MARINA
T.S. Eliot

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016

 

Ze itsaso, ze hegi, ze harkaitz urdin, eta ze irla

ze ur branka-milikari

eta lerraren esentzia eta birigarroa laino artean kantari

ze irudi itzultzen dira

oi alaba nirea.

 

Oraren letaginak zorrozten dituzten haiek, hots,

heriotza

Kolibriaren loriaz ñir-ñir egiten duten haiek, hots,

heriotza

Pozaren itoian jarri diren haiek, hots,

heriotza

Animalien estasia pairatzen duten haiek, hots,

heriotza.

 

Muina galdu dute, haizeak,

lerraren hatsak, lainoaren basakantuak,

bere lekuan zabaldutako grazia honek menderaturik.

 

Zer ote da aurpegi hori, argigea eta argitsua-

besoko pultsua, indargea eta indartsua

Emana ala utzia? Izarrak baino urrunago, begia baino gertuago

xuxurlak eta irriñoak hosto artean, eta oin lehiatuak

loaren azpian, non urak biltzen diren.

 

Brankako haga izotzak hautsia eta margoa eguzkiak zartatua.

Nik egin nuen hau, ahaztu dut

eta gogoratzen dut.

Ontziko aparailuak maskal eta oihalak ustel

halako ekainaren eta halako irailaren artean.

Jakin gabe egin nuen, ia oharkabean, nire ezjakinean

kroskotik ura sartzen da, josturak istinkatu egin behar

itxura hau, aurpegi hau, bizitza hau

nitaz haratagoko denbora batean bizitzeko dira bizi; utz iezadazu

neure bizitzari uko egiten bizitza honen truke,

neure hitzari uko egiten esangabe haren truke,

itzarria, ezpainak zabalik, esperantza, ontzi berriak.

 

Ze itsaso ze hegi ze granitozko irla nire zuakerrei buruz

eta birigarroa deika laino artean

alaba nirea.

 

MARINA
T.S. Eliot

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016