T.S. Eliot. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016

 

      Thomas Stearns Eliot Ingalaterratik AEBetara joandako goi mailako familia batean jaio zen, Saint Louis hirian (Missouri), 1888ko irailaren 26an.

      Harvard unibertsitatean hasi zen Filosofia ikasten. Doktore-tesia egin baino lehen Parisko Collège de France-n ere ibili zen Henri Bergsonen hitzaldi batzuetan.  Berriz itzuli zen Harvardera, eta Bertrand Russellen ikasle gorenekoa izan zen. 1915etik aurrera Londresen bizi izan zen, eta 1927an britainiar herritartasuna bereganatu zuen.

      Ordurako konturatua zegoen filosofiarenak baino maiteago zituela poesiaren bideak.

      Haren lehenengo poema nagusia The Love Song of J. Alfred Prufrock (1915, J. Alfred Prufrocken amodiozko kantua) izan zen. Barne bakarrizketaren teknika eta era askotako aipu eta erreferentziak erabiliz, gizabanako modernoaren frustrazioa eta ezintasuna erakusten ditu.

      1922an –literaturaren eta filosofiaren historiako anno mirabilian, James Joyceren Ulysses, César Vallejoren Trilce eta Wittgensteinen Tractatus argitaratu baitziren, eta Rilkeren Duinoko Elegiak eta Sonetoak Orfeori ere urte horretan idatzi baitziren–,   bere poema nagusia argitaratu zuen: The Waste Land (Lur eremua), gizarte modernoaren antzutasuna irudikatzen duen obra eruditoa, abangoardiarekin eta esperimentalismoarekin estu lotutako Modernism mugimenduko eta XX. mende osoko erreferentziazko poema. Lehen Mundu Gerrak eta hark irekitako leize espiritualak eragin handia izan zuten obra honetan.

      The Waste Land poema argitaratzeak ingelesez idatzitako poesiagintzaren erdi-erdian jarri zuen Eliot. Gainera, The Criterion aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria zenez, eta 1925etik aurrera Faber and Faber argitaletxearen zuzendaria, britainiar poesia modernistako poeta gehienak haren inguruan batu ziren.

      1930ean Ash Wednesday (Hausterre Eguna) idatzi zuen. Ez dago, beharbada, Elioten obra nagusien artean, baina badauka garrantzirik, ze haren poesiaren etapa berri bati ematen dio hasiera. Etapa hori erlijioaren presentziak markatzen du, eta fruiturik helduena Four Quartets (1935-1943, Lau Quartetto) poema liburua da. Denbora gaitzat harturik idatzi zuen obra hori aditu askorentzat Elioten lanik onena da.

      1948an Literatura Nobel Saria eman zioten. Antzerki lanak eta saiakerak ere idatzi zituen. Londresen hil zen 1965eko urtarrilaren 4an.

      T. S. Eliot XX. mendeko poetarik goratuenetako da, eta haren garrantziak azalpen historiko-kulturala izan dezake; alegia, gerra osteko mendebaldeko zibilizazio nihilista eta sakabanatua adierazteko bide egokiena zati, aipu eta ahots askorekin eratutako poesia zen nonbait. Baina azalpen horren gainetik beste funtsezkoago bat ere badago: erabiltzen duen hizkuntzaren indar eta jasak ematen die balioa haren poema harrigarriei, hitzek eurek, hitz ordezkaezin eta gogoangarriek, eta euren barruko doinuak.

 

T.S. Eliot. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016