Gereziondoen azpian
Assia Djebar

«Sous les cerisiers» (Poèmes pour l'Algérie heureuse, 1969)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015

 

Gereziondoen azpian guardia batek
Behatzen du
Ibar ilunera jausten den arratsa

Alanbre ziztadunaren gibelean begitarteak
Ezabatzen dira
Uztail erdialdeak ehizatzen duen harean

Altzairuzko bi barraren arteko negar zotin bat
Dabil
Udako gure egun luzeen ametsaren bazterretik

Basoko sugarretan oihu bat
Sortu da
Gauez leinuru izartsuetan

Urrezko jauregi bateko hondakinetan erretenek
Estaltzen dute
Laurdenkatutako pertsona baten kantua

Anemonak eta arbendolondoaren loreak
Apaintzen dute
Maskara laurdenkatu baten kopeta

Lepoa ebaki dioten guardia batek
Behatzen du
Ibar ilunera jausten den arratsa

 

Gereziondoen azpian
Assia Djebar

«Sous les cerisiers» (Poèmes pour l'Algérie heureuse, 1969)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015