ETXEA IV VIENAKO KAPRITXOA SOLEN EGINDAKO AHAIREA HARI TRESNETARAKO LAN EGINDAKO SONATA AVE MARIA BOHEMIAKO DANTZAK
Ba ote dago aski zabala den etxerik Brahms, Beethoven, Bach eta Cesar Franck hartzeko? Sarah Williams Sisterrarena Hopkinsvillen, egiazki, ez. Eri egonagatik, Roy Williamsek amarenean jotzen zuenean, notak jalgi egiten ziren leihoetarik eta karrikatik bertatik entzuten zituzten koloreko jendeak eta zuri jendeak. Mr. Brahms klasikoa beltzen etxe batean, Missouriko Hegoaldean! O, Jauna! Jo zure biolina, Roy! Gaur zure kontzertua da. Diakonoak eta Laguntzako Damak sarrera mordoa salduak ziren lan egiten zuten zurienean. Royren etxera itzuli zeneko kontzertua Shilohko elizan, arrakasta izan zen finantza arloan. Aitzineko lerroak 50 zentimotan ziren eta zuriz mukuru zeuden. Gainerakoak 25 zentimotan ziren eta Negroz beteak zeuden. Elizen arteko nornagusikak bazterturik, elkarren ondoan ziren baptistak eta metodistak. Eta koloreko neska samalda zegoen aurpegiak bonboi hautsetan —beltz, marroi, hori, xarmantak neskak, ezpain gorriak Royrengana luzatuak. Eliza harramantza batean bete zen, giroa lurrinez astundua zen, irri apalduz eta ahapeko solasez kartsu. Zapata berrien karraska sumatzen zen gonen petralen azpian. Jendea esku zartaka hasi zen ordua iragana zelako, baina kontzertua beltzek ohitura zuten bezala hasi zen —berandu. Leporaino zegoen eliza.
ETXEA |