen Roy jo zutenean, sinetsiak ziren maitasun hitzak ari zitzaiola esaten, hantxe, botikategiko leiho argituen aitzinean. Bai, horretan ari zen! Bai jauna! Lurrera jaurti zuten Roy. Bere kapelua, bere makila eta bere eskularruak zangopilatu zituzten, dozenaren bat gizon saiatu ziren mutila zutitzen, besteren batek eduki ahal izan zezan ostera lurreratzeko pribilegioa. Royk begiak jaso zituen inguratzen zuen jendetza zuriarengana. Ahoa odolez betea zeukan eta begiak erretzen. Jantziak zikin. Royk galde egiten zion bere buruari Miss Reesek zergatik ote zuen geldiarazi Sarasatez jarduteko. Orain bazekien ez zela inoiz amaren etxera helduko. Inarrosi egin zuen baten batek. Tu egin zion aurpegian baten batek (Charlie Mumford ote zen, jolaslaguna). Beltza zelako iraindu zuen baten batek eta ipurdia ostikatu zion baten batek. Eta kale argituko gizon eta mutil guztiak orroka eta orroka ekin zioten ero moduan, uluka zakurrak bezala, eta Negro txipia basora zeramatela galtzoinetarik tiraka herrestan hirian zehar. Izena Roy Williams zuen Negro txipia itotzen hasi zen ahoa bete odol. Eta haien ahotsen marruma eta haien oinen zarramaska mila notatan zatitu zituen ilargi zuriak Beethovenen sonata bat iduri. Eta jende zuriak gorputz iluna, larrua hutsik, hiriaren inguruko zuhaitz batean kordatik dilindan abandonatutakoan, hantxe egon zen zintzilik gau osoan haizeak jo behar lukeen biolina bezala.
ETXEA |