ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017

 

III


      Dixieren kantu bat, kotoia eguzkitan zapart, paradisuko melien geriza, izotza egin ondoko kakiak. Zakurrak erbinudeen atzetik urriko gauetan. O patata gozoak, bero, bihotz horian gurina dutela!

      “Pozik nago, seme, etxera itzuli zarelako. Zer nahi duzu Ma honek egitea jateko? Badakit benetako jakiaren gose zatozela. Taloa eta barazki berdeak eta zerriki gazia. Jainko jauna!... Jantzi dotoreak dituzu, laztana, baina zeinen itxura argala duzun... Haurra, puska baterako edukiko zaitugu etxean noski... Neska beltzak, hemen, zoratu eginen dira zutaz. Honezkero liskarrean ari dira... Laztana, zure biolina jotzen duzunean, bestelakoa sentitzen naiz, hain da gardena... Jo ezazu biolina, ene! Jainkoak dohain bat eman dizu! Bai, dudarik ez!... Bitxia da Hopkinsvilleko zuri horiek denek zenbat dakiten zuri buruz dagoeneko. Zure arrebak lan egiten duen etxeko damak esan dio nonbait irakurri duela zure orkestra Parisen dela. Esan dio eraman zaitzala bere etxera jotzeko. Ezetz esan diot zure arrebari, zuk ez duzula jotzen inoren etxean. Esan diot esateko zuk elizan emanen duzula kontzertua, hara mundu guztia joan litekeela hogeita bost xentimo pagatzera Jaunaren lorian eta zu jotzen entzutearren. Ez al da egia, seme? Ez dakit zer joko duzun Jaunarentzat Hopkinsvillen. Deabruarentzat jotzen aritu zara Europa horretan gauero... Urrikal zakizkigu, Jauna! Lixiba atera behar dut uretatik! Eta arratsaldean ikasten zauden bitartean, kuia tarta bat eginen dizut. Hara, hortzak izerditan zaude dagoeneko... Laztana, ama hain pozik dago zu etxera etorria... Jo ezazu biolina, seme!”

 

ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017