Gorputzaren eta bozaren artean
Assia Djebar

«Entre corps et voix» (Ces voix qui m'assiègent, 1999)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015

 


Hainbeste denboraz jadanik
      beti gorputzaren eta bozaren artean
            eta hizkuntzen kulunka hau
                  zulatu eta eguzkitan jarri beharreko
                        oroimenaren mugimenduan
                  nire idazketaren arriskuak
                        hegaldatzearenak
                        erbestearenak
                        etengabeko hastapenenak
                  aspaldiko harearen erreferentziak
Zabaldu beharreko bidea
                  da idaztea...


1. «Hainbeste denboraz jadanik
       beti gorputzaren eta bozaren artean»

— oroz gainetik ez da idazteko bulkada
kanpora begiratu nahi duen
kanpoan mugitzen den emakume gorputz batek ekarria
esan nahi baita beste

gorputzak eta ez da bistan ematen
baina, oharkabean, arriskuan jartzen da...

eta gorputz ibiltari, dudakor horrek, itzalaren erdira jalgia,
ezin du urrunera joan,
ezin du urrun amets egin
ez du jakingo zeruertza xedatzen
hots, zeruertz guztiak,
itzala eta gaua ahanztera arriskatu gabe gibelean,
han, gibelean, guztia bere sorbalden kontra

bai, esperantzan eta zuhurtzia mutuan aldi berean
biderkatuta hedatzen diren zirkuluetan
ezartzen da gorputz hori tupustean gero eta biziago
errotu gabeko gorputza
nire gorputza edo nire idazketa bera?

Gorputz hori badoa bidean zehar
zorizko xendretan barna
eta horrenbestez boza da
haraino mutu nabigatzen duen
gorputz horren boza, begiak zabal
itzal ahizpatarren boza ere bai
            hostoak haizearen menpe

xuxurlatzen duen boz bikoitz hori
            murmurikatzen duena
            jariatzen eta
            xaramelatzen dena
isurkari, adoregabe, ez da agortzen

indarrik gabeko boza
            edo gorputzezkoa eta oihuzkoa

boz ulu egilea
edo suharra doi-doia
ezin akituzkoa segurki
ezin higatuzkoa
iturbururik ez duen jarioa
            nirea besteena
            hildako emakumeena
            nire ahizpa txikiarena hurrenik
nire alaba ahularen
            edota indartsuaren boza

nire boz askotarikoa
gorputz hau altxatzen duena
gora eramaten du
inbaditu, bulkatu, tiratu,
asebetetzen du

            gorputzaren eta bozaren artean
hala doa, inguratua, setiatua, baina badoa
            nire idazketa.


2. «Eta hizkuntzen kulunka hau»

Ez al dut esan, L'Amour, la fantasia-n idatzia, honakoa:
Gure etxean, emakume guztiek lau hizkuntza dituzte
lehena harkaitzarena, zaharrena,
Jugurtha-koa alegia, «libikoa», amazigeraz esaten den moduan
            maizenik bihurri eta basa,

bigarrena, Liburuarena eta egunean bost aldiz egindako otoitzena, bere harpean entzuten, ikusten eta Gabriel nozitzen duen Profetarena, hizkuntza arabiarra, zeinari, ume nintzelarik, balio handiko itxurak hartzen nizkion eta behinola guri molde burgoiak erakusten zizkigun
            — eguneroko gauzetarako bere itzal urduri eta hauskorra uzten zigun,
                ahizpa «dialektala»...
            — bera zen, ondorioz, oihuka errepikatutako eta bulkatutako

                kartsutasunaren hizkuntza
                          ez dut ahanzten haren zeta eta bakarrizketazko musika
                          kalamuzkoa eta ganibet mihizkoa
                          haren erritmo ehundu eta txirikordatua
                          maiz erabiltzen nauen misterio menperatua

hirugarrena, atzoko nagusiena litzateke, azkenean alde egin behar izan zuten, baina euren itzala utziz, euren urrikia, neurri batean segurki euren memoriaren ifrentzua
                           ezkatatzen ari den larruarena,
                           esan nahi baita, «hizkuntza frantsesa»

hiru hizkuntza zeinei beste laugarren hizkuntza bat biltzen zaien: gorputzarena bere dantzekin, bere hersturekin, bere arnasestuekin,
                           noizteinka bere asfixia,
                           eta bere eldarnioa
                           eskale mozkorraren haztamuka ibiltze horiek
                           bere elbarri
                           abaila eroa, bat-batean.

Bost urte bete ezkero, kanabera edo luma eramanez neure eskua trazatu,
ezker eskuin bezala eskuin ezker
konkistatutako hizkuntza horietako batean edo bestean
baina zein ote da ariketa hau
ezpada desorekaren arriskuan idaztea
ezpada zorabioaren ibilbide osoan joatea eta etortzea
ezpada ihes egiteko itxurak egitea
guztia desiratzea guztia uztea
heriotzako lekuak eta jaiotzako lekuak
                  haurtzarokoak
biragailuan bezala izango litzateke
                  irri algarazko eta negar zotinezko jolasa
Kulunkatzea makurtzea alderik alde
jende jakintsuen eran esanez:
                  «Bi munduren artean
                  Bi kulturaren artean»

Itzulbiratu,
derviche hitzak ez du femeninorik
                           frantsesez
Itzulbiratu buelta eman gabe zein ederra den dantzatzea
                  ikarak hartua den gorputz horren
                  hizkuntzetako bati uko egin gabe
eta hurbil-hurbilean hildako emakumearen oihuak entzuten dira
                  batzuetan isilune luze bat
itzulbiratu ez gelditu

Idatzi beraz hizkuntza baten isurkiaz
                  bestearen aterpe beltzari buruz
                  hirugarrenaren tragediari buruz
esadazu, zein ote hirugarren hori?

Hizkuntzen kulunka, baiki
                  esperantzari
                  zerari
                  uko ez egitea izango litzateke...
Desastrea, atzotik, hasia da.


3. «Aspaldiko harearen erreferentziak»


                  Harea, nik ez dut inoiz laster egin basamortuan
                  Isabelle, mende honen hasieraz geroztik
                  urrats handi gosetietan
                  bera, abenturazalea
                  ksarren eta oasien rimbaudzalea,
                           hartaz esan ohi den bezala
                  «Islamaren itzal beroa» bilakatutakoa,
                           bere mozkorraldiko
                  bere gaztaroko urte zaluetako batzuetan
                  Isabelle gu guztion aitzinetik ibilki zen...

Hareazko idaztea harentzat, azkenean, ito denarentzat
                  mirakuluz bizirik atera denarentzat
                  berpiztu denarentzat.

Nire-nirea den harea hamarkaden gainean
                  arbasoen
                  errautsen bozean hostogabetzen da
Hildakoak, nire hildako gosetiak zeinak gauerdiko ipuinetan
                  amonenetan
                  sorgin beldurgarrienetan
                  begi belztuez eta ahur gorriminez
                  inarrosi nauten
                  kasik ito nauten
                  euren begirada zuriaz

                  ni, umea,
                  gu guztiok biribilean kokoriko jarrita
                  gu, patioko neskatilak
                  olio lanparen eta harearen
                  distirapean, perla beltzetan, isurtzen da
amona kontalariek beilatu dute
                  euren inarrosaldizko memoria

Kanpoan ez da deus
Gauak irentsi ditu goizak
Historia beti da hondakinetan
kabalkaden garaia itzuli da
                  odola darion iragana
                  bizirik den iragan bizia

su hori idatzi
                  emakume izango garenok
                  edo behin-betikoz neskatila-emakume
                  biribilean kokoriko jartzen gara
idaztea entzutea da
                  gauerdian
idaztea haste bat izango da
                  azken mendeko gerlan
                  hildako heroiaren zaldi zuriarenean
                  hurbil-hurbil behorrak irrintzika dira
                  gizonezkoen porrota oihuka errepikatzen da, garaipen baten moduan
                           hareazkoa
                           urrezko errautsezkoa.

                  Arbasoaren oinetan den neskatila

Zabaldu beharreko bidea da idaztea
                  bizitza oso bateko isiltasuna
entzuten duen isiltasun luzea da idaztea

behinola bezala
lehenbiziko desastrean izan zen...

 

Gorputzaren eta bozaren artean
Assia Djebar

«Entre corps et voix» (Ces voix qui m'assiègent, 1999)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015