AZTIEN BIDAIA
T.S. Eliot

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016

 

Ibilaldi hotza izan genuen,

hain zuzen urteko garairik okerrena baitzen

bidaia egiteko eta hain bidaia luzea egiteko:

Bideak sakonak eta eguraldia latza,

negu minaren gorria.

Eta gameluak zauriturik, hankak mindurik, egoskor,

lurmenaren gainean etzanik.

Aldizka minez oroitzen genituen

udako jauregiak magaletan, terrazak,

eta zetazko neskatxak sorbeteak ekartzen.

Gero gamelu-gidariak biraoka eta marmarka

eta iheska, beren zurrutak eta emakumeak eskatzen,

eta gaueko suak iraungitzen, eta aterperik eza,

eta hiriak aurka eta herriak muzinka

eta herrixkak zikin eta garesti:

garai latza izan genuen.

Azkenean nahiago izaten genuen gau osoan ibili,

tarteka lo eginez,

ahotsak gure belarrira kantatzen,

hura erabateko zorakeria zela esanez.

 

Gero egunsentiarekin haran epel batera jaitsi ginen,

haran hezea, elur mailaz beherago zena, landaretza usaina zeriona;

errekasto bat zebilen eta ur errota bat iluntasuna inarroska,

eta hiru zuhaitz behe-hodeien azpian,

eta zaldi zuri zahar bat zelaian hastandu zen lauhazka.

Gero ateburuan mahats-hostoak zituen ostatu batera heldu ginen,

sei esku ate ireki batean zilar txanponak dadotan jokatzen,

eta oinak ardo zahagi hustuak ostikatzen.

Baina ez zegoen albisterik, eta horregatik, jarraitu egin genuen,

eta iluntzean heldu ginen, ez askoz lehenago,

lekua aurkitu genuen; asegarria (hala esan liteke) izan zen.

 

Hori guztiori aspaldi izan zen, oroitzen naiz,

eta berriz egingo nuke, baina argi gera dadila

hau argi gera dadila

hau: halako bidaia egitera eramanak izan ginen

Jaiotza ala Heriotza baten bila? Jaiotza bat izan zen, bai

frogak izan genituen, zalantzarik gabe. Ikusiak nituen jaiotza eta heriotza,

baina desberdinak zirela uste nuen nik,

Jaiotza hau agonia latza eta mikatza

izan zen guretzat, Heriotza bezalakoa, gure heriotza.

Gure sorlekuetara itzuli ginen, Erresuma hauetara,

baina orain, betiko legearekin,

bere jainkoei eusten dien herri arrotz batekin,

gu ez gaude gogara.

Poztuko nintzateke beste heriotza batekin.

 

AZTIEN BIDAIA
T.S. Eliot

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016