ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017

 

II


     “Nigger handiuste bat!”, egin zuten zuri alprojek ikusi zuteneko segail eta dotore geltokiko kaian iraileko argitan, bere puskez eta etiketa pikartez inguratua. Roy Pullmann bagoi batetik jaitsia zen —ezohiko kontua Negro batentzat lurralde haietan.

      — Beha ezak hori! —egin zuten zuri alprojek.

      Berehala, ahots sudurkari batek:

      — Beraz, ni zakurraren putza nauk horko hori Roy Williams ez bada!

      Aspaldiko jolaslagun bat ezagutu zuen, Charlie Mumford, kalearen beste aldetik —sama gorriko mutil zuria, galtzamantalez. Eskunarrua kendu eta bostekoa luzatu zion Royk. Besteak heldu, baina tinkatze laburra izan zen. Royk ahantzia zeukan ez zegoela jadanik Europan: eskuak narruz eta zuri baten bostekoa tinkatzen guztion agerian! Utikan!

      — Nondik hator, lagun? —zuriaren galdera.

      — Paris —erantzun zuen Royk.

      — Zergatik itzuli? —Hegoaldeko azentu narrasean ahots batek puskak eramateko bagonetaren ondotik.

      — Ama ikustearren—esan zuen Royk— itzuli nahi izan dut etxera.

      — Guri baino plazer handiagoa emanen diok noski —beste zuri batek.

      Garraiolaririk ez zegoenez, bere puskak jaso eta taxi tankera zeukan Ford zahar ugerturaino eraman zituen. Ahul sentitzen zen eta zorabio batean zeukan burua. Eztula ekarri zioten keak eta bidearen hautsak. Ez zeukaten erruki handirik geltokiko zurien begiek. Baten bat sumatu zuen “Nigger” marmarka. Odola etorri zitzaion masailera. Aurrenekoz ukan zuen, sei urtean, bere kolorearen kontzientzia. Etxean zen.

 

ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017