ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017

 

V


      Agur, Mr. Brahms, Vienako biolin batez kolorekoen elizan Hopkinsvillen, Missourin. Gizon eri baten esku beltz leunek kantarazi egin dizute zuri txiroen eta Negro txiroagoen entzuleria batentzat. Atsaldeon, Mr. Brahms; urrun nago nire etxetik, zure ametsak bidaian narama eta munduan barrena noa kantari. Nik ere, Mr. Brahms, amets egin dut, izugarrizko ametsa egin dut, sekula gauzatuko ez dena, orain. Emanaldi handi bat areto handi batean, Carnagie Hall edo Gaveau bezalakoan. Eta zuk, Mr. Brahms, ilunpetik  kantari sortuz, kantatu egiten zenuen, hain indartsu eta hain zinezko non milaka pertsonek jasotzen zuten behakoa niregana Roland Hayesek Crucifixion kantatzen duenean bezala. Jainkoa, horra nik egiten nuen ametsa eritu aitzin, etxeratu behar izan nuen arte.

      Eta hona non Amerikako nire aurreneko kontzertua ematen dudan amarentzat eta Shilohko Elizako Diakonoentzat eta hona non 25 eta 50 zentimoko txanponak bildu diren Brahms eta bioi esker, Jainkoaren loriari. Ez gaude Carnagie Hallen. Etxera heldu berria naiz.... Baina hauek niri so. Hauek denak niri so. Lehen lerroko zuriak eta azken lerroko Negroak. Iduri luke begi pare bakarra niri so.

      Hau, lagunok... Mesdames et Messieurs esan behar nuke. (Badaude entzuletan lagun ez ditudan zuriak)... Thaïsen Meditazioa dugu hau, Massenetena... Gauzatu ez zen amets baten bihotz hautsia. Musika da, eta nik, munduaren atarian jesarririk, dei egiten dizut... O, bizirako eta maitasunerako gorputza, esku-atalak beltz, bularrak zuri, aurpegia urrezko, eta ezpainak kantari ari den kurba leuneko biolina... Astiro, Roy! Bero dago betetako eliza hau eta zu gaixotua zaude infernuan... Hona hemen ametsa eta ameslaria, Hopkinsonville eta Viena arteko basamortu honetan alderrai, izena Musika duen kalemari batez maitemindurik... Entzun, emagaldu horrek, ilargia bezain eder nahi zaitut, gaua Missouriko muinoen zerumugan. Eder eginen zaitut nik... Thaïsen Meditazioa... Oroitzen, Ma (egun ere igande goizetako lekuan zaude, Jainkoarekin solastatzera zatozen txoko txipi horretan), oroitzen, ume kozkorra nintzela gure fonografo zaharrari joarazten nion Kreislerren disko hartaz? Nik beste inork ez zuen maite, baina zu ez zinen haserretzen behin eta berriz ipintzen nuenean.... Non erosi zenuen nire biolina? Gehienetan ez zenuen dirurik izaten nire asteroko klasea Miller zaharrari ordaindu ahal izateko. Jainkoak har dezala, katolikoek dioten bezala, haren arima ordaingabea... Zergatik egin zenuen negar, Ma, minstrel showarekin joan nintzenean Hegoaldera, belzkeriak kantari  himnoen ordez? Zergatik egin zenuen negar, Ma, idatzi nizuenean nigth-clubeko jazpan batean egiten nuela lana State Streeten, Chicagon?... Zergatik jardun zenuen gau osoan otoitzean esan nizularik kontratu bat geneukala Berlinera joateko hango kabaretetan jotzera? Esana nizun ordea munduko biolin maisu onenak Berlinen zeudela eta atzera itzulitakoan gure viktrola zaharreko Kreislerren diskoak bezala joko nuela... Ez ote nuen dirurik bidali etxera?... Area begietan bezalako bitsa. O, munduaren atariko ametsa! Thaïs! Thaïs!... Noski ez duzu Thaïsen antzik, zuk, txabusina merkeko emazteki zuri argal eta kapelu gorri niri beha lehen lerrotik. Ez daukazu inolako antzik Thaïsekin. Zer espero duzu musikatik? Zer espero duzu nigandik?... Hau Hopkinsville duzu, Missouri... Beha neska beltzaran horiek guztiak Negroen multzoan, niregana eta nire musikari emanak. Horietako gehienek ez dute inoiz gizon bat ikusi gaueko jantzian, ez beltzik ez zuririk. Horietako gehienek ez dute inoiz entzun Thaïsen Meditazioa. Horietako gehienek lehen aldiz ikusten dute beren arrazako bat atzerritik etxera itzulita biolina jotzen. Beha ezazu zeinen harro dauden niri eta nire musikari so, aurreneko lerroetako zuri jendearen buruen gainetik, musika zertaz ari den dakien txabusina merke eta kapelu gorriko emazteki zuriaren buruaren gainetik... Nor zara zu, lady?

      Kontzertua amaiturik, zuri jende batzuek ere tinkatu zuten Royren eskua, zoragarria izan zela esanez. Beltz jendeak “Motel, bazirudik jotzen dakiala!” esan zion. Royk dardara txipiak zeuzkan eta mina begietan, eta eztul egiteko premia larria. Oinaze lazgarri batek trabeskatzen zion sorbalda. Baina berak irri egiten zuen Europako ladyek hainbeste maite zuten jazpaneko kontzertistaren irrian. Eta denei luzatzen zien bere esku sukartua. Kapelu gorriko emazteki zuria zain geratua zitzaion multzotik aldenduta.

      Jendea apur bat sakabanatu zenean pulpitutik, Royrengana hurbildu eta bostekoa luzatu zion. St. Louiseko kontzertu sinfonikoak aipatu zizkion eta musika, piano eta biolin irakaslea zela, baina ez zuela sekula Roy bezalako ikaslerik izan, Hopkinsvillen inork ez zuela izan horrelako talenturik. Royk bekoz beko behatu zion oreztaz betetako  aurpegiari eta poztu egin zuen emaztekia aditua izateak. Poztu egin zuen musika maitatzeak.

      — Miss Reese duzu hori —esan zion amak urrundu zenean—. Zurien eskolako musikari neskazaharra.

      —Bai, Ma —esan zuen Roy—, badaki musikaz.

 

ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017