J. ALFRED PRUFROCK-EN AMODIOZKO KANTUA Goazen bada, zu eta biok, arratsa zeruan, mahai gainean eterrak lokarrarazi gaixo baten antzera, hedatzen den orduan; goazen kale erdi bakartietan ibiliz, ostatu merkeetako gau atseden gabeko erretiro marmartsuetan eta zorua zerrautsez eta ostra maskorrez betetako jatetxeetan: kaleak elkarren segidan datoz asmo zitaleko argudio gogaikarri baten gisara zeinak galdera ikaragarri batera zaramatzan . Ai, ez ezazu galdetu: “Zer da hori?” Goazen eta egin dezagun geure bisita.
Gelan andreak hara eta hona dabiltza Michelangeloz solasean.
Leihoko kristalen kontra bizkarra igurzten duen gandu horiak, leihoko kristaletan muturra igurzten duen ke horiak, arratsaren ertzetan milikatu zuen bere mingaina, estoldetan dauden istilen gainean geratu, tximinietatik jausten den kedarra utzi zuen bere bizkarrean jausten, terrazatik irristatu, tupusteko jauzia egin zuen, eta urriko gau epela zela ikusirik, etxearen inguruan kizkurtu eta loak hartu zuen.
Eta egongo da baiki denbora leihoko kristalen kontra bizkarra igurtziz kaleetan zehar narrasten den ke horiarentzat. Egongo da denbora, egongo da denbora aurpegia prestatzeko topatzen dituzun aurpegiei aurre egiteko. Egongo da denbora erailtzeko eta sortzeko, eta denbora galderak sortu eta aurrean jartzen dizkizuten eskuen lan eta egun guztietarako; denbora zuretzat eta denbora niretzat, eta denbora halaber hamaika ezbaitarako, eta hamaika ikuspen eta berrikuspenetarako, tea eta ogi txigortua hartu orduko.
Gelan andreak hara eta hona dabiltza Michelangeloz solasean.
Eta egongo da baiki denbora neure buruari galdetzeko, “Ausartuko ote naiz?” eta, “Ausartuko ote naiz?” Denbora itzultzeko eta eskaileratik behera jaisteko, ilearen erdian soilgunea dudalarik- (Esango dute: “Ai, nola ari zaion ilea maskaltzen!”) -Nire frak jaka, nire kokotsari irmo eusten dion lepoa, nire gorbata baliotsua eta xumea baina orratz xehe batek ondo lotua-. (Esango dute: “Ai, nolako beso eta hanka maskalak dituen!) Ausartuko ote naiz unibertsoa gogaitzen? Minutu batean badago denbora minutu batek ezabatuko dituen erabaki eta berrikusteetarako.
Ze ezagutu ditut guztiak jada, guztiak ditut ezagutu: ilunabarrak, goizak, arratsaldeak ezagutu ditut; nire bizitza kafe koilarekin neurtu dut, gela urrunago batetik datorren musika artean moteldu eta itzaltzen diren ahots haiek ezagutzen ditut. Orduan, nola arriskatu behar nuke?
Eta ezagutu ditut begiak jada, guztiak ditut ezagutu, esaldi zehaztu batean finkatzen zaituzten begiak eta ni neu zehazturik nagoenean, orratz batean hankak zabalik, ondo josita horman bihurrika, orduan nola hasi behar nuke nire ohituren eta nire egunen mutxikinak egozten? Eta nola arriskatu behar nuke?
Eta ezagutu ditut besoak jada, guztiak ditut ezagutu, eskuturrekoz inguratutako besoak, zuriak eta biluziak (baina kriseiluaren argitan ile urrekaraz gaineztuak). Soineko baten lurrinak ariarazten nau haririk gabe honela? Besoak mahai baten gainean bermaturik edo xal batean bildurik. Eta orduan, arriskatu behar nuke? Eta nola hasi behar nuke?
Esango al dut: ibili naiz iluntzean kalezuloetan zehar eta ikusi dut leiho hegietan bermaturiko mahuka hutseko gizon bakartien pipetatik goititzen den kea?
Itsaso isilen zolan arrapaladan dabilen matxarda narras parea izan beharko nukeen.
Eta arratsaldeak, arrastiriak, lo dagi bakean! Hatz luzeek laztandurik, lotan, abailduta… edo gaixo buru eginez lurrean luze eginik, zure ondoan, nire ondoan. Izan behar nuke, tearen eta gozopilen eta izozkien ondoren, indarrik aski krisi unea eragiteko hari? Baina intziri eta barau egin badut ere, intziri eta otoitz, nire burua (ile mehazten hasia) erretilu batean ekarrita ikusi badut ere, ni ez naiz profeta –eta horrek ez du gehiegi axola- ikusi dut nire handitasuna kordokan, ikusi dut betiereko Morroia, nire longaina eskuetan duela, irrika, eta hitz bitan, beldurtu egin naiz.
Eta mereziko zukeen, azken batean, kikaren, marmeladaren, tearen ostean, portzelanen artean, zuri eta niri buruzko solasño artean, mereziko zukeen gaiari irribarre batekin heldu izana, unibertsoa bola batean bildu eta galdera ikaragarri baterantz biraka jaurtitzea, esatea: “Lazaro nauzu, hilen artetik etorria zuri dena kontatzera itzulia, dena kontatuko dizut”- baldin eta emakume batek, burua bururdian egokitzean, esango balu: “Ez nuen hori esan nahi inondik ere; ez da hori inondik ere”.
Eta mereziko zukeen, azken batean, mereziko zukeen, ilunabarren, eta atalondoen, eta kalezulo bustien ostean eleberrien ostean, te kikaren ostean, lurretik narrasten diren gonen ostean, horren guztiaren eta hainbeste gehiagoren ostean? Ezinezkoa da adierazi nahi dudana esatea! Baina linterna magiko batek nerbioak pantailan marrazkiz proiektatuko bailituen: mereziko zukeen baldin eta emakume batek bururdia egokitzean edo xala eranztean leihorantz itzuliz esango balu: “Ez nuen hori esan nahi inondik ere. Ez da hori inondik ere”.
Ez! Ez naiz Hamlet printzea. Eta ez dut zertan izan; haren gorte-laguntzailea naiz, zeinaren egitekoa baita haria luzatzea, eszena bat edo beste hastea, printzea aholkatzea; zalantzarik ez, eskumakila txepela, adeitsua, erabilia izateaz alegera, politikoa, zuhurra eta zehatz-zorrotza; berriketa jasoz betea, motz samarra ordea; aldiz, zinez, ia irrigarria- aldiz Tentela ia.
Zahartzen ari naiz… Zahartzen ari naiz... Praka barrenak bilduta jantziko ditut.
Artesia egingo dut buruaren atzealdean? Mertxikak jaten ausartuko naiz? Flanelazko praka zuriak jantziko ditut eta hondartzan ibiliko naiz. Entzun ditut sirenak bata-besteari abesten. Ez dut uste niri abestuko didatenik. Ikusi ditut itsasorantz zamalkatzen olatuen gainean, haizeak itsasoa zuri-beltzez harrotzen duenean olatuek sortzen duten adats zuria orrazten. Berandutu egin gara itsasoaren ganberetan, alga gorri eta nabarrez apainduriko itsasnesken ondoan, giza ahotsek iratzarri eta itotzen garen arte.
J. ALFRED PRUFROCK-EN AMODIOZKO KANTUA |