ETXERIK GABEKO AURPEGIA
Emmy Hennings

Heimatloses Gesicht
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2023

 

Nire mozkorrik latzenak goizean goiz izaten dira,

gauaren bidaia amaitzen dudanean.

Esnatu eta banaiz: beti amaitzen dut beste nonbait.

Ezin dut esan ene desira lurrean barreiatzen dela

adierazi nahi duenik.

Oi lur, zure bila nabil, ez dituzu zugan sentitzen

ene begi gosetiok?

Pilpira ote dagi nire bihotzak zure atean,

maitasunak babesturiko zure etxean?

Hain goian bizi ote zara mundu txiki?

Zugana hegan noa.

 

Hain sakon bizi zara, mundu txiki?

Zutaz maitemintzen naiz,

zauden tokian zaudela:

Behin zure atartea iragan dezadanean,

zurekin egonen naiz eta galdeginen dizut samur:

Habia zara? Hartuko nauzu?

 

ETXERIK GABEKO AURPEGIA
Emmy Hennings

Heimatloses Gesicht
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2023