Dabilen pertsona
Assia Djebar

«L'homme qui marche» (1959)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015

 


            I

Dabilen pertsona
Batean gauez bestean argiz
Suzirien argiz
Proiektoreenez
Hitzenez
Izanki ere gauez
Gau zailez.

Hegiaren gainean besteek
Ilunpeez desarmaturik
Errukia ez den beste krimen guztiez errugabeturik
Behatu egiten dute
Bidaiaren ikusle
Naufragioaren beldur
Desbideratzea ez da luzerako
Errautsak haien bihotzean eldarnioa
Dabilen pertsonaren gibelean

Dabilen pertsona
Bere memoria suharrak
Esana dio ikasi beharra dagoela
solastatzen protestatzen imintzioak egiten
Esana dio libertatea
Publizitateaz ere
Elikatu ohi dela
Ongi hartutako argazkiek ongi ahoskatutako esaldiek
Hartzen dizkizute bihotzak sentimenduak
Goxoak guriak eta axolagabeak
Lotan diren dohatsuak
Borreroaren emaztea
Beste guztiak
Kantuaren azalpena ematen da
Denbora irabazi arazten dizu
Izerdiaz eta odolaz gaindi
Jadanik ez gara Barbaroen mendeetan
Lirismorik gabe
Historiarik gabe

Dabilen pertsona
Poeta bere ondo-ondotik da
Xingilika jauzi egin du
Begitarte mutu baten itzalaren gainean
Heriotzaren itzala marrazaren itzala
Errealitatearen
Itzalaren itzala.


            II

Ez dut deus esan pertsona esan
Ez dut deus esateko
Soilik akitua naiz akitua naiz balditua naiz
Zertarako hori deklaratu
Haizeagatik ere ahurrak isildu egiten dira itsasoa erretiratu basamortua limurtu
Eta urrea zein urre ba ehekiaren gainean
Zin egiten dizuet ez dut deus esateko
Argiek ez dute itsutzen ez faroek
Gauaren beharra dut suizidioaren beharra dut
Erretzen nauten nire birikak jaurtitzeko beharra dut
Akitua naiz akitua pertsonak dio nik ez dut esan nahi
Bidea gogorra izango da gogorra aldapa
Ez dut kantatzeko gogorik
Behaztopatua naiz ez dut deus esateko
Etorkizunari buruz.


            III

Gure artean isiltasuna modan da
Ehizatzen dugun piztia da
Isiltasunak hau xalotasuna
Ez du zure pasiotik deus libratzen
Gure irudikeriak errefusatzen badituzu
Gure begiradez trufatzen bazara
Martiria ospatu ezin dugu
Zure piltzarren ikusi hutsak
Ospakizunak oro baztertzen ditu
Alta beharrezkoa da festaren buruan hauteman dezazun
Esku-zartazko
Garaipen bat
Garaipena mespretxatzea saihesturik ere
Ispiluak saihesturik ere
Hatsa hartu nahi baduzu pausatu zure burua aurkitu
Ez baduzu basoan ihesean ibili nahi
Lo egin nahi baduzu
Ahantzi nahi baduzu
Bizi egin nahi baduzu
Ongi letorkizuke horretatik pasatzea
Gure hizkuntzaz zure burua apaintzea
Bihurri aldarrika zaitzaten edo errege-erregina koroa zaitzaten
Edota jendaurrean lurra jo zergatik ez
Gandorra eta aintza eta heroiaren heriotza
Gure artean horiek dira hitzezko ereinotzak
Hondartza gaineko altxorrak
Gure urrikiei gure parekoei eskaintzen dizkiegun
Armak dira
Dudarik gabe Barbaroek odolezko iragan bakarra dute
Zakur saldoei aitzin egiteko deabruak garaitzeko
Gure memorien gure mitologien munstroak
Gure aintzazko ereserkienak gure identitatearenak
Guk
Guk zikiratuta eskuratu dugu
Gure hiztegia.

Dabilen pertsona ibili badabil
Traizioa egin gabe pausa gabe.

 

Dabilen pertsona
Assia Djebar

«L'homme qui marche» (1959)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015